Gollebarren erroak luze
Gollebarren erroak luze
Maddi Arocena

ZIORTZA-BOLIBAR
aurkibidea
 

 

ANA

 

Eramaten naute. Ez dakit nor diren, zer nahi duten, keinu lasaigarriak egiten dizkidate, baina ni ez nago lasai, inondik ere. Pasabide luze bat zeharkarazten didate, gizon batek besotik hartu nau. Nik ez dut ukitzerik nahi, gelditu egin naiz eta berehala utzi nau. Ihes egin nahiko nuke, baina nora ez nuke jakingo… orduan ondotik noakio, gela zuri bateraino.

        Leku honi ospitale itxura hartzen diot, gaixorik izango naizela pentsatu dut baina ez nago ziur.

        Amesgaiztoa izanen da, hori. Iratzarriko naizenean, guztia ulertuko dut, eta sentitzen dudan ikara desagertuko da. Beldurra, beldurra baizik ez naiz. Gorputzean nire burua biltzen saiatzen naiz, baina alferrik. Oihu bat bota dut zuriz jantzitako emazte gaztea arropak kendu nahian hasi zaidanean.

        Okay, okay, esan du bi eskuak niri buruz irekiz. Malkoak nabaritzen ditut masailetan behera.

        Ohe gainean eseri naiz, ateari begira. Atea begi bistan behar dut, ihesbidea behar dut.

        Zuriz jantzitako emakume gaztea parean eseri zait. Hatz erakusleaz bere bularra ukitu du. Marion esan du silabak bereiziz. Marion du izena dirudienez. Hatz erakuslea niri buruz zuzendu du, erantzunaren zain. Izena galdetzen ari zaidala ulertu dut. Ahoa ireki dut, baina ez dakit zer esan, ez dakit nola dudan izena. Burua lehertzear daukat une horretan, eta Marion nire atsekabeaz jabetu dela esango nuke.

        C’est pas grave, esan du. Irriño lasaigarria egin dit, lasai egoteko ulertu diot, eta ohetik jaikitzen hasi da. Nik orduan, ez dakit zergatik, blusatik heldu diot, bakarrik ez baitut gelditu nahi. Eskua luzatu dit. Hartu diot, eta eskuz esku goaz pasabidean zehar ate urdin bateraino.

        Psychologue jartzen du atean. Hori ulertu dut. Ideiak aski argi ditut, ez dut uste zoratzen ari naizenik. Ea laguntzen nauen psikologo delako horrek amets lazgarri honetatik ateratzen.

        Bulegoan nahiko ongi sentitu naiz. Zur argiz eginiko apalategian liburuak txukun bilduak dira, gaika ordenatuak, eta han-hemenka apaingarriak daude. Irudi handi batek estaltzen du eskuineko horma, oihan baten irudiak. Erraietarainoko fereka sumatu dut, gozoa, beroa, eta horrek lasaitu nau zeharo.

        Beste horman haur batzuek eginiko marrazkiak daude. Etxe alaia, lore koloretsuak eta betaurrekodun eguzki irribarretsua. Hemen bai, hemen egon naiteke une batez.

        Marionek psikologoa agurtu du, eta zerbait esan dio, nire eskua askatu gabe.

        Psikologoa emakume heldua da. Soineko berde loreduna du, eta gustatzen zait haren larru ilunarekin egiten duen kontrastea. Ezpain harro mamitsuak ditu, eta irriño ederra eskaini dit, hortz zuri-zuriak erakutsiz. Gabrielle esan du, eskua niri buruz luzaturik. Marionek eskua utzi dit eta Gabrielleri bostekoa eman diot. Besaulki grisean jartzeko keinua egin dit. Eseri naiz.

        Gabriellek betaurrekoak ezarri ditu, eta ordenagailuan zerbaiten bila hasi da. Pantaila itzuli du nik ikusteko gisan. Mapa bat agertzen da, Frantziako mapa, eta arkatz puntarekin Bayonne seinalatu dit.

        Baionan nago beraz? Nire harridurak nabarmena izan behar du. Gabrielle hitz egiten hasi da, ageri da azalpenak eman nahi dizkidala, baina asmoa hartzen badut, ez dut esaldien esanahirik ulertu.

        Español? galdetu dit. Nik ez dakit, zerbait gogorarazten dit bai, baina lausoki.

        English? Nik buruarekin ezetz.

        Deutsch? Larritzen hasi naiz. Gabrielle ohartu da, eta okay, okay, pas de problème, gehitu du. Nik mutu jarraitu dut. Pentsamenduak baditut, baina ezin ahoskatu. Eta larriago dena, ezingo nuke esan zein hizkuntzatan pentsatzen dudan. Zutitu behar dut, urrats batzuk egin. Pagadiaren argazkiaren aurrean gelditu naiz, eta eskuz ferekatu dut. Gabrielle begira-begira daukat. Une batez isiltasunean egon gara biak. Begiak itxi ditut eta eskua pago baten enborrean ibili dut, ez dakit zergatik. Sustraitu beharra izanen da…

        Psikologoa une baten buruan atzetik hurbildu zait eta eskua sorbaldaren gainean pausatu dit. Begiak ireki ditut. Lasaiago nago. Arnasa sakonago hartu dut eta Gabrielle begiratu dut, irriño bat egiten hasiz.

        Besaulki grisean jartzera joan naiz berriz. Gabrielle liburu bat bilatzen hasi da zur argiz eginiko apalategian, eta atzeman duenean bulegoaren atzeko aldera itzuli da.

        Hiztegiaren itxura du liburuak. Emaztea lehenbiziko orrialdea irakurtzen hasi da:

        Adèle, Adela, Adelinda, izen bakoitza leitu orduko, begiratzen nau. Ulertu dut nire izena atzeman nahian dabilela. Espero dut nirea ez dela Zetaz hasten… Agathe, Agata, Alice, Alicia, Adelaide, Adriana, Agustina, Ainhoa, Alba, Aines, Anne, Ana… hor gelditu da. Anna? Ana?

        Ana. Ana. Baliteke. Zerbait mugitu da nire baitan izena entzuterakoan. Ana. Baietz egin dut buruarekin. Ana. Gustukoa dut, ez da gutxi.

        Gabriellek pozik dirudi. Ana! Ana! Bonjour, Ana!! Ikaragarrizko lorpena dela adierazi nahi dit, nire barreneko amildegitik ateratzeko bidea erakusten duen argi izpitxoa piztu dela alegia. Ana naiz. Badirudi baietz.

        Psikologoak bulegoko tiradera ireki eta bloka eta arkatza atera ditu. Idatz dezadan proposatu dit. Arkatza hartu dut, eta paper zuriari begira gelditu naiz, zer egin ez dakidala. Ez dut ulertzen… Psychologue hitza irakurri badut, mapan herrien izenak irakurri baditut, zergatik ezin dut idatzi? Saiatu naiz zerbait egiten, baina trazu trakets bat baizik ez zait atera… malkoak berriz ere… c’est pas grave, Ana, okay! Gabriellek besarkatu nau, eta negarrez lehertu naiz, hipaka, eztarrian kokatua neraman urtegiak zapart egin izan balu bezala.