II
amira:
Elkarbizitzaren alde gaude gu beti. Jainkoaren izenean, klemente, errukiorra bera, bakoitza berean eta guztiok elkarri lagunduz. Guk gure bizitza egiten dugu eta herriko jendeak berea, ez dago trabarik. Umeak eskolara doaz eta tarteka euskarazko hitz batzuk erakusten dizkigute. Bederatzi urte daramagu Ikaztegietan eta lagunik ez daukagu herrikoen artean, baina zerbait gertatzen bazaigu lagunduko digutela badakigu. Besteek etxe barruan zer egingo ote duten ez da nire arazoa. As-salamu alaikum. Bakea zurekin izan bedi.
nerea:
Ez dira gu baino hobeak, ezta modernoagoak ere. Egia da hauek oso galdera deserosoak ekarri zizkigutela. Haiek aurrean edukitzea, ikusiz bizi daitekeela lanaren esklabo izan gabe, beste modu lasaiago batean, etxeko ateak irekita, gauza txikiez gozatuz, estresik batere gabe, agendarik gabe, elkarrekiko maitasun ageriko horretan... Ez dakit nola esan, fuerteegia egin zitzaigun. Guk festetan justu-justu lortzen dugun hori... eta haiek egunero! Urduritasun pixka bat ekarri ziguten, gure bizimodua zalantzan jartzeko etorri izan balira bezala. Lasaiago gaude orain, egia da.
dultze:
Gaur egun, infrakomunitateak nagusi:
Sare sozialak = markak.
Lehen Colacao ala Nesquik baginen, orain Netflix ala Filmin, Insta ala Face, etb ala Tele5.
Zure bizitza zenbat aldatzeko prest zaude zoriontsuago bizitzeko? Eskatu hiru gauza aldatuko zenituzkeenak modu holistiko batean: Maitasuna, Sexua, Lasaitasuna, Dirua, Osasuna, Umorea, Natura, Askatasuna, Jolasa, Segurtasuna.
Osotasunez bizitzea zer izango litzateke zuretzat?
Konektatuta egotea zer da zuretzat? Zeri konektatuta?
Pertsona bakoitzak energia desberdinak mugitzen dituela uste duzu?
Naturaren parte sentitzen zara? Zein lekutan kokatzen duzu zeure burua?
Zure gorputzari kasu egiten diozu?
Atea beti zabalik zeukan etxe hartan ezagutu nuen leku marabilloso bat, meditatzeko, besterik gabe egoteko edo dena delakoa: Isiltasuna Entzuteko Kupula (norbaitek arkatz batekin “u” bat biribildu eta “kopula” bilakatu zuena :-). Ikaztegieta herri-zaratak-zeharkatua delako, zaratak zartakatua, errepideak, trenbidea, fabrikak, desbrozadorak... isiltasuna uko eginaren eginez kontzeptu abstraktu ahantzia da. Halakoa da gure progresoa. Zaratatsua. Zikina. Gorputza uzkurrarazten diguten gauzen zerrendatik ateratakoa. Txoriek ozenago egin behar dute txio, aditu ditzagun, gogora dezagun nor garen ere beste alde horretan. Ikaztegietan bele batek hitz egiten ikasi zuen behin, baina zozo bat ahotsik gabe geratu zen iluntzeko mercanciasa pasatzen zen ordu berean nahi izan zituelako gauza eder eta beraz inportante batzuk kantatu.
martin:
Niri zail samarra egiten zitzaidan erreferente hori mutur aurrean edukitzea. Nire pozak oso txikiak zirela ikusarazten zidaten eta ez nintzen gai hortik ateratzeko. Bizimodu xinplea daukagu eta ondo dago hori ere, ez?
Gogoratzen naiz udaberri-festa egin zutenean kartelak jarri zituztela herrian zehar eta askok esan genuen ba bueno, aukera bat izan zitekeela ere haiek ezagutzeko, ikusteko ea benetan han ze gertatzen zen. Igual oso sanoa ere ez zen gure abiapuntua baina tira, jakin-minez joan ginen. Hara ailegatu eta alkoholik gabeko festa bat zela ikusi genuenean... Enfin. Herrian, drogazale kuadrilla bat zirela esaten zen ordurako, eta brebajeren bat probatzea espero genuen, baina han ez zegoen inolako sustantzia pizgarririk: soilik eguzkiaren argia (hori esaten zuten, bai!), kantuak eta dantzak. Segituan aspertu nintzen! Ostatura joan eta gintonik bat eskatu nuen, kabreatuta nengoen. Beraiekin? Nire buruarekin? Ez dakit.
maricarmen:
Bueno, netzako nahiko jende astuna die. Herritik ere ibiltzeie ta ikusteittut umeei re nola hitzeitten dien... Botagurea ematen diate, hainbeste ulermen ta hainbeste energia ta konexio ta espiritualidade. Eztet bate sinisten new age hoitan. Asteburu baten topaketa tantriko bat ez zuten ba antolatu hemen Ikaztegietan! Kartelak jarri zittuen herrin ere... Nola zan? “Presentzia eta konexiorako espazioa (Bai, bai: ‘espazioa’) bihotzean bizitzeko”...edo holako zeoze... Bee!
Gauza bat esateizut: ezetz asko iraun. Hok ingoue hilabete batzuk hola ta seittun aspertuko die. Hirira bueltauko die segittun! Ikusiko dezu. Dena postureoa da. Ikaztegieta ez dala Ibiza!
oraindik jaio ez den umetxo ikaztegietar bat:
Herri polita da Ikaztegieta. Istorio bitxiak kontatzen dira hemen.
Antzina, Madrilgo tren batek hemen aberia izan omen zuen eta pasajero batzuk, ez aurrera eta ez atzera, eta bertan geratu zirela bizitzen. Madril Txiki horregatik deitzen omen diote Ikaztegietari, umeen aldizkaria bezala. Baina inork ez du ezagutzen jatorri madrildarreko inor hemen.
Gero, gizon batek sendatu zuen belearena, istorio bitxi hori, liburuetan ere dagoena, Pako Belea, txoriak hitzak esaten ikasi zuela eta herrian zehar zirikatzen ibiltzen omen zela jendeari.
Edo nola festetan limusina zuri luuuze bat agertu zela gau batez, eta barruan kilkerrak entzuten zirela etengabe.
Edo herrira etorri ziren ile luzeko kanpotar horien istorioa, herriari hainbat ekarpen egin zizkiotenak, hala nola, tomate eta babarrun hazi mota berriak edota herritarren heriotzak ospatzeko modu berri polita, besteak beste. Baita abesti hau ere, geroztik askotan elkarrekin kantatzen duguna:
Amuma Ure
eskerrak emon, eskerrak emon
bihotza zabaltzigaittik osasunera, maittasunera
Aittitte Airie
eskerrak emon, eskerrak emon
bihotza zabaltzigaittik osasunera, maittasunera
Amuma Lurre
eskerrak emon, eskerrak emon
bihotza zabaltzigaittik osasunera, maittasunera
Aittitte Sue
eskerrak emon, eskerrak emon
bihotza zabaltzigaittik osasunera, maittasunera
josune:
Ez nuen espero halako bukaera bat. Pentsa nezakeen etxeko atea azkenean itxi egingo zutela, edo poliziak handik aterako zituela halako batean ilegalki okupatu zutelako, edo beren kasa joango zirela herri honekin aspertuta edo haien arteko gatazkengatik... baina gertatu zena... hori uste dut ez zuela inork espero. 2025etik aurrera itzalaldiak geroz eta maizago gertatzen hasi ziren eta hor gauzak mugitu egin ziren herrian. Gero etorriko ziren ere Bigarren eta Hirugarren Mundu Pandemiak ere. Pixkanaka elkarren arteko zaintzak berebiziko garrantzia hartu zuen.
aitziber:
Gaianeko hoi galdetzen diate ta bai, ni ikertzen ibili naiz Gaia Teorian kontu hoi. Gaia, hasteko, Lurraren jainkosa izantzan Grezia klasikon. Geo, xx. menden, atmosferan konposizio kimikoa aztertu zanen, James Lovelock zientzialarik hainbat aurkikuntza egin eta, Lynn Margulis mikrobiologokin batea, hipotesi bat garatu zun, lurreko biosfera guztie sistema auto-antolatua dala esaten duna.
Horrek ze esan nahi dun? Gure historian aurreneko aldiz, gure planeta osotasun gisa, organismo bat bezela ezautu dezakeula. Ta horrekin batera uler dezakeu, beraz, gu gizakiok ez geala subirano pribilegiatuk planeta hontan... baizik eta osotasun horren zati bat bakarrik, ezta ezinbesteko bat ere. Hau da: zerbait haundiagoren parte geala. Erlijiok esateuten gauze bera da hoire, azkenfinen, ezta? Hoi sentitzea oso fuertea da... Honek gainea zientzia eta espiritualtasuna behingoz elkartu iten dittu...
...Eta horren haritik hartu zun izen hori hain zuzen Ikaztegietara etorritako komunitate horrek: gaian. Nik horrekin konektatu iten det, egie esan. Naturarekin konektatzea, parte sentitzea, egunero iteko kontua dala esango nuke, Gaianeko hauek egiten duten bezela. Horrek ez dauke bate zerikusik mendira korrika igotzeakin. Hortan baskoen estereotipok konfundituta daudela esango nuke, kar-kar-kar. Ze... euskaldun izateko modu diferentek egon daitezke edo euskaldun izateko modu bakarra dao kulturalki (eta erlijiosoki, esango nuke) zeharo markatuta egon behar duna?
nerea:
Sexualitateaz hitz egiteak, presente egotea, nolabait, egunerokoan, horrek flipatu ninduen gehien hauekin... Naturaltasunez, ez morboz. Norbere esperientziaz hitz egitea, taburik gabe. Eta elkar ukitzea normaltasunez, eskutik heltzea, besarkada luzeak... Kariñoak. Hori egin zitzaidan niri oso txokantea. Sexualitate sakratuaz hitz egitea. Daukan berezko leku zentrala ematea horri, hain ezkutuan edukitzen ohituta gauden horri. Horretan badugu zer ikasi... eta nik nahi dut!
marianttoni:
Nik asko ez dakit hontaz baina gauza batzuk bai kontau dizkiate ilobek eta. Nik uste jende zintzoa eta prestua dala, elkarrekin gauzak egiteak oso ondo hitzegiten du beraietaz. Moralidade kontuetan ez naiz sartuko, ze hor seguru oso ados ez garela. Pekatuan bizi direla ere esan didate... Baina hori oso normala da, ez? Nik gaurko mundua ez det ezer entenditzen, denak etxen sartuta eta telefonoakin eztakitzertan, baina gure garaian, garai zailak zirenean, orduan etxe guztietako ateak irekita izaten zien ta elkar laguntzen ibiltzen ginen, batek hau behar zula ta bestek hura ta... hor ibiltzen ginen. Hoi hola da.
malen:
Gustauko zitzaiten jakitea herrin zenbat jendek amesten dittun bizitzeko modu diferentek, berrik. Daukeun honek eztigulako funtzionatzen askotan. Gehiegitan. Eta Gaianeko hok ispilu earra jarri digue aurren. Dultzekin askotan aitu izan ginen hitzeiten eta azkenen erabaki bat hartu genun.
jokin:
Etxea herentzian hartu zuten ala okupatu egin zuten? Eta hori benetan da hain inportantea? Halako leku garrantzitsua ematen diogu jabego pribatuari? Jabego pribatua pertsonen arteko ezberdintasun ekonomikoen bermea da. Denok dakigu diruaren eta ondasunen banaketa ez dela justua mundu honetan, baina bakoitzak berea salbatzen duen bitartean konformatu egiten gara, eta sistema hau betikotu egiten dugu. Guri tokatzen zaigun arte, Bertolt Brechtek (edo beste bat izan al zen?) esaten zuen bezala: Lehendabizi komunisten bila etorri ziren baina nola komunista ez naizen ez nuen ezer esan... Hemen ere prekaritatearen marea horrelaxe igo zen, ezer egiten ez genuen bitartean, denok itota eduki arte. Lanak itota, diru arazoek itota. Itota baina entretenituta. Eta murruak eraikitzen, pobreek gurea honda ez dezaten... Munduaren hiru laurdenak pobrezia osoan bizi baitira eta gure tarta zatia, zatitxoa defendatu behar... Orduan armadak... Enfin. Eta hippy trasnotxatu horiek bitartean hortxe, gure muturren aurrean, gure begietara oporretan bezala bizitzen, baina, klaro, garai aldaketak zetozen.
Desazkundeaz aspaldi hasi ginen entzuten, baina guri ez zitzaigula tokatuko edo, halaxe bizi izan gara, beste alde batera beti. Kolapsoa besteen kontuak bailiran. Bitartean gasoila eta beraz gauza guztien prezioak igo eta igo... Itzalaldiak noizbehinka, zer pentsa ematen dutenak... Eta beste hamaika arazo: uholdeak handik, suteak hortik, pandemiak hemendik... Beste aldi batera pasatuko garela argi dago, baina oso ekintza txikiak egin izan dira aldatzen joateko, eta beti diruaren interesak aurretik jarrita. Beste eredu baten bila ibili beharko genuke benetan...
kaleko katua:
Jan eta lo. Bizitzaren zentzua hori da. Beti erne-erne nago, katutasunean inguruan dabiltzanei adi, izan sagua, eulia, gizakia, zakurra edo armiarma. Jatekoa ehizatzea gustuko dut, edo bila ibiltzea, kaleko zabor-kutxetan usain goxoren bat dagoenean. Beste batzuetan plater batean jartzen didate zabalik dauden etxe batzuetan. Gizaki txikiek nirekin jolasten dute. Hori ere ondo dago. Laztantxoak ere egiten dizkidate, eta nik zurrungan egiten dut. Bestela, lozorroan ematen dut egunaren zatirik handiena, baita gauaren zatirik handiena ere.
malen:
Ate magikoa da. Baino reala da. Denok dauzkeu ate batzuk. Batzutan irikita eoteie eta gehienetan itxita: Etxeko atea, kotxekoa, garagekoa, lantegikoa... Giltzatako haundi bat eukitzek boterea emateigu. Gaianekon etxe hortako atea beti irikita eotea seinale bat da. Netzat, denontzat. Ati zabalik, haik esateuen bezela. Ate-irekie, gure hizkeran. Estuasunak askatu esatea bezela, aukera guztik irikitzen die hemen. Zer daukeu galtzeko? Zeren beldur die gure etxeko atea beti itxita eukitzea obligatze gaituenak? Zerbait kenduko al digue ba? Min itea etorri behar al du norbaitek? Egitan? Alarma saltzaileentzat mezue: fartsante batzuk zeate! Konbentzitu digue gure esfortzukin lortutakoa momentu baten galdu dezakeula, eta horren beldurrez bizi gea. Saldu in genitulako gure gogok, soldata baten truke.
Gaianekoen etxea sartzea esperientzi berri bat da. Ezta leku pribatu bat. Han barrun inoiz ezer txarrik gerta eztaitekeen sentsazioa bizi daiteke. Zaurik osatzeko leku bat da ebai. Pertzepzion atek iriki zitzaizkiten nei.
Behekaldeko pixun gela komunek daude, sarrerakon zapata guztik, eta txamarra ta txapelak, makilek... Aurreago sala haundi bat, sukalde haundi bati lotuta daona, jolas-gela ear bat eta kriston liburutegie. Jakinminez betetako hainbat pertsonek urtez urte bildutako liburu guztik hartzeitu. Han aurkitu dezakezu ia eozer. Ezta Alexandriako liburutegie, munduko liburu guztiak biltzen zituna bere garaian, ezta Koldo Mitxelenako fondoa re. Baino bertan dauden liburu guztik daukea zerbait.
Etxen goxotasune da sartzeakon lehenengo arnasteana: airea bea aldatu itea, pisu gutxigo daukela emateu, han zaudela. Beti aurkitukozu norbait beheko gela hauetan, ta haien jarrera beti oso irekie da: ezer saldu nahi gabe hitzeiteizue. Anbizio pertsonalak ze oteien daukezu galdetzea zure burui.
Goiko bi pisutan gelak daude ta gelatako atek ere irikita eoteie normalen. Gure arteko errespetue eztu ate itxi batek eakusten.
Etxe ingurun beste edifizio batzuk daudee: tailer bat, eozer eraiki ahal izateko edo konpontzeko; Isiltasuna Entzuteko Kupula deitzeien domo moduko edifizio bat ta beste hainbat txabola re bai, yurta bat... Oso lur zati haundie re eztauke ingurun baino oso ondo jarrita dao dena... Animalik dare kanpon: zaldi batzuk, ahuntzek, oilok, patok... Fruta arbolak, baso jangarrie, permakultura baratza... ta sun ingurun elkartzeko borobil haundi bat erdin.
Netzako tentazioa zan haikin jun ta bizimoduz aldatzea. Banekin etxen etzuela ondo hartuko baino nere norabidei aspaldi enion zentzuik hartzen ta aukera berri bezela ikusi nun. Bizitzak behazuna eskeintzeizu batzutan... Gaianekoi galdetu nien eta atea irikita daoela esan zitean zuzenen.
dultze:
Miseria espirituala zer den nola azaldu dakioke bere kabuz horretara ailegatu ez den pertsona bati? Zergatik daude “bukatu dira bromak”, “bizitza gauza serioa da”, edo “lan on bat bilatu behar duzu” bezalako lelo hain presenteak helduon bizitzetan? Zergatik maite ditugu oporrak hainbeste? Eta oporretan bezala bizitzerik bagenu? Baina ez lanaldi deitoragarriaren beste aldea bezala baizik bizi-kalitate berri baten izenean... Gutxiagorekin bizi segur aski, ez dugulako hainbeste gauza behar, oso gutxi behar dugu zoriontsu izateko, ohituta gaudenaz bestera. Gogoratzen zarete pantailatara pegatuta egoten ez ginenean? Hobeak al ziren telebista eta internet gure bizitzara sartu aurreko egunak?
Gure umeek amesten dituzten herrietan zentro komertzial erraldoiak agertzen dira, non dena gratis den. Hori horrela da eta alarmak piztu beharko lizkiguke baina dena irensten dugu, kapitalismoan hezi garelako, eta kapitalismoa da konpetitibitatea, da diru-gosea, da kontsumoa, da handinahia, kapitalismoa da ondokoa zapaltzea. Eta zapaldu ez gaitzaten atea ixten dugu. Ez etxekoa soilik. Bihotzekoa ere bai, eta gure gorputzarena ere bai, gaixotasunen bat ez dugun artean. Hori esan beharra neukan. Ze bizimodu klase da hau? Antsiolitikoak, antidepresiboak, lo egiteko pilulak... Zergatik izango ote da? Nik horrela ez dut nahi. Banoa beste zerbaiten bila.
ainhoa:
Malenek eta Dultzek muga bat pasatu zuten, argi dago, horrek dauzkan arrisku guztiekin. Besteok agian hartu-emanen bai baina ez ginen Gaianekoen zirkulura sartzen ausartu. Hibridazioa hemen herrian gutxi egin dugu, beti ere gurearen esentzia babesteko, ezta? Baina haiek beti izan dute beste punttutxo bat, eta halako sedukzio fuerte bat sentitu zuten komunitatera sartzeko. Atizabalik bai, baina haiek barruan zeuden, energiak mugitu ziren eta ulertzen dut familiari kortozirkuitua eragitea. Pasatzen ikusi nuen Joxan astelehen horretan eta izua eman zidan bere begiradak. Pasaeran agurtu nuen baina berak ez ninduen ikusi eta Gaianera egin zuen zuzen.
joxan:
Nere alaba da. Mundun gehien mattetena. Ta xiniste deun baliotan hezi deu etxen. Dena eman dieu beti. Bizkarra minberatu arte in deu lana familie aurrea ateatzeko beti... Gero beak unibertsitatea utzi ta ile luzeko hoikin jutea erabakitzeko... nere amesgaiztoik haundina da. Deskanso bat hartu beharraukela esan ziten, ez zekila bizitzan ze izan nahi dun, ez zekila ja zein dan e. Karrera bukatzeko erregutu nion baino kasoik ez. Burugogorra da, zerbait sartze zaionen kaskon. Enamoratu irribarre tonto batekin esan ziten adin nagusikoa dala ta jutea erabakita zeukela, uzteko paken. Ta ni astebete loik in gabe. Bueno, pastilakin azkenen zeoze bai.
Kontzientzia-egoera aztoratuan neoen Gaian Etxera jun nitzenen. Ni enintzen ni. Hoi esatea re... Hola da, hortako hartzeiteu botikak eta kubatak: ni ez izateko, o beste norbait izateko o auskalo, beste modu baten eon ahal izateko, itsu-bilaketa itsun. Eozer iteko prest neon, indartsu sartu nintzen etxea, airea kutxilokin mozten. Beheko gelatan ibili nintzen eroa bezela, enun nere Malen aurkitzen, ta etxekok kezkatuta beidatze zitean. Sukalden, goran zeola esan ziten azkenen soineko luze marraduna zeuken neska gazte musugorri batek. Belaunek huts iten hasi zitzaizkiten.
Gora igo ta soinui atento jarri nitzen. Nere alaban parra entzun nun, hainbeste matte deten par zoragarri hoi... eta harantza jo nun. Intsentsu usain sarkorra etorri zitzaiten sudurren barrena, ahotsak e entzun nitun, doinu jolastietan hizketan. Indiako musika sarkorran gainetik maitasun hitzek entzun nitun, netzako etzienak. Hitz polittek oso, netzat inoiz entzun enitunak. Ahots diferentek zien. Gela hartara sartu ta ohe oso haundi baten gainen neska-mutil batzuk ikusi nitun erdi larrubixik, dantzan bezela maindire arten korapilatuta. Haiek eninduen ikusi hasieran ta plazerretan segi zuen iji eta aja, zurrupadura, muxu ta laztan, harrituta beida ni. Halako baten, haien arten Dultze ezautu ta Malenengatik galdetu nion. Eztakit ze oihartzun in zun nere hitzak. Nere lekuz kanpoko ahotsak eszena osoa moztu zun ta beida geatu zitzaizkiten denak, bost o sei izango zien. Maindire azpitik Malenek burue atera ta harriduta beidatu zitenen gogortuta geatu nitzen. Eozer neuken itea. Baita norbait hil e igual. Neoni re igual bai. Hortxe, nere iluntasunen zoko izkutunetan ibili nitzen hitzik merezi eztuen sentsazion zurrunbilon, barne-leherketa bizin. Haik ondo zeuden, ni ez. Argie jun zitzaiten, argie jun zan.