Xamurtasunaren historia Zaldibian
Xamurtasunaren historia Zaldibian
Peru Calabaza Saban

ZALDIBIA
 

 

Baina... orduan
gero zer arraio gertatu zen?

 

Estebanek ikertutakoaren arabera, orain dela 6.000 bat urte hasiko ginen gizakiok abereak etxekotzen, zakurra lehendabizi, ardiak eta behiak gero, zerri, ahuntz, zaldiak geroxeago. Astoak eta oiloak duela 2.300 urte inguru, atzo bertan. Nekazaritza ere etorri zen pixkanaka eta horrekin batera ordura arte nomadak ziren taldeak sedentario bilakatu ziren. Horrela sortu ziren jabego pribatua, hura zaindu beharra eta beste arazo batzuk. Hau guzti hau beste lurralde batzuetan gertatu zen gurean baino askoz lehenago.

        Neolitoa aurrerapena edo atzerakada izan ote zen ez dago oso argi. Populazioak handitzen hasi ziren eta gauza guztiak konplikatzen. Lehen herriak sortu ziren, eta etorkizunaren antzeko zerbait asmatzen zen. Ordura arte dena zen orainaldi. Zeramika eta kobrea azaltzen hasi ziren, eta artean haien eguneroko bizitzari buruzko apenas ezer ez dakigu. Idazketa asmatzen hasi zen munduan nonbait baina hark ere Zaldibiako bizimoduari buruzko pista gutxi utzi dizkigu. Lana bizitzaren erdigunean noiz kokatu ote zen ere ez dago oso argi baina hor hasi zen dena konplikatzen, animaliak eta landareak etxekotze horretan.

 

 

Duela 5.000 urte laborantzaren iraultza puri-purian zebilen Ņaņarriren magaletan. Lurralde hauetan ere, zakurra etxekotu zuten lehendabizi, eta ardiak eta behiak belaunaldi batzuk beranduago. Populazio ibiltariak pixka bat egonkortu ziren nekazaritzaren hastapenetan ginelako. Lurralde baketsuak baziren ere, jabego pribatua gertatzen hasi zen pittinka hemen ere, horrek gerora ekarriko zituen arazo guztiekin.

        Nekazaritza eta abeltzaintzarekin batera gizakiarentzat lan handiagoak etorri ziren, eta hori plazeren kalterako izan zela dudarik ez. Biltzaile-ehiztari izaten jarraitu zuten, baina nekazari eta abeltzain lanek kentzen zieten denbora zela-eta ezin zuten hartara hainbeste denbora eman eta dieta mugatu eta desorekatu egin zitzaien. Baliabideak urrituta, handik lasterrera uzta galtzen zeneko urtean gosea pairatzen hasiko ziren, baina artean halakorik gertatu gabea zen inguru oparo hauetan.

        Espiritualtasuna animista izanik naturaren parte ziren eta landare eta animaliekin batera bizi eta haiekin hitz egiten zuten. Ama Jainkosak bizitza ekartzen duenez, garai horretako margo eta eskulturetan oraindik ere iruditeria femeninoa da nagusi mundu osoan. Aralarko trikuharri eta jentil-baratzeak garai haietan sortutakoak dira, orain artean dakigunez leku espiritual eta baita hilobi bezala ere.

        Mari izeneko neskatoa gaurko Urtsuerreka inguruan zegoen herrixkan bizi zen. Artaldeekin ibiltzen ziren Mari eta beste artzain batzuk, eta gari, garagar edota ilarrak ere landatzen zituzten herri inguruko lurretan. Artean bizimodua ez zen oraindik familiaren inguruan antolatzen, tribuan bizi ziren berrogei bat lagun, inguruko beste gizataldeekin harreman estuan.

        Kideen arteko loturak eguneroko harremanetan oinarritzen ziren: zirriak eginez, ukituz, musukatuz, elkar garbituz eta elkarri mesedeak eginez.

        Ume asko zebiltzan herrian, bertan egonkortu zirenetik erruz jaiotzen baitziren. Gauero, etxe bakoitzean, seme-alabei ipuinak kontatzen zizkieten, eta lo kantak abestu, goxo-goxo.

        Ekhi Aralarreko larreetan ibiltzen zen bere artaldearekin, bere familia Amezketa ingurukoa izaki. Artzain arteko erromeria batean, Igaratza inguruan, ezagutu zuten elkar Marik eta Ekhik. Euskaraz mintzatu ziren, pittin bat desberdinak ziren euskalkietan. Barre handia egin zuten.

        Batak besteari burua laztandu zioten eta irribarre goxo bat elkarri itzuli. Bien begiradek tink egin zuten, distira bat. Dardara bat nabaritu zuten bularraldean, eta gustatu zitzaien epeltasun hori. Gazteak izanagatik ezagun zituzten biek ere larruaren plazerak baina berezia zen hura. Beste artzainengandik banatu gabe, laztanez laztan arropak erantzi eta bien gorputz iletsuen izerdiak elkartu zituzten. Gazta eta intxaurrak elkarrekin jan zituzten arratsalde horretan, eta sagarrak... eta baita gazta, intxaur eta sagarrak ez zirenak ere.

 

        Antzinako historia dagoen pista jokorik handiena da, eta erantzunak ez daude inon idatzita. Ikerketek aurkikuntza gutxi batzuetatik susmo eta interpretazioak egin behar dituzte, zer begiradarekin egingo, eta horren arabera kontatu. Joko horretan sartu da Esteban buru-belarri.

        Kontuak kontu, orain dela 3.000 urte inguru (huskeria bat) hasi omen ziren jatorri indoeuroparreko gizataldeak Euskal Herri deitzen dugun lurraldeetara etortzen. Ordura arte kanpoko eragin handirik gabe bizi izan ginela dirudi. Brontze eta Burdin garaiak pasatu ziren eta gerora erromatarrak ere etorri ziren inguru hauetara, baina mendialdean (saltus) oso eragin kultural txikia izan zuten. Euskara izan zen Erromatar Inperioaren hizkuntz uniformizazioa gainditu eta bizirik iraun zuen hizkuntza bakarra.

        Aipatzekoa da ere Erdi Aroko landa giroko euskal bizimoduaren berri pertsona hiritarren bidez soilik daukagula. Gizarte politikoa eklesiastikoarekin batera mendialdekoak zibilizatzen ahalegindu zen mendez mende.

        Historia oso poliki gertatzen zen garaiak ziren oraindik ere. Gu gara azkar gabiltzanak. “Bost mila urte geroago” esaten dugu eta lasai geratzen gara, pentsatu gabe zenbat belaunaldi eta zenbat gizaki (bakoitza bere burutazio guztiekin), zenbat asmakizun txiki gertatzen aritu ziren egunerokoan. Ez zegoen azeleratzeko beharrik ere. Txutxu-mutxuak eta albisteak ez ziren mundu osoan klik bakar batean barreiatzen. Ez ziren barreiatzen.

        Leku zoragarrian bizi ziren eta ez zuten borrokan ibili beharrik, ezta beste leku batzuk ezagutzera joateko beharrik ere. Bizimodu sinplea zuten gogoko, aldamenekoak zainduz, eta inguruko paisaiak maite zituzten oroz gain. Gaur oraindik ere halatsu bizi dira zaldibiar asko, eta hau bitxikeria iruditzen zaio mundu moderno honetatik datorren esploradore urbanitari.