SABINA
Ziortzako kolegiatara igo behar duela erabaki du. Ez da baitezpada bide luzea, kilometro bat baizik ez du bidarriak, baina malda gora, eta ezkerreko oinak laurogeita sei urte soinean dituela oroitarazten dio urrats bakoitzean.
Abiatu da baina, Sabina ez baita ezer egin gabe gelditzen diren horietakoa. Zailtasunak zailtasun, beti aitzina egin izan du, aurrera beti. Alabari ez dio deusik erran, debekatuko baitzion bestela alabak, zaingopean dauka eta. Adinean gora joan ahala beti ukan du alboan, edozertan laguntzeko prest. Sabinari irriñoa ateratzen zaio alabaz gogoratzean. Eskertua dago, hori da hitza, eskertua ukan duen bizitza emankorragatik, bere gorabeherekin noski, baina maitasunez betea izan baitu bizitza. Zer gehiago eskatu? Zenbat aldiz ez ote duen hori pentsatu.
Une latzak ere izan ditu, nola ez, senarra bat-batean hil zitzaionekoa izanki azkeneko une dorpea. Urtebete eskas gertatu zela. Oroitzen da nola erran zion, ohean etzanda eta azken orenak iritsi zitzaizkiola oharturik, eskua tinkatu eta Ama (horrela deitzen zioten elkarri, ama eta aita) etorriko al zara nigaz bidaia honetara? Oroitzen da nola egon zen istant batez barruak josita, eta nola erantzun zion Nola joango naz ba ni hauek hemen utzita? Joango naz bai laster. Zer egina bazuela pentsatzen zuen, beti aritu baitzen seme-alabengatik guztia ematen, gaur arte. Nola utziko zituen bada aitaz eta amaz umezurtz?
Eskerrak makilei. Semeak etxean utzitako makilak hartu ditu. Ez daki behar den neurrira ekartzen jakin duen, baina gutxi gorabehera bai. Bidarrian aitzina egiteko hirugarren eta laugarreneko zangoak ez dira ez soberakoak izanen. Sabinak inork ikusi ez duela espero du, herri honetan zaila baita inor konturatu gabe pausorik ematea eta alaba ohartuz gero, akabo, berehala bila etorriko litzaioke eta atzera etxera.
Geldiune bat egin du gereziondoaren eta intxaurrondoaren alboan. Ezkerreko hanka zahar honek pausa agindu dio. Bihurgunetik ederki ikus daiteke herria, hain gustura bizi izan den herria. Txikia dela diote kanpokoek, baina Sabinarentzat neurri onekoa da hauxe. Bidaiatu izan du Mexikora, eta hango lekuak ikusgarriak iruditu zaizkio, baina Gollebarren du habia egina, Gollebarren egin du lan, tabernan lehenik, Urionekuan, eta ondoren granja sortu zuten senarrak eta biek.
Gollebarren du senarraren hautsentzat txokoa landan egina, eta duela gutxi arte uste zuen azken urteak lasaiki igaroko zituela bertan. Neba urtero Arratera joaten da eta urtero galdetzen dio Sabinari zer nahi duen harentzat eska diezaion Ama Birjinari. Sabinak osasuna eta urte baterako biziraupena eskatzen dizkio. Urtero erreberritzen da kontratua. Joan den aldian, pentsatu zuen azkeneko urtea izanen zuela, senarrarengana joateko epea iritsiko zitzaiola lasaiki, baina zorteak bestela erabaki du.
Ana desagertu denetik ez du ez lorik, ez jan-edan onik egiten lortzen. Alaba kezkatzen da, jan behar duela, pausatu behar duela behin eta berriz errepikatzen dio. Baina nola eginen du bada lo Ana non dagoen jakin gabe? Begiak hestea lortzen duenean, amesgaiztoak heldu zaizkio erasoka, alaba batean Artibain itoa, bestean Astarloa kobazuloan hilik ikusten du… hobe esna egotea.
Beti pentsatu izan du minbizia harrapatzea nahiago lukeela burua galtzea baino, baina orain alderantziz pentsatzen hasi da: hobe burua galdu eta ahantziko balu, sabela tinkatzen dion min hori jasatea baino. Buruak eztanda eginen diola uste du batzuetan, hainbeste itzuli emanik arazoari. Ezin ulertuzkoa baita gertatutakoa. Nola desager daiteke norbait une batetik bestera, inongo berririk eman gabe, arrastorik utzi gabe? Anak ez luke holakorik eginen, ezta pentsatu ere. Anak ez luke ama holako trantzean utziko, ezta ahizpa ere, ezta neba ere... ulertezina da kontu hau guztia.
Donejakue bidea egin behar zuela, baina Burgostik abiatu eta Frantzia aldera, oporrak baliatu eta horixe egin behar zuela. Hori ere aldrebes egin behar ba gure Anak. Sabinari burutik pasatu zitzaion Gollebarren hainbeste erromes gurutzatzeak piztuko ziola gogo hori. Munduaren beste puntatik ere heldu baita jendea Usandi aterpetxera gaua pasatzera, eta, herrian bertan izaki, Sabinaren etxe ondo-ondoan, txikitatik ikusi ditu Anak adin guztietako motxiladun horiek, hizkuntza guztietan mintzo, Kanpape tabernan atsedenalditxoa hartzen, edo plazan Bolivarren monumentuaren oinetan eserita, motxila astunak eta makilak pixka batez lurrean utzirik. Dortoka itxurako silueta haiek ikusi izan ditu aroaren arabera lainotsu edo koloretsu, egunean hogei bat kilometro kurritutako zangar gogortuak luzatzen, iturrian ur freskoa hartzen, eta maiz komentatzen zuen bera ere joanen zela egunen batean, jendea zeren bila doan aurkitzera.
Zangarrak gogor sumatzen ditu Sabinak gaztainondo gaztearen ondotik igarotzean. Orain hura ari da urratsen gibelean gordea denaren bila, taka-taka, pauso bat bestearen ondotik, gorputzak egin dezala lan, buruari lanuztea eskainirik. Hori izanen da agian bideak eskaintzen duen mesedea?
Arteei begira egon da istant batez. Gogora ekarri du nolako maitasuna zien Anak arteei. Enborra besarkatzen aritzen zen, taupadak entzuten, ama, erraten zion. Harreman berezia zuen Anak arbolekin. Beno, arbola guztiekin ez alabaina, pinuak eta eukaliptoak ez zituen begi onez ikusten, baina bertako betiko zuhaitzak izugarri maite zituen.
Pikondoarengana hurbildu da Sabina. Zenbat aldiz ez ote zizkien Anari eta biei piku goxoak eskaini? Anak arbolari eskerrak ematen zizkion fereka batez, eta Sabinak berak ere fruitua arbolatik hartzerakoan eskerrak ematen ikasi zuen. Hori bai, isilean, ez alabak ozenki egiten zuen bezala.
Ana Corpus Christi egunean abiatu zen. Ziortzako monasterioan meza eta prozesioa izatekoak ziren, baina Anak ez du eliza zapaltzen. Sabinak berak ere gutxi. Ehorzketetan eta egun handietan baizik ez da elizan agertzen. Lehen, aspaldi, Corpus Christi eguna egun handia izaten zela gogora ekarri du. Pazko-igande egunetik 60 egunera izaten zen, eta jantziak aldatzeko egun seinalatua, udako jantziak estreinatzeko unea, negukoak erantsiz. Ekain zakarra egiten ari dela pentsatu du emazteak, soineko arinagoa jantzi izan beharko zuela, eta arratsaldean etxeko itzalean egonen dela pausatzen. Edan beharko du, hori ere ahantzi egiten baitu, ez du egarri sentsazio handirik sumatzen, eta deshidratazio arriskuaz kontziente da. Etxerakoan Usandiko iturrian hartuko du ur fresko eta garbia.
Bidarria utzi eta azken patarra goiti. Azken metroak luze gertatzen ari zaizkio Sabinari. Baserri ederra agerian dago bertatik. Lehen bi zatitan eraikitzen ziren baserriak, alde batean gurasoak eta bestean bikote gazteak bizi zirela. Baina orain, erreforma egiten dute eta dena bat gelditzen da. Sabinari pena ematen dio horrek, baina holan dira orain horrek gauzok.
Oinetakoak kentzeko irrikan dago, belarretan oinutsik ibiltzeko gogoa du, txikitan bezala, amarekin Madalenara joaten zirenean ortutsik baselizari itzulia ematen ziotenean bezalaxe. Ohitura hura sorginkeriaren bat ote zen bururatu izan zaio, baina gaur edozer gauza eginen luke alabaren aztarnarik txikiena ere atzemateko.
Azken mezua Iruñetik jaso zuten. Anaren mezuak bidean zenbat eta aurrerago eta orduan eta laburrago izan ziren, ohartua zen Sabina horretaz. Hasieran, egunero hartzen zuten etxekoek mezutxoa eta argazkiak, deskribapenak, topatu zuen jendearen aipamenen bat edo beste. Hori lehendabiziko egunetan; baina laster mezu motz-motzak iristen hasi ziren, dena ondo, mosu bezalakoak.
Ana beti izan da oso independentea, bizitza bere gisara eraman nahi izan du beti, besteek pentsatzen dutenaz ez du batere axolarik izan. Erizain ikasketak ere ia bukatzen ari zituela bertan behera utzi zituen, hura ez zela harentzat egina konturatuta, eta basozain izateko ikasten hasi zen, gurasoen harridurarako. Baina beti bezala, lagundu egin zuten hautatu zuen bide berri hartan aurrera egiten. Hori oso argi zuen bikoteak: seme-alabengatik ahal zen guztia eginen zutela. Beti.
Monasterioko belardia zein ongi zaindua den gogora ekarri du Sabinak. Fraide horiek beste ezer guti egiteko dutela ere pentsatu du. Hortxe daude olibondoak, non eta Gollebarren olibondoa sartzea pentsatu behar zen gero… Olibotik omen datoz fraideak, Bardeatik hurbil dagoen lekutik behinik behin, eta 1980an iritsi ziren bertara eta eraikina guztiz berriztarazi zuten.
Lehen Ziortzan bertan zortzi etxe zegoen, auzo ederra zen hura, harresiz inguraturiko toki dotorea, eta bizitasun handikoa. Baserritarrek zaintzen zituzten inguruko eremuak, oihan aldea eta pentzeak. Garai haietan monasterioa hutsik zegoen, eta eliza haurren josta tokia zen. Olgetan ai ginan gu elizan, zurezko oholen azpian gorpuen hezurrak hartu eta ezpatak bailiran ari ziren txikitan hango haurrak. Edo bestela organoaren atzealdean zeuden larruzko liburu handiekin jolasean… Abandonatua egon baita urteetan lekua.
Sabina elizpean eseri da itzalean. Makilak hortxe utzi ditu zutik paretatxoaren kontra. Begirada altxatu eta hortxe dago dragoi itxurako zur zaharreko eskultura. Habeetan zizelkaturik euskal ikur zahar eta ederrak ere zein ongi kontserbatu diren harritzen da aldiro. Ziortzan bazterrak lasai daude, inor guti agertzen da ordu hauetan hara. Geroxeago hasiko da erromesen dantza, arratsalde aldera.
Eliza barnera sartu da Sabina, aspaldiko partez otoitz egitera. Ez daki xuxen nola egin behar duen, baina nola hala aterako zaio zerbait. Aitorleku ilunaren aitzinetik pasatzean, Irustakoak kontaturiko gertakaria heldu zaio gogora.
Francoren garaian nonbait, ba omen zen Ziortzan inorekin ongi konpontzen ez zen gizona. Gauza onik behintzat ez zitekeen harengandik espero. Bada, egun batez delako gizona konfesatzera sartu omen zen eta auzokide batek ikusi zuen nola atera zen kofesategitik lasai asko, bekatuak barkatuak zituela eta. Ondotik, mezan Jauna hartu omen zuen guztien begi bistan.
Ondoko astean, meza hasi baino lehentxeago, jendea ordurako eserita zegoela, delako auzokidea elizan sartu zen aizkora eskutan zuela, eta aitorlekua jo eta txikitu omen zuen. Gero, tabernan sartu, aizkora bere ondoan pausatu eta baso bat arno eskatu zuen, deusik gertatu ez balitz bezala. Bada ez omen zion inork ohar txikiena ere egin! Dirudienez, denek pentsatu baitzuten beste hari egiten zituen zikinkeria guztiak barkatzen bazizkion, eliza horrek ez zuela besterik merezi. Abadea ere isil-isilik egon omen zen. Agian pentsa zezakeen bera kofesategiaren barnean harrapa zezakeela eta! Irriz hasi da Sabina aulki gogorrean eseri den bitartean.
Ostatua nola erre zen ere oroitzen da Sabina. Ondoko baserrikoek lastoa bertan biltzen zuten, eta urriko haize hegoarekin tximinian lotu zen sua. Kanpoan dabiltza orain sotanaz jantzitako monje zistertarrak, gaur berritua den ostatuko leihoak zabaldu eta gelak prestatzen, erromesak iritsi aitzin. Ospitalea nola berritua izan zen ere ezin ahantzia da... Lehenik, Sevillatik etorritako arkitektoak eginarazi zuen teilatua, zapal-zapala, Andaluzian egin ohi den bezalakoa. Bertako jendeak jakin bazekien horrek ez zuela luzaz iraunen, eta hala gertatu zen, lehenengo udan bota zituen euriekin guztia urpean gelditu baitzen. Gerora lekuari egokitu behar izan zioten teilatua, lan bikoitza beraz.
Hasperen luzea bota du emazteak aldareari begira. Ez zaio otoitzik heldu, ez daki alabaren itzulera nola eskatu behar dion ezta nori ere, eskuak gurutzatu ditu, haurtzaroko jestua errepikatuz gogoak ahantzitakoa gorputzak oroituko duelakoan. Zenbat oren ez ote du pasatu aulki gogorretan eserita eta belauniko elizan? Zenbat prediku eta beldurrezko mezu ez ote duen entzun? Dena zen bekatu. Dantza egitea bera ere debekatua zen. Plazera kontrolatzeko zenbateko grina jartzen zuten elizgizon haiek, haien frustrazioa besteei ordainarazten zieten aise… Une goxoak ere izaten ziren halere. Gabonetan haurrak erregeei bidean zer eroriko zitzaien ikustera joaten zirenean, besta izaten zen. Eskolako kartoizko poltsa gorria gogoratzen du Sabinak.
Anaren bisaia ekarri du gogora, haren irriño eztia, haren alaitasuna eta indarra.
Non hago, maitea? Non hago?
Seinale baten zain dago ama.