Estekak
Estekak
Yolanda Arrieta Malaxetxebarria

ETXARRI-ARANATZ
 

 

URRATSEAN

 

Dzaust-dzaust grabatu du grabagailuak, nahiz eta tipi-tapa iradoki euskara estandarrak. Bidexka ezezagunak herri ezezagunera narama, ez dakit non dagoen kartelak aurkeztu didan parajea. Zapalduz noa lurra, bihotzaren erritmora. Triangelu formako muin handiak babesten nau atzetik. Aurreko bidezidorra kremailera itxi bat da larre berdeen zabalean. Baxaten nagoela dio ezkerreko harriak. Baxate, “basaren ate”? Baliteke. Bada ura hemen, hezetasun epela sumatzen dut azalean.

        Tipi-tapa, dzaust-dzaust, ezezaguna ezagun bihurtuz doakit urratsen taupadan. Trena eta ibaia aditzen ditut, lehian; orain suge, orain marra. Eltxoak dantzan datozkit, haizearen firin-faran. Han ortu bat, hemen txabola bat, armonia onean eraikia dago ingurua, agidanean. Mendez mende estekatutako zaindari-lana atzematen dut airean; aurrekoen ekin isila, musukorik gabeko sudur-zuloetan barna. Atzean geratu zait herria, diseinu askean jasotako etxeak, premien premisan lotutako kaleak, erdiguneko plaza luzanga.

        Tipi-tapa, dzaust-dzaust, oinak eta hatsa bat datoz. Haranaren luzerari atxiki natzaio, gorputz, zentzu eta arima. Haietako bat naiz orain: ahizpa, arreba, ama, iloba, alaba.

        Tipi-tapa, dzaust-dzaust. Basoak irentsi du trena, burrundaran. Txorien ezkontide egin da, doanaren abiadan. Eguzki arrosa erne da hango magalean. Txabola itxiek lotan jarraitzen dute horko maldan. Ahuntz-familia bat gosaltzera atera da belartzara. Ku-ku egin dit kukuak eta ez daramat txanponik patrikan. Zuhaitzek adarrak jaitsi dituzte ondotik pasatzean. Eguzki-irradak zizt egin du hango ertz hartan.

        Goizeko zazpiak, osteguna, ekainaren hirua.

        Tipi-tapa, dzaust-dzaust, denborari sakaka, Sakanan.