Gollebarren erroak luze
Gollebarren erroak luze
Maddi Arocena

ZIORTZA-BOLIBAR
aurkibidea
 

 

ANA

 

Astebete pasatu da. Baionako ospitalean nago oraindik ere. Fisikoki hobeto nago, nituen zauriak ez omen ziren larriak, zarramazkak eta uspelak gorputz osoan, hori bai, baina bestela ezer gutxi.

        Lehengo goizean, polizia etorri zait argazkiak hartzera, ulertu dudanez nire desagertzearen abisua hedatzeko asmoa dute telebistan, sare sozialetan eta egunkarietan. Marionek baietz, berri ona dela adierazi du erpuruak altxatuz, baina nik ez dakit zer pentsatu... alde batetik noski, etxekoak bila etorriko balitzaizkit, sekulakoa litzateke, nire baitako puzzlea osatzeko aukera paregabea nonbait. Baina beste alde batetik, ikara sortzen dit ezagutuko ez nituzkeela pentsatze hutsak...

        Azkeneko egunak oso gogorrak izan dira niretzat. Azterketa andana pasarazi didate. Ez dakit zenbat eskuren artean ibili den gorputz hau... Nirea dela sentitzen dudan gauza bakarra izaki, hasieran bortxaketa balitz bezala bizi izan dut mediku horien guztien ikertu beharra. Bizitza zatikatua izatea aski ez, eta orain gorputza ere atomizatua dut. Gauza gehiago badakit orain niri buruz, hau da haurrik ez dudala ukan, horrek lasaitu nau, kezka bat gutxiago, ez bainuke haur batentzat arduratzeko indarrik izanen nagoen bezala. Ez dakit erabakitakoa ala horrela suertatutakoa den haurrik ez izatearena, baina une honetan komeni zait.

        Azterketa eta analisi horiek ustekabean aurrerapen handia eskaini didate. Hasteko, orain badakit zer gertatzen ari zaidan eta konpon daitekeela ere ulertu dut. Odolbildua jauzi zait burmuinean, eta horren eraginez hitz egiteko gaitasuna kudeatzen duen gunea kaltetua izan da. Herenegun egin zidaten ebakuntza, espero dut beranduegi ez dela izan. Oso ongi joan omen da guztia, beraz itxaron behar. Eskanerrean hartutako argazkia erakutsi didate, arteria odolbildutik libratua agertu da, eta garuneko zainen irudiak zuhaitzen sustraiei pentsarazi dit. Erroak lurrean nola, zainak ere sakonean ari zaizkit lanean, oroimenaren bila nire ustez.

        Memoriarena iduriz shock egoeraren ondorioa da. Agian. Baina tira, aurrera noa.

        Beste berri ona, Ximun. Ximun erizaina da hemen, eta erradiografia pasatzerakoan ezagutu dut. Blusa urdinean izena darama, hemen ohi duten bezala, eta Ximun izenak nigan zerbait esnatu du. Hurbildu zaidanean, izena erakutsi diot, Ximun. Ximun esan du berak, ça te plait? Eta bat-batean kantatzen hasi da Ximun, Ximun, gibeleko leihun, Xalbador, Xalbador, ez da hor, ez da hor, Xabier, Xabier, bortatik so bazterrer!

        Eta ni barrez lehertu naiz, ulertu baitut noski!! Ximun konturatu da, eta orduan argitu da bost egunez asmatu ezina, hau da euskalduna naizela. Baionan... Bost egun... europar hizkuntza mordoarekin saiatu ziren alta, alfer-alferrik, eta bertakoa gogora etorri ere ez.

        Niretzat lorpen izugarria izan da. Osatzen hasteko oinarria finkatua dut. Euskaraz pentsatzen dut, amesten dut, argitu zait kezka. Ez naiz beste planeta batetik eroria, ez, lurralde honetakoa naiz, nahiz orain arte topatu dudan euskaldun bakarra Ximun izan. Baionan...

        Bi egun hauetan Ximunen ondotik ibili naiz txakur txiki baten modura. Ximun nora, Ana hara. Oso jatorra da gizona, eta lagunduko nauela agindu dit. Lasai egoteko, lagunduko nauela.

        Nik oraindik ez dut hitz egitea lortzen, baina Ximunekin komunikazioa errazagoa da, gutxienez esaten duen guztia, edo gehiena ulertzen baitut. Gizona nire itzultzaile ofiziala bilakatu da ospitalean.

        Hemendik ateratzeko beharra sentitzen dut, airea hartu behar dut, hemengo usainak belar usainez ordezkatu, arnasa hartu zain libratu hauek oxigenoz asetzeko. Leihotik ikusten ditudan bi intxaurrondoek deitzen nautela dirudi. Ximuni erakutsi dizkiot arbolak eta hark bai, noski, joaiten ahal zira beheko parkerat, zoazi, eta ni geroxo jinen niz zure xerka.

        Pasabide labirintiko hauetan ez naiz galdu, behintzat. Aparkaleku handia zeharkatu eta hortxe daude, handiago, ederrago oraindik bigarren solairutik ikusirik baino. Gerturatu naiz, eta besoak automatikoki joan zaizkit enborrarenganaino, besarkatzera. Zaila da harreman horretan sentitu dudana hitzez azaltzea, hain da sakona izan. Gure bi gorputzak josiak egon dira denbora eta espazioz kanpoko ukimen horretan. Belarria enborrari lotu diot, haren taupadak nire bihotzarenekin bateratu, eta hortxe egon gara biak burbuila perfektua osatuz. Etxean bezala sentitu naiz aspaldiko partez. Begiak itxi ditut eta tentsio guztiak laxatu, enborrari eman, hark baitaki nik baino hobeki hau nola kudeatu. Orduantxe hasi zaizkit irudiak heltzen. Lehena, haurrak elizpe batean intxaurretan jolasten, beste batzuk plaza txiki baten inguruan harrapaketan ari, kaniketan beste batzuk. Plaza hura ezagutzen dut nik, hala uste dut gutxienez. Enborra bihotzaren kontra tinkatu dut, estu, eskertua sentitu naiz, aldi berean inarrosia eta eskertua. Masaila bustia dudala ohartu naiz, eta malkoa intxaurrondoaren azalean behera nola joan den begiratu dut begiak berriz itxi aurretik. Eta bigarren irudia flash moduan iritsi zait, eraikin handi bat bidarri baten muturrean, eta harrizko horman zizelkatuta arrano bat bere garretan burezur bat duela. Burua nahasten hasi zait bat-batean, eta arbolari bizkarra eman diot, haren oinetan esertzeko. Horrelaxe atzeman nau Ximunek bila etorri zaidanean.

        Ze, untsa zirea? galdetu dit hurbiltzean. Eta nik baietz buruaz egin diot keinua, baietz, eta lehen hitza askatu dut, ederto! Ez dakit nor den gehien harritu, Ximun ala ni neu, eta gizonak errepikatu du, ederto? Hori da erran duzuna? Eta nik berriz ederto, oraingoan hobeki ahoskatuta, lehen saiakeran baino argiago, nahiz oraindik ere eeto-ren antz gehiago izan bota dudan horrek. Baina zerbait erran dut, hitz bat atera zait zintzur mutu honetatik, azkenean! Gelarako bidean, saiatu naiz hitz gehiago ateratzen baina leher eginda nago. Ohera joan nahi dut. Lo egin behar dut. Ametsetara gonbidatuko ditut arranoa, burezurra eta haurrak, eta bihar berriz kanpora joanen naiz. Ximunek bihar jai duela esan dit eta Uztaritzeko oihanera joan nahi dudan proposatu dit. Zuhaitz gehiago besarkatuko dudala pentsatzeak kemen handia eman dit gerora begira. Tunel ilun honek irtenbiderik duela sinesten hasia naiz. Milesker, Ximun.