Estekak
Estekak
Yolanda Arrieta Malaxetxebarria

ETXARRI-ARANATZ
 

 

BASURDEARENA

 

Basurde emea basoan barrena doa, belarriak tente, burua tenteago.

        Ohiko jaka ilun eta takarra darama soinean, betortzak bistan, ibilera zalua. Hostogalkorrak zapalduz doa, nola filmetako izarra alfonbra gorrian. Bere lurraldean dago. Basoa du etxe, Basoa du auzo, Basoa du herri, Basoa du bide eta ihesbide. Denboraren hasieratik dago bertan; larruz eta haragiz mudatu da soilik.

        Basurdeak, emea izaki, tinko begiratu dio bidaiariari, haren emetasun eta bakantasunaz harrituta. Ar handiak dira soilik bakarka dabiltzanak basoan. Basurde-amak eta kumeak, beti elkarrekin.

        Basurde emeak une batez pentsatu du izaki ezezagunarengana hurbiltzea: “Zer usain ote dauka?”. Eguna urratzear dago, ordea, eta azkar itzuli behar du etxera kumeei kasu egitera. Ahizpekin igaro du gaua. Mugaraino joan dira, sarraskirik ote dagoen behatzera eta ohiko jana jaso dute bidean: erroak, ezkurrak, onddoak… Lehen argi-izpiak irten orduko zorroztu dituzte betortzak zuhaitz enbor banatan eta etxerantz abiatu dira; bata ezkerrerantz, bestea eskuinerantz.

        Ahizpa agurtzeaz bat izan da. “Zer da hor dagoena?”. Hura agurtu eta bestea agertu. Ño!

        Elkarri begira geratu dira. Ezin asmatu nor izuago. Bidaiariak poltsikoan daraman barratxo energetikoa jaurti dio, gaineko papera kentzeko astirik gabe, amaren esana gogoan: “Zu lagun agertu beti”.

        Batak jaurti eta besteak jaso. Ño! Graust! Bapo!

        Kurrin-kurrin bikoitz batekin gorde da sasitzan basurde emea.

        Ondoko enborrean harraskatu du bizkarra bidaiariak, betortzak mihiaz igurtzi bitartean.

        Hasieran da berriro.