Liztorren akabera
Liztorren akabera
Maitane Perez

GORLIZ
aurkibidea
 

 

II

 

Ainhoak eta Eiderrek antzeko ibiltzeko-sandaliak dituzte. Grazia egin die besarkada luze eta estutik askatu direnean.

        —Urteak... —esan du Ainhoak ahots hunkituarekin.

        —Bai, hala da.

        —Desagertua egon zara.

        Eiderrek irribarre egin du baina ez du ezer erantzun, eta oinez hasteko keinua egin dio aspaldiko lagunari.

        —Zein aldatua dagoen hau guztia —esan du ingurua aztertuz.

        —Eraikinak bota zituzten eta naturak berehala hartu du bere lekua.

        —Ederra dago.

        Uretako puzgarriak hutsik daude. Ekaitza amaitu berri da eta lurra bustita dago. Jende gutxi dabil oraindik, euriak izututa edo, eta egun sargoria epeltzen duen ekaitz osteko haize fresko ederra arnastu daiteke. Bi lagunak irribarretsu doaz, baina isilik, denborak haien artean eragindako hutsunea neurtuz bezala.

        —Zer moduz zaude? —apurtu du isiltasuna Eiderrek.

        —Ba beno, nahiko ondo. Jakingo duzu Aitor eta biok banandu egin garela.

        —Bai, banekien, sentitzen dut.

        —Lasai, ondo nago. Aspaldian sentitzen nuen horrela izan behar zuela, baina badakizu, ez da hain erraza pausoa ematea.

        —Ez da, ez.

        Nahi gabe pausoak berdindu zaizkie eta martxa motel batean ari dira, bata bestearen alboan, badiako pasealekuan aurrera.

        —Bestela ondo —jarraitu du Ainhoak—, lan berdinarekin jarraitzen dut, jubilatzeko gogoekin!

        —Ba oraindik...

        Barre egin dute bi lagunek eta Eiderri begitartean zeukan zimurra leundu egin zaio. Familia bat pasa da bizikletekin kontrako norabidean, denak kasko arrosak jantzita. Eten txiki bat egin behar izan dute itsasoa ikusten ari ziren bi mendizale itsasargira doan bidea hartzeko aurretik gurutzatu zaizkielako.

        —Eta zu? —galdetu du Ainhoak, laguna zuzen begiratu gabe.

        —Zer?

        —Ea zer moduz zauden. Urteak eman dituzu hemendik agertu gabe, non egon zara?

        —Beno.... ni ere banandu egin naiz —erantzun du Eiderrek, eguzkitako betaurrekoak estutxetik atera eta pixka bat garbitzen dituen bitartean.

        —A... ba nik ere sentitzen dut.

        —Bera Iparraldean geratu da eta ni itzuli egin naiz —betaurrekoak jantzi ditu.

        —Frantzian egon zara urte hauetan guztietan?

        —Bai.

        —Eta hori?

        —Aspaldian joan nintzen... ihesi.

        Dunei begira geratu da Eider, duna gazte eta biziei. Haize finak landareak mugitzen ditu eta isiltasuna kaioen karrankarekin nahasten da. Itsasoa bare dago eta ez du apenas soinurik ateratzen.

        —Gogoratzen duzu Lander? Lander Arriola? —jarraitu du Ainhoaren isiltasunaren aurrean.

        —Bai, kartzelan egon dena?

        —Etxean gordeta izan nuen. Baina egun batean alde egin zuen eta berehala jakin genuen atxilotu egin zutela. Torturatu egin zuten. Eta nik... beldurrez.... ihes egin nuen.

        Ekaitzarengatik itxita egon den txiringitoa zabaltzen ari dira berriro ere, aulkiak zuzen jarriz eguzkiak lehortu ditzan. Eraikinaren kolore gorriak eta aulkien urdinak kontrastea egiten dute atzeko pinudi eta harearekin. Ainhoa barraren beste aldean dagoen gizonaren mugimenduei begira geratu da.

        —Harrituta utzi zaitut... —ez du hainbesteko eguzkirik egiten eta Eiderrek atzera betaurrekoak kendu ditu eta bere estutxean gorde.

        —Horregatik egon zara hainbeste urtez desagerturik?

        —Beno, kontu ezberdinak izan dira.... Hasieran horregatik izan zen, ez nintzen itzultzera ausartzen, beldur ikaragarria nion torturari, pentsa, zapatilak jantzita lo egin nuen badaezpada... Eta Iparraldean seguruago sentitzen nintzen. Gero bikotekidearekin hasi nintzen eta bertan geratzea aukeratu nuen.

        —Ezkutatuta egon zinen orduan...

        —Bai.

        —Ez nekien...

        —Badakit.

        Lagunak isilik geratu dira une batez ospitaleko hormaren aurretik pasatzen diren bitartean. Horma luzean dunak sinbolizatzen dituen mural bat dago margotuta, dunetako landare eta animalia asko irudikatzen dituena. Isiltasunean begiak animalia ezberdinetan pausatu dituzte eta aurrera jarraitu dute. Haien pausoak jada ez daude konpasatuak baina elkarrekin jarraitzen dute, bata bestearengandik oso gertu, inguruko guztiak elkarrengana bultzatuko balitu bezala.

        —El Duesoko espetxea ekartzen dit gogora beti ospitale honek —esan du Eiderrek isiltasuna apurtu nahian—. Gaixoek eta presoek itsasoa ikusteko aukera bera daukate.

        Baina isiltasuna ez da hautsi eta horrela jarraitu dute pixka batean aurrera, itsasoaren infinituari begira.

        —Ez dakit zer esan —bota du azkenean Ainhoak.

        —Lasai.

        Urrutian kai-muturreko pintada ikusten da. “Independentzia” handi bat eta “Askatasuna” are handiagoa. Eiderrek begiak bertan iltzatu ditu, eta berriro ere begien arteko zimurra agertu zaio.

        —Tentsio handiko ihesa izan zen. Ertzaintza nire atzetik zegoela sumatu nuen, sekretak ikusi nituen etxe azpian, eta lanera joan ez nintzen egun batean han agertu zirela abisatu zidaten. Ez nuen gehiegi pentsatu. Gero askotan bueltak eman izan dizkiot, beste ezer egiterik ez ote neukan, baina momentuan...

        —Iparraldean jendea ezagutzen zenuen?

        —Ez, zuzenean ez. Baina berehala egin zidaten harrera eta asko lagundu ninduten.

        Ainhoak ere begiak urrutiko pintada handian pausatu ditu, baina berehala mugitu ditu itsaso urdinera eta Barrikako kala aldera.

        —Zaila izan behar zuen...

        —Oso. Askotan erotuko nintzenaren sentsazioa nuen, jakin gabe zer gertatuko zen, jakin gabe zer egin, betirako izango ote zen beldurrez, lanik topatzeko ia aukerarik ez, dirurik gabe... Behin gastroenteritis oso gogor bat hartu nuen eta ezin izan nuen medikura joan, ez nintzen ausartu. Arrisku handia zegoen eta ni... erotzeko moduan egon nintzen. Pentsa, hainbesteko beldurra genion kanporaketari gainean arma bat eramatea proposatu zidatela.

        —Zertarako?

        —Horrela Frantziako poliziak atxilotzen baninduen Frantzian bertan epaituko ninduten eta tortura saihestuko nukeen.

        —A...

        —Baina nik ez nuen nahi izan... eta kanporaketaren beldurrarekin bizi nintzen egunero, egunero.

        —Eta zure familia?

        —Bost urte egon ginen elkar ikusi gabe. Komunikazioa ere oso eskasa zen, ia ez nituen deitzen eta deitzen nituenean ia ezin nien ezer kontatu. Haririk gabe bizitzea bezalakoa da. Zauden lekura eusten zaituen ezer ez da kontagarria. Deia mozten nuen bakoitzean beste infernu bat hasten zen, ezin zenion amari esan “ama, gaizki nago, etxera noa”, ez, aurre egin behar zenion egoerari. Ze azkar bukatu duten, ezta? —galdetu dio egurrezko pasarela zeharkatzen duten bitartean. Egur bustiaren usainak dena hartzen du eta sakon arnastu du lagunari begiratuz.

        —Bai, berehala egin dute.

        Ainhoak eskua egur epelezko eta bustitako barandan jarri du eta horrela ibili da, eutsita, pasarela zeharkatzen bukatu duten arte.

        —Behin iheslari bat kotxe istripu batean hil zen eta nahita ez zuten haren izenik esan. Nik etxera deitu nahi nuen etxekoek ni ez nintzela jakin zezaten, baina ezin nuen. Ez dakizu ze gogorra izan zen hori...

        —Uf...

        —Beranduago bisitak egiten hasi ziren, gauzak pixka bat lasaitu zirenean, asteburuetan etortzen ziren batzuetan bisitan.

        —Orduan hobeto!

        —Berriro ere joaten zirenenean oso gogorra izaten zen. Ez duzu ez han ez hemen egon nahi, eta ez zaude inon. Ezereza da sasia... —sakon hartu du airea Eiderrek pinu bustien usaina barneratzeko—. Baina bai, bisitak asko eskertzen nizkien. Eta ederrak ziren. Ama hil zen arte...

        —Bai, jakin genuen.

        —Aita ez zen animatu bera bakarrik etortzen. Ni jada Pierrekin nengoen eta arriskua txikiagoa bazen ere ohitu nintzen han egotera, ohitu nintzen urruti egotera...

        —Duela urtebete hemen zinen...

        —Bai, erlazioa bukatu zenean jada ez nekien zer egiten nuen han, jada gauzak aldatu dira, beldurra asko baretu egin da eta beno, aita zahartua dago oso... beraz, itzuli egin nintzen. Azken hilabetea berarekin eman dut, laguntza behar du gauza askotarako. Bestela hemendik egon naiz, baina ez naiz asko atera, badakizu.

        —Buelta ez zen erraza izango...

        —Ez. Bilbora itzuli nintzen lehenengo baina berehala erabaki nuen hemengo pisura etortzea. Dena aldatuta aurkitu dut, jendea, lekuak, bai hemen eta bai Bilbon, jendea zahartu da, gaztetxoak ez ditut jada ezagutzen... eta ezin izan dut lana oraindik topatu, pentsa.

        —Bai, kontua ez dago erraza.

        —Eta urte askotan hemen lan egin gabe egon ondoren... Horregatik pisua alokairuan jarri dut.

        —Bai? Hemengoa? —footing egiten ari den mutil batek ia-ia aurretik eraman du eta modu zakarrean mugitu behar izan da berari lekua uzteko.

        —Aizu! —oihu egin dio Eiderrek kaskoak jarrita daramatzan mutilari—. Bai, hemengoa. Hemen ez dut nire lekua topatzen, Ainhoa... ez hemen eta ez Bilbon. Baina han aitarekin egon naiteke eta momentu honetan ekonomikoki aukerarik hoberena da. Aitak ere ez du pisu hau ezertarako nahi, ama hil zenetik ez dator gehiago.

        —Ya...

        —Pena ematen dit, baina...

        Bankuan eserita dagoen adineko bikote bati erreparatu dio. Gizona gurutzegrama bat egiten ari da egunkaritik moztutako orrialde batean eta emakumeak itsasoa begiratzen du burua airean uzten duten bisera horietako batekin. Lasai daude, eroso, presarik gabe, zimurrez eta bizipenez beterik.

        —Bueltak politak dira, baina ez da dena poza. Gainera hango jendea asko botatzen dut faltan, lagundu ninduten horiek guztiak...

        —Hor erlazio politak sortuko ziren.

        —Bai, ez denak, baina bai. Leialtasun handia topatu dut. Hori izan da niretzat gauza oso garrantzitsua, leialtasuna.

        —Ufa, gai potoloa da.

        —Bai. Orain zuri hau guztia kontatzen ari natzaizu eta oso harrituta nago nire buruarekin —irribarre handia egin du Eiderrek.

        —Agian txikitako lagunak izateak beste harreman mota bat sortzen du... —eskua sorbaldan jarri dio maitekiro. Gelditzeko imintzioa egin dute baina aurrera jarraitu dute mantso.

        —Erlazio politak sortu nituen han eta beste batzuk oso mingarriak izan dira, bakoitzaren erabakiek errespetagarriak izan behar dute baina, dezepzioa ere hor dago... Oso gai potoloa da dezepzioarena ere bai.

        —Bai, oso.

        —Hemengo jendea ere faltan botatzen nuen, noski. Faltan botatzen zintuztedan. Baina beti bezala, bueltatzerakoan joan aurreko tentsio asko hor topatu ditut oraindik ere...

        —Bilbon?

        —Bai... aitarekin, nebarekin, nirekin zegoen jendearekin... Nik ihes egin nuen baina asko hemen geratu egin ziren eta... gauza asko gertatu dira.

        —Zure laguna Peiorena ere, ezta?

        —Bai... Espetxean bere buruaz beste egin zuenean gauza asko mugitu ziren, tentsio asko sortu ziren eta nik ihes egin nuenean horretatik guztitik ere aldendu nahi izan nuen. Baina bizitzak gauzak ekartzen dizkizu gainera behin eta berriro.

        Bere ugazabekin paseatzen ari diren bi zakur ero bezala zaunkaka hasi dira emakumeen bi alboetatik, borroka baten erdian harrapatuta geratu izan balira bezala. Belarriak estali behar izan dituzte zaunken bolumenagatik eta are gehiago estutu dira bi emakumeak bata bestearen kontra. Txakurren jabeek ia ezer egin gabe aurrera egin dute euren txakurrekin eta isiltasuna itzuli da pasealekura.

        —Atzo Lander kartzelatik atera zen.

        —Bai, ikusi nuen. Poztu nintzen.

        —Baita ni ere. Baina horrek tsunami handi bat ekarri dit gainera. Etxean ikusi nuen azkeneko aldia, bere atxiloketa, nire ihesa...

        —Joder, Eider, ez nekien bizi izan duzun guztia...

        —Badakit, ezin nizuen kontatu, edo ez dut nahi izan, ez dakit... Baina zuk beti konfiantza handia eman didazu eta gaur, ba, horrela atera zait...

        —Noski, kontatu lasai behar duzuna...

        Gelditu egin da Eider, eta Ainhoa berarekin. Aurrez aurre daukate orain kai-muturreko pintada eta Eider bi eskuak barandan jarrita harantz begira geratu da. Ainhoa isilik kokatu da lagunaren ondoan eta begirada itsasora zuzendu du.

        —Oso kuriosoa da, badakizu? Urteak eman ditut inori ezer kontatu gabe eta orain dena borborka ateratzen ari zait zurekin, eta ez dakit oso ondo zergatik. Isiltasuna nagusi izan dut urte hauetan guztietan, orduak eman ditut bakardade handi batean murgilduta. Hori izan da agian gogorrena, bakardadea eta isiltasuna.

        —Beno, gutxienez Pierrekin zeundenean jada hobeto egongo zinen.

        —Bai, baina beti izango zara errefuxiatu bat. Nik gauza asko ezin nituen egin. Hasieran ezkutatuta bizi izan nintzen, etxe batetik bestera ibili nintzen, erosketak egitera beti denda ezberdinetara joan behar nuen, apenas ateratzen nintzen kalera... —Eider martxa motelean jarri da berriro eta Ainhoak jarraitu egin du—. Pixkanaka hango jendearekin harremanak egiten hasten zara baina harreman horiek muga bat daukate, limite bat, gezurretan oinarritzen direlako. Ez dakizu zenbat gezur esan ditudan, Ainhoa... Eta iristen da momentu bat erabaki behar duzuna erlazioa erabat moztu edo egia kontatzea. Hori gutxi bakar batzuekin egin dezakezu.

        —Pierrekin egin zenuen.

        —Bai, eta berak erabat babestu ninduen. Nire ondoan egon da denbora honetan guztian. Baina beldurrak eta mamuak oso handiak dira... Beldur handia nion adibidez istripu bat izateari. Beldurra bai istripuari eta bai istripua izanez gero gertutasunagatik Donostiako edo Iruneko ospitalera eramateari. Polizia kontrolak oraindik ezin ditut dar-dar egin gabe igaro. Amarekin egin nuen dolu prozesua ere oso gogorra izan zen...

        —Imajinatzen dut.

        —Arraroa da prozesua, erbestean dolua ez da modu logikoan egiten. Eta azkenean denak faktura pasa digu...

        —Erlazioak ez dira inoiz errazak, eta egoera horretan... —Ainhoa gelditu egin da eta besarkada bat eman dio Eiderri, besarkada labur eta azkar bat. Bi hondartzak bereizten diren puntuan jende gehiago dabil eta haiei begira geratu da nerabe talde bat, zeozer esanez eta txistu eginez—. Ba ni pozten naiz berriro bueltan zaudelako.

        —Eskertzen dizut —martxan jarraitu dute.

        —Eta pisua... nola jarri duzu alokairuan? Etxe-agentzia baten bidez?

        —Idealistan jarri dut.

        —A, eta horrek ondo funtzionatzen du?

        —Ba ez dakit, hori esan didate.

        —A, ados. Ba ea zortea daukazun.

        —Bai, hori espero dut. Bitartean egun batzuk geratuko naiz hemendik, etxea txukuntzen eta pixka bat arnasten.

        —Ba bihar eguerdian neskekin geratu naiz, festetako mozorroa pentsatzeko. Animatuko zara?

        —Ez dakit festetan egongo naizen...

        —Hala ere etorri bihar, ardotxo bat hartuko dugu. Horrela hauek ere ikusiko dituzu eta denak elkarrekin egongo gara tartetxo batez.

        —Nortzuk egongo zarete?

        —Leire, Iratxe, Esti eta laurok.

        —Ados, ba animatuko naiz.

        —Oso ondo.

        —Beno, nik jada hemen buelta emango dut —esan du Eiderrek, puntu kardinalak markatzen dituen izarraren erdi-erdian geldituz—. Metrora zoaz ezta?

        —Bai, bai, nik hemendik jarraituko dut.

        —Kristoren txarla eman dizut gaur...

        —Lasai, pozten naiz zutaz jakiteaz eta eskertzen dizut zure istorioa kontatu izana. Oso gogorra izan da bizi izan duzuna, harrigarria egiten zait hainbeste denbora egotea itzuli gabe. Ez zenuen aukerarik ikusi lehenago?

        —Egon zen momentu bat... iheslari eta erbesteratu askok kolektiboki bueltatzeko erabakia hartu zuten, hor babes handia zegoen, baina ni ez nengoen prest, beldurrez nengoen oraindik. Beldurra ematen zidan bai jaso nezakeen errepresioak eta baita ere gertatzen ari ziren gauza guztiekin nire lekua ez topatzeak... Hemen ere, denek seme-alabak izan dituzue eta bizitza normalak eraiki dituzue... Oraindik ez bueltatzea erabaki nuen, ez zen erabaki erraza izan, baina beno, egia esan torturaren mamuak erraztu zidan erabakia, ez pentsa.

        —Ya...

        —Gero familiari nolabait itzultzea zor niola sentitu nuen...

        —Beno, Eider, ba hemendik aurrera behar duzunean nirekin hitz egin dezakezu, orain jada ez duzu zertan isilik geratu. Pozten nau nirekin izan duzun konfiantzak.

        —Bai, ez dut honetaz gehiegi hitz egin orain arte, egia da.

        —Ba eskertzen dizut. Eta zorte on pisuaren kontuarekin. Kontatuko didazu nola doan gai hori.

        Izar urdinaren erdian besarkatu dute elkar bi emakumeek eta bata besteari begira urrundu dira, buelta lehenago nork emango, jendeak estropezu ez egiteko alde batera egin behar zuelarik.

        —Aio, aio. Zaindu!

        —Aio, bai, bihar arte!