Parfait amour
Parfait amour
Zigor Garro

SARTAGUDA-MENDABIA-ANDOSILLA-SESMA-LODOSA
   

 

6
PARFAIT AMOUR

 

Negu hartan elurra egin zuen. Hotz zen denean, hotz zen etxean. Aita guregatik hil zela jakiteak ez zuen bere hutsunea estaltzen, eta aiton-amonak ere falta zitzaizkigun. Goiz batez amak barazki otarra eta kafesne termoa prestatu zizkion aitonari, eta hura ikustera joan ginen. Etxolara iristean Tete lurrean etzanda ikusi genuen. “Quédensi aquí, no se muevan”, esan zuen amak aitonarengana gerturatuz. Otarra eta termoa elurretan jarri eta termoa ireki zuen, hotzean kea zeriola. Aitari kafea eskaintzeko keinua egin zuen, baina zutitu eta guregana etorri zen lasterka. Hugok eta biok, 16 urteak beteta, berehala ulertu genuen aitona hilda zegoela.

        Aitona, gure babeslekua. Argentinako etxeari Malatesta izena jarri zion. Etxe hark bazuen zerbait magiatik oso hurbil. Itsasora ematen zuten leiho handiak, zuhaitzeko etxola, Mercedes furgoi zaharra, amona bare, lodi, goxo, buru zuri-zuriaren jostura tailertxoa. Dena jausi zitzaidan gainera kolpe batean. Mundua, galaxia. Gure amaren azalak osaturiko lehen babes-geruza zeharkatuta, aita itzalek irentsita, anaia eta biok Julioren tiraniatik ihesean, Tetek eta Beatrizek eskaini ziguten aterpe, beren istorio eta abestietan, beren jakintza zaharretan, beren altzo oparoan. Aitak guregatik eman zuen bizitza, baina gurea aitona-amonei zor genien.

 

 

Noski, Tomas eta biok politikan sartu ginen, hainbat estualditik ere igaroz. Poliziak Txato eta Gurutze Yantzi hil zituenean suzko barrikadak egin genituen Lizarran, eta apaizgaitegirantz korrika igo behar izan ginen, nazionalen helikopteroa buru gainean hegan genuela. Tomasek hesi guztiak gainditzen zituen erraz, erritmoa motelduz atzean geratzen nintzenean. Tentsio egoera haiek asko batu gintuzten. Parranda, kontzertu eta pogoak ere erruz egin genituen, nahiz eta ni ez naizen sekula oso parrandazalea izan. Gero Tomas futbolari profesional egin zen, ni Iruñera igo nintzen ikastera, eta ia konturatu gabe bananduz joan ginen. Topo egiten genuenean, oso lantzean behin, beti gonbidatzen nuen laguna ginebra, ron edo whisky konbinatua edatera, galdutako botilak akorduan.

        Noizbehinkako topaketa horietan, oraindik ere sentipena nuen Tomasek ez zuela inoiz sinetsi botilak Tetek eraman zituenik, eta beti izan ninduela benetako erruduntzat. Azken finean, nik ez nekien botilak bereizten, eta ezin nuen ziurtatu aitonaren mahai gaineko pila hura lapurtutakoa zenik. Ezin nuen ziurtatu, ezta ere, Tomasek sinesmenez ala ni salbatzeagatik seinalatu ote zituen hain argi, horrek bat egiten baitzuen bere izate eskuzabalarekin. Kontuak kontu, beti geratu zitzaidan lagunaren begietara garbi ez egotearen kezka, baina ez nuen inoiz adore nahikoa bildu garbi eta garbi galdetzeko.

        Aurreko batean, duela gutxi, Mendabiako kale Nagusitik paseatzen nenbilela, laguna topatu nuen Florida tabernako terrazan, beste hiruzpalau lagun ezezagunekin. Ni zutik geratu nintzen, Tomas lagunekin eserita, eta Tomasen lagunak gure arteko solasari begira. Egoera deserosoa. Ez nekien oso ongi zer esan eta mahaian zeuden edariei buruzko komentario tontoa egin nuen:

        —Zer, kubatatxoa digestioa egiteko?

        Tomasek zirt edo zart bota zidan:

        —Ez duzu inoiz edari bat bereizten jakin, ezta botila mahaian bada ere!

        Barre algara egin zuen, bere barre karismatiko, indartsu eta tiranikoarekin. Deblauki ulertu nuen botilak ez zituela Tetek eraman, Tomasek berak baizik.

        —Zu izan zinen? —galdetu nion ergelki.

        Tomasek, erantzun gisa, algara ozenagoa egin zuen. Oroitza-katea etorri zitzaidan: nola ezkutatu genituen elkarrekin, aitonaren etxolan botilak aurkitu genituen eguneko Tomasen ajea, nola falta zen Parfait amour botila, nik identifika nezakeen bakarra.

        Inoiz izan nintzen nerabea gogoratu nuen, nortasun baten bilaketa, segurtasun-eza, integratzeko desira, onarpen beharra eta munduan leku bat topatzeko irrika. Nire erru-sentipena gogoratu nuen, errugabea izanagatik barrenak jan zizkidana urteetan. Aitona gogoratu nuen, bere etxola eta bere terraza gotiko zoragarria, bere tangoak eta jotak, bere gorpua elurrean ahuspez etzanda eta amaren termo ketsua, nola saihestu nuen...

        —Lasai, Paulo —esan zidan Tomasek, irribarre erdi batez—. Ez zenuen behintzat aitona harrikatu.

        Kolpeak hatsa kendu zidan. Erruaren berokian bilduta ibili nintzen urteetan, eta orain ulertzen nuen, beranduegi, errua ere badela zergatik jakin gabe bizkarrean zamatzen dugun hondakin afektiboa, konpondu gabeko kalteen oihartzuna, minaren genealogia, historiaren patu inkontzientea.

        Martxoko goiz zalantzagarri honetako lanbroan zulo bat marrazterik banu, denboran bidaiatu iragan urrutienera eta zuregana iritsi, aitona, nire begiekin berriro ikusi, behin bada ere, azken aldi batez bada ere, gure Malatesta-enea...

        —Horiek liztor langileak dituk —esango zuen Hugok, erlauntza makilarekin seinalatuz.

        Eta nire harridura: nondik daki anaiak hitz hori? Irisek, gona berdea eta artilezko jertse grisa, diadema zilar-kolorekoa adats horail luzeak eusten, miresmenez so egin dio Hugori.

        —Lana besterik ez ditek egiten bizitza guztian, aitak bezala —dio anaiak.

        Liztorrak joan-etorrian dabiltza, inguruko belardiaren eta habiaren artean. Iris begira ari zaie begi handiekin. Hain ditu Irisek begiak handi pixka bat harritua dirudiela beti, baina badakit ez duela ezeren aurrean atzera egiten. Gero apo bati suziri potolo bat sartu diogu ahoan, jauzika urruntzen ikusi dugu zuhaiztirantz, ahotik ke haria dariola, zarata gorgarri batez lehertu den arte. Aita lihora irten da: “Paulo, Hugo, bazkaltzera! Umeak, etxera!”. Hiruok arineketan egin dugu larrean behera. Aitaren oihuak eta Hugoren algarak iristen zaizkit.

        Korrika goaz.

        Korrika. Korrika.

 

 

Iragana da, badakit, baina inpresioa dut iragan horrek zatitxoak kentzen dizkiola orainari. Nahi bezain mingarria izanagatik ere, ezin diogu egoera eta emozio berberetara itzultzeari utzi. Irudi luke gure bizialdia menturaren menpe dagoela, baina badugu susmoa halako logika bat ezkutatzen dela gure bizipenen atzean. Transmititu ote daitezke bizi-joerak belaunaldiz belaunaldi? Ez nuke jakingo esaten. Batzuetan argi senti dezaket, ordea, nire bizi-lerroa beste batenaren muturrera loturik dagoela, besteren batek hasiriko bidea ibiltzen ari naizela eta, ibilian, guztiz nirea ez den katramila bat askatzen.

        Herri erbesteratu batena, agian.