Jeanne
Jeanne
Edorta Jimenez

UZTARITZE
 

 

XII

 

Kafearen ostean abiatu ginen. Gu hirurok, Mikel eta Eric, etxekoek nahiago ukan baitzuten bidaiaren nekeak loalditxoa eginez arindu. Gure puskak bildurik eta giltza itzulita, sarri arte esanez despeditu ginen.

        Furgoia utzia genuen gunera iritsi arte ez zuen inork ezer esan. Han zegoen Keparen motorra ere. Puskak, bereak eta gureak, hantxe utzi genituen. Handik ondoko parkera sartu ginelarik, Mikelek jauregi eder bat seinalatu zigun.

        Lota! Hieroglifikoaren gakoa.

        Haraino jo genuen. Zur eta lur nengoen.

        Jauregian argibidetzat han aurrean jarrita zeukan afixak zioenak azaldu ziguten, Ericek eta Mikelek, txandaka, handik aitzin egingo zuten bezalaxe.

        Azaldu zigutenez, bada Txilen Lota hiria. Hartara joan ziren fortuna bila Bernard Duhart eta Dominique Rosalie Ainziondo senar-emazteak, izenak Interneten bidez kontsultatu ahal izan ditut hau idazteko tenorean. Bernardek eta beronen anaia bik janari eta edari alkoholdun enpresa eratu zuten, Casa Duhart Hermanos izenekoa. Fite aberastu ziren, jauregia eraikitzeari 1873an ekin baitzioten. 1879an bukatu zuten. Hieroglifikoaren arabera uste izatekoa zen Jeanne han bizi izan zela.

        Azalpenetan hartara iritsita, Kepak historialari biei txanda hartu zien.

        Aztertu ditudan dokumentu eta gutunen arabera zure birramona hona etorri zen, Jeanneren bila. Gerla amaitu bezain laster. Ikus hieroglifikoaren transkripzioa. “Jinen niz bai lotara”. Birraitonak ez zuen idatzia betetzerik ukan. Haren emazteak bai, ukan zuen honaino etortzeko adorea. Zure egiazko aitona, Jeanneren semearen bila.

        Beraz, Duhart zen birramona.

        Ez dut uste. Bestela etxean atxikiko zuten. Jeanne zerbitzuko norbaiten alaba izan zitekeen. Begira jauregiari eta atera kontuak. Horren zaintzeko, zenbat zerbitzari behar zuten aberats berri haiek? Gerla hastearekin batera, Jeanne, ziur asko, Bokaleko lantegira joan zen; erditzekotan zelarik hona itzultzea erabaki ote zuen? Kandidok lantegia uzteko agindu ote zion? Auskalo. Jeanneren abizenik ez dakigu. Oraingoz.

        Isiltasuna. Jauregiari buruzko afixaren inguruan borobil erdia osatuz ginen bostok, totem baten inguruan bagina bezala.

        Iragana harrapagaitza da. Aspaldiko hotsak ez dira ezta haize ere bihurtu. Ez dago haien aditzerik. Ez baldin bada magiadun gailuren baten bidez. Eta non da halakorik? Afixa hura, esaterako?

        Bat-batean Taresak besotik oratu ninduen, eta negar mutu bati eman zion. Besartean hartu nuen. Haren zotin eragotzien dardara nabaritu nuen. Hartatik Mikelek atera gintuen.

        Segi dezagun.

        Herriko etxe zaharrera jo genuen. Alimaleko eraikina, hartan egiten ziren Lapurdiko Biltzarrak Uztaritze herrialdeko hiriburua zen garaietan. “Herriko etxek sotoan badu presondegia”, hieroglifikoaren transkripzioak zioena berretsi zigun, tartean omen bat jarriz. “hara ez da sartu inoiz oraino iguzkia” zioen hurrengo ahapaldiak. Bada, Jeanne hartan preso izan ote zen galde egin zuen Taresak. Ezin jakin, izan zen erantzuna. Gero eta konbentzituago nengoen Kandido Ibinarriagaren hieroglifikoa errealitatearen eta eldarnioaren arteko muga lausoetan idatzia zela.

        Aldapatxoan gora Purguan sartu ginen. Hartara igortzeko idatzia zen hieroglifikoa, haren gutun-azalaren idatziaren arabera. Martikorena izeneko bati. Auskalo nor zen hura, Mikelek eta Ericek ez baitzuten Kepak hartaz egin zien galderari erantzuten jakin. Purguaz aldiz zerbait esan zuten.

        Ez da Euskal Herrian Purgua izena beste inon. Bourg hitzetik eratorria dirudi.

        Ibiltzen segitu genuen, eta halaxe iritsi ginen Errobi ibaiaren ezkerreko ibarrera. Han, zubia igaro genuen. Hantxe zegoen errugbi zelaia, tamainakoa. Ibaiertzean behera piper soroen artean joan ginen, etxe ondoko zubira iritsi arte. Hiru historialariek Jeanne eta haren semearen datuak kosta ahala kosta erdietsi behar zituztela zin egin zuten. Bestela, piperrak izan ziren solasgai nagusia. Tarteka bazen karabanaren bat, soroetan aldi baterako lan egitera etorritakoena.

        Xandieneara jo genuen. “Adio, baina ez betiko” esateko tenorea zen. Topa eginez.

        Garagardoa eskatu nuelarik Taresak begietara so egin zidan, finko. Ulertu nuenez garagardo hura edateko baimena ematen zidan. Beharko! Gidatu beharra neukan arren ez nuen urarekin topa egingo. Berak ere garagardoa eskatu zuen, seinale ona.