Jeanne
Jeanne
Edorta Jimenez

UZTARITZE
 

 

IV

 

Honekin segitzen duzu?

        Kaixo. Utzi zure puskak hor atzean eta igo!

        Ateak zabaldu nizkion.

        Sendatu zaizu ukalondoa?

        Baietz dirudi.

        Eskerrik asko Getxoraino etortzearren. Dirutza bat beharko duzu burdin txatar hau mantentzeko.

        Urtean bitan edo hirutan ateratzen dut. Iragan-mina, badakizu.

        Gureak bai gauak, furgonetan izarrei begira.

        Lehen eguneko musukoa zekarren, nik berriz ohiko FFP2R horietakoa, beltza.

        Txertatuta zaude?

        Burutik zaude? Txertoak ez dira txerto, iruzur hutsa dira. Kaltegarriak guztiz.

        Ez nion diskutitu. Ikusiko genuen mugan. Frantses errepublikak kontrolak maite ditu.

        Beraz Kepak argibideak eman dizkizu.

        Hieroglifikoan zenbakien ordez hitzak jartzeko gogorik ez nuenez, dei egin nion, arasan zer neukan esateko. Hieroglifikoaren kopia eskatu zidan. Bidali nion eta etorri zen, eta hasteko “hitz gehienak Lapurdikoak dira” esan zidan. Hieroglifikoa maitasunezko mezua omen da, ez dit transkripzioa eman.

        Misterioz jantzi nahi zuen errelatoa, igarri nion.

        Neska-mutil gazte birekin etorri zen. “Ikasleak”, esan zidan. Ezer baino lehen arasa aztertu zuen; hango zeinu batzuk masoiak zirela esan zidan, zuk lehenago bezala. Kartoizko kaxetan bildu zituzten dokumentuak, guztiei banan-banan argazkiak egin eta bakoitzari fitxa osatuz gorde aitzin.

        Aitzin?

        Ez goaz ba Lapurdira? Ikasten ari naiz.

        Lapurdira bai, baina, nora?

        Kepak bide-orria eman dit. Horretan zenbait lekutara joateko agindu dit. Leku bakoitzera iristean mezua bidali behar diogu. Berak esanen digu hartan zer egin, beti ere hieroglifikoaren transkripzioarekin eta aztertu eta interpretatu dituen beste dokumentuekin bat. Oraingoz Baionara goaz.

        Baina, eman al dizu transkripzioa?

        Ez. Bidean aurrera egin ahala zatika igorriko dit.

        Zergatik nire autoan?

        Aspaldi utzi nion gidatzeari.

        Ez zidan argitu zergatik. Irrati-kasetea piztu nuen.

        Oraino badabil, ala?

        “Kanpo, kanpokoa da gu gobernatzen ari zeraukun jauna…”.

        Errobi!!!