Xamurtasunaren historia Zaldibian
Xamurtasunaren historia Zaldibian
Peru Calabaza Saban

ZALDIBIA
 

 

Zergatik lotsatzen gaituzte gaur egun
xamurtasun adierazpenek?

 

Historia liburuetan xamurtasun izpi gutxi aurkitu du esploradore gosetiak, baina Ilustrazio Garaiko eraldaketei buruzko ohar batzuk topatu ditu, hainbat egileren Euskaldunak historian barrena: jokabideak, pentsamoldeak eta eguneroko bizitza liburukotean, bereziki Valverde eta García-Sanzen artean idatzitako kapituluan.

        Artaziak hartuta, jazarpenari buruzko zati hauek moztu ditu, Zaldibiako liburutegiko aletik, bere karpetan gordetzeko:

 

        Sexuaren aurkako gurutzada oso latza izan zen xviii. mendean. Elizan, sexu-inplikazioren bat izan zezakeen edozein aukerari etengabe erasotzen zitzaion. Eraso horietatik gehienak dantzaldien aurkakoak izan ziren; kendu egin nahi izan ziren, baina nahikoa lan zaila hartu zuten, zeren eta dantza gehien atsegin zuten dibertsioa izateaz gain euskaldunen artean hedatuena ere bai baitzen. Sermolari famatu zen Domingo Agirre Jaunak 1712an Bergarako Batzarretara Memoriala bidali zuen, zeinean, besteak beste, jai eta erromerietan dantza zein kaltegarria zen azaltzen baitzuen: “Ondoren, festa hauetan, inguruneetatik biltzen den mota guztietako jendeak eta gazteek, neskek eta mutilek bereziki, burutzen dituzten gaitzerizteak, bekatu publikoak eta irain larriak azaldu eta zuen zelo handi eta kristauan jarri nahi nituzke; beren danbolinekin, egunez zein gauez, etengabe galdurik ibiltzen dira, zaintzeko ez aitarik eta ez amarik dutelarik”.

        1750ean, Miranda eta Argaiz apezpikuak, bertan erabilitako esapideei esker neurri onean, oso famatu egin den ediktu baten bidez debekatu egin zituen. Honela zioen: “Orain garaiaren laxotasunagatik eta bi sexuetako pertsonen zoritxarrezko axolagabekeriagatik, gizonezkoak eta emakumezkoak elkarrekin nahasturik ibiltzeko moda sartu da; arimentzat hain galgarri eta kaltegarri dena eta gazteek libreki eta lasaikeriaz ikusten dutena. Batzuen eta besteen artean hurbileko tratu eta komunikazioa dago, eskandalu publikoa, doinu eta antzerki lotsagabeenak, korrika eta elkartze lizunak, eta fuga deitzen zaion erako tarrapatak, infernukoak, ernagarriak eta pozoi hilgarriz beteak; ekintza, keinu, lizunkeriazko mugimendu eta ukitzeak, edariak eta freskagarriak eta dantzatan deabrua igarotzen deneko arkuak”.

 

        Enpatiarako joera daukan arren, asko kostatzen zaio esploradore zuriari elizgizon batzuen pentsamoldean sartzea. Ulertu nahiko luke halako gauzak zergatik pentsatzen dituzten, eta zergatik erabakitzen duten euren gorputz propioaren grinekiko barne borroka horri eustea ere, plazerak guztientzat debekatzeraino. Ulertu nahiko luke zergatik bilatzen duten hain mundu hipokrita eta tristea. Baina ez da gai.

 

        Udal-bando askoren bidez sexu desberdinekoak elkartzea eragotzi nahi zen. Asmo hori du Amezketako 1797ko urtarrilaren 7ko bando honek: “Hiribildu honetako auzo eta biztanle guztiei aditzera ematen diet, eta ondokoa ordenatu eta agintzen diet: gaurtik aurrera maiatzaren hirua bitartean herri honetako plaza eta udaletxetik beren etxeetara gaueko zortzietan erretira daitezela eta ez daitezela, aitzakia edozein izanik ere, udaletxean, plazan edo beste inon gelditu. Maiatzaren hirutik iraileko santakutzak arte, bederatzietan erretira daitezela eta egun horretatik urte bukaera arte zortzietan, bestela nire irizpidearen arabera zigortuak izango direlarik”.

        Mende hauetan, bestalde, sexu-delituak zirela-eta kondenaturiko emakumeak “galera” deituriko kartzela berezietan preso edukitzen zituzten. Euskal probintziek galera eraiki eta mantentzeko dirurik ez zuten. Horregatik, akusaturiko emakumeak Zaragozara eta Valladolidera bidaltzen zituzten. Nafarroako Erresumak, 1684an Galera-Etxea egitea erabaki zuen “sentsualitatearen bizio kutsagarriaren zorigaitzezko aurrerakadak eragozteko... ahal den neurrian Jainkoarekiko irainak eta kausa publikoarekiko kalteak oztopatuz”.

 

 

         Ernegatuta, beste pasarte argigarri batzuk ere moztu ditu liburu beretik, hainbat informazio eskura izatea komenigarri izan daitekeelakoan:

 

        Erdi Aroan, helduen odolberotasunezko portaerak arautu gabe zeuden. [...] Negarretik barrera oso azkar aldatzen ziren, hunkipenak nabarmenki azaltzen zituztelarik. Norberaren gorputz biluzia naturaltasun osoz eta inongo lotsarik gabe azaltzen zuten; egoera jakin batzuetan behintzat. Sexu harremanak agerikoagoak ziren. Batera egiten zuten lo, behar izanez gero ohe berean bat baino gehiago oheratuz. Horrek ez zuen ordea sexu harremanak izatea galarazten. Haurrak gertu izanda ere ez zuten batere eragozpenik. [...]

        Aro Modernoan naturaltasun hau galduz joan ziren; gizakiak bere gorputzarekin eta honen funtzioekiko harremanetan zuen naturaltasuna galdu egin zuen. Ahalke eta lotsazko sentimenduak sortu ziren, hizkuntzaren beraren eboluzioan ere ikus daitekeenez. Pertsonak banantzen zituen horma bat altxatu zen; gorputzak banantzen zituen lerro afektibo bereizle bat gertatu zen. Gero eta gogaikarriago gertatu zen familiatik kanpoko pertsonekin ohean batera egotea eta eskrupulu gehiago sortu zen adierazpen naturaletarako. Beraz, jarrerak zaintzen ikasi zuten eta haurrak era jakin batera portatzen irakatsiz autokontrolaren ildotik hezi zituzten. [...]

         xix. mendeko puritanismoa ahalke eta lotsaren garapenean eta sexuari eta gorputzari uko egitean nabarmenduko zen. Horrek ez du esan nahi gizakiak aingeru bihurtu zirenik. Hipokrisiak indar hartuko zuen, ikusi edo jakin behar ez zena ongi ezkutatuz.

        Intimitateak, bizitza pribatuak ere, gora egin zuen gizarte-bizitzaren aurrean: familia berria gero eta itxiagoa bilakatu zen. xix. mendeko berrikuntza ekonomikoen ondorioz, familia nuklearra sendotu egin zen eta oinetxe familiak atzera egin zuen. Gizaki berri bat osatzen ari zen: barnerakoiagoa, bere inpultsuak, tentsioak, maitasuna, hunkipenak eta agresibitatea kontrolatzen zekiena.

 

        Oso nekatuta geratu da xamurtasunaren esploradore queer samar hau historia liburuetako pasarte hauek irakurri eta gero. Alde batetik, zirrara sortu dio xamurtasun eta sexualitate adierazpenen gaineko errepresioa hain argi ikusi izanak, baina historia berriaren pisuak bularra zanpatzen dio.

        xix. mende bukaera aldera euskaldun gehienak katoliko kartsuak omen ziren, asko fanatikoak ere. Igandero lan gogorrak utzi eta baserritik meza nagusira jaisten ziren, gizon eta emakumeak aparte eserita. Erritu erlijiosoek bete-betean arautzen zuten eguneroko bizitza.

        Eta xx. mendekoa etortzekoa zen. Horretaz dokumentazio ugari dago, noski. Ohitura berriak eta erlijio gabetasuna hirietatik etorri ziren oraingoan. Espainiako Gerra Zibilaren aurretik izan zen.