Etxe ikusezinean
Etxe ikusezinean
Sarai Robles

ONDARROA-BERRIATUA
 

 

Denboran atzera II

 

        Urteek aurrera egin ahala, hanka bat Berriatuan eta bestea Ondarroan edukitzen ikasi zuen Ametsek. Herri bakarrean, batzuetan, bi herri kabitzen zirela jakin zuen; edo Ondarroa bakarrean bi Ondarroa zeudela, bestela esanda: bi mendi talde, bi dantza talde, bi danborrada, bi errutina kolektibo. Bikoiztasun horretan, Igonek ongi aukeratua zuen zein aldetan kokatu; hasieran etxetik jasoa zena, hautu bilakatu zuen kozkortu ahala.

        Herria ikusteko modu berezia zeukan Igonek: dena jakin nahi zuen iraganaz eta orainaz, eta aldatu beharrekoen zantzuak topatzen zituen kale izkina guztietan. Txikitan fikziozko istorioen eszenatoki bihurtutako toki eta uneei bizitza errealeko esanahia bilatzen zien, eta emozioz beterik kontatu ohi zizkion deskubrimenduok lagunari: Amets, gogoan duzu behin kableatu batetik bandera bat azaldu zela zintzilik? Ezetz asmatu zeinek jarria zen! Iritziak iritzi soiletik haragoko zerbait bihurtzen zituen, mundua inork baino beltzago ikusita ere baikortasuna mantentzeko adinako arrazoi eta sentimendu. Institutuko ikasle talde eta asanbladetan murgildu ahala hasi zen bidegabekeriez eta utopiez hizketan. Gaztetxeko zutabeetako bat bilakatu zen berehala, eta emakume taldeetan antolatzera pasa zen gero. Amets bere ondoko bidaidea izatera mugatu zen gehienetan: asteburuetan antolatutako elkarretaratze eta manifestazioetara elkarrekin joan ohi ziren, auzolanean laguntzen zuen eta noizbehinka Igoneren lagun berriekin tragoak hartzen hasi zen, Izaro, Endika… bere lagunak ere bihurtzeraino. Distantzia apur batekin begiratzen zion militantziaren munduari hala ere, etxean ongi ikusiko ez zutela bazekien eta. Baina Igone ederki moldatzen zen haien arteko zubi lanetan.

        Pixkanaka, informazio iturri konstantea zen hura idortzen joan zen: asanblada eta bilkura guztien nondik norakoak kontatu ohi zizkiona, bilera batean egona zela aipatzera mugatu zen. Bidaide papera utzita, Amets mundu ezezagun horren kanpoko helduleku bilakatu zen lagunarentzat. Askotan, ongi ulertzen ez zituen gauzengatik kontsolatu beharrean topatu zuen bere burua. Behin, adibidez, Igoneren bila joan zen arraun entrenamendua bukatzean, eta Parte Zaharreko taberna batean trago bat hartzea erabaki zuten. Sartu eta berehala, kamareroaren eta Igoneren arteko begirada dantza hasi zen: batek eskuinaldea aurpegi serioz seinalatu begiekin, besteak buruarekin baiezko keinu sotila egin. Barraren ertzeko gizon edadetuak imintzio berezia egin zuen eskuarekin. Bekainak igo zituzten orduan, eta Ametsek ez zuen asmatu harriduraz edo kezkagatik ote zen. Igone belarrira gerturatu zitzaion, eta beste tabernaren batera joatea proposatu zion. Baina zergatik? Igoneren begi berdeak kliska egin gabe zituen bereei so, eta ahots ia entzunezinarekin labur-labur esan zion: txakurrak. Ondoko tabernako mahaian eseri zirenean, nekea sumatu zuen Igoneren begietan, bera axolagabe plantak egiten ahalegindu bazen ere.

        Institutu garaia atzean utzi zuten eta, bidegabekeriez hizketan hainbestetan entzuteagatik edo, Ametsek Bilbon zuzenbidea ikastea erabaki zuen, egunero haraino autobusa hartuta. Igonek ez zuen unibertsitatera joateko asmorik, eta zaintzaile izateko ikasketak hasi zituen eskualdean bertan. Hala ere, denbora luzeagoa ematen zuen historia liburu eta gisakoetan murgilduta, bere klaseko apunteetan baino.

        Biak herrian egonda ere, haien egunerokoa izugarri aldatu zen etapa berriaren hasierarekin batera. Egunero elkarrekin egotetik, asteburuetan eta aste barruko iluntze solte batzuetan elkar ikustera pasa ziren. Ezin esan erraza izan zenik, baina karrerak iraun zituen bost urteetan horretara ere ohitu ziren. Euren bideek noranzko ezberdinak hartuko zituztela ematen zuenean, Ametsek sekula aurreikusiko ez lukeena gertatu zen:

        Igone agertu zen Berriatuko etxearen parera. Gaua zen eta negu hotza ari zuen kalean. Etxera sartzeko esan zion Ametsek, baina berak ezetz, paseoan joan nahi zuela. Begiak gorri-gorri zituen.

        Txamarra hartu eta harengana joan zen Amets. Pauso motelez ekin zioten herria zeharkatzeari, pilotalekuaren atzeko aldean zegoen Txile plazara heldu ziren arte. Plaza txikia zen, baina goxoki bildua eta lasai esertzeko aproposa. Gauaren isiltasunak haien ahotsak lau haizeetara zabalduta ere, hitz egindakoa inork entzungo ez zuela sentiarazten zien toki horrek. Iturri txiki bat zegoen plazaren erdian, metal ura ematen zuena. Igonek begiak garbitu zituen bertako urarekin.

        Barruak eztanda egin zion orduan. Bakarrizketa urdurian eta negar isilean hasi zen, begiak lurrean iltzatuta, arnasestuek esaldi oro behin edo bitan mozten ziotelarik.

        —Etxeko giroa erabat gaiztotua dago aspaldian. Gurasoek bereiztea erabaki dute. Aspalditik igartzen nuen hala gertatuko zela, ez dakit zergatik ez dizudan lehenago kontatu. Baina bueno, jada ofiziala da.

        Ametsek eskua bizkarrean jarri zion, eta erortzen zitzaizkion kizkurrak emeki laztantzen hasi zen, txintik esan eta lagunarengandik begiak itzuli gabe. Ez zuen inoiz hain egoera zaurgarrian ikusi.

        —Kontua da ohartzerako herri osoak izan duela honen berri. Aurrekoan ama ogia erostera joan eta zeharo haserre itzuli zen etxera, okindegian denek pena aurpegiz begiratu ziotelako. Eta ama akituta dago. Ziur nago Andonik ere badakiela, agian kontatuko zizula pentsatu dut.

        Arnasa pixka bat lasaitu zitzaion, eta etenaldi laburra egin zuen bere kontakizunean. Ametsek mutu segitzen zuen, laguna erabat hustu zedin zain.

        —Bi aste barru aita itsasora doa. Eta amak hilabete batzuk kanpoan ematea proposatu dit. Biok elkarrekin. Pariseko senideengana joatea pentsatu du, edo beste edonora. Kontua hemendik alde egitea da, denbora batez behintzat.

        —Eta zuk zer esan diozu?

        —Oraindik ez diot erantzunik eman. Baina hilabeteak dira polizia oso gainean sumatzen dudala. Hau ere ez dizut inoiz esan. Ez dakit zenbateraino diren neure paranoiak edo hala den benetan. Batzuetan sekulako itolarria sartzen zait. Baina ez dut bizitza Ondarroatik kanpo irudikatzen.

        Begirada lurretik altxatu eta Ametsengana itzuli zen.

        —Esan didazunagatik… uste dut ongi etorriko litzaizukeela herritik kanpo ematea hilabete batzuk. Egoera pixka bat lasaitu arte, behintzat. Joateak ez du itzuliko ez zarenik esan nahi, eta benetan inporta duten gauzak ez dira aldatuko denbora batez Parisen egoteagatik.

        Malko potoloak erortzen zitzaizkion masailean behera. Ametsek bazekien erabakia hartua zuela, baina gauzatzeko ausardia falta zitzaiola une horretan. Lehenengo aldia zen Igone ausardia kontuetan laguntzeko gai zena.

        —Egia esan, ni ere antzeko zerbaiti bueltaka ibili naiz azkenaldian. Karrera bukaerako praktikaldia Madrilen egiteko aukera sortu zait. Zigor zuzenbideko bulego garrantzitsu batean da, pila bat ikasiko nuke. Lehen ez nekien zer esan baina, zu ere kanpora joango bazina, baiezkoa emateko zalantzarik ez nuke izango. Itun antzeko bat egin genezake; praktikaldia sei hilabetekoa da. Horren ostean bai ala bai bueltatuko nintzateke. Zuk ere berdina egin zenezake… Zer iruditzen zaizu?

        Igone isilik geratu zen minutu eternal batez. Azkenean, ahots mehe ahulez esan zuen: ados. Elkar besarkatu zuten eta halaxe egon ziren tarte luze batez, haien berokiei burla egiten zien hotzari entzungor.

        —Sei hilabete. Gero biak itzuliko gara.

        Hala ekin zioten atzerriko abentura banari. Ametsentzat, ordea, Euskal Herriko bizitzaren barruko parentesi bat baino askoz gehiago bihurtu zen Madrileko praktikaldia. Mundu berri baten ateak zabaldu izanaren sentipena zuen: ordura arte izandako lotura guztien kontzientzia hartu zuen, bere izaerari eta nahiei jarritako muga eta baldintza guztiena. Bulegoan, bidegabekeriaren kontzeptua erdi ahaztu eta erronka juridikoek bereganatu zuten bere arreta osoa: legeei eta jurisprudentziari nahi bezalako zirrikituak bilatzen eman zituen goiz eta arratsaldeak, bere burua Madrileko auzitegietako gela handietan irudikatzen zuen, eta instrukzio bideen zein poliziaren ikerketa moduen nondik norako guztiek pizten zioten interesa. Edozer gerta litekeela ikasi zuen, errealitateak edozein nobela beltzetako fikzioa gainditu zezakeela. Bulegotik irtetean, sekula imajinatuko ez lituzkeen eszenak topa zitzakeen gauero. Astero maitasun eta zaletasun berri bat aukeratu zezakeen, eta inork ez zuen bere inguruko zurrumurrurik zabalduko. Edo, zabalduta ere, bera ez zen enteratuko. Paradisu hutsa.

        Praktikaldia luzatzeko proposamena egin ziotenean, beraz, bitan pentsatu gabe onartu zuen. Hasieran Igonerekin egindako itunak lo aurreko minutuak aztoratzen bazizkion ere, hura hautsi izanak ez zion deskantsurik galarazten. Ordura arte noizbehinkako deiak eta mezu trukaketak mantendu zituen bai familiarekin, bai Lea-Artibaiko lagunekin; baina pixkanaka harremanok zaintzeari utzi zion. Gurasoak astean behin deitzen hasi zen, asko jota. Lagunen gutunak ez erantzuteko hautu inkontzientea egin zuen gero, harik eta haiek ere idazteari utzi zioten arte. Igonek bidalitako azken gutunak ez zituen zabaldu ere egin. Laneko estresaren aitzakiarekin arduragabetzen zuen bere burua. Orduan ez zen guztiz jabetu, baina berekoikeria handiz eman zion bizkarra bere betiko mundutxoari. Lehengusua zen maiztasunez deitzen eta kontaktatzen zuen pertsona bakarra, Madrilen egonda benetan falta botatzen zuena.

        Pare bat urtetan, praktiketako bekaduna izatetik bulegoko plantilla finkoaren parte izatera igaro zen. Eraztun bat oparitu zioten bere engaiamenduaren sinbolo modura, bulegoko aspaldiko ohiturak markatu gisan. Eta eraztun hori ez zuen ordutik kendu.

        Igaro ziren, beraz, sei hilabete. Eta beste sei. Eta horren ostean, beste sei…