Kafe asko, eta ona
Kafe asko, eta ona
Naia Arantzamendi

BAIGORRI
 

 

PROZESAKETA HEZEA

 

        Ez dago alderatzerik, etxean jan inguruko lehengaiak oinarri izanda edo hiriko supermerkatuetako produktuak jan. Itxura, zaporea, kolorea, lana, baldintzak... eskuz landuak, mimoz eginak. Bertokoak ez du parekorik izanen, inoiz ez.

        Mahai bete janari aurrean. 52 kilo ditu Maixanek baina bere etorrerak janaria hirukoizten du etxeko mahaian, jatuna bada, baina ez da hainbesterako. Behintzat, tupperrak eramango ditu igandean, dezente gainera.

        —Kosterako azken sortakoa da? —mahaigainean utzi du Eņautek etiketa beltz erakargarria duen arnoa aitak probatu dezan. Hierarkiak hor baitaude, eta zerbaitetarako omen daude. Etxeko mahaiburuak probatu dezala.

        —Bai, probatzeko eman zidan atzo, zerbait ezberdina probatu omen dute. Gasna eramatera joan nintzenean eman zidan —elkartrukea, egunerokotasunaren oinarria. Ama da sarea, ama da familiako aurpegia eta esku lana, ama da dena.

        Berritasunak eta gaztetasuna. Hori da inguruko baserri zein etxeetan gertatzen ari dena, belaunaldi aldaketa ematen den heinean lehen sektoreak gazteak ditu oinarri, geroz eta gehiago, eta horrek aldaketak dakartza. Egiteko moduan, jokatzeko moduan, guztian. Horrek etxeetako tentsioak azaleratzea dakar eta kafearen kontsumoaren igoera, nola ez.

        —Eskerrak eman beharko dugu bada, gure begiek zu ikusteko aukera dutelako —faltan bota duela esateko bere modua da. Aita hitz gutxikoa da, baina esaten dituenak ez ahaztekoak izan ohi dira.

        Ezentzunarena egitea aitarengandik ikasi zuen Maixanek, behar ez diren hitzak ez kanporatzea. Neurtzea. Edo barruan dituen sentimenduak kanporatzeko gaitasunik ezari lotuta dagoen zakarkeriak esatea, noizbehinka. Esan nahi duzun hori kanporatzeko ezintasuna eta aldi berean beharra dituzunean, nahi ez diren hitzak kanporatzeko arriskua egoten da. Hortaz, elkarrizketari ez jarraitzea onena dela onartuta, bazkariak aurrera darrai.

        —Jarri denok mahaian, behingoz. Janaria hoztuko da eta —amak badaki noiz moztu egoera desatseginak.

        Esan eta egin. Amaren hitza lege da etxean, izan behar duen bezala. Segundo erdi utzi baino lehenago gizonezko bien eskuek topo egin dute ogiaren saskian, elkarri parez pare begiratu, hitz erdikarik esan ez eta Eņautek eskua atzeratu du, aitari ogi pusketa hartzeko aukera utziz.

        Maixanek saia balitz legez begiratzen du egoera kanpotik. Inork ez du hitzik egiten, beren arteko tentsioa labana batekin moztu daiteke. Baina ez da bera izanen labana eskuan hartuko duena, mozteko arriskua handiegia baita.

        Ama mahaian eseri eta minutu bat igaro ostean, inork hitzik egin ez duenean, Maixan kezkatu egin da. Aita eta anaiak hitzik ez egitea, aurrean janaria dagoenean, eguneroko ogia izan daiteke, baina ama isilik egotea... Zerbait gertatu da etxean eta Maixanek ez du horren berri.

        —Zergatik ez duzue hitzik egiten? —kanpotik etortzeak dituen abantailak, tentsiotik at zaude eta egoera horiek mahaigaineratu ditzakezu.

        Jana lehenengo, Eņautek begirada igoaz batera uler daiteke ez dela unea horri buruz hitz egiteko. Aitak ogi pusketari heldu eta begirada aurrean duen platerkadatik desbideratu gabe, eguerdiko bere parte hartzea jada egin duela erabakita, isilik geratzen da.

        —Aste gogorra daramagu eta baldintza bat jarri nien duela pare bat egun. Laneko kontuak eguerdiko mahai inguruan ez direla aipatzen. Badaude gaiak jorratzeko etxe honetako arazoez haratago. Bada, orduz geroztik ez da hitzik egin mahai honetan. A ze nolako lasaitasuna dudan.

        —Baina zer ari zaizue gertatzen? —ondo ezagutzen du anaia eta badaki zerbait kanporatu beharra duela, aukera eman nahi dio.

        —Maixan, ez al didazu entzun?

        —Ondo dauden gauzak bere horretan uztea ez dela zure anaiaren lehentasuna —aitaren parte hartzea beti nabarmentzen da, berak nahi ala ez.

        —Ez duzu berritasun txikiena ere onartzen —hor dago Eņauten barrenean dagoen kezka.

        —Zertarako? Jada ondo badago, zertarako aldatu behar duzu. Oker dagoena hobetzetik hasi zenezake —hasi da kafe orduan eduki behar zuten elkarrizketa, hala deitu ahal bazaio behintzat.

        Pala partidu bat balitz legez, ezker-eskuin, batak besteari tantoa egin nahi eta pilotakada borobildu ezinik. Kanpotik etorri eta barrukoak astindu ditu segundo erdian Maixanek.

        —Erabaki al duzu zein enpresatara joan nahi duzun? Aukera dezente eskaini dizute, ezta? —ama berean, ohituta dago elkarrizketa hauen epaile izatera, eta gaur ez du parte hartzeko asmorik. Alaba aurrean dagoenean, interesatzen zaion horri heltzeko aprobetxatu behar du.

        Pilota partiduak aurrera darrai, baina amak ez entzunarena egiten du, ohituta dagoenaren seinale.

        —Ez diot buelta askorik eman —bueltak mila eman dizkio, baita erabakia hartu ere nolabait, nahiz eta oraindik ez den gai kanporatzeko.

        Berritasunak, konponketak, egunerokoa, ordutegiak, lehentasunak... Gatazkarako bide izanen dira beti, aita eta anaiaren artean arrakala handia baitago. Ama eta Maixanen artean bezala, amak beti nahi izan du alaba etxeko ogibidetik atera, ikasketak egin eta etxean lan egitea aukeren artetik desagerrarazi zion. Beste bizitza modu bat egiteko aukera zabalduz. Baina alabak hurbiltasuna sumatu du beti etxeko zereginekin.

        —Jogurten kontua ere hasi zenuen, produkzio bide berri bat, bertan behera utzita aste gutxitan —min egiten duen horretara jo du zuzenean aitak. Maixanen arreta berriz elkarrizketan finkatuz. Maixanena eta denena.

        Isilune motz bat eragin du aitak esandakoak. Deserosotasunak mahaigainera ekarri ditu, Maixanen etorrerak beti mugitzen ditu barrenak etxean. Batez ere aitarenak. Aita-alabak oso antzekoak dira bai itxuraz baita izaeraz ere, eta etxetik urrun egotea zaila da Maixanentzat, baina baita aitarentzat ere.

        —Lanerako esku falta izan zen horren arazoa, ez produkzioa, ezta salmenta ere —tentsio unea lasaitu nahi izan du Eņautek, gai horrek sortzen duen deserosotasuna lasaitu nahian, baina alferrik.

        —Jogurtena ene proposamena izan zen... —Maixanek gatazkan parte hartzea erabaki du, pilotakada bueltan etorriko zaiola jakitun izan gabe.

        —Ba egin zuk —hor tantoa aitak.

        —Zu zurera. Ez sartu neskatoa zuen kontuetan.

        —Ez naiz umea, ama —etxeko gazteena beti izanen da etxeko txikia, nahi ala ez.

        Mahaiko tentsioa une gorenean dago. Aita-semeak etxeko kontuei buruz bat egin ezinik, bakoitza ertz batean elkarrengana hurbiltzeko pausoak ezin emanda. Jogurten gaiak Maixanen barne bozgorailua martxan jarri du. Amaren gehiegizko babesa, bere etorkizuna, aitaren tantoa, anaiaren babesa, jogurtak... Ezin du argi pentsatu, nahasi egin zaio barruan duen guztia, ezin du kudeatu gaia. Mahaitik jaiki eta alde egitea ideia onena dela erabaki du.

        —Beti ezingo duzu ihes egin —arrazoia du aitak, esaten duen guztian bezala, ez du ostera fintasunik. Askotan esaten duguna baino nola esaten dugun izaten da gakoa, eta horrek ematen edo kentzen digu arrazoia.

        Ihes egiteko joera duela ezin da ukatu. Arazoei aurre egin beharrean, urruntzea ere erabaki on bat izan ohi dela sinistu izan du, baina hauen aztarna berekin eraman ohi du. Hala ere, barruan edo aurrean duzuna kudeatu ezin duzunean irtenbide bat izan daiteke alde egitea, ingurukoei egoera konplikatzea baino. Edo ez. Hori da, gaur-gaurkoz, Maixaren baliabiderik onena egoera zailak kudeatzeko orduan. Momentuz.