Kafe asko, eta ona
Kafe asko, eta ona
Naia Arantzamendi

BAIGORRI
 

 

        Gurutzatu nahi ez ditugun ateak, esan nahi ez ditugun hitzak eta, batez ere, egon nahi ez dugun lekuak daude. Hamaika aldiz joanda ere zure sentipenak aldatzen ez diren horietakoak. Ez zara ohitzen, ez zara eroso sentitzen, ez duzu hor egon nahi. Baina egon beharra duzu, eta kito. Heldutasunarekin batera eskupean datozen gauzetako bat: egin nahi ez duzun hori egin beharra, inork agindu gabe.

        Bulegoa bereziki txikia da, begi-bistakoa da norbaitek ahalegin handia egin duela hoztasun hori mantentzeko, eta badirudi lortu ere egin duela. Ezin hotzagoa baita. Medikuaren hatzek ordenagailuko teklatuaren kontra ematen dituzten kolpe txikien soinuak hartzen du medikuaren gelako soinu paisaia. Ez da beste ezer entzuten. Klik. Klik. Denbora lerroa markatzen ariko balitz bezala, orduak balira legez igarotzen ari diren segundoak. Ez du arin idazten, ezta mantso ere, beharrezko denbora hartuaz baino.

        Klik.

        Klik.

        Maixanek ez du begiradarik kentzen hatz horietatik, gelan ez baitago ezer bere arreta deitzen duenik, eta une batez buruan duen iskanbila guztia gelditu egiten da. Teklatuaren soinuak bere burmuina geldituko balu bezala, inoiz gertatzen ez zaion bezala. Gauza gehiegi ditu buruan, baina ez du horietako bakar bat ere argitasunez pentsatzeko denborarik hartzen. Gurpil baten barruan sartu eta eginbeharrak aurrera bultzatzen zaituenean jarduten duzun automatizazioaz egiten ditu gauzak; egin, jarraitu, egin. Egiten ari zaren hori benetan nahi duzuna den edo ez pentsatzen gelditu baino lehenago, egin. Hausnartu baino lehenago, egin. Gelditu baino lehenago, egin.

        —Aldaketak izan dituzu azken boladan? —zuzentasun osoz galdetu du medikuak, aurrean duen espedientea irakurri nahian, betaurrekoak bere lekuan kokatzen dituen bitartean.

        Begirada ordenagailutik desbideratu gabe egin daitekeen galdera bat al da hori? Tramite bat da galdera hori medikuarentzat, tramitea baita Maixan medikuarentzat. Baina galdera hori ez da tramite bat. Azken lau urteetan izandako gorabehera guztiak etorri zaizkio burura Maixani. Aldaketak, nolakoak? Onak? Txarrak? Norberak eragindakoak? Etorritakoak? Aldaketa bera baino aldaketarik eza ere izan daiteke arrazoi; egin nahi dituzun baina egiten ez dituzun aldaketak. Hiriaren monotoniatik eta gurpil egitura duen bizitza erritmo frenetiko batetik ateratzeko egin beharreko aldaketarik eza.

        Teklen soinua gelditu egin da. Erantzunik ezak egunero egiten duen tramitearen hoztasuna apurtzera eraman du medikua. Egunean hogeita hamar emakume ikusten dituen ginekologoak tarte bat hartu du aurrean duen emakumearen urduritasuna kudeatzeko. Edo ahalegina egiteko, behintzat.

        —Kirolaria zara? —betaurrekoak berriz erori zaizkio sudurraren erdialdera.

        —Eskubaloian aritu izan naiz, herrian taldea baitago, baina hirira ikastera etorri nintzenean utzi egin behar izan nuen. Noizbehinka mendira joaten naiz, baina aisialdi gisa. Etxera bueltatzen naizen bakoitzean. Egia da geroz eta gutxiago joateko aukera dudala eta...

        —Janariari dagokionez, aldaketarik egin al duzu? —moztu egin dio eta segundo erdi batez begirada zuzendu ere, erantzuna baiezkoa izatea esperoko balu bezala.

        Amaren tuperrekin igarotzen du astea, edo asteko lehen egunak, behintzat. Etxeko janaren parekorik ez baitago. Etxean sentitzeko modu bat da amak estimuz eta denbora eskainiz prestatutako jana mahaigainean jarri eta aurrez aurre familia izan ez arren, berotasun hori sumatzea. Dena den, sukaldari fina da Maixan, errezetak egiteko denbora hartzen duen horietakoa. Beti ere etxetik ekarritako lehengaiekin, ahal den heinean, supermerkatuen kontzeptua ez baitu hurbileko, eta ez du izan nahi ere. Etxeko gasna, esnekiak, barazkiak, bizilagunaren ogia, irina, marmelada...Denak ala denak, Baigorri-Ortzaizeko eskualdean eginak. Mimoz landutakoak ez baitu beste ezerekin alderatzerik. Supermerkatu ezezagun horietan Km 0 bezala saltzen dituzten horiekin ere ez.

        —Ez, beti bezala —etxeko sukaldea irudikatzen du gogoz, nahia eta beharra uztartuta.

        —Unibertsitatean zaude. Azterketa garaia duzu, ezta? —seme-alabak izanen ote ditu hori jakiteko.

        —Doktoretza egiten aritu naiz, baina azken lana bukatzear nago.

        Klik. Klik.

        Teklen soinua bueltatu da, historia klinikorako interesgarria den zerbait entzun omen du medikuak.

        —Garai hauek gorabeheratsuak izaten dira eta urduritasunak eragin zuzena izan dezake hilekoan. Estresatuta sumatu zara?

        Hitz magikoa. Denaren eta ezerezaren erantzuna aldi berean. Baina zer da estresa? Sareetako gainprodukzioa zuritzen duen eragilea edo ondorioa. Auskalo. Definizioz egoera zailen aurrean gure gorputzak duen erantzuna. Definizio horrek bere baitan hartu al dezake Baxenabarreko 24 urteko neska baserritar batek etxetik urrun hiriko abiadura zitalarekin bat ez egitea? Etorkizuna non irudikatu behar duen erabakitzeko une zailei aurre egin nahian baina ezinean ibiltzea? Egin beharrak bultzatuta berarengandik espero duten hori egitearen eta bere barne nahien bulkadaren arteko etengabeko gatazkan aritzea?

        —Beti bezala nago —ez du klik soinua entzun Maixanek, baina erantzun horren atzean badago interesgarria eta berebiziko garrantzia duen informazioa historia klinikorako.

        Ikasketak, praktikak, asteburuko lana, etxean laguntzea, etxeko gatazken erdigune izatea, familiarengandik urrun egotea, bere bizitza maneiatzea eta zer nahi duen ez jakitea dira Maixanentzat beti bezala egotea. Maixanek ez du bat egiten hitz horrekin. Agian ez baitu hurbilekotasunik sumatzen. Ez dakielako zer den, edo beldurra ematen diolako. Badirudi, ostera, aurrean duen mediku hotzak badakiela zerbait horri buruz.

        —Barikua da. Etxera bueltatuko zara gaur?

        Orain arte egindako galdera guztien artean Maixani poza eta irribarrea nahigabean sortu dizkion bakarra. Ez da ausaz.

        —Bai. Bai. Asteburua pasatzera noa, bai.

        Klik.

        Teklen soinua bueltatu da, interesekoa izanen da etxera egingo duen bidaia ere historia klinikoan.

        —Seguru asko ondo etorriko zaizu. Dena den, egindako proben emaitzak normalak dira, dena ondo dago; ondo jaten duzu, kirola neurriz egin... Ez dago faktore objektiborik zure hilekoaren etenaldia justifikatzen duenik. Orduan, antisorgailuak hartzea aukera bezala proposatuko nizuke, hilekoa bueltatu eta egonkortzeko erremedio bat izan daiteke.

        Hilekoa ez izatearen erremedioa antisorgailuak hartzea. Hilekoa desagerraraztea eragiten duen ohiko prozesu bat abiaraztea jada hilekoa ez duen pertsona batengan. Erremedio aparta dirudi, zalantzarik gabe. Emakumeen gorputzaren azterketa falta eta aurrean duen medikuaren interes faltaren erantzuna, arazoa errotik konpondu beharrean txaplata jarri eta ezikusiarena egitea.

        —Errezeta egingo dizut, probatu eta ikusiko dugu nola doan.

        Maixanek orokorrean ez daki zer nahi duen bizitzan, baina zer ez duen nahi nahiko argi izan du beti. Hala ere, bere barne nahien kontra doan jokabide barnerakoia hartu eta ezer esan gabe geratu da, isilik, baina zer egingo duen jakinaz. Medikuak ez zuen bere erantzunik behar, itxuraz. Zuzenean eman dio errezeta, zer nahi duen edo ez duen nahi galdetu gabe. Hortaz, behar ez zuen erantzuna ez ematea erabaki du. Eta medikuak egin duen bezala, berak ere nahi duena egingo du. Hasteko, etxera bueltatu. Baina, une honetan, haserrealdia kudeatu eta egunarekin jarraitzeko kafe bat behar du.