Estekak
Estekak
Yolanda Arrieta Malaxetxebarria

ETXARRI-ARANATZ
 

 

AITUNEN SEME

 

Harriak eta belarrak mintzo ziren garaian nago. Joxemiel Barandiaranen hezurrek hitz egin didate eta Joxe Arratibelen ipuinetako pertsonaia ezagunenarekin egon naiz hizketan. Eta orain, Tasio ere bertan?

        —Behetik gora, eta poliki, gauza guztiak bezala —dio silueta makurrak.

        Gazteak baiezko txikia egiten du buruaz, hiruhortza eskuan duela.

        —Enbor lodienak azpian beti. Gero, tiki-taka, zenbat eta gorago, hainbat eta meheagoak.

        Batak esan eta besteak egin.

        —Kea seinale ona duk beti —dio xaharrak—. Goitik hartuko dik arnasa baina zulotxoak egingo ditiagu han eta hemen.

        Entzundako eran egiten ditu zuloak gazteak, hemen eta hor.

        —Ea, esan ezak dena berriro, aitunak entzuteko.

        Mutikoak doministiku egin eta eskuaz igurzten ditu sudur-zuloak, marka zuri bat utziz kezko aurpegian.

        —Enbor lodiak behean eta gainean gero eta meheagoak —dio, tirtirin, zereginari utzi gabe—. Kanpoaldean egurrik meheenak. Ardatza erdian. Belarrez eta orbelez estali guztia. Eta gainetik lurra bota. Barruko egurra egosi bitartean, zuloak zaindu. Hortik elikatu sua, egurrak sartuz. Kearen kolorea iluntzen denean prest dago egur-ikatza.

        Xaharrak burua mugitzen du goitik behera, baietz.

        —Kuanto! —umearen txapel gainean pausatzen du eskuin eskua.

        Hirugarren silueta sartzen da eszenan. Txondorgile xaharraren ondotik doa, ikatzaren koloreko trajea jantzita. Ezkerreko sorbalda ukitzen dio, eta pago artean ezkutatu, kapa luzea tatarrez duela. Aitona xaharrak burua astintzen dio ilobari, ostera ere, eta kapa-luzearen atzetik doa, bi oin eta makila. Bide erdian biratzen du burua atzerantz, iloba agurtzeko.

        Agurra itzultzen dio ilobak buruaz, eta hiruhortzarekin meta ketsua astintzen jarraitzen du.

        Bideari heltzen diot; pausoa isil, bihotza lanbro.