Jeanne
Jeanne
Edorta Jimenez

UZTARITZE
 

 

X

 

Gosaltzen ari ginen, katua testigu genuelarik. Kafea nik eta tea berak, biok ogi xerra erreak, etxeko eztiaz eta gurinez polito bustiak.

        Bai ezti ona!

        Ahoa beterik esan zuen, piztu berri zuen tabletari ekinez.

        Berririk?

        Ez zen erantzuteko tarterik izan. Atean jo baitzuten.

        Banoa neu.

        Han, ate kanpoan bat bazen gizonezko bat, burua budisten erara soildurik, ahuntz bixarrak kokotsean, belarrietan eraztuntxoak, goitik behera beltzaran, dena hezur eta azal, argal-argala. Ez zekarren musukorik aldean, bai ordea motorrez ibiltzeko kaskoa eta halakoetan puskak eramateko erabiltzen diren poltsatzar horietako bi.

        Kepa! Kepa! Hara hemen gure Kepa.

        Izena ozen errepikatuz atera etorri zen Taresa.

        Sar naiteke, edo?

        Noski! Ez zaitut ezagutu.

        Ohartu naiz.

        Salan katuak mau egin zuen.

        Zer ekarri duzu? Baina eseri, eseri mesedez.

        Katua oinetara joan zitzaion.

        Bazkaria egiteko behar ditugunak. Katuak igarri du; ezta, mixintxo?

        Ordura arteko sosegua ihes egiten ari zitzaidan, eta haren ordez larridura arin bat etortzen. Jolasaren hariak, Taresak ala Kepak mugitzen zituen? Ala biek, elkar hartuta? Ez bainuen zalantzarik hura dena jolasa zenik. Hieroglifikoa barne. Larriduratik aztoramenera pasatu nintzen. Elkarren ondoan etzanda eman berri genuen gaua, jolasaren barruan sartu beharko ote nuen?

        Egon zarete Bokalen, Portuan, zirgarien bidean?

        Azalpenak Taresaren kontura joan ziren. Bizkitartean Kepak bazkaria prestatzeko laguntza eskatu zidan.

        Hi, Johnny, lagunduko didak, bai?

        Urteak ziren inork ez zidala hala esaten.

        Marmitakoa egiteari ekin genion, huraxe baitzen hark planifikaturik zekarrena. Mantal bat jantzi zuen, eta beste bat niri eman.

        Ageri zenez etxea ezagutzen zuen. Hori alde batera betiko harro agintzailea izaten segitzen zuen. Taresak haren amua irentsi zuen.

        Hegaluze hau neuk arrantzatua da. Mundaka eta Bermeo arteko badian, neure ontzian. Joan beharko dugu ba hirurok egunen batean zure ontzi horretan.

        Eskerrik asko. Itsasoan zorabiatu egiten naiz. Zenbatentzako marmitakoa egin behar dugu, ba, Kepi?

        Ziria ondo hartu zuen. Gogoan nuenez, ez baitzuen gogoko inork Kepi esatea. Kepatik zetorrelako. Koadrillakoen ika-mika zaharrak.

        Sukaldari onaren ospea beti eraman zuen aldean Kepak, nik ezagutu nuen urteetan behinik behin. Bada, haren antzea ez zuen galdurik. Ezta ere kontalari sena. Jardunean ari zen aldi berean Kandido Ibinarriaga kapitainaren historia azaldu zigun, beti ere arasa misteriotsuan topatutakoen arabera. Hango dokumentuon artean gutunak omen ziren argigarrienak.

        Zegoeneko Taresak eta biok bagenekiena azalduz ekin zion, alegia, Kandido kapitaina zela, Gerla Handia hastean Koldobika ontzian sartu zela, eta tarteka hura Bokalera etorri ohi zela, ikatzez kargaturik, eta halako batean hantxe ezagutu zuela Jeanne.

        Zure birramona, Taresa. Ez dut haren abizenik antzeman paperetan. Hieroglifikoaren gutun-azalean ageri den Martikorena ez da harena. Badira gutunen artean Martikorenaren batzuk. Interesgarriak historian aldetik, pertsonaletik ezer gutxi daukatenak. Bada bat aldiz Jeanneren heriotzaren berri emateko idatzia. Frantsesez. “Notre Jeanne, elle est morte,… Candide, l’enfant est ici avec nous à Lota…”.

        Lota?

        Batera esan genuen Taresak eta biok.

        Ba, bai. Lota hemengo jauregi bat. Gero joango gara ikustera.

        Txakolinari ekiteko tenorea zela iritzi nion. Ez zegoen gogoko nuen tenperaturan. Dena dela botila ireki nuen.

        Nahi?

        Kepak baietz egin zuen buruaz; Taresak, ezetz. Edontzi bi hartu nituen, zabalak, eta erdiraino bete.

        Osasuna! Topa!

        Kepak azalpenekin segitu zuen, egoera kontrolatuz.

        Jeanneren semea, Candide, 1915eko abenduan jaio zen, ez dakit egun zehatza. Gutunen arabera noiz edo behin Kandido birraitonak bisita egiten zien. Itsaspekoarena urpekariarena gertatu zen arte bederen. Hartan kolpe latza hartu zuen, buruan antza. Hona ekarri zuten. Zauria sendatu zitzaion, burua inoiz ez. Handik lasterrera hil zen.

        Nola dakizu? Gutunetan dago?

        Taresaren aztoramena nabaria zen.

        Bai eta ez. Gutunetan gaixorik zela eta hona ekarri zutela irakurtzen ahal da. Buruarena hieroglifikotik atera dut. Noski, gertaeren iturri gisa hieroglifikoa ez da batere fidagarria.

        Hara! Zer dela eta?

        Zegoeneko irakurriak genituen hieroglifikoko lerro bien hurrengoak irakurri zizkigun, eta hirutan errepikatu.

 

                “Latsarrian arratsez, zer? Emaztekien kantua

                Gau gauez xarez xare, pues, gorri haren larrua”.

 

        Taresa eta biok mutu geunden.

        Historialariok historiako gertaera handiak berreraikitzen ahalegintzen gara. Gerla Handia, esaterako. Zailagoa da hieroglifiko horretakoak interpretatzea. Latsarriak badira hemengo auzoetan, eta ulertu behar da lehen lerroan horietan bokata egiten zuten emakumeez ari dela; bigarrena zailagoa da ulertzen. Gauez biluzik ibiltzen zen norbaitez ari ote da? Jeanne, agian?

        Marmitakoaren keak alarma gorria jo zuen. Kepa fite joan zen sua itzaltzera.

        Ez da erre, zorionak! Non geunden?

        Nire birramonaren zerean.

        Birramona Jeanne handik lasterrera hil zen. Gutunetako batean dago. Mikelarenak sinatua da.

        Birraitona Kandido mutikoaren bila etorriko zen, ezta?

        Ez. Haren alarguna etorri zen. Birramona Antoni.

        Nekatzen hasia nintzen. Hura buruhaustea! Eskerrak Kepak jolasa bukatutzat emateko ahalegina egin zuena.

        Kandido birraitonaren Koldobika ontzia gerrako ontzi aleman batek hondora bidali zuen. 1918ko maiatzaren 16an izan zen. Ordurako ontziak beste izen bat zeukan; Iturri Bide, izen bereko konpainiak aurreko urtean ontzia erosita izena aldatu ziolako. Kandido ontziarekin batera aldatu zen konpainiaz. Hondoratzetik bizirik atera bazen ere, ezin onik atera zela esan. Konpainiak kiebra jo zuen. Harekin guztiarekin esaten den moduan, “txapela mugitu” egin zitzaion. Bermeoko zoroetxean hil zen, Gerla Handia finitu aitzin.

        Ei, Kepi! Ontzi aleman bi historia bakarrean, ez al da kasualitate gehiegi?

        Hi, Johnny, badakik Bilboko zenbat ontzi bota zituzten hondora itsaspeko zein ur-gaineko alemanek eta uretako lehergarriek? Berrogeita hamar bat.

        Ixo, ergel parea! Birramona Candideren bila etorri zen, honaino?

        Bai, halaxe dio Martikorenak. Eta kontatu zenidan bezala birraitonaren alargunak arasa giltzaz itxita zuen, betiko. Gizon zinez interesgarria Kandido Ibinarriaga.

        Beste txakolintxo bat, Taresa?

        Ontzia luzatu zidan.

        Kandido Ibinarriagaren paperen artean alderdi politiko baten karneta dago. Ezetz igarri zeinena?

        Mutu gu biok, Kepa bere saltsan zegoen.

        Euzko Alderdi Abertzale Errepublikanoko kidea zen. Izan duzue inoiz alderdi horren berri?

        Argi zegoen ezetz. Beraz, haren historia azaltzen hasi zitzaigun. Bertoko jatorriko Ulazia kubatarrak eratu zuela, 1911n. Ulazia nor zen azaltzeari ekin ziolarik Taresak eten egin zion.

        Eta hieroglifikoa, Kepa laztana?

        Txapela mugitu zitzaionetik aurrera bizi izan hiletan literaturaren mundura bakartu omen zen. Hieroglifikoa abangoardiako poesiatzat jo liteke.

        Transkribaturik daukazu?

        Bai, osorik pasatuko dizuet nire interpretazioa, baina beranduago egitea nahiago, ze horko eldarnioa interpretatu beharra dago, gero! Eldarnioa. Andreak senarra zoroetxera sartzeko aitzakia nahikoa. Emakume indartsua behar zuen Antoni hark ere.

        Estratosferara joan-etorria egin izan bagenu bezala sentitzen nintzen. Eta ez dut uste hala sentitzen zen bakarra nintzenik. Isilaldiak luzaz iraun zuen.

        Halako batean ateko giltzaren zarata aditu genuen.

        Etxekoak ziren.

        Ontsa?