3
MENDABIA
Mendabiara iritsi ginenekoaz gogoan ditut errepide ertzeko mendi gorrixkak, makalen zurrumurrua, haize izoztua aurpegiari eta eskuei kosk eginez, harrizko zorua, etxe xumeak, isiltasuna kaleetan pausatuz, telebista piztuta tabernan, aulkiak barrari itsatsita, frijitu-usaina, aitonaren doinuaz arituagatik beste era batera begiratzen zuen jende hura, agure bakoitza bere zotza aho-ertzean, haurrak telearen aurrean pilatuta begiak bustita. Zergatik zen ba Txankete hura aitona baino inportanteago?
Gogoan ditut nahasmena eta malenkonia, batez ere ama kontserba-fabrikan lanean hasi eta etxera berandu iristen zenean. Lan gogorra, ordutegi amaigabeak eta miseriazko soldata. Amonak arropa konpontzeko tailertxoa jarri zuen etxean, eta josteko makinaren hotsak kulunkatzen zuen egunerokoa. Arropa konpontzea bizitzak konpontzen saiatzea bezala zela zioen amonak, zauri, urradura eta zuloak ixtea, beti markak utziz. Amak ere josiko zuen lanetik irtetean, eta etxean egon arren, faltan genuen.
Tetek ez zuen 1936an utzitako Mendabia berraurkitu. Faxistek lagun gehienak hil zizkioten, ia mende erdi geroago agintean zirauten lurjabe eta jauntxoen aginduz. Anarkisten egoitza izan zen Florida tabernara joan ohi zen lagunak hilen artetik itzuliko zitzaizkiolakoan, eta baxoerdi batzuk edanda kaleetan galtzen zen, norbaitek herriko biztanleak ezezagunengatik ordezkatu zituela pentsatuz. Eta ez zen irudipen horditu hutsa: joan zenean plazan oinutsik korrika zebiltzan umeak gizon bihurtu ziren, aurpegi eta eskuak denborak gogortua. Hogeita hamar urtekoak laurogei urteko agureak ziren, eta besteak lurpean zeuden jada.
Erbesteak errealitatea izozten du, jendea eta paisaiak argazki batean bezala gordetzen, urtaroak igaro eta pertsonak zahartuko ez balira bezala. Aitonak ezin zuen diskordantzia hura eraman, eta herritik aldenduz joan zen. Arrantzari ekin zion ibaian, eta ibaiaz bestaldeko Gaztelako mendietan untxiak ehizatzen. Igandeetan okela erreko zigun La Motan, bere esku hutsez eraiki zuen etxolan. Bertatik inguruko mendiak eta ibaia ikusten ziren. Eguzkiak, sartu ahala, dena laranjaz argitzen zuen. Ez zegoen ikuspegia miresteko leku hoberik. Tete gizon arrunt txukuna zen, dena ongi antolatua zuen beti. Eremua terraza bihurtu zuen, Ekialdean arroz soroak egiten dituzten bezala, mailetan banatuz. Lurrean botila alderantzikatuak sartu zituen, botila lau eta alakatuak, ilunabarrean efektuak egiten zituztenak, katedral gotiko batean bezala.
Goiz batez, etxetik baratzera zihoala, Iruñeko autobusak amona Beatriz harrapatu eta bertan hil zuen. Ordurako bagenekien heriotzak berekin daramana ez dela pertsona besterik, baizik eta keinu eta hitz sare ikusezin bat, gauzak begiratzeko leku bat, denbora arnasteko eta mundua ahoskatzeko modu bat, ordura arte lagun egiten zigun presentzia bat, guk jakin gabe eusten gintuena, gure bizitzak lotzen zituen hari sekretu bat.
Tete La Motan erbesteratu zen behin betirako, bakardadean eta zurrutean. Amak zaindu ohi zuen mozkor arraildua, tulipa gorrien artean etzanda eta zutitu ezinik aurkitzen zuenean. Kafe termo bat ekartzen zion, janari pixka bat, eta suspertzen saiatzen zen. Guztiarekin, Hugok eta biok atsegin genuen aitonari bisitan joatea, bere etxolan sartu eta luze hitz egitea, amonaz, Argentinaz edo borrokatu zituen gerra guztiez. Kantuan ere egiten genuen, tangoak ala jotak, beti abesti tristeak.
Hugok eta biok amestu genuenaren kontra, Mendabian Argentinan baino are arrotzagoa zen aitaren hizkuntza. Herri osoan ez zen beste ume euskaldunik. Bakarra ere ez! Egun batez amak, euskara galduko genuelakoan, autobusean sartu eta Iruñera eraman gintuen, Zeferina Fontellasen Abarzuza liburu-dendan ipuinak eta kaseteak erostera. Dendan sartu orduko Hugok eta biok elkarri begiratu genion, “gogoratzen?” esanez bezala. Ez genuen esan beharrik usainak, edo agian giroak, amonaren La Mancha liburu-dendara garraiatu gintuela biok. Zeferina amona bezala maitatu genuen hasieratik, eta ez soilik Ruper Ordorikaren Ez da posible eta, batez ere, Itoizen Musikaz blai gomendatu zizkigulako: “Lemoiz inguratu pirata eta sioux, Bizargorri na-na-na-na-na-na ta Asterix, jake erregea-a-ari ontzi eta zaldiz...”. Tupustean mundu ezezagun batean zanga egin genuen bi anaiok, arrain kolore anitzez beteriko itsaso mugagabe batean bezala.
Apurka-apurka, baina, Hugo eta bion munduak ere urrunduz joan ziren. Ohartzerako anaia futbol-taldean zebilen, futbolean ez bazen palan, eta palan ez bazen bizikleta gainean, bere lagun txirrindulariekin. Ez zuen kirola besterik buruan, gorputzeko gihar guztiak lehertu nahi balitu bezala. Ni gitarraren sokei eragiten igarotzen nuen debora, Los Arcos auzoko umeekin etxolak eraikitzen, eta Palacio igerilekuetan, sudurra Stephen Kingen liburu batean sartuta, neska helezinengana heltzeko amarruak asmatzen.
Bitartean, 14 urteak beteta eta bibotea aurrenekoz eginda, Lodosako Pablo Sarasate institutuan hasi ginen. Mendabia, Sesma, Sartaguda, Andosilla, Alcanadre eta inguruko herrietako ikasleok bildu ginen bertan. Ez zegoen euskarazko klaserik. Paulo eta Hugo ginen ikasle euskaldun bakarrak, eta berehala “los gemelos vascos” izendatu gintuzten. Tomas Baigorri lodosarrak kontsakratu zuen bataioa:
—Tengo entendío que tú eres uno de los gemelicos vascos de Mendavia, ¿eh? —bota zidan aurkezpen txartel moduan.
—Aquí, en verdá, todos somos vascos, ¿eh? —erantzun nion, aitaren hitzak akorduan.
Tomasek algara egin zuen, hortzeri perfektua erakutsiz:
—Me gustas, chavalico —ebatzi zuen.
Ordutik Tomasek bere hegalpean hartu ninduen, eta iruditu zitzaidan Moisesek niretzat itsasoa banandu zuela. Halaxe ibiltzen baitzen Tomas Baigorri institutuko pasilloetan, bere xarmaren dirdiraz bidea irekiz, lurretik zentimetro batzuetara lebitatuz. Tomas Baigorrik itsatsia zeraman arrakasta, ikaskideek irrikaz agurtzen zuten, bedeinkazioaren zain-edo, eta neskek intentsitate ezezagunaz begiratzen zuten. Tomasek bazuen nondik zetorkion ez genekien kultura kaletarra, hark irakatsi zidan punk eta ska musiken arteko aldea, baita bourbona eta whiskiaren artekoa ere, eta lehen kostu-barra harrapatzera lagundu ninduen, nire ezjakintasun eta ikara ezkutatzera behartu gabe. Politikan ere ezagutza bereziak zituen. Bazekien zer ziren Nikaraguako Fronte Sandinista eta Kubako Iraultza, bazekien zer esan nahi zuen “ETA (m)” edo “Jarrai (KAS)”. Bazekien manifestazioen oihuak eta hormetako pintadak interpretatzen. Tomasen ondoan amaren bularrari lotuta jarraitzen nuen, eta inoiz ez bezala piztu zidan zilborrestea eten eta mundura irteteko beharra.
Tomasekin La Barca tabernan bildu ohi ginen, ibaiertzean, eltxoei gure gorputz lerdenak eskaini eta, Hertzainak eta Kortaturen kaseteak loroan topera jarriz, Mendabiarrak asaldatzera. Laster hasi ginen ileak Sid Viciousen tankeran desorraztu eta zigarretak erretzen. Belarriak ere zulatu genituen, izotzez anestesiatu eta kateorratza sartuta, punk iniziazio erritu moduan, algaraka eta litro botilatik edanez. Aitonaren txabola ez zen oso urrun, eta aldiro tabernan azalduko zen, gure talde zaratatsuari gaitzespenez begiratu eta, barran bermatuta, pattar-kafea patxadaz edatera.
—Zer zabiltza pingo horiekin? —esan zidan behin.
—Lagunak ditut, aitona.
—Jendaila da, ondo dakit. Fernandez de Pierola, Mauleon, Modet, eta ipurdiari kaka bezala pegatuta daramazun hori, Baigorri! Denak ezagutzen ditut, eta egidazu kasu, jendaila dira. Lurjabe putasemeak.
—Errua ez da heredatzen, aitona.
—Ez, ala? —barre egin zuen aitonak, bere hortz horitu bakanak erakutsiz.
Bizitzan lehen aldiz lotsa sentitu nuen aitonaz, eta harengandik aldentzeko irrika, gaixotasun kutsagarriren batek jo balu bezala. Aitona iraganeko arranguretan katigatua zegoen, eta halaxe nahi ninduen ni. Ezin nuen ulertu zergatik zapuztu nahi zidan azkenik aurkitu nuen zoriona, zergatik ez zidan, aitona eta anarkista moduan, nire kasa hegan egiten uzten. Pogoaren eta bizitzaren erritmo frenetikoak uxatu zizkidaten arrangurok. Arin baino arinago ahanzten dugu.