III
kaïros:
Aukera berrien aroa iritsi da:
Erdu iletik oratzera Cronos denbora linealari
hartu ondo arnasa
a r n a s a
heldu kontenplazioari osotasunean
bihotz-begiekin edertasuna bilatu eta sortzera.
jokin:
Horrelako historia batek bazirudien leherketa handi bat eskatzen zuela. Joxan egun horretan Gaianera sartzen ikusi zutenek horixe pentsatu zuten: nahiko ondo zihoan baina ezin zuen hala izan eta espero genuena iritsi zen, konfliktoa. Odola. Entregatutako dontzeilaren drama klasikoa, esan zuen poetak.
Baina ez zen krimenik egon, ez zuen Joxanek azkenean inor hil egun hartan. Aitzitik, urtu egin zen, eta bere burua eta baita besteenak ere zaintzen jakin izan zuen, edo hori besterik ezin izan zuen egin. Hasierako shocka pasatuta, Malenekin hizketan aritu omen zen tarte luze batean eta Gaian Etxekoekin infu bat hartzen bukatu zuen egun hura. Haiek jakin gabe, txikitik handira, gauza inportanteak gertatzen diren bezala, itxaropena emango digun irtenbideren bat eman ziguten aita-alabek egun hartan.
Anaitasuna posible dela eta beste modu batean bizi daitekeela, edo bizitzeko modu naturala beste nonbait dagoela, kapitalismotik kanpo bizi daitekeela oraindik. Izan, Ikaztegietako eta, esan dezagun, herri guztietako komunitate guztiak elkarrekin ikasten eta kantatzen biziraun dutela gaur arte, eta denek elkar elikatu eta babestu dutela ikaragarri...
Gero beste kontu asko gertatu ziren ere egoerari eragin ziotenak, baina horien epizentroa ez zegoen jada Ikaztegieta bezalako herri txikitxo batean, baizik leku urrun eta erabakiak-hartzen-diren-ezleku ilun horietan...
dultze:
Txikitatik ezagutzen dut Joxan, Malen lagun minaren aita izan da beti eta harreman ona izan dugu, txikitan harekin joaten ginen mendira askotan Txindokira, Erniora, Aralarrera, Aizkorrira, Udalaitzera... Gerora bizitzak leku ezberdinetatik ekarri gaitu baina beti goxoa izan da gure artekoa, adeitsua behintzat, herrietako kariño xume horrekin bada ere. Baina inoiz ez nuen ikusi egun hartan bezala, normala denez. Bat-batean han aurrez aurre ikusi zuenak ez zeukan inolaz ere, nolabait esateko, gure euskal mendien ekosistema horretan lekurik.
Astakeriaren bat egin izan balu —eta gerta zitekeen— dena pikutara joango zen. Une hartan beldurrak dena kutsatu zuen eta nik uste bera ere konturatu egin zela, eta hor geratu zen panpina bat bezala. Paretan bermatu zen bestela lurrera eroriko zelako. Malen eta biok berarengana hurbildu ginen, eta Malenek “Aita” esan eta sorbalda ukitu zionean negarrez hasi zen. Ez nuen inoiz lehenago Joxan negarrez ikusi eta ez nuen inoiz inor ikusi ere modu horretan malkotan, katarsi emozional moduko bat izan zuen. Ederra izan zen hortxe egotea bera laguntzen.
malen:
Beharrezkoa zan holako zerbait gertatzea aldaketa iteko. Gauzek beti gertatzeie behin aurreneko aldiz ta earra da, inportantek die aurreneko aldiz gertatzeien gauzek, aurreneko aldiz iteien gauzek, aurreneko aldiz ikusteien gauzek. Aurreneko aldiz entzuteien kantak, aurreneko aldiz entzuteien hizkuntzak... Kontserbadorei etzaizkie berrikuntzak gustatzen, nahiz haientzat mundue okerrea dijoan beti. Esperantza ta kuriosidadea, gutxi batzun altxorra. Ongizate materialetik ongizate espiritualea pasatzea, hoi bai saltoa! Bizitzan alde iteko modue aurkitu genun, fede klase moduko bat, lurrei konektatuta, naturai, pertsonen bihotz ta azalai... Bularra hauspotu ziten guztiz aita hortan ere nere ondoan jartzek edo behintzat ni ulertzek.
libe:
Eskolatik atera eta Gaianera joatea ohitura bihurtu genuen. Han denetatik ikasten genuen, benetako gauzak: bizikleta konpontzen Iñakirekin, zaldiak zaintzen Rebekarekin, porruak edo piperrak landatzen Zesar eta Junerekin, sendabelarrak ezagutzen Angelarekin, gazta egiten Xalba eta Xabirekin, perkusioa jotzen Itzirekin, dantza garaikideak egiten Eva eta Andresekin, kamisetak margotzen Mustafarekin, egurra lantzen Gabrielekin, ogia egiten Erikarekin... Primeran pasatzen genituen han arratsaldeak! Laster gurasoak ere gurekin etortzen hasi ziren, eta elkarrekin planak egiten ere hasi ginen.
irati:
Egia da hasiera batean ez zela erraza izan haiek ondoan izatea; ez bakarrik danbor hotsengatik, horretara ere ohitu ginen. Baina entzun nahi ez genituen hainbat gauza gogoratzen zizkigun haiek hemen egoteak, plazer-intziriak adibidez. Hori hemen ez zen noiztik entzuten! Baina bueno, oso eroso eta apal ginen gu gure konfortean. Lan baldintza duin batzuk lortuz gero beste guztia oso erraza zen gure bizimoduan... Gero itzalaldien kontua larritzen joan zen: elektrizitatea desagertutakoan ezagutzen dugun mundu hau guztia une batetik bestera aldatzen zen. Lehenengoak ordu batzuk iraun zituen eta tira. Baina geroz eta luzeagoak gertatu ziren. Gau batez ekaitz fuerte batekin kointziditu eta horrek dagoeneko apokalipsia ematen zuen. Denok etxean kandelekin tximistei begira, ezagutzen genuen munduak iraungo ote zuen jakin gabe...
Ordurako dieselaren prezioak hamar aldiz gora egin zuen eta horrek ere gauzak dexente aldatu zituen. Gero eta gauza gehiago bilakatu ziren luxu. Autokarabanak, dieselik gabe, merke alokatzen ziren apartamentuak bihurtu ziren... Aspaldian entzuten ari ginen sistema ekonomiko hau eutsiezina zela planetarentzat: lehengaien espoliazioa, kutsadura maila altuak, planetaren beroaldiaren efektuak, itsasoko uren ph aldaketa... Handik eta hemendik entzuten ziren ahotsak ziren. Baina politikoek kosmetika operazio batzuk egin, hiritarrok birziklapenera bultzatu eta horrekin jada beste alde batera begira jarrai genezakeen, neurri drastikoagorik gabe. Itzalaldiekin gauza serioagoa bihurtu zen, telekomunikazioen hiperkonektibitatearen sare hori guztia une batetik bestera desagertu egiten zelako.
Larrialdi handia sortu zen ekonomia eta politika alorretan, noski, dena gainbehera zetorren egun batetik bestera, mota guztietako grafika guztiak gorrian agertu ziren. Baina artean gu ez ginen askorik jabetzen. Deskonexioa erabatekoa izan zen. Geroz eta tren gutxiago pasatzen ziren herritik nabarmen. Nolabait gure arbasoen bizimodura itzuli ginen, halabeharrez. Dramatikoa izan zitekeen, baina atsedena izan zen guretzat behintzat, nahiz lan handiak genituen aurretik. Lehengo garaietan azken mohikanoak ziren nekazari txikiek egun batetik bestera berebiziko balioa hartu zuten. Munduko jakintza guztia paperera itzuli zen, liburutegietara, eta batez ere pertsonen esperientziara eta jakintzara. Arreta eta memoria berreskuratu genituen. Ikaztegietako komunitatea, pertsonak, plazara atera ziren eta elkarrekin bilatu behar izan zituzten aurrera egiteko moduak, oinarrizko premiak asetzeko bideak.
Orduan bai, herriko etxe guztietako ateak ireki egin ziren elkar laguntzeko, komunitate-baratzeak egin ziren landa guztietan eta jendea egunerokoan elkartzen zen bazkaltzera etxeetan eta kaleetan, plazan, eta bazkal ostean elkarrekin kantatzera, dantzatzera, jolastera, maitatzera, poz berri bat ezagutzera. Rock talde potente bat ere sortu zen Ikaztegietan, Gaianeko eta herriko gazteak elkartuta, eta unplugged jo arren “kriston martxa dabil” aritu ginen denok Sanlorentzotan. Eta abar.
gaia:
Azken hitza eman didate nahiz nik ez nuen nahi. Berez ez naiz inor, ez daukat nik hitzik. Esazu zerbait transzendentala baina ez dadila igar, esan didate. Eta nik, bai, klaro... Eman bukaera eder eta biribil bat fabula politiko handinahi honi, txukuna eta poetikoa. Bai, bai... Zuk, gu guztiok ere zaren horrek, atera barrutik ahots eder bat etorkizunerako bidea argituko diguna 2025eko norabide okerreko gizakioi... Bai, eta zer gehiago?
Eta hala bazan edo ez bazan...
** Jende hau jatorra eta oso espirituala da... izateari uzten dioten arte. Horretan, beste guztiak bezala. Bizi-eskema desberdinak ekarri nahi dituzte, eta ez daukat batere argi hori posible den gizarte honetan. Kontsumistak gara, kapitalistak, indibidualistak, bai... Hala da, eta ez dakit nork ikusten duen irain moduan. Horrelakoak gara. Denok nahi ditugu luxuak, ondo bizi, familian...