I
—Ostia!
Oihu itzela bota du Eiderrek balkoiko atea ireki eta liztor-habia ikusi duenean. Paretaren zati handi bat hartzen du, eta liztorrak hara eta hona inguruan dabiltza zarata aztoragarria ateraz. Eiderrek barrura itzuli eta erabat itxi du balkoiko atea. Erdi irekita zegoen ondoko leihoa ere itxi du, danbateko batez. Barrura begiratu du, adi, izkina guztiak miatuz, barrura sartutako liztorren bila. Bat ikusi du ezkerreko paretan, sofa marroiaren gainean. Sukaldera joan, paper bat eta baso bat hartu eta basoarekin liztorra harrapatu du. Gero papera azpitik pasa eta kontu handiz, eskuarekin papera eutsiz, leihora hurbildu da berriro. Esku librerik ez eta sorbaldarekin eragin dio leihoko heldulekuari eta azkar askatu du liztorra kanpoaldean, leihoa berriro danbateko handiago batez itxiz, azkar-azkar, liztor gehiagorik ez sartzeko. Berriro ere begiratua bota dio egongelari baina ez du besterik ikusi. Maleta alde batera mugitu eta etxea aztertzera abiatu da, gelaz gela liztorren bila. Ez du ematen liztorrei etxe barneko ekosistemak arreta gehiegi deitu dienik. Beste aldera ematen duten leihoak itxi edo ez itxi egon da tarte batez. Hilabete osoan hutsik egon den etxe barneko airea astuna da eta irekita utzi ditu azkenean liztor-habiatik urruti dauden geletako leihoak.
Egongelara itzuli da eta zutik geratu da tarte batez gelaren erdi-erdian. Sofa marroia ezkerraldean, telebista berria kontrako paretan, izokin koloreko eserlekua sofaren ondoan. Sofaren gaineko paretan marko zuri diskretuak dituzten bi koadro abstraktuek kontraste handia egiten dute eskuineko pareta ia osoa hartzen duen kristalezko iruditxoz eta entziklopedia moduko liburu zaharrez betetako amonaren armairu marroi handi eta distiratsuarekin. Estilo eta garai nahasketa handiko gela heterogeneoa da, belaunaldi ezberdinek haien ekarpena egin duten leku amankomuna. Isiltasuna erabatekoa da gela barruan, kanpoan dauden liztorrek ateratzen duten zarataren oihartzunak besterik apurtzen ez duena.
Sakelakoa hartu eta aitaren zenbakia markatu du:
—Aita! Kaixo! Aita? Bai, aita, ni naiz, bai —hitz egiten duen bitartean egongelatik bueltaka hasi da—. Dena ondo, bai —liztor habia begiratu du—. Etxea ondo dago, lasai. Garbitu eta txukunduko dut, eta gero... bai, bai, paseo bat ematera joango naiz Ainhoarekin. Ondo bazkaldu duzu? A... a... ados. Beno, bihar deituko dizut berriro, ados? Ale, muxu bat, agur, agur.
Eiderrek sakelakoa prakaren atzeko poltsikoan gorde, maleta hartu eta pasabidea zeharkatu du, bukaeran dagoen logelaraino. Armairu diskretu bat, ohe handia eta Ikeako aulki bi, besterik ez dago logelan. Maleta ohe gainean ireki eta arropak ateratzen hasi da. Ez dauka gauza askorik. Armairu barnean antolatu ditu prakak, kamisetak eta jertseak, azpiko kaxoietan kulero eta galtzerdiak eta paretaren kontra utzi ditu pare bat sandalia eta zapatila batzuk. Jantzita dituen zapatilak sandalia eroso batzuekin aldatu eta maleta albo batera utzi du. Bere gorputza ohean erortzen utzi du, buruz gora, eta atzeko poltsikoan molestatu dion mugikorra atera du. Berriak irakurtzera sartu da eta beherantz eman dio hatzari, interesik gabeko berri batzuk baztertuz. Argiako publikazio bat ikusi du orduan: “Ertzaintzak Lander Arriola preso ohiaren ongietorria eragotzi zuen atzo...”. Eider eseri egin da, estu, eta arretaz irakurri du berri osoa. Publikazioarekin bat agertzen diren zenbait argazki aztertu ditu, hatzekin banan-banan handituz. Lander Arriolaren argazkiarekin irribarre txikia irten zaio eta begi distiratsuekin aztertu dizkio ilea, begiak, kokotsa. Ondoren argazkietako atzeko partean dauden pertsonen artean arretaz bilatu du, denak ondo miatuz. Azken argazkia aztertuta lasaitasun hasperen bat egin eta mugikorra blokeatu du, ohe gainean utziz.
Orduan ikusi du liztorra, krema koloreko armairuaren atean, bere aurrean. Hanka puntetan atera da gelatik, liztorra geldi-geldirik zegoen lekuan manten zedin eta azkar abiatu da egongelara, han utzitako basoa eta papera hartzera. Berriro ere operazio berdina egin du baina honakoan logelako leihotik bota du liztorra. Etxeko beste aldeko leihoak ere ixtea erabaki du. Egongelara bueltatu da eta balkoiko kristalaren kontra jarririk liztorren joan eta etorria behatzen geratu da, erne, kristalak erabat babestuko ez balu bezala. Aztoramena dario habiari eta Eider ere aztoratuta sentitzen ari dela ematen du, gorputzean dar-dar arin baina urduria. Tarte batez horrela egon ondoren, erabaki bat hartzen duenaren determinazioarekin logelara itzuli da sakelakoaren bila. Berrietatik atera eta telefonoaren aplikaziora joan da. Momentu batez pantaila zuriari begira geratu da, eta eskuek dar-dar egin diote. Hortzak tenkatu ditu. Sabaira begiratu du eta pauso batzuk eman ditu, inora joateko aukerarik ez daukanaren erara. Begiak igurtzi ditu beste eskuarekin eta azkenean udaltzaingoaren zenbakia markatu du.
—Arratsalde on, bai... zera... nire etxean liztor-habia agertu da... bai... Gorlizen, bai... ados.
Pasabidetik ibiltzen hasi da, inora bezala aurrera eta atzera. Helbidea eman die eta zain geratu da une batez.
—Bihar arte ezin dira etorri?... ados... ados, bai. Ados, mila esker.
Telefonoa eskegi du eta pasabidearen erdian geldirik geratu da antzinako itsasontzi baten koadroari begira. Keinu desatsegina egin du Eiderrek marko rokoko kargatuari erreparatu dionean. Koadroa bere lekutik kendu eta gauzaz beteriko ezkerreko logelan utzi du, beste koadro eta kutxa handien ondoan.
Gelara itzuli, maleta ondo itxi, izkina batean txukun kokatu eta irekita geratu diren armairuko ateak itxi egin ditu. Sukaldera joan da gero eta hozkailua ireki du. Hutsik dago. Sukaldeko erlojua geldirik dago, pilarik gabe, eta mugikorrean begiratu du ordua. Komunera joan da pixa egitera.
Egongelara itzuli da ondoren, eta balkoiko ateko kristalera hurbildu da, berriro ere liztorrak begiratzera.
—Elkarrekin bizi beharko dugu egun batez —esan du ahots etsituarekin, eta liztorrek bere zurrumurruarekin erantzun diote.
Sofan eseri da une batez. Denbora dauka eta jada ateratzeko prest dago. Sakelakoa hartu du berriro ere. Ainhoaren mezu bat dauka: “Zu ikusteko gogotsu nago. Gogoratu, 18:00etan Astondoko puntan!”. Irribarre egin du Eiderrek, baina ezinegon txiki batek hartu du. Ondoren argazki galeria ireki du eta Landerrekin atzo ateratako argazkiak ikusi ditu, mantso, hunkiturik, noizean behin begiak igurtziz. Argazkietan daraman kamiseta berdina darama gaur jantzita, ilea bilduta eta praka motzak. Argazkietan haizeak ile soltea mugitzen dio, Landerrek aurpegitik kentzen dio irribarre handiarekin.