Jeanne
Jeanne
Edorta Jimenez

UZTARITZE
 

 

XI

 

Mahaia neuk atondu nuen, eta Kepak berak zerbitzatu zuen marmitakoa. Etxeko gaztea, Piero, ardoez arduratu zen. Hitzez esan gabeko agindu halako batez, haren amak, Pantxikak, eta bikotekideak, Xabinak, debekaturik zeukaten ezer egitea. Aspaldiko gastronomi sozietateetan bezalaxe, egun batez gizonezkoak sukaldari. Eta, noski, Kepa denon buru. Azken batean etxekoak berak ezagutzen zituen, lehendik, eta halaxe eskatu zien gau pare baterako etxea guri uztea. Lehen gaua, esan bezala, Bokalen eman genuen, Covid pasaportearen aferagatik hain zuzen.

        Ederra!

        Ederra, bai.

        Eta arnoa ere sekulakoa.

        Rhône haraneko arno gorria zen, Avignon aldean etxekoek bukatu berri zuten oporraldian eskuratua.

        Arnoaren karirat gure solasa hastapenean oporraldiaz izan zen. Gasna ere ekarria zuten. Harexekin ari ginelarik atean jo zuten.

        Eric! Mikel!

        Kepak lagun zahar zituen moduan egin zien. Gero argitu zigunez, Bokaleri buruzko datuak, gerlakoak eta, Ericek emanak ziren. Mikel ordea bazkalondoan egin behar genuen ibilaldirako etorria zen. Keparen aspaldiko lagun Manex zegoeneko hilaren semea zen.

        Biak gurekin eseri ziren. Harrezkero solasa hieroglifikoaz izan zen. Ordura arte Kepak egina zuen interpretazioaz hain segur. Guztioi kopia bana eman zigun. Horren ostean Taresari ozenki irakurtzeko eskatu zion. Halaxe egin zuen, erdi kantuan, azken batean testua bertsotan idatzia baitzen.

        Lehen lau ahapaldiak ezagunak nituen. Besteak paperean begiratuz ere ez nituen ganoraz ulertu.

        Hieroglifikoan ageri den emakume beltzarana Jeanne da, Kepa?

        Arrapostua Mikelek eman zion.

        Horren jakiteko Baionako artxiboetara jo beharko genuke, ez da hala, Eric?

        Baiki.

        Biek zuten irri keinua ahoan eta begietan.