Estekak
Estekak
Yolanda Arrieta Malaxetxebarria

ETXARRI-ARANATZ
 

 

EUSKARAREN MARIAK

 

Burua jantzita darama, gorputza bete. Oinek kalea ukitu orduko, ordea, bestelako oinetakoak behar dituela konturatu da. Atzo medikura joan zen; gaur, paper-kontuetara. Halakoetarako, nahitaezkoak dira besteak: “Unibertsalak”.

        Etxekoak erantzi eta unibertsaltzat hartzen direnak jantzi zituen atzo. Eta baita gaur ere. Halabeharrez. Batzuetan aldatzen ditu mandatua egin ondoren, baina aldean uzten ditu askotan, nekeza baita beti oinetakoak janzten eta eranzten ibiltzea.

        Etxean entzuna dauka urteekin areagotzen joan den ohitura dela. Bizimoduari aurre egin beharra zegoenez, oinetako unibertsalak erabiltzen hasi ziren; etxeko ukituarekin baina lokarri estatalarekin, halakoekin errazagoa zelako bai lantegietan sartzea bai bezero unibertsalei kasu egitea.

        Mari Euskarak badaki nor den eta nondik datorren. Badaki etxetik datorkiola izena eta izenak egiten duela etxea. Urteekin izen berriak etorri dira auzora eta auzoa oin eta oinetako berriz osatu da. Oin berriak, oinetako berriak eta lanpas berriak atarietan. Jatorrizko oinetakoekin hurbildu ohi da etorri berriak agurtzera eta haien oinetakoak jantzita itzuli izan da etxera.

        Aitortzen du hainbeste oinetakorekin askotan zaila egiten zaiola goizetan bereak aurkitzea. Ondorioz, zorabiatuta sentitzen dela eta behin baino gehiagotan aurkitu izan dela galduta eta noraezean.

        Etxeko txikiendako oinetako txikiak egiten ditu etxeko marka iraunarazteko. Ekin eta jarrai. Jo eta ke. Dale fuego. Halaxe ari da kideekin batera jaioberri guztientzat ez ezik nerabe eta gazte guztiendako ere oinetako etxekoiak egiten, gau eta egun, astegun eta domeka, lehia unibertsalaren akuilupean.

        Eskaintza zabala lortu dute baina kanpokoa beti da ozenagoa eta distiratsuagoa. Oinetako unibertsalak berez iristen dira etxeetara eta edozein oinetara egokitzen dira, aurretik probatu beharrik gabe. Merkeak dira, erosoak dira, munduko sentiarazten zaituzte.

        Mari Euskarak deitura aldatu izan du askotan: Euskara Mari. Hitz-truke txiki bat, marketin gisa. Ez du aldaketa nabarmenik eragin.

        Hori bai, izan Mari Euskara, izan Euskara Mari, gauza bat dauka argi: milaka jarraitzaile dituela, alegia, ez dagoela bakarrik.

        Ez du etsitzen. Etxeko oinetakoekin jarraitzen du munduan barna, motxilan pare bat zapata-pare unibertsal gordeta.

        Etxera itzultzen den bakoitzean, ganbarara jo ohi du izarrekin batera modelo berriak ideatzera. Badaki goian gordetzen direla diseinu sortu gabeak. Badaki halakoen bila dabiltzala hainbat lagun, oinutsik, etxe inguruetan nahiz mundu zabalean. Beraz, badaki etxetik jarraitu behar duela sortzen. Haientzat eta bertokoentzat.

        Nitik gura eta geuretik mundura.

        Etenik gabe.