ANA
Uztaritzeko oihanera eraman nau Ximunek eta berpizten hasi naiz berehala. Usaina da lehen-lehenik jaso dudana. Humusa, lur heze eta egur usain berezia, zoragarria. Eta berehala, ametzak, ametza da baso honetan nagusi. Hemen pinurik ez dagoela pentsatu dut, ezta eukaliptorik ere. Ez dakit zergatik, baina horrek izugarrizko poztasuna eman dit.
Bidexkaren bururaino noa, usainka, usnaka, animalia naiz, arbolen herrian libre. Haizearen firfiran dantzan hasi naiz, oinak lurrean errotuta. Mugimenduak uhinen modura hartu nau, belaunetatik gerriraino. Besoak hedatu ditut, adarrak ditut nik ere, adar dantzariak, zerura buruz igorri ditut, ahal bezain emeki, zuhaitzek dakiten bezala, haizearekin mintzo, begiak itxita, zorabio gozoan mozkortu naiz zehaztugabeko une batez. Begiak ireki eta eskuin aldean deika ari zaidan ametz zaharrarengana hurreratu naiz. Honen enborra inguratzeko ni bezalako lau beharko lirateke. Ximun bidean gelditu dela konturatu naiz, mugikorrari erantzuten ari da. Ni ametza besarkatzera. Atzokoaren esperoan nago, itsuki eta konfiantza osoz bihotzaren taupadak lasaitu arte. Eta bai, irudiak datoz berriz ere, zurrunbilo batean oraingoan, errekak, boluak, eta Ximunen irudia. Ximun eta errotak, zein ote da mezua?
—Ana, Ana! Ximun oihuka dator, lasterka, mugikorra eskuan duela. Atzeman zituzte, Ana! Garaziko Ospitaliatik hartu dute mezua. Han egon zinen erromes, eta zure izen-deiturak badituzte, baita helbidea ere. Informazioa tratatu ezinik egon naiz istant batez. Ximun poz-pozik dago, eta nik ere hala izan beharko nukeela uste dut, baina ez dut lortzen. Fini da, Ana, zure bizia berreskuratuko duzu, dena untsa joanen da, ez kexa! Besoetatik hartu nau gizonak eta irribarre zabala eskaini dit, ederto, Ana, ederto!! Barrez hasi naiz, barrez eta negarrez, eta Ximun besarkatu dut. Eskerrik asko, pentsatu dut. Eta Ximunek ez horregatik erantzun dit. Hortaz jabetu naiz hitz egin nuela, eta autorako bidean hitzak errepikatzen hasi naiz. Ederto, eskerrik asko, eta Ximunek aldiro bikain-ka animatu nau. Errepidean zehar ikusi dudan guztia izendatzen saiatu naiz. Silaba batzuk nekez ahoskatzen ditut, baina hitz egiten dut, Ximunek erraten duen bezala, mintzo zira. Ospitalera iristean, psikologoaren bulegoan zain ditugu neurologoa eta erizaina. Ximun itzultzaile lanean ezarri dut berriro. Elementuak banaka ematen dizkidate, ongi uler ditzadan. Ana Arriaga omen naiz. Ederto. Berrogeita hamalau urte dut. Eta Ziortza Bolibarrekoa naiz. Bolibarrekoa, Simon Bolivarren jatorrizko herrikoa, Simon, Ximun... Irudiak ulertu ditut. Arranoa, Ziortzako kolegiatan dagoen eskultura. Gollebarreko eliza, elizpea, jolasak, plaza, Bolivarri eraikitako monumentua, Usandiko iturria. Artako pagadia, haritzak, astigarrak, sagarrondoak, pikondoa, intxaurrondoa, hantxe oroitu ditut guztiak. Nonbaitekoa izatea zer gauza ederra den pasatu zait burutik. Erroak Gollebarren ditut, etxea ere han izanen dut, jarleku batzuk ikusten ditut atari batean. Eta zuhaitzak zainak lur sakonera botatzen dituen bezala ari naiz sustraietatik enborrera emeki-emeki igotzen adarretan zehar, nire istorioaren bila.