Gollebarren erroak luze
Gollebarren erroak luze
Maddi Arocena

ZIORTZA-BOLIBAR
aurkibidea
   

 

GOLLEBARREN

 

Etxeko atarian Sabina eta Ana eserita daude, uztail bukaerako goiz argitsu bero ekarlean. Hilabetea joan da Ana aurkitu zutenetik. Donibane Garaziraino iritsi zen eta gaua bertan eman ondoren, Baigorriraino botako zuela bururatu zitzaion. Bidean ari zela gertatu zitzaion. Erori zela oroitzen da, buruko min bortitzak eraginik ikusmena lausotu eta errekan behera erori zen. Bizkarreko zakua orduan galdu zuen, eta nola hala jarraitu zuen aurrera errepide bat aurkitu arte. Hor atzeman zuen laborari batek eta suhiltzaileak deitu zituen.

        Ibilaldiaren oroitzapenak emeki-emeki berreskuratu ditu Anak, Artako pagoak eta Ziortzako arteak besarkatu eta Elosuko basoan landatu berri diren bertako zuhaitzei bisita egiten die maiz. Pinuek eritasuna hartu zutelarik, itxaropena izan zuen, jendea konturatuko zela bertako arbola sartzearen garrantziaz, lurrari behar duen denbora eskainirik, aitzina egiten zen moduan. Arbasoen garaian, arbolak landatzen zituenak ez zuen haien itzalaz gozatzeko paradarik izaten, hurrengo belaunaldiarentzat ari zen lanean. Baina zoritxarrez, eukaliptoa sartzen hasi dira... Lurra pobretzen ari da batzuk aberasten diren bitartean, errentagarritasunaren izenean. Halere, Anak ahal duen neurrian segituko du baso bizia defendatzen, eta udalak alde horretara joaten lagunduko duela badaki. Lanean ez da berehala hasiko, baina udazkenerako bizkortuko dela uste du.

        Ongi dago Ana. Etxean dago Gollebarren, etxean basoan ere.

        Bidaia berezia bizi izan du, bai bidean nola ospitaleko barne bidaian. Mintzamena nahi bezala berreskuratzea ez da lan arina izan, behin baino gehiagotan komentatu du amarekin San Rokeren azpitik pasatu beharko lukeela, horrela egiten baitzuten gurasoek prozesio egunetan, haurrak santuaren azpitik igaroarazi, ongi hitz egin zezaten.

        Donejakueko erromesak zeren bila doazen oraindik ere zehazki ez badaki ere, abenturak inoiz baino argiago utzi dio zenbat zor dien zuhaitzei, izaki eder eta maitagarri horiei esker berreskuratu baitu hain maite duen bizitza. Ez dira egurra soilik, gure hatsa eta gure memoria baizik.

        Sabinak alabaren eskua ez du uzten. Orain joan naiteke, pentsatzen du. Bakea berreskuratu du, etxekoak inguruan ditu, ongi dago dena. Ez du presarik, baina prest da.

        Bisita bat izan dute bezperan. Frantziar matrikuladun autoa plazan gelditu denean, turistaren bat izanen zela pentsatu du Anak, orduantxe ur freskoa hartuta iturritik itzultzen ari zela. Baina berehala ezagutu du Ximunen silueta garaia. Hau Simon Bolivarren monumentuaren ondoan plantatu da, posea harturik, Simonen arteko kidetasunari keinu eginez. Ana barrez lehertu da Simon Askatzailea eta Ximun Anaren askatzailea elkarren ondoan ikustean.

        Besarkada estua eman dio adiskideari, eta Anak Ze, Ximun, untsa zirea? Eta honek Ederto!!