Liztorren akabera
Liztorren akabera
Maitane Perez

GORLIZ
aurkibidea
   

 

IV

 

Arratsaldeko zortziak dira eta etxeko eginbehar guztiak bukatuta sofan eseri da Eider. Liztorrak aztoratuta dabiltza inoiz baino zarata handiagoa ateraz eta batzuek kristalaren kontra jotzen dute barrura sartu nahian.

        Tinbrea jo dute. Eider sarrerako ispiluaren aurretik pasa denean bere isla begiratu du. Neke aurpegia dauka, baina erakargarri ageri da ilea nahastutako motots batean bilduta eta beroari bizirauteko praka motzak eta tirantedun kamiseta zahar bat jantzita. Onespen keinua egin du eta atea irekitzera abiatu da.

        —Arratsalde on —esan dio udaltzainak.

        —Arratsalde on...

        Udaltzainaren atzean hiru suhiltzaile daude, irribarretsu.

        —Balkoian dago —esan du Eiderrek, albo batera eginez.

        Udaltzaina sartu da lehenengo eta hiru suhiltzaileak atzetik. Eiderrek atea itxi eta arnasa sakon hartu du, irribarre txikia egin du, baina sorbaldak eta kokotsa tenkatu zaizkio. Lau gizonak egongelan sartu dira eta balkoiko leihotik liztor habiari begira egon dira une batez, haien artean gauzak komentatuz eta prozedura zehaztuz. Udaltzaina pixka bat aparte geratu da eta Eider, non jarri ez dakiela, atean geratu da, oinak handik ihesi atera nahiko balute bezala pasabidera zuzenduta.

        —Kafe bat? —esan du, edozein gauza esaten duenaren ahots dardartiarekin.

        —Ez, mila esker —erantzun dio Udaltzainak begirada hutsik dagoen amonaren armairu handi marroian galdurik—. Nik lagundu besterik ez ditut egin, orain beraien lana egiten utziko diet. Dena kontrolpean?

        —Bai, gure esku. Mila esker —esan du suhiltzaileetako altuenak.

        —Arratsalde on, anderea —esan du udaltzainak eta aterantz abiatu da. Eider atzetik joan da atea ireki nahian baina udaltzainak berak bakarrik ireki du eta atzera begiratu gabe alde egin du. Eiderren sorbaldak eta kokotsa lasaitu egin dira.

        —Gu ateratzen garenean itxi ondo ateak. Baina adi egon bukatzen dugunean berriro irekitzeko! —esan dio alai suhiltzaileetako beste batek.

        Aurpegiak ondo estali, eskularruak jantzi, balkoiko atea ireki eta azkar batean atera dira hirurak, tresna eta katxarro ezberdinekin, eta Eiderrek azkar itxi du atea haien atzetik. Hala ere liztor bat sartu egin da egongelan eta baso eta paperaren teknika erabili du berriro, sukaldeko leihotik botaz. Egongelara bueltatu da eta suhiltzaileen operazioari adi egon da. Hauek, xiringa handi bat sartu dute habiaren barruan, eta eskuko bonba bati eragin diote, barrura gas berezi bat botatzen duena. Liztor batzuk eroturik bezala atera dira habiatik eta berehala erori dira lurrera, hilzorian. Gasa habiaren zulo txiki guztietatik atera da eta suhiltzaileek bonbari eragin diote behin eta berriro. Eiderrek ikuskizuna leihoaren beste aldetik aztertu du, urduri eta liluratuta aldi berean. Bat-batean telefonoko pantaila piztu da eta ainhoa izena agertu da letra larriz. Harrituta, Eider telefonoa hartu eta kristaletik pixka bat aldendu da.

        —Ainhoa, kaixo.

        —Kaixo, Eider, zer moduz?

        —Ba momentu berezian harrapatzen nauzu, suhiltzaileak ditut etxean liztor-habia kentzen.

        —Bai? Ai, ene!

        —Ez neukan ikusita nola egiten duten, sekulako ikuskizuna da.

        —Eta ez dira barrura sartuko?

        —Dena itxita daukat. Suhiltzaileak kanpoan daude eta ni barrutik dena ikusten.

        —Hara, ados...

        Suhiltzailetako batek keinu bortitzak egin ditu liztorrak bere gainetik kendu nahian, nahiz eta erabat babestuta dagoen. Besteek habiaren barruan gasa botatzen jarraitzen dute.

        —Zer? —galdetu de Eiderrek.

        —Ezer, ba... gauzatxo bat komentatu nahi nizun.

        —Esan.

        —Ba ez dizut ezer esan, baina nik ere nire pisua alokairuan daukat eta...

        —A...

        —Badakizu, banandu naizenez eta orain diru sarrera bat ondo datorkigu...

        —Baina...

        —Zer?

        —Ez dakit, harritzen nau ez atzo ez gaur ez didazula ezer komentatu.

        —Ez dakit, ba, beste gauza batzuekin ginen...

        —Honetaz hitz egin dugu konkretuki, eta atzo galdera nahikotxo egin zenituen.

        —Ba ez zait bururatu...

        —A...

        Kanpoan suhiltzaileen eta liztorren arteko gudak jarraitzen du, eta geroz eta gehiago dira lurrean erdi hilik dauden animaliatxoak.

        —Kontua da —jarraitu du Ainhoak— ikusi dudala zure pisua Idealistan, eta iruditu zait oso merke jarri duzula, ez? Esan nahi dut, prezioak dauden bezala, ba zuk oso merke jarri duzula zure pisua eta noski, orduan besteok ere jaitsi beharko ditugula prezioak, ze bestela ezin dugu zurearekin lehiatu —Eider isilik geratu da telefonoaren beste aldean—. Ulertzen didazu esan nahi dudana?

        —Um... bai... baina... nik prezio normal batean jarri dut, nik ez dut honekin aberastu nahi...

        —Bai, bai, badakit, baina agian pixkatxo bat igoko bazenu... eskertuko genizuke ze bestela gurea oso garesti agertzen da zurearen ondoan eta noski, inork ez digu alokatuko.

        Eider aho zabalik dago laguna entzuten eta balkoian gertatzen ari dena behatzen. Berriro ere tenkatu zaizkio gorputzeko gihar guztiak eta begiak ireki-irekiak ditu. Zimurrak biderkatu zaizkiola ematen du, eta zer esan ez dakiela bere ahotsak soinu txiki zentzugabekoak ateratzen ditu.

        —E...

        —Eider?

        —Bai...

        —Zer diozu?

        —Ez dakit zer esan, Ainhoa, ez nuen uste zuk....

        —Agian momentu txarrean harrapatu zaitut, liztorren kontuarekin eta abar, baina uste dut gauza logikoa dela eskatzen ari naizena...

        —Ba...

        —Orain nahastuta zaude, ikusten dut. Beranduago deituko dizut! Zorte on liztorrekin!

        Ainhoak deia moztu du. Eider geldi-geldirik geratu da tarte batez telefonoa eskuan, eta ez da konturatu gasaren ikuskizuna bukatu dela eta orain suhiltzaileak espatula batzuekin habia paretatik kentzen ari direla. Eider, sofan eserita, oraintxe entzun berri duenarekin erabat zur eta lur, ez da mugitu ere egin, suhiltzaileetako batek kristalean kolpetxoak eman dituen arte.

        Urduri begirada altxatu eta hiru suhiltzaileak ikusi ditu kristalaren beste aldean, etxera sartzeko imintzioa eginez. Erdikoak liztor-habia eskuetan darama baina jada ez da liztorrik ikusten hegan, ez habiatik kanpora ez barrura. Eiderrek, altxatu eta balkoiko atea ireki die.

        —Listo —esan du altuenak.

        —Orain erratza pasa beharko duzu —esan dio bigarrenak.

        Hirugarrenak irribarre besterik ez du egin. Eiderrek ateraino lagundu ditu eta atea ireki die.

        —Mila esker —esan die handik urruti dagoenaren ahots-hari delikatuarekin.

 

 

Balkoiko atea irekita gelditu da eta konturatu denean korrika joan da Eider atea ixtera, badaezpada. Gero kanpora begiratu eta hegan egiten duen liztorrik ez dagoela ikusi du, baina balkoiko zorua hilkako liztorrez beterik dago. Nazka keinua egin du eta etsituta, sofan eseri da berriro. Telefonoa eskuan du oraindik eta deien erregistroan sartu da. Ainhoaren izena agertzen da lehenengo lerroan eta hari begira egon da tarte batez, hatzarekin telefonoa etengabean blokeatuz eta desblokeatuz, urduri. Bat-batean haserrealdiak harrapatu du eta telefonoa sofaren kontra bota du. Sukaldera abiatu da eta erratza eta pala hartu ditu. Bueltatu denean telefonoa deika dabil berriro: ainhoa.

        Erratza eta pala eskuan telefonoari begira geratu da, eta tarte batez utzi dio sofaren gainean dar-dar egiten. Baina ondoren telefonoa hartu eta eskegi egin du. Berriro ere deitu du Ainhoak, eta berriro ere eskegi du Eiderrek. Hirugarren aldiz gauza bera gertatu da. Azkenean Eiderrek eskoba eta pala utzi eta ainhoa izenaren ondoko puntutxoak sakatu ditu, blokeatzeko aukeraren gainean hatza pausatuz. Zimurrez beterik dago, sorbaldak atezaturik, buruarekin ezezko txikiak egiten ditu eta masailezurra estutzen du indarrez. Horrela egon da, denbora gelditu izan balitz bezala, eskultura baten antzera, hatza dardarka eta begiak lausoturik. Sakatu egin du azkenean. “Blokeatu”. Telefonoa sofaren gainera bota eta erratza eta pala hartu ditu.

        Balkoira atera da. Kontu handiz bultzatu ditu hildako liztorren gorpu txiki guztiak palaren barrura, bakar bat ere geratu ez zedin ondo kontrolatuz, masakre handi horren testigurik ez, eta sukaldera abiatu da, zakarrontzira botatzeko.

        Etxe osoko leihoak ireki ditu, behingoz.