Xamurtasunaren historia Zaldibian
Xamurtasunaren historia Zaldibian
Peru Calabaza Saban

ZALDIBIA
 

 

Euskal sena berez hotza eta
sentikortasun adierazpen gutxikoa ote da?

 

Puntu asko balio dituen galdera da hau. Euskal sena halakoa dela pentsatzera iritsi gara, halakoak izan garela beti euskaldunok, baina Estebanek beti zalantzak dauzka eta Zaldibiako liburutegiko historia liburuetara jo du artazi handi batzuk eskuetan hartuta.

        Antzinako aztarna gutxi batzuk aurkitu ditu, beti kanpotarrek idatzita, bertakoen jokaera nolakoa izan eta ondoren zer gertatu ote zen:

        xii. mendean Aymeric Picaud bidaiariak honakoa idatzi zuen Codex Calixtinus delakoan baskoen herriari buruz:

 

         “Herri basatia da hau, beste herri guztietatik ezberdina ohituretan eta eran, zeinahi gaiztakeriaz betea, kolorez beltza, itxuraz maltzurra, gaiztoa, okerra, doilorra, hitzik gabekoa eta ustela, lizuna, mozkortia, bortizkeria orotan artetsua, izugarri eta landugabea, makur eta zitala, fedegabe eta errukigabea, anker eta kalapitaria, batere dohainik gabea, bizio eta maltzurkeria guztietan ikasia (...) Hango eskualde batzuetan, Bizkaian eta Araban hain zuzen, nafar gizonezkoek andrazkoei eta andrazkoek gizonezkoei, lotsariak erakusten dizkiete elkarri, berotzen diren bitartean. Gainera haragikeria lohian lotzen dira abereekin nafarrak; hesgailua zintzilikatzen omen die nafarrak mando emeari eta behorrari gibelaldean, berak baino ez izateko hartarako bidea. Gainera musu likitsak ematen dizkio andrearen eta mando emearen aluari. Horregatik gaitzetsi egin behar ditu nafarrak heziketadun orok”.

 

        Ups.

        Euskal senari buruz gehiago jakin nahian, beste aipu hau aurkitu du esploradore gazteak, Pierre de Lancreri —1609ko Lapurdiko sorgin-ehiza prozesuen arduradunari— jasotakoa:

 

        “Euskal Herria sagar herria da, bertako emakumeek sagarrak besterik ez dituzte jaten, sagar zukua besterik ez dute edaten eta edozein alditan prest daude transgresioaren sagarrari kosk egiteko, Jainkoaren gaitzespenaren gainetik pasatuz eta gure lehen aitaren debekua gaindituz. Evak dira, Adanen seme-alabak nahita liluratzen dituztenak, eta, buruan biluzik, mendietan bizi dira askatasun eta inozotasun osoz, Evak lurreko paradisuan egiten zuen bezala”.

 

        Boom.

 

        Inkisizioa xiii. mendean ezarri bazen ere ia Europa osoan, bereziki xvi. eta xvii. mendeetan sorginkeriaren pertsekuzio latza egin zuten euskal lurraldeetan. Inkisizioa, gizartea kontrolatzeko erabili zen tresna eraginkorra izan zen, alde soziopolitikotik zein erlijiosotik. Sorginkeriaren patroiaren azpian, kontrolatzen zailak ziren landa-herriak beldurtzeko borondatea ezkutatzen zen, emakumearen rol soziala modu berezian menderatuz eta mugatuz.