Parfait amour
Parfait amour
Zigor Garro

SARTAGUDA-MENDABIA-ANDOSILLA-SESMA-LODOSA
 

 

2
ROSARIO

 

Buenos Airesen ez baitzen giro, Rosarioko probintziara joan ginen 1978ko neguan. Han amak Julio ezagutu zuen. Julio Figueroa ez zen gure aita, ez zuen portuko gatzik azalean, ez soken aztarnarik eskuetan, ez arrantza-ontzien kirrinka hezurretan. Julio Figueroa dentista zen, eskuak leun, itxura aratz, ongi hezia. Gozoa hitzetan, baina itsaskorra eta menderatzailea. Portzelanazko hortzak taxutzea baino plazer handiagoa eragiten zion besteen obedientzia neurtzea. Julio Figueroa azkar sartu zen etxera, eta guk hura gordean begiratzen ikasi genuen, noiz, nola, zergatik eta zertarako hitz egiten zuen, zein asmorekin mugitzen zituen eskuak, nola loditzen zuen etxeko airea bere usain eta presentzia arrotzaz, bertan geratzeko etorria.

        Tete ez zen fio. “Los que hablan bajito esconden el cuchillo”, esan zion behin amonari. Beatrizek ez zuen ezer esaten, baina bere begietan halako ezinegona antzematen zen. Amak eta Juliok gero eta plan gehiago egiten zituzten elkarrekin, eta aiton-amonak gure babes sare bihurtu ziren berriro, ez militarren itzala uxatzeko, etxe barrura sartu eta handituz zihoan hotza epeltzeko baizik.

        Rosarioko neguaren hezetasun iluna gogoratzen dut, eta trenbide bazterreko etxe grisak, ia leihorik gabeak, aurpegi itsuen gisa. Amak irribarre egiten zuen Julio inguruan zegoenean, baina irribarre hartan bazen halako ahanztura behartu bat, eta gauza batzuk kontatzeko beldurra. Hugok ere ez zuen askorik hitz egiten orduan; ontzi txikiak marrazten zituen behin eta berriz, eta galdetzen nionean itsasorantz zihoala esaten zidan, norekin zihoan esan gabe. Nik banekien, hark banekiela zekien bezain ongi. Aita altxor izatetik sekretu aitorrezin izatera igaro zen oharkabean. Gauez, baina, hark irakatsitako hizkuntzan aritzen ginen Hugo eta biok, ahanzturak ez zitzan behintzat hitzak eraman.

        Ostiral hartan ardo beltz botila eta haragiz betetako bi paperezko poltsa besoetan iritsi zen Julio Figueroa.

        —Gaur okela erreko dugu! —esan zuen, poltsak mahai gainean utziz, opari bat uzten duenak bezala.

        Hugok, eguneroko iruditxoak ebakitzen ari baitzen lurrean, burua altxatu zuen pozarren.”Okela erre” esamoldeak boterea zuen etxean. Eguzkia zeharka erortzen zen baldosazko patioan, eta amak plastikozko aulkiak atera zituen, denek arnas pixka bat har genezan. Juliok makilak eta adarrak bota zituen kolpe lehor batez. Hugo jauzi batez zutitu zen.

        —Nik piztuko dut! Utzi niri! —esan zuen. Zazpi urte zituen, baina une hartan txikiagoa zirudien, beso argalak aitaren alkandora erraldoietatik ozta irteten zitzaizkiola. Juliok begiratu egin zion, ez mesprezuz, baizik eta helduek interesa itxuratuz erakusten duten pazientzia nekatuaz.

        —Ba al dakizu?

        —Bai, noski! —gezurra esan zuen Hugok.

        Amak sukaldetik hitz egin zuen, goxo:

        —Uztazu, Julio. Proba dezala.

        Juliok sorbaldak altxa eta pospolo-kaxa luzatu zion zeremoniaz, paradisuko giltzak eskainiko balizkio bezala.

        —Ea, txapeldun.

        Hugok aitari egiten ikusi zion bezala pilatu zuen egurra, adarrak behean, makil lodiak goian gurutzatuta. Baina pospoloa piztean sugarrak airea miazkatu eta itzali egin zen, bigarrena bezala. Julio begira zegoen, besoak bizkarrean lotuta. Hugo izerditan zegoen.

        —Lasai, Hugo! —saiatu nintzen anaia adoretzen.

        Hirugarren pospoloa hatzetatik irristatu zitzaion Hugori. Juliok hasperen egin zuen zerura begiratuz. Hugo pospoloaren bila makurtu zen ziztuan.

        —Hemen daukat!

        Laugarren saiakerak ke eta sufre usaina utzi zuen.

        —Horrela ez! —marmar egin zuen Juliok, baina ez zen mugitu laguntzeko.

        Klarak patatak zuritzeari utzi eta begiak altxatu zituen.

        —Utziozu praktikatzen.

        —Praktikatzeko eskola dago, hau jatea da —esan zuen Juliok begiak jaso gabe.

        Ordurako Hugok eta biok bagenekien aldiro Juliok bere gorputza abandonatu eta munstro ezezagun bat jabetzen zela hartaz. Halakotan kopetako azala tenkatzen zitzaion danbor baten moduan.

        Bosgarren pospoloa ezer piztu gabe kontsumitu zen. Hugok etsipenez begiratu zidan, Julioren kopeta danbolin bilakatzen zela. Makilekin jo zeniezaiokeen txistuari laguntzeko. Begiradaz anaia lasaitzen saiatu nintzen, kutxa torazikoan bihotza trostaka.

        —Aski da! Nahikoa! —esan zuen Juliok, Hugori kutxa kenduz.

        Hugori munduko desanparo guztia bildu zitzaion begietan.

        Julio Figueroari behatzetatik ihes egin zioten pospoloek. Lehena erdibidean hautsi zen. Bigarrenak ozta-ozta piztu zuen adaxkaren bat, kea itzali aurretik. Dentista prestuak hortz artean madarikatu zuen eta amak eskuak lehortu zituen mantalean.

        —Utzi niri.

        —Ez! —oihu egin zuen Juliok pospolo kaxari eutsiz, baina Klarak kendu egin zion.

        —Utzi, ez izan egoskorra.

        Juliok nahasirik begiratu zion, ezer esaten asmatu gabe. Bi mugimendutan, suak txinparta egin zuen.

        —Braba! —oihu egin zuen Tetek atetik.

        —Braba ez, brabisima —esan zuen Juliok, sugarrak begietan. Bibrazio bat suma zitekeen haren kopetan, abere bat kaskezurretik irteteko ahaleginean balego bezala.

 

 

Egun batez postaria heldu zitzaigun etxera bere bizikleta kalamastran.

        —Gutuna Jose Sorarrain Gaiurralderentzat —iragarri zuen kartazala amari luzatuz.

        Aitonaren izena entzuten nuen lehen aldia zen.

        —Jose ehizan atera da goizean, nik hartuko dizut, Mario —esan zion amak. Hatz-mamiez kartazala laztandu zuen izena irakurriz—. Mendabiakoa da! —egin zuen oihu amak, eta urtetan ikusi ez nion bozkarioz hitz egin zion postariari—: Ez dakizu zer poza hartuko duen aitak, Mario!

        —Nire lana da, Klara anderea!

 

 

Amak ate ondoko mahaitxoko tiraderan sartu zuen gutuna, poliki, txoritxo zauritua balitz bezala. Gero orburuak prestatu zizkion aitonari, Mendabiako erara, zainzuri, baba, baratxuri eta urdaiazpikoarekin. Bitartean Julio heldu zen kontsultatik, petralduta igorri zioten portzelana kalitate txarrekoa zelako, baina amak lapikoaren lurrinarekin bigundu zuen, eta gutunaren berria ere pozarren hartu zuen. Furgoi zaharrean iritsi zen, bozina joz eta leihotik oihuka:

        —India, India! Egin lekua hozkailuan!

        Dena zen bozkario eta festa-giro, aitaren heriotza eta militarren kolpea iraganeko kontua balira bezala, denborak bere efektu baltsamikoa egin balu bezala. Tetek kobrezko hariaz lotutako ehizakiak altxatu eta bandera moduan astindu zituen, amona Beatrizek, amak, bi anaiok eta Julio Figueroak berak, bibaka eta barrez, atetik txalotzen genuela. Ehizakiak harrikoan utzita, ama gutunaren bila joan zen, kantari eta saltoka. Mahaitxoaren tiradera irekitzearekin harridura keinua egin zitzaion.

        —Gutuna? Non da gutuna?!? —oihukatu zuen, belauniko jarrita, eskuak tiraderan sartuz eta haztamuka eginez, gero eta bortitzago—. Paulo, Hugo, non da aitonaren gutuna? —egin zuen garrasi, tiradera atera eta barrukoak lurrera botaz.

        —Ziur zaude hor utzi duzula? —galdetu zuen Juliok.

        —Ez naiz ba ziur egongo, neronek utzi dut eta!

        —Ez ote duzu beste nonbait gorde? Azken aldian despistatu samar zabiltza —esan zuen Juliok.

        Amak duda egin zuen bat-batean.

        —Zein gutunaz ari zarete? —esan zuen Tetek.

        —Gutuna iritsi da zuretzat Mendabiatik —esan zuen Juliok.

        —Lasai, aita, azalduko da —esan zuen amak, begiak malkotan.

        —Bai, azalduko da, Jose —esan zuen Juliok, besoa aitaren sorbaldan paratuz—. Egia da azken aspaldian zure alabak beste nonbait duela burua... Dena galtzen du, giltzak, kartera, erosketa-zerrenda... Aurrekoan olio potoa hozkailuan sartu zenuen!

        —Baina denok ikusi dugu gutuna tiradera horretan sartu duela —esan zuen Hugok, Juliori begietara begira. Juliok barre egin zuen.

        —Bai, kontua da nora atera duen gero! Ezpada zuk atera duzula, ezta, txapeldun? —esan zuen serio.

        —Nik badakit ez dudala atera, eta lepoa egingo nuke amak ere ez duela atera. Baina zurekin ez naiz fio!

        Juliok Hugori jotzeko imintzioa egin zuen, baina Tetek eskua heldu zion:

        —No te atrevas que te hago fiambre —esan zion—. No serías el primero.

 

 

Bortxak bahitu egiten gaitu, bere zirimolan sartu. Hasten gara ulertu nahi izaten, ez dagoenean zer ulertu. Hugok ez zuen dudarik, Juliok hartu zuen gutuna.

        —Nik bezalaxe ikusi zenuen ama gutuna tiraderan sartzen!

        —Baina zergatik hartuko zuen Juliok? Etxe bat eman digu!

        —Ez naiz fio, aitonak ere badio sitsa baino txarragoa dela. Ez al duzu ikusten?

 

 

Eguerdi batez, sukaldean bazkaltzen ari ginela, gutuna eskuetan sartu zen Hugo:

        —Ez duzue asmatuko non aurkitu dudan, Julioren kabinetean!

        Julio zutitu zen, labana ezker eskuan eta, zirt edo zart, sekulako eskuinekoa jo zion Hugori:

        —Gezurra! Gezurretan zabiltza! —egin zion oihu.

        Hugok masailera eraman zuen eskua. Tetek zartagina hartu eta, zapla, errebes zehatza jo zion belarrian Juliori. Hark balantza baldarra egin zuen sukaldearen erdian, eskuak gerriraino jasota dantza egitera balihoa bezala. Denak geunden begira, zer gertatuko zain, denbora etenda, harik eta Julio atzera jausi eta aitonaren ehiza kakoetako bat belarrian sartu zuen arte. Hantxe iltzatuta geratu zen, begiak zabal, espantuka eta oihuka:

        —¿Qué me hiciste, la concha de tu madre?

        —Te lo advertí —zartagina Julioren muturrean astindu zuen aitonak.

        —¿Qué carajo me haciste, tarado? ¡Soltame, forro! ¡Soltame, hijo de puta!

        —¡Callate o te remato, cabrón!

 

 

Handik bizpahiru egunera, kanpoan elur ekaitza zegoela, etxeko atea jo zuten bortitz. Amaren oin-hotsak entzun genituen pasilloan, eta jarraian amona Beatrizenak. Ez zen gure aita, jakina, baina sekula ahaztuko ez dudan gizona zegoen atean, zuhaitza bezain garai eta sendoa, aurpegia erdi estalia.

        —El hijo de mil putas del Julio buchoneó a tu viejo, lo andán rastreando —esan zuen leize batetik zetorrela zirudien ahots sakonaz, eta gehiago esan gabe joan zen.

        Etxean inork ez zuen galderarik egin.

 

 

Biharamunean maletak prestatu eta Rosariotik Buenos Airesera atera ginen gaueko omnibusean, errezelak itxita, munduaren begietatik gordeta. Buenos Airesen portuko usainak aitaren oroitza mingarri eta aldi berean suspergarria ekarri zigun, baina amak ez zuen itsasontzirik topatu, eta aireportuan hegazkinak hartu gintuen, edo irentsi, orroka zebilen metalezko munstroa iduri. Sabelean korapiloa utzi genuen atzean Rio de la Platako lautada amaigabea, hodei ozeano batek itsasoa estali zuen arte. Madrildik tenez jo genuen Iruñera, eta handik autobusez Mendabiara. Soroak arre bihurtu ziren, etxeak buztin, eta haizeak ziztuka galdetu zigun nor ginen eta zertara gentozen.