Atizabalik
Atizabalik
Peru Calabaza Saban

IKAZTEGIETA
 

 

        Hau ez da rock banda baten historia, baina izan zitekeen, puntx hori dauka. Hasi zitekeen kontatzen, adibidez, Ikaztegietan klixe guztiak astindu zituen musika talde boteretsu bat sortu zela. Herriko plazan Sanlorentzotan kontzertu epikoa jo zutela, kanpoko milaka lagun etorri zirela, eta herritarrei dezibelio bakoitzarekin gorputzeko bilo guztiak aztoratzen zitzaizkiela. Gizarte fenomeno bilakatuta, Ikaztegieta mapan jarri eta kanpoko kazetari pila agertzen hasi zirela kaleetan aurkitzen zuten jendeari rock taldeari buruz galdezka, baita atzerrikoak ere... Arrakastarekin batera agertuko ziren drogak ziurrenik, eta taldeko kideen arteko ezinikusiak ere, nahiz elkarrekin eutsi taldearen arrakastari segida emateko... Ez, argi dago ez dela hori gure istorioa. Hasieratik esan dugu ez dela eta ez da.

        Askoz errazagoa zatekeen rock banda baten historia kontatzea eta askoz errazagoa zatekeen ere Ikaztegieta bezalako herri batentzat “musika talde bat besterik ez” izatea gertatutakoa. Hemen kontatuko denak astindu askoz handiagoa eragin baitzien halako herri txiki bateko biztanleei. Ikaztegieta herri bukolikoa ez izan arren ere. Herrian hamaika ikusitakoak izanagatik ere.

        Orduan zergatik analogia hori? Ez dakit, egia esan, baina irudi oso argia etorri zait, jarrera kontuagatik agian: “Mundu berri bat daramagu bihotzean” esaten dugulako geuk ere, eta munduari jakinarazi nahi diogulako, baina egunerokoan... Kapitalismo basatiaren kontra hitz egiten dugunean, zer proposatzen dugu trukean?... Eta rock talde batek himno eder batzuen bidez pertsonen arimak salbatuko dituen bezala (gauez gehienetan, eguneko tentsioak askatuz), askatasunaren bertsio argitsuagoak bilatzen ditugulako geuk ere, bertsio akustikoak eta elektrikoak...

        Orain rock musika jartzerik ez dizut iradokiko, irakurtzeko musikarik egokiena ez baita, egia esan. Zinez, testuaren beraren musikaltasuna harrapatzeko, nekez lagunduko digu kanpotik beste doinu bat jasotzen egoteak. Bi musika aldi berean aditzea nahiko jasanezina da, txosnetan zein etxean. Bai iradokiko dizut, ordea, kontzertu batera zoazen jarrerarekin etortzeko testura. Pertsonaien zerrenda = kontzertuko setlista.

        Hau ez da maitasunezko kanta bat ere, halakorik posible bada. Love is in the air, baita Ikaztegietan ere, ikusi ez arren. Hala ere, maitasun istoriorik atzean ez balego ez nukeen lerro bakar bat ere idazteko kemenik. Maite ditut gizakiak natura maite dudan bezainbeste, eta maite ditut bizimodu berriak asmatu nahi dituzten gizataldeak gizarte patriarkal eta indibidualista honek nazka aurpegia eragiten didan heinean. Finean, fabula politikoa izan nahi du ipuin honek, halakorik gaurko irakurleak oraindik onartzerik balu.

        Drogatuko naiz, beste leku batera abiatzeko eta zuok eskutik eramateko lurraren dantza egitera, irtenbideen gose baikara honez gero, ikatza bezalako labezomorroak isurtzen hasi baitzen aspaldi gure europar bizimodu kolonialista. Dena eskura dugu, adimen artifizialak benetakotasunaren ertzak ere lausotu ditu, laino koloretsu usain gozoko honetan bizi gara eta ez dakigu irteten. Ondo entretenituta gaude, nekea, porrota edo bakardadea estaltzeko. Zerbait egin beharra dago. Baina isilduko naiz, eta ikaztegietarrei emango diet hitza. Ireki zentzumenak. Dena fikzioa da hemen, erreala dena salbu.

        One...

        Two...

        Three...

        Four!