Parfait amour
Parfait amour
Zigor Garro

SARTAGUDA-MENDABIA-ANDOSILLA-SESMA-LODOSA
 

 

4
BOTILA LAPURTUAK

 

Udaberriarekin batera institutuko irakasleek irteera bat antolatu ziguten, bi eguneko kanpamentua Iribas izeneko herri batera, Lekunberri inguruan. Helburua beti baitzen mozkortzea, Tomasek botila piloa erostea lortu zuen, bakoitza barrokoagoa forman, gustu eta kolore guztietako edari alkoholdunez beteak: ginebra, rona, whiskia, tekila, denetik. Nahasteko, Fanta eta Coca-cola. Bazen botila urdin bat, polit-polita, likore urdin batekin, Parfait amour zioena frantsesez. Futboleko baloiak eramateko poltsa handi batean ekarri zituen eta, nola gogoratzen ez dudala, eskolako autobusean sartzen asmatu genuen, irakasleen bizkar. Gau hartan, ordea, ekaitza handia izan zen eta txangoa bertan behera geratu zen. Herrira itzultzean Tomasi botilak ezkutatzea eskaini nion.

        Aitonak La Mota inguruko bidezidor guztiak irakatsi zizkidan, eta ezagun nuen erabat ezkutuan zegoen etxola zahar eraitsi bat, heze baino hezeagoa, goroldioz estalitako harriekin. Ezkutaleku egokia zen. Tomas eta bioi Irastorza anaiak batu zitzaizkigun, Omar eta David, Vianako lagun euskaldunak. Hantxe ezkutatu genituen botilak, harri, orbel, sastraka eta hezeguneetako landaredi oparoaren artean. Lana amaitu eta, handik irten orduko, aitona Teterekin egin genuen topo. Untxi bat zekarren belarrietatik helduta, muturretik odola zeriola. Elkar agurtu eta bakoitzak bere bideari jarraitu zion.

        —Como le trinquen a tu abuelo cazando una coneja paridera, se le va a caer el pelo —esan zidan Tomasek.

        —¿Paridera? ¿Qué quieres decir?

        —¿Pues no ves que la coneja venía preñaa?

        —No, ni me he fijao. Y no me des la lata con el abuelo, que contento me tiene, ¿eh?

        Sekainak zeharkatu genituen, eguzkiak tulipak argitzen zituela, soroak odol-orbanez betez. Zer zen ba ikuskizun hipnotikoa. Errepidera iristean Hugo igaro zen tropelean eta bizikletan zutituz agurtu gintuen, eskua buruan paratuz gandor baten moduan:

        —¡Esos punkis!

        Omarrek eta Davidek aho bete hortz begiratu zioten:

        —¡Anda, si es igualico que tú, macho!

        —¡Qué paranoia, jodó!

        Barrezka esan genion agur elkarri, botilak ondorengo parrandan edango genituela aginduz. Ezer ez baitzen seguruago geroko parranda baten aukera baino.

 

 

Biharamunean jaieguna zen eta botilak ikustera jaitsi nintzen. Iritsi eta espantuz ikusi nuen botilak desagertu egin zirela. Hura atsekabea! Nire erantzukizunari huts egin nion eta, kolpe batez, puntu guztiak galdu nituen lagunekin. Ezkutalekuari erreparatu eta bezperan baino askoz okerragoa iruditu zitzaidan. Etxera lasterka igo eta Tomasi deitu nion. Tomasek haserre bizian erantzun zidan. Ezkutalekura jaitsi nintzen atzera, lur-jota eta hatsanka, harria bera eskuez zulatzeko prest, hain etsia baitzen nire nahigabea, hainbeste irrikatzen bainuen denboran atzera egin eta morroi fidagarriaren rola berreskuratzea, baina alferrik.

        Igande gaua begiak bildu ezinik igaro nuen, azalpen eta estakuru sinesgaitzak asmatzen lagunen amorrua baretu eta nire kreditu pertsonala berreskuratzeko. Baina institutuan sartu eta, ustekabean, lagunek ongi hartu ninduten. Adarra jo zidaten, noski, baina Davidek eta Omarrek bonba bat zekarten: La Polla Recordsek kontzertua eman behar zuen Vianan. Gertakizuna irudikatu genuen euforiaz, Evaristo oihuka eta txistuka, punki aldrak pogoan, baina nik ezin nuen burutik kandu aitona gurutzatu genueneko unea, eta bihotza hausten zidan pentsatzeak botilak lapurtu zizkigula. Alkoholikoa izateak zer esan nahi zuen ez nekien zehazki, baina banekien aitona hala zela. Beraz, hura ikustera joatea erabaki nuen.

        Etxolarantz jaisten hasi nintzen, aitona Teteren hartxintxarrezko bide politean barna. Hor zen etxola, eta kanpoko mahaiaren gainean, botila huts meta txiki bat. Parfait amour botila falta zen, baina besteak hor zeuden! Jiratu eta etxera abiatu nintzen korrika, asaldaturik baina lasai, amorru handia bainuen susmopean egon izanagatik. Lagunari deitu nion:

        —Tomas, zatoz La Motara berehala, botilak aurkitu ditut!

        —Beteta ala hutsik?

        —Hutsik!

        —Ze presa, orduan?

        —Aitonak hartu zizkigun!

        Tomasek algara egin zuen:

        —Horrek bai jakin! Afaria daukat taldekideekin, bihar ikusiko dugu elkar.

        Hurrengo egunean etorri zen, sekulako ajearekin, eta futboleko lagun batzuekin. Han zen Borja delako tipo mesprezagarria, beti dirua zeukana inork dirurik ez zuenean, oso harroputza eta gaiztoa. Haiek ikustean listua irentsi nuen. Teteren etxolara iritsi eta Tomasek oihu egin zuen:

        —Horiek dira! Putasemea!

        —E, lasai! —egin nion.

        Borja madarikatu horrek harri bat hartu eta botilen kontra bota zuen. Oihu egin nion, baina berehala talde osoa hasi zen harrika, aitonaren beirazko maila ederrak txikituz. Hondamena izan zen. Taldearen atzean geratu nintzen, txundituta eta desesperatuta. Inor baino haserreago nengoen aitonarekin, baina ezin nuen indarkeria hura ulertu. Ez nuen aitona defendatzen jakin, ezta taldeari aurre egiten ere. Tulipa soroaren barna korri egin genuen, denak gaiztakeriagatik barrezka, eta ni haien atzetik, barrea itxuratuz niri begira zeudenean, baina egindakoagatik lotsatuta.

        Ironikoki, inor ez zen ohartu harririk bota ez nuenik, talde osoak jo baininduen balentria triste haren heroitzat eta, kolpez, ospe guztia berreskuratu nuen. Ordutik aurrera ahal bezainbeste saihestu nuen aitona. Ama konturatu zen, eta behin baino gehiagotan galdetu zidan, kezkatuta, zer gertatzen zen Teterekin, baina ez nion ezer esan. Ez nuen bere aitarengatik gaizki-esaka aritu nahi.

 

 

Luze gabe iritsi zen hainbeste irrikatu genuen La Polla Recordsen kontzertua. Benetako lurrikara ziren, astinaldi izugarria. Lehen gitarra riffetik diskoaren energia ehun aldiz biderkatu zen. Sabeletik heltzen zintuen, goratu, harrapatu, abiadura eroan eraman. Ez zen musika talde bat, tribu bat baizik, norabide guztietan saltoka, oihuka, dantzan. Eta ikusleak are zoratuago genbiltzan. Zer zen ba gizatasun animali, biluzi, aske hura? Oraindik ere senti dezaket gau hartako askatasun mugagabea, gozamen bortitz eta sentsual lokabetua, astindu teluriko baten moduan grabitatea hautsi eta leherrarazten duena. Betiko sentituko dut, nire zainetan dabil, birus baten moduan.