Etxe ikusezinean
Etxe ikusezinean
Sarai Robles

ONDARROA-BERRIATUA
 

 

Kondairak

 

        Aitak kafea bukatua zuen Amets sukaldera sartu zenerako. Goizean goiz egurra jotzera joateko asmoa zuen.

        —Zuk zer egingo duzu gaur?

        —Ba, amak nahiko balu, hondartzara joan gintezkeela pentsatu dut.

        —Aaa… Berriatuko hondartzara, e?

        Aita barrezka hasi zen. Egun Ondarroako hondartza dena, Berriatuko lurrak izan ziren aspaldian, eta aitak sarri egiten zuen horri lotutako txisterik. Gauza batzuk ez ziren aldatu.

        Ama txabusina fina gerrialdean lotzen ari zela etorri zen. Elkarrekin gosaltzen hasi ziren, bezperako jokaera bertsuak errepikatuz ia-ia: ogi txigortua, gurina, madari batzuk eta kafea katilutan. Hondartzarako proposamena bota zion, baina, gogorik ez zuela-eta, atzera bota zuen.

        —Etxean geratuko gara ba. Madriletik ekarritakoak txukuntzeko ere balioko dit.

        Hizketaldi atseginean hasi ziren biak, baina amak aurpegira begiratzen ez ziola ohartu zen Amets. Bere hitzei eta begiei erdi ihesean zebilela iruditu zitzaion. Herria aldatu xamar sumatzen zuela esan zion. Egunero ikusten denari aldaketa handiak igartzea zaila dela aitortu zuen berak, baina ulertzen zuela zioena: etxalde batzuk desagertzear zeuden, eta auzo berriak eraiki ziren azken urteetan, plaza zabal hormigoidunak eta guzti.

        —Zeure haurtzaroko herriarekin alderatuz gero, ederki aldatuta egongo da, ala?

        Jakina den zerbait esateagatik edo, amak baiezko soinu lehorrarekin erantzun zion. Ametsi, baina, tira egiteko hari-mutur aski interesgarria iruditu zitzaion amaren haurtzaroarena, buruari eragin ziezaion aitzakia ona eskaintzen zuena. Garai hartako kontuak kontatzeko eskatu zion, goizeko bederatziak izateko soberako grinarekin.

        Ama bere ogi txigortuari begira geratu zen une batez. Zaila zen gogo gabetua ala deseroso ote zegoen asmatzea.

        —Kontatu dizut inoiz Madalenako pozura joan ginenekoa?

        Hamaika aldiz entzundako istorioa zen, noski; Amets ere pasadizoa hasi eta buka kontatzeko gai zatekeen, eta ezin zuen sinetsi amak hori ez jakitea. Ezetz erantzun zion.

        —Ez?... Ba… zortzi urte edo izango genituen. Madalena auzoaren atzeko aldean dagoen bidetik gora eginda heldu ginen putzura, zuhaitz handi eta zarbatsuen artetik pasata. Gogoan duzu tokia nolakoa den, ezta? Kobazulo baten ahoaren antza dauka, ia-ia. Eskumuturrean min hartu nuen egun batzuk lehenago eta, ohiturak agindu moduan, oihal zati bat putzuko uretan murgildu nuen, mindutako azalean jarri eta azkarrago sendatu zedin. Bat-batean, txoritxo baten txio-txioa entzun genuen, intziri ahul baten antzekoa. Eta hantxe agertu zen, putzuaren pareta baten ondoan, zauritutako txori txiki-txikia. Hanka hautsita zuen, gizarajoak. Hala iruditu zitzaigun guri. Orduan, eskumuturrean jarritako oihala erantzi eta txoritxoa harekin biltzea erabaki nuen, etxeraino halaxe eramateko. Herrira jaitsi ginenean, gurasoek galdetu zidaten ea oraindik mina ote nuen; eta orduantxe ohartu nintzen ezetz! Eskumuturraz oroitu ere egin gabe ibili nuela bueltako bide osoa. Txoritxoa erakustera joan nintzenean, ordea, oihal artean hilda topatu nuen.

        Ama infantilizatzetik gertuegi zegoen harridura aurpegia jarri zuen Ametsek hark kontakizuna bukatutakoan. Goiza deskantsatzeko har zezala esan zion gero, bera arduratuko zela bazkariaz eta etxeko bestelako lanez.

        Liburu-dendan arratsalde lasaia eman zuen, Madrileko estres mailarekin alderatuta jardun atsegina baitzen bertan egin beharrekoa. Bezerorik gabeko tartetxo batean, polizia-nobelak gordetzen zituen apalera gerturatu eta pare bat aukeratu zituen. Bizitza errealean gertatzen diren kasuekin zerikusirik izango ez zutela bazekien, baina burua zigor-zuzenbidetik guztiz aldendu ez zezan agian balioko zuten irakurgaiok.

        Lanaldia bukatzean Musika Plazara abiatu zen, bezperan Izarorekin adostu bezala. Haiek jada bertan egotea espero zuen, ez zuelako jendez betetako terrazaren erdian zain egon nahi. Harri gris ilunez egindako plaza handia zen, herriko frontoiaren atzealdean zabaltzen zena. Oholtza txikia zuen eskuineko aldean, eta arkupe xumeak taberna bat gordetzen zuen haren atzean. Ongi gogoan zuen, txikitan askotan ibilia baitzen bertan jolasean. Plazarako sarreraren pareko etxea aspaldi ezagutu bezala zegoen: egurrezko barandadun balkoiak, laukizuzen formako leihoak, eta arropa garbiak alderik alde eskegita haren pisu guztietan. Hara heldu zen eta, bere poztasunerako, Izaro eta Endika bistaratu zituen oholtza ondoko mahaietako batean eserita. Haiengana abiatu zen zuzenean.

        Derrigorrezko besarkada, muxu eta galderen ostean, trago bat eskatzera joan zen arkupeko tabernako barrara. Endikak kopa bat ardo zuri hartzeko galdegin zion, eta berarentzat berdina hartu zuen Ametsek. Horma-irudiz betetako taberna zen hura, sabaitik argimutil dotorea zintzilik zuena. Inguruak landarez apainduta, halako kutsu bohemioa eta alternatiboa zuen. Bi kopak eskuetan itzuli zen mahairaino, inguruko mahaietan eserita zegoen jendearekin begiradarik ez gurutzatzeko ahalegin kontzientea eginez. Eseri eta lagunei begira geratu zen, irribarretsu, baina hizketaldia nondik hasi ez zekiela.

        —Igone beranduago etorriko da.

        Ea zertan zebiltzan galdetu zien orduan. Izaro psikologo lanetan ari zen eskualdeko kontsulta pribatu batean, eta Endikak irakasle moduan emanak zituen azken urteak. Berak ere Madrilez pare bat hitz egin zituen. Ordubete inguru igaro zuten azaleko elkarrizketetan.

        —Ei, begira nor datorren.

        Endikak eskuarekin agurtu zuen urrunetik hurbiltzen ari zen neska, baina Ametsek ez zion ezagutzen zuen inoren antzik hartu. Izarori ahopean galdetu zion ea gazte garaiko inor ote zen, eta sinesgogortasuna aditzera ematen zuen barre algararekin erantzun zuen berak. Igone zen.

        Bihotza lehertzear sentitu zuen, haren taupadak ia belarri barruetan ere nabaritu zitzakeen. Igoneri irribarre lasaia eskaintzen ahalegindu zen, baina masaileko giharrek ez zioten behar bezalako kasurik egiten. Igone hiru lagunengana heldu eta zutik geratu zen, mahai gaineko edalontziei begira.

        —Ez dakit zer hartu edateko. Zuk muztioa duzu, Izaro? A, eta aspaldiko, bide batez.

        Begia kliskatu zuen zutik egoteak eskaintzen zion talaiatik.

        —Aspaldiko, bai. Dena ondo?

        —Eskatzera noa, orain hitz egingo dugu.

        Eta beste ezer esan gabe desagertu zen terrazako jende artean. Endikak eta Izarok ez zuten gertatutakoa ulertzen, eta halaxe jakinarazi zioten Ametsi. Zer izan da hori? Zer gertatu da zuen artean?

        Ez zekiela erantzun zien, zeinen deseroso zegoen disimulatu nahian. Egia bestelakoa zen, ordea: Igonek berarekin haserre egoteko arrazoiak zituen, eta urteen joanak herra baretu ez ziola zirudien. Aitortu ez bazuen ere, kezka horrekin agertu zen lagunen juntadizora; baina orain beste zerbaitek erasaten zizkion erraiak.

        Igone kopa bete ardo beltz hartuta itzuli eta ezer esan gabe eseri zen. Hankak katu baten dotoreziarekin gurutzatu zituen eta ardoari trago bat eman zion. Amets berari begira-begira zegoen. Ile liso eta motza zeukan, sudur borobila eta ezpain lodiak. Begirada Musika Plazako punturen batean galduta zuen, eta tragoa edaterakoan ere ez zituen begiak mugitu.

        Nerbioak baretu ez eta eskuetan hotza nabaritzen hasi zen, Madrilen ikusitako hamarnaka kasu burutik pasatzen zitzaizkion bitartean. Susmo bat sortzen ari zitzaion sabelean. Eseri berriaren ahotsak ekarri zuen terrazara bueltan:

        —Beno, zer? Zer moduzkoa izan da itzulera?

        Bisigu batenak ziruditen bi begi zituen paretik berari so, bi zulo ilun ezezaguna zitzaion aurpegi batean. Begi marroiak ziren, zalantzarik gabe.

        —Ona. Neure burua kokatzen ari naiz oraindik, baina ezin naiz kexatu.

        Ametsen bihotz taupadak segundoro bizkortzen zihoazen. Endika eta Izarori begiratu azkarra bota zien, taupaden hotsa entzuteko gai izango zirela iruditu zitzaion eta. Susmoa nabaritzen zuen hesteetan korapilatzen. Hura ez zen Igone.