I
miren:
Ailatu zien egune earki goatzet. Etxe hortan aspaldin mugimendu gutxi eon zan. Gizon bat bakarrik bizi zan, geo residentzira eraman zuten ta hortik berehala hil zan. Handik gutxira etorri zien hok. Etzeon inor kalen eta lenengok ailegatutakon balkoitik ikusi nitun: bi furgonetatan etorri zien, herritik buelta batzuk eman ta geo etxe horren aurren aparkau zuen, eta zazpi bat lagun jetxi zien, itxura berezikin, bastante modernok esango nuke. Etxea sartu zien eta trastek deskargatzen eman zuten atsaldea. Jende majoa emate zun, pozik zeudela behintzat emate zun. Bestek hurrengo astetan etorri zien, umekin. Igual beste leku baten lasaiago eongo zien, mendi punta baten edo, baino justu hortxe zeuden, erdi-erdin. Han gertatzen zienak askon bistan ta denon ahotan eote zien gero. Lehen egunen ja aittu nun danbor hotsa jotzen ai ziela iluntzen, bere jardinen. Ez zien gerrarako danborrak, xuabe jotzen zuten, kantatzen ere hasi zien, polit eta ondo, baino berehala antzeman nion ez zala erraza izango, tomatea eongo zala.
ainhoa:
Gure herrian munduko leku askotatik etorritako jendea daukagu, lehen Euskal Herriko herri txikiak euskaldun eta trinkoak ziren, nekazal girokoak, baina orain beste gauza bat da. Goierri aldean aspaldian daukagu industria eta horrek beti ekartzen du kanpoko jendea, baita trena herriaren erdi-erditik pasatzeak ere. Pasatzeak eta gelditzeak. Eta jende berria hemen jaisteak, inoiz herri honetaz hitzik ere entzun ez dutenak. Jende asko dira eta lan pila egiten dugu kanpotik etorritako pertsona horiek gure artean integratzeko, beti ere haien jatorria aintzat hartuz, beraien kultura ulertuz. Familia hauek euskalduntzea adibidez erronka handia da guretzat, euskararen etorkizuna hortik ere bermatu beharko genukeelako.
Kasu hau desberdina da, ordea. Hona elkarrekin etorri dira, euskaldunak dira eta hala ere beste moduko bizimodu batean bizi dira. Ez dakit gu baino modernoagoak ala zaharkituagoak diren, baina beste bibra batean bizi direla argi dago. Bizkaitarrak direlako akaso. Aber, txorrada bat dirudi agian, baina agian ez da: nola integratzen da hori?
joxemiel:
Jipik esistitzen zienik ez nekian nik! Eta hara, justo etxaurrea etorri behar jende hau... Normalen herrin ez dek ezer gertatzen. Asteartea dek ta ez dek ezer gertatzen ari, oso gauza txikik, bakoitza bere gauzetan zebilek. Lanen edo etxen sartuta, ez zekit. Larunbata bada igual-igual, gutxi batzuk ostatun baino gehienak bere gauzetan... telebista ikusten eo bazkarie prestatzen eo gimnasion... kalen etzeok ezer. Baino hokin ez. Hok etorri zienetik bakik beti zerbait gertatzen ai dala. Batzutan musika aitzen dala, bestetan parrak eta jolasak, edo taldelanak... hok udalekutan bezela bizi dittuk. Eta hoi, egie esatea nahi baek, insoportablea dek. Gure bizimodu aspergarrin ohituta gerek, eta oain eun batetik bestea hau aurren eukitzea suplizio bat dek, suplizio bat. Ze eredu emango dieu gure umei? Hola bizitzea daola ikusten badue... ze jungo dituk geo unibersidadea ikastea o taller industrial baten lanea zortzi orduz?
lurdes:
Niri umeen kontuak kezkatzen dit. Ze nire semeek ez dute inoiz eskolara joan nahi izan, ez dakit zergatik baina hala da, eskola gorroto dute. Kontua da ezinbestekotzat genuela orain arte: ez zaigu gustatzen baina denok joaten gara. Gu lanera bezala, gure bizimodua halakoa da, gustatu ala ez, ezta? Eztabaidaezina da. Zer gertatzen da ume hauek herrira ailegatzen direnean? Ez direla eskolara joaten. Han ibiltzen dira beren taldeko jendearekin, gauzak eginean ikasten, bati ala besteari laguntzen, edo beren lanak eta jolasak egiten. Eta nire semeek hori ikusi egiten dute. Eta haientzako erreferente bat bihurtzen ari da, posible dela eskolara ez joatea, horrela haztea. Goizero kalakan aritzen zaizkit orain. Jende honek esaten du umeak ez direla gurasoarenak, tribuarenak baizik. Niri hori oso utopikoa egiten zait, polita da baina ez da erreala. Eta hala jokatzen dute, denen artean zaintzen dituzte, denek zaintzen dute elkar, eta egia aitortu behar badut oso ume zoriontsuak ematen dute... eta azkarrak! Baina ezin da horrela bizi, ez?
xabier:
Eskolako leihotik haiei begira egoten ginen. Ume horiek ez ziren eskolara gurekin etortzen. Jolasten ibiltzen ziren egun osoan. Irakurtzen ere bai, liburuak irakurtzen askotan ikusten genituen, edo helduekin batera, batak besteei liburutik irakurtzen. Batez ere jolasten, helduekin batera ere bai. Eta gu inbidiatan. Ze guk... Matematikak. Ingelesa. Gizarte. Euskara... Etxerako lanak... Azterketak... Eta haiek jolasten egun osoan. Ze injustua, ez?
Haiengana joan ginen, jakin-min handiegia genuen. Etxean ezer esan gabe, noski. Hasieran pixka bat kostatu zitzaigun, baina ondo hartu gintuzten eta segituan jarri ginen haiekin jolasten. Herrian jada dena oso ezaguna genuen eta han dena zen berria. Han inork ez zigun esaten Kontuuuz, min hartuko dezulaaaa! edo Bustiko zeaaaa! Denetan jolasten genuen eta arropak zikinduta bueltatzen ginen askotan etxera. Amak harrituta begiratzen zidan, nik uste susmoren bat bazuela, baina ez zidan ezer esaten.
Gero egun batean zuzenean galdetu zidan ea Jende Berriarekin ibiltzen ote ginen. Eta galderak egin zizkidan, galdera asko, baina ez zidan errietarik egin.
tere:
Nik pegaik ez dauket. Hok etxe bat heredau ditek, eta hor jarri dittuk bizitzen. Nei haien arten bikotek dien edo ez dien, sexu librea edo polimaitasuna praktikatzen dien.. Nei ze ajola! Batzuei horrek igual inbidi pixkat ematen ziek. Nahiko likek herriko baten batek hola ibiltzea’re. Batek baino gehiok. Nik ez. Bueno, probau beharko nike.
Oso kariñosok diela fijau naiz, bai, besarkada estuk ematen dituen hoitakok, eta saludatzeko pikok ahuan, denek, baita mutilek ere. Hoi, klaro, holako herri txiki baten fuertea dek... Hemen burukin saludatzen deu eta Eunon ta Gero arte ta hola. Pikokin saludatzea jendea hiritara jutea: Bilboa, Bartzelona, Berlinea... Hemen raroa da. Probokazioa.
Oain, inflexio puntua Malenena gertau zanen izan zan netzako. Ze gauza bat da beste ohitura batzuk izatea, bakoitzak nahi duna itea dauke, legen barrun bada, eta beste bat herriko neska gazte bat beaiekin bizitzea jutea. Hoi askok ez zun ondo hartu, bere gurasotatik hasita, klaro, baino herrin ere...
maikel:
Tak-tak-tak. Urritza makiletarako, pagoa mahai eta aulkietarako, gaztainondoa eskaileratarako... baina gereziondoaren egurra zuen Gabriel arotzak gogokoen. Puska majo bat prestatu zuen egun batez, laukizuzen tankeraduna, eta mahaigainean kokatu zuen. Haren gainean makurtuta aritu zen mailuz, zizel eta gubiaz tak-tak-tak goizero. Etxeko okila izan zen egun batzuetan. Langile bat tarte luze batean etxe berean lanean ari denean kolpeen zarata oso gogorra izan daiteke auzokideentzat, baina Gabrielek arte itzela zuen, bere erritmoak ez zuen inor nekatzen, bera hortxe ttak-ttak-ttak eta besteentzat kilkerra, txitxarra edo okila entzutea bezalakoa zen. Norbait tinbala jotzen hasten baldin bazen, beraien erritmoak bateratu egingo ziren, eta bazitekeen norbait txirula txiki bat jotzen hastea erritmo horretan, doinua emanez.
Horrela kontatuta badirudi asmatzen ari naizela, baten batek pentsatuko du obratako zaratarekin ere musika egiteko gai zirela izaki miresgarri hauek, baina zin dagit hala gertatzen zela. Tak-tak-tak, etxearen taupada. Nire belarriekin entzun eta begiekin ikusi nuen. Justu parean bizi naiz ni eta jakin-mina ematen zidan arotzak, zertan arituko ote zen tailertxo horretan bere lanean hain gogobildurik.
Halako batean bere lana amaitutzat eman zuen, olio naturalen bat igurtzi zion gainetik eta etxeko umeek lagunduta sarrerako langan eskegi zuen zurezko letra dotoreak dauzkan kartel hori, behin ikusita denok gogoan daukaguna, bere mezu argiarekin: atizabalik. Ate irekia alegia. Horrek dena aldatzen baitzuen. Atea irekita dago beti etxe hartan, hala da, bai, eta denda bat izan gabe, taberna bat izan gabe, zerbitzu publiko bat izan gabe, beste gauza bat baizik, beste egoteko modu bat ekartzen duena munduko parte honetara. Pixkanaka lotsak kendu eta hurbiltzen joan nintzen, udaberriko festara joatekotan izan nintzen.
pako belea:
Kiuu, kiuu! Lagun berriak etorri zaizkigu herrira! Kiuu, kiuu! Pakooo! Amaa! Hauek ere galleta ematen didate goizetan. Iuuu, iuuu, iuuu! Albiste pozgarria! Ume hauekin jolastera noa! Ta katuekin! Miauuuu! Ta ahuntzekin! Meee! Ta oiloekin! Kakara, kakara! Kiuu, kiuu!
aitziber:
Aber, nere ustez grazi pixkat ekarri due herria. Herri txikik beti izan ahal die itogarrik, bakizu, gaztetan normalena, gazte normal batek ospa iteko beharra euki behar du. Bestela zaile da zure bidea itea bizitzan. Dena da gertukogie hemen, izkutalekuk bilatzeituzu beti, txikitatik, atzekaldetan ta hola, baino momentu baten yasta, atea beharra daukezu, ez estankatzeko. Eta derrepente hok azaltzea ba seinale muko bat izan da, o izatea dauke, hemen ere gauz diferentek gertatzea daukeala. Ez daola zertan Donostia o Bilboa jun segun ze gauza iteko. Ta hoi handie da.
Normala iruitzetzait batzui onartzea kostatzea. Normalen etortzen dien kanpotarrak, sahararrak adibidez, edo latinok, edo ekialdeko Europakok eta hola ez die izaten hain inbasibok, beaien mundutxon gelditzeie. Hau zentzu hortan izan da irrupzio bat nahiko alobestia. Eta bai, batzui kosta zaie, normala. Nei gustatu zait. Batzutan jute naiz beaien gauzeta, oso energia guaia daukea. Temazkalen eon nitzen aurrekon, eta festan baten ere eon naiz. Auzolanetan ebai... Lagunek dittut.
Baino klaro, han gertatzeyenak eztao bere hortan herrin kontatzeik... Beste hizkuntza batzuk die... Temazkala ezta sauna bat bakarrik, oso errituala da, sinistu beharra daukezu, pixkat behintzat. Han hil ite zea eta gero berriro jaio, garbittuta, purifikazio bat da, espirituala ta zentzu guztitan, ezta bakarrik izerdie botatzea. Amalurrakin konexio bat euki behar dezu, jende gehiena eztao holako zeremonia baten parte hartzeko puntun...
txomin:
Nik eduki nuen behin liskar fuertetxo bat haietako batekin... Ostatura oinutsik etorri zen (tio, ze nazka!) eta zeozer esan nion, igual zerbeza batzuk hartuta nengoen eta ez nintzen egon oso xuxen, baina... Kasu handirik ez zidan egin eta ni horrek sutan jartzen nau. Bultza egin nion, eta joan egin zen. Ez nago harro egindakoaz, baina nerbioso jartzen nau hauen egoteko moduak.
loaren zaindaria:
Orrazia dut lagun, eta gauero lan handia dut asaldatuta daudenen ikusmirak orrazten. Espero ez dituzten ametsak etortzen zaizkie, iluntasunetik datozenak, aintzat hartu beharko lituzketen kontuak azaltzera, irudi desatseginak ekartzera, eta ametsen aztiekin hitz egiten dut nik, euskara batuan, negoziatzen, leuntzen, orrazia pasa eta pasa.
Ifrentzu guztien ama naiz, espiritu handien taldekoa...
Alterazio larriak sumatu nituen azken boladan Ikaztegieta aldean. Modu ikusezin batean dardara batean jarri ziren marmolezko pentsamolde batzuk, eztabaida mamitsuak gertatu ziren afalorduetan, zalantzak etorri ziren oinarrietara...
dultze:
Ni, sentikorregia izateagatik, edertasuna bilatzeagatik, arrotza naiz nire herrian. Edo kuirregia izateagatik. Oldarkorrak zaizkio ostatuko elkarrizketa ozenak arima hauskorrari, eskafandra desberdina etorri zitzaidan jaiotzerakoan niri. Etsipen kapak onartzen joan nintzen urteak aurrera ahala, ohitu behar izan nuen etxean telebista hogeita lau orduz piztuta entzuten, amak eta aitak Teleberriko albisteez hitz egiten, inoiz ez elkarri samurtasun keinuak egiten, etxean sentimendu eta emozioez inoiz ez hitzik egiten, aldameneko gizona (Patxi) galtzaileen mozkorraldian behin eta berriro ikusten, aita egunero-egunero lanetik oso nekatuta ailegatzen, inoiz etxeko inorekin jolastu ahal ez izaten, kanpora joaten bere sentimendu eta emozioak norbaitekin partekatu ahal izateko ulermen pittin batekin...
Ikastera, bolada batez alde egin nuen etxetik. Baina Bilbon hainbat urtez bizi izan eta gero gurasoenera itzuli behar izan nuen, etxean laguntza behar zutelako amonarekin, eta artista naizenez anai-arreba guztietan “denbora libre” gehien omen neukalako... Eta zer da ba denbora librea? galdetzen dio bere buruari arima hauskorrak... Gustatzen ez zaizkizun gauzak egiten amaitutakoan geratzen den hori da, ezta? Zertan “gastatu” nahi duzu zure denbora librea? Hogeita lau orduz sentikorra bazara, hogeita lau orduz astean zazpi egunez sortzailea, bizitzari kontakizun eta emozio berriak ateratzen iaioa. Espezimen arraroa naiz, bai, halako herri txiki batean, nahiz Ikaztegieta nahiko herri irekia izan.
Komunitateaz galdetu didazu? Komunitateak segurtasuna ematen dio gizakiari eta horren trukean askatasuna mugatzen dio. Baumanen liburu batean irakurri nuen bi horien arteko oreka batean datzala gizakien bizimodua. Eta komunitate bakoitza bakarra dela, ikusezina askotan, arautuago edo arau gutxikoak...
Eskailera berean bizi garenak komunitate bat gara.
Herri bat bertan erroldatuen komunitate bat da.
Manifestazio bat komunitate efimero bat da.
Herriko futbol taldea komunitate bat da.
Musika edo antzerki talde bat komunitate linguistiko eta emozionala da.
Nagusientzako memoria tailerra komunitate bat da.
Sahara urrunetik Ikaztegietara etorritako pertsonek komunitate bat osatzen dute. Haien seme-alabek herriko familien seme-alabekin jolasten dute eta beste komunitate bat osatzen dute Atzealdean, eraikin handien atzean dauden patioetan. Ikaztegietako Otxarkoaga esaten diot nik. Gustatzen zaigu haiek elkarrekin jolasten ikustea. Komunitate hibrido horretan sinisten dugu, nahiz guri Saharatiko ume horien gurasoekin harremanik txikienak egitea ere itzel kostatzen zaigun. Adeitsuak bagara, baina ez enpatikoak.
Gonbidatzen bagaituzte egun batean haien etxe barrura sartzen elkarrekin tea hartzera, joango gara? Ala lanpetuegi gaudela argudiatuko dugu, jauzi emozional hori ez egiteko nagiaz? Eta bere herritik beste berrehun etorriko balira eta euskara adina entzuten hasiko bagina haien hizkuntza gure herriko kaleetan, ikasiko al genuke arabiera gu ere haien aldera pittin bat bada ere hurreratzeko?
Zein ote da nire komunitatea! Gauza bat argi daukat: maitasuna da bide bakarra.
constantin:
Esta gente son majos y muy espirituales... hasta que dejan de serlo. En eso, como todos. Quieren traer unos esquemas de vida diferentes y no tengo nada claro que eso sea posible en esta sociedad. Somos consumistas, capitalistas, individualistas, sí... Es así, no sé quién lo ve como un insulto. Somos así. Todos queremos los lujos, vivir bien, en familia...*
malen:
Bizitza ezta txorakerie. Bizi beharko genuke diktadura batek debekatzeko muko modun baten, baino gure bizimoduk oso homologablek die diktadura batekin... Gauz asko esan behar diela iruditze zait, ze iruitze zait bizi geala sinmás. Onartzen ai geala kapitalismon diktadura, gure konfort mundu hau, nahiz bizitza prekariok dauzkeun egitan, baino geo pentsatze deula kristonak geala: ezkertiarrak, modernok, aurrerakoiak, feministak, eztakitzerenabangoardiakulturala, indigenistak... Ta hoi ja eztaukeula Gora eta esateik, ze lehen amorru buila horrek, militantzia horrek deneako balio zula iruitze zait, automatikamente outsider leku bat emate zigula, gustatze etzaigun guzti horren kontrako borroka hoi, nolabait, mugaino eamanda.
Baino gustatze etzaigun guzti horren aurren, txorakerie eztan asunto nazionala proiektu egitan ilusionagarri bat sortzeko gai ez bagea... Ordun ze? Ezin badeu libre in dantza, jolastu, maitasune lasaitasunez publikoki eakutsi... kontu korrontei beida bizi bagea... Ordun gure amets ahaztun kajoi hortan zer zeon? Protestan bizi gea, ta hoi re ezta. Utzi ja marmarra ta proposatu beste zeoze polittagoa, joe! Ze gizarte klase asmatzeko gai izan gintezke? Ta ze ba ezteu iten!