III
Goiz osoa etxea txukuntzen eman du. Balkoiko ateak eta leihoak erabat itxita, erratzarekin armiarma sareak kentzen pasa du denbora luze. Armairuak husten eta kutxak betetzen beste hainbeste. Gela txikian gauzak pilatzen doazen heinean etxea hutsago eta garbiago ageri da, neutroago, inpertsonalago. Eiderrek erratza pasa eta pinu usaineko detergentea bota du gela guztietan, erosketak egin ditu, gortinak eta maindireak garbitu ditu eta etxe barruko esekitokian zintzilikatu, hautsa kendu du altzari guztietan eta komunean garbiketa sakon bat egin du. Noizean behin atseden hartu eta telefonoa begiratu du, Idealista, berriak, argazkiak. Landerri deitzekotan egon da baina tonua eman aurretik deia moztu du. Aitari bai deitu dio, eta etxea oso polit geratzen ari dela errepikatu dio behin eta berriro.
Argintxeko terrazara iritsi denean lagunak bertan zeuden jada.
—Kaixo!
Denak altxatu dira bina musu ematera. Ainhoak besarkada bat eman dio.
—Zer nahi duzu? Nik aterako dizut —galdetu du Iratxek.
—Ardo zuri bat, mesedez.
—Zer moduz? —galdetu dio Leirek esertzen utzi gabe.
Eiderrek azkar erantzun du, pixka bat aztoratuta. Kontatu die goiz osoa garbiketetan eman duela, pisua alokatzea ez dela batere erraza, bikote batek deitu duela baina gero atzera egin dutela eta besteek galdetu aurretik aipatu du aita ondo dagoela eta goraintziak eman dizkiola beraientzat. Galderen beldur dela dirudi eta oso azkar hitz egin du, besteei aurreratzeko aukerarik eman gabe.
—Zer moduz dago alaba? —galdetu dio Iratxeri ardoa ekarri dionean.
—Ondo, Leioan dago unibertsitatean. Pozik dabil.
—Eta noiz iritsi zara? —galdetu du Estik irribarre handi batekin.
—Atzo —erantzun du Eiderrek jada pixka bat lasaiago—. Azken hilabetea aita zaintzen egon naiz, Bilbon. Atzo iritsi nintzen hemengo etxera. Eta liztorrek hartuta aurkitu dut!
—Nola?
—Bai, liztorrek habia egin didate balkoian. Gaur arratsaldean etorriko dira kentzera.
—Beno, hitz egingo dugu festei buruz? Zu hemen egongo zara?
—Ez dakit oraindik, segun eta pisua alokatzea lortzen dudan edo ez...
—Bestela nire etxean gera zaitezke —esan dio Ainhoak, eskua sorbaldan jarriz.
—Ikusiko dut, eskerrik asko.
Mozorroek hartu dute ondoren elkarrizketaren haria. Batak eta besteak ideiak bota dituzte eta mozorro bakoitzaren aldekoak eta kontrakoak aztertu ondoren denak nahiko ados agertu dira txorimaloz mozorrotzearekin. Eiderrek ez du asko esan. Lagunak aztertu ditu hitz egiten zuten bitartean, haien energia ezberdinak, haien ahotsak, haien mugimenduak. Ardoari trago txikiak eman dizkio eta irribarre egin du lagunek haien artean bromak egin dituztenean. Koadrillen jaitsierari buruz hitz egin dute, mozorro lehiaketari buruz eta playbackari buruz, baina aurten azken honetan parte ez hartzea erabaki dute.
—Ez daukagu jada horretarako adinik.
—Ea aurten koadrilla gehiago animatzen diren festetan parte hartzera —esan du Eiderrek.
—Badirudi baietz, geroz eta gehiago daude azkeneko urteetan.
—Udatiarrok lagundu dugu horretan —txantxa egin du Eiderrek.
—Ba bai —esan du Ainhoak— azkenean “etorritakoek” koadrillak puztu dituzue.
—Eta hala ere beti izango gara “etorritakoak”.
—Ba bai, hala izango da —esan dio barrezka Leirek, sorbaldarekin kolpetxo bat emanez.
Agurrak etorri dira ondoren. Senarraren familiarekin bazkaria, semeari pisuz aldatzen lagundu beharra, janaria prestatu beharra, arratsaldean goiz hondartzara joan nahi izatea... zarata handia ateraz altxatu dira metalezko mahaitik eta ardo kopa hutsek klin-klan egin dute. Besarkadak eta musuak elkarbanatu dituzte.
—Antolatuko ditut mozorrorako lanak eta esango dizuet —erabaki du Iratxek, alde egin aurretik.
Leirek eta Estik ere bere bidea hartu dute.
—Ea laster ikusten dugun berriro elkar, ez alde egin agurtu gabe, Eider!
—Lasai...
—Aio!
Ainhoa eta Eider bakarrik geratu dira eta auzorako bidea hartu dute.
—Gustura? —galdetu du Ainhoak.
—Bai, aspaldiko...
—Pisuarena orduan zaila?
—Bai, beno, oraindik goiz da. Gaur ilusionatu naiz bikote horrek deitu duenean, baina azkenean beste pisu bat ikusiko dutela esan didate...
Ainhoak ez du erantzun eta isilik jarraitu dute pixka batean. Jende mordoa dabil larunbat eguerdi honetan, familiak, lagunak, terrazetan eta kaleetan. Giroa dago. Eiderrek ingurua begiratu du eta irribarrea atera zaio. Beroa egiten du eta bi lagunak mantso doaz etxera bidean, inor zain ez dutelako lasai, eguerdia luzatu nahiko balute bezala.
—Ainhoa, eskerrik asko atzokoagatik. Niretzat oso zaila da gauza horiei buruz hitz egitea, egia esanda oraindik ez dut ulertzen zergatik atera zitzaidan dena hain erraz zurekin, zergatik animatu nintzen bizitakoa kontatzen... eta eskertzen dizut nola entzun ninduzun.
—Ez kezkatu, ni ere poztu nintzen nirekiko konfiantzagatik eta gustura entzun zintudan.
—Benetan, eskerrik asko.
—Lasai.
Isilik gurutzatu dute errepidea eta une batez geldirik geratu dira bere bideak banantzen dituen izkinan.
—Ez duzu festetan egoteko gogo handirik, ezta?
—Zaila da... oraindik ez dut nire lekua topatzen.
—Badakit. Lasai, zuk ikusi eta erabakiko duzu. Eta nirekin kontatu behar duzunerako.
—Mila esker.
Bi lagunek besarkada labur baina estua eman diote elkarri, eta gero bakoitzak bere bidea hartu du, Eiderrek zuzen portalera eta Ainhoak ezkerrera, bata bestearengandik urrunduz.