Gollebarren erroak luze
Gollebarren erroak luze
Maddi Arocena

ZIORTZA-BOLIBAR
aurkibidea
 

 

SABINA

 

Etxera itzuli da Sabina. Oinez ez baina, alaba ohartu eta autoz igo baitzaio bila. Gollebarrerainoko bidea isiltasunean egin dute bi emakumeek. Alaba errieta egiten saiatu da, baina ezin izan du. Nola ez du bada amaren kezka ulertuko, aste hau amesgaiztoa izan baita etxekoentzat.

        Sabina pentsakor doa, gaztaroko oroitzapenak ekartzen ditu gogora nahi gabe ere. Hori izango da zahar izatearen kontua, pentsatzen du maiz. Erreka ondotik pasatzean, boluak gogoratzen ditu. Asko ziren lehen herrian boluak, eta kuriosoa da Bolibar herri txikiak mundu osoan zehar duen oihartzuna, erroten ibarra izatetik Latinoamerikaren ikur bilakatzeraino, urak egin duela bide... Simon Bolivar zaharra bertan sortu bazen ere, haren ondorengoa izan zen Askatzaile izendatu eta gaur arte herri txiki honi mundu zabaleko ospea ekarri diona. Hura abenturazalea omen zen, eta askatasun zalea batez ere. Ana bezalakoa nonbait. Garai haietan bizi izan balitz, Ana izan zitekeen Simon Bolivarren Manuela, askatzailearen askatzailea. Irudi horrek irribarrea sortu dio emakumeari, eta itxaropena ez dela inoiz galdu behar oroitarazi.

        Biharamunean, semeari Artara laguntzeko eskatu dio. Leku lasaigarria da huraxe. Arta, Jainkoak aparta, esan ohi zen, baina Sabinak oso hurbilekoa du tokia. Baserria hor dago beti, eta baseliza txikia, pagadi txikiaz inguratua. Zuhaitz ederrak daude bertan. Anari gustatuko litzaioke hemen egotea, ziur, eta zuzen-zuzenean joango litzateke haritzen bat besarkatzera. Amak hori ez du oso ongi ulertzen baina inori kalterik egiten ez badio, non dago arazoa? Anak azalpenak ematen zizkion entzun nahi zuen orori, zuhaitzak ez dira egurra soilik, izakiak dira, sortu, hazi, eta mugitzen direnak, gu bezala, baina beste erritmo batean higitzen direnez, ez diegu kasurik egiten. Alta, haien artean komunikatzen dute, haien umeei esne moduko bat ematen diete, eta beraien umeei soilik. Zuhaitzen munduaren ulermenaren atarian baizik ez gaude, eta ikasteke daudenak zoragarriak izanen dira. Sutsu mintzo da Ana, konbentzitzeko ahalmena izan du beti, eta kemena.

        Sabinak gerla osteko une latzak ekarri ditu gogora. Herrian elkartasun handia zegoen, baita bestelako jarrerarik ere, zoritxarrez, leku guzietan bezala Gollebarrek ere bere traidoreak bazituen. Herriko gizon batzuk preso eraman zituzten Bilbora, eta emakumeak elizpean elkartzen ziren senarrei bisita egiteko txandak antolatzeko asmoz. Horrela, batek eramaten zizkien preso guztiei jantzi garbiak eta janari zerbait denen partetik. Pareko etxetik haatik abisua jaso zuten, hobe zutela ez elkartzea. Mehatxua argia zen, denek zekiten salatari etxea zein zen eta horiek zer egiteko gai ziren. Orduan emakumeak mezatik landa elkarren ondoan eseri eta papertxoak ibili ziren poltsikotik poltsikora mezulari. Presoak Huescan ere egon ziren, kontzentrazio zelaietan bideak eraikitzen. Familia batzuetan aitita Puerto de Santa Marian preso, aita Huescan. Emakumeak etxean, ahal bezala aurrera egiten, duin, malkoak burkoarentzat utzirik. Espetxeko kontuak beranduago jakin zituzten haurrek, mahai inguruan kontu-kontari etxeko guztiak bilduta mahaspasak jaten ari zirela.

        Bezperako ibilaldiak zangoak minbera utzi dizkio, baina ez da damutzen. Laurogeita sei urtez zenbat kilometro ez ote dituzten kurritu kontuak ateratzen hasi da, garai haietan ibilgailu bakarra bi oinak izaten baitziren gehienetan. Oroitzen da Artakoak nola etortzen ziren igandero goizeko sei eta erdietako mezara oinez. Neguan iluna zenez lasto-sua erabiltzen zuten bidea argitzeko.

        Herrian bertan bizi zirenek ere meza ez zuten huts egiten. Batzuetan hiru ere izaten ziren egunean, eta baraurik hartu behar ziren. Herritarrak orduan mila baino gehiago ziren.

        Egundainoko bizia zegoen bertan. Hiru eskola zeuden, tabernak eta dendak ugari. Karmelonean, zernahi gauza eros zitekeen, kuleroak edo zapatilak, karteratxoak eta kolonia. Fruteroa ere bazegoen, Pako Maderas deitzen zutena, hark korneta jo eta bezeroak platerarekin ateratzen ziren fruta bila. Beheraxeago, aterki egilea, tarta moldeei ipurdia konpontzen ziena, eta ezti saltzailea.

        Zenbat lanbide desberdin zegoen Gollebarren: zapataria, eskopeta egilea, saskigilea, bizargilea, taxia. Eta Mauro, zaldi handi baten gainean orraziak, orratzak, bizar nabalak eta Varon Dandy perfumea saltzen zituena.

        Beheko kalean berriz, pinaburuen haziak labean erretzen zituena, abarkak lotzeko soka egiten zuena, harategia, okindegia, karea litroka saltzen zuena, ile apaindegia...

        Gaur egun, taberna bakarra mantendu da. Iruzubietan Armola eta Zubiondo badaude behintzat, baita Ikestei jatetxe eta aterpetxe ederra ere.

        Biztanleria laurehunera jaitsi da. Sabina ez da berez nostalgikoa, baina gaztaroko oroitzapenak gero eta maizago gonbidatzen dituela konturatu da.