Jeanne
Jeanne
Edorta Jimenez

UZTARITZE
 

 

VII

 

Ezkutuko nire premia hango parkeko zokondo batean burutu nuen. Ondoren Bokalera jo nuen. Mortua zirudien. Ibaian gora begiratuz, aldiz, hiriak argien koroa ederra zeukan. Zergatik etorri ote ginen hara jakiteko harra piztu zitzaidan. Itzultzea erabaki nuen.

        Ontsa?

        Halaxe esanez hartu ninduen Taresak. Furgoiaren atzeko aldeko atean eserita zegoen, zangoak kanporantz, frutak jaten eta tabletari ekin eta ekin.

        Zer berri?

        Frutarik? Jogurtik? Garagardorik ez dago. Ura baizik. Gure aitona ez zen gure birramonaren semea.

        Ez nintzen berehala jabetu esan zidanez. Ez nekien zertaz ari zen. Zertaz ari zen jabetu nintzenean galde egin nion,

        Non jaio zen aitona? Nor zen haren ama?

        Galderok goizalderaino luzatu zen gaubeilaren hastapena izan ziren. Seietan itsasgoren ikustera nindoala esan nion. Egiatan behar nuena besterik zen. Ingurua Taresak kontatuaren arabera ikusi beharra neukan.

        Zurekin noa.

        Abiatu ginen, bada. Ez zen beharrezkoa izan hitzik. Biok geneukan gogoan Taresak Keparen bidez jakin eta kontatu zidana. “Aitona ez zen birramonaren semea” haren hurrengoa.

        Birraitona, Kandido, kapitaina zela bagenekien baina, Keparen arabera arasan ziren ontzi batzuetako paperen arabera ez zen bati kapitain ibilia gizona. Dirudienez bere bizitzako azken aldian, Gerla Handiaren urteetan pilotu ibili zen, Empresa del Vapor Kataliñ izenekoan. Konpainiak hiru ontziren jabea zen; Kataliñ bera, Kontzesi eta Koldobika. Kandido azken horretan zebilen.

        Kandido Ibinarriaga harentzat Koldobika ontzian pilotu sartzea ez bide zen kategoriaz behera egitea izan, inondik ere. Ontzi haietako zubian kapitaina eta pilotua, biak kapitainak izatea, kasik ezinbestekoa zen.

        Bokalera iritsi ginen.

        Hantxe zen Les Forges de l’Adour lantegia. Ez zen ezeren hotsik aditzen. La Forge de l’Adour historikoaren ondorengoa ote zen?

        Gerla Handian forge edo sutegi hura armagintzako lantegi erraldoi bihurtu omen zuten. Frontetik urrun zegoelakoan eta gainera trenbidea hantxe zeukalako. Gerla hark, ordea, fronteen kontzeptu zaharra suntsitu zuen. 1917ko otsailaren 12an, goizeko zazpiak aldera, itsaspeko aleman bakarti bat Aturri ibaian gora hiru milia eginez ur-azalera agertu zen. Handik 105 mm kalibreko obus-saldoa jaurti zuen; jomuga, La forge de l’Adour.

        Izua nagusi. Langile guzti-guztiak kanpora.

        Lehen obusak dunetan galdu ziren. Seigarrena eta zazpigarrena lantegi barrura sartu ziren; zortzigarrenak biltegian jo zuen; azkenak, trenbidera eroria, ez zuen eztanda egin.

        Hamar minuturen ondoren, lehorreko defentsa-kanoien tiroei ihesi, itsaspekoak itsaspera egin zuen.

        Eszena irudikatzen ahalegindu nintzen. Bi mila bat pertsonak lan egiten zuten han, hamabi orduko txandetan; atseden egunak, astean bat. Etxe eskasetan bizi izaten, pilaturik, ez urik eta ez berokuntzarik. Lan baldintza gogorretan eta soldata urriekin ari zirelarik, noski, istripuak eta ezbeharrak ugariak izanik, batik bat kanpokoen artean. 1915ean portuko dokerrek eta laminatzaileek greba egin zuten. 1917an aldiz emakumeen greba izan zen, beren gizonen ordezkatzeko langileak ekartzen ari zirelako; Alsaziatik hain segur. Baziren baita ere berrehun bat espainiar eta hirurogei-edo portugaldar. Eta gogoan izatekoa da langileen artean bazirela berrehun bat emakume.

        Emakumeotako baten izena Jeanne zen. Ez zen Jeanne bakarra izanen, horretan dudarik ez. Haatik, Kepak zioenez, izen horretako bati zuzendua bide zen hieroglifikoa. “Taresaren birramonari”, zioen gure lagunaren mezuak. Erasoaldi hartan hil ote zen, bada? Ezetz ematen zuen.

        Ontzi alemanak Bokalen bost langile zauriturik utzi zituen. Bi, ospitale militarrean hil ziren. Dena dela, hartan bizi izandako izuaren eraginez gaixotu zirenen zenbakirik ez daukagu, zioen Kepak, hieroglifikoaren matazatik hari bat hartuta. Bide batez Bokalekoa ez omen zen izan historia honetako gerla ontzi aleman bakarra. Bere jolasari eutsiz, ez zuen beste daturik eman.

        Kandido eta Jeanne haren artekoa nondik nora izan zen asma nezakeen. Koldobika hartan Bokaleko sutegietara etorriko zen, maiz. Halako batean hango emakume langile hura ezagutuko zuen. Gizonak frantsesez pittin bat jakinda ere euskaraz zuzenduko zitzaion, hartara hobeto moldatuko zirelakoan. Eman dezagun harremana 1915ean hasi zela, gerlaren hastapenetan. Beranduago beharbada, zer axola dio horrek. Hartan hasi zuten aferak fruitua izan zuen. Taresak ekarri ninduen berriro errealitatera.

        Hurrengo geltokia, Uztaritze.

        Furgoiaren bila gindoazela jatetxe bat zabalik antzeman genuen.

        Ez ziguten Covid pasaportea galdatu.

        Gosea, egarria eta premiazko beste batzuk hantxe utzi genituen.