Gauak zuri Usurbilen
Gauak zuri Usurbilen
Itxaro Borda

USURBIL
 

 

LAUGARREN GAUA

 

Frontalekin argitzen genuen bidea. Ilargiak ere laguntzen gintuen. Ez ginen galduko. Nadia hitzordura jin zen, eta euskal pilotariek etb Kantxako elkarrizketetan zioten eran “ni pozik…” murmur nenbilen, urratsean, hitzik gabeko abesti bat ezpainetan. Nadiaren gibeletik. Hain ederra kausitzen nuen emakumearen siluetak zorabiatzen ninduen, neukan zorteaz konturatzea bera zail zitzaidala: zer zuen, gauez gau, leku inproblable horietara nirekin etortzeko? Aitorrek txoke emozional egoeran utzi al zuen? Arriskuan zegoela iruditzen zitzaidan, Aitorren agerpena espero zuelako eta ez zelako sekula itzuliko. Amodio eternalean sinestea… bai, baiki, baina jakin behar zen urrezko liburu horren orrialdeak inguratzen, kapitulu berriak idazteko.

        —Zer egin duzu egun?

        —Lo, lo egin dut. Ez nintzen ohetik altxatzen ahal. Pentsioko leihoko pertsianen artetik eguzkia sartzen nekusan, kanpoko hotsak banaka izendatzen nituen eta mundua errautsiko ez zela ondorioztatzen nuenean, estaliaren azpira biribilkatzen nintzen, haur denborako Errusia zaharreko argitasun beilegiak irudikatzeko… Eta zu lanpetua ibili zara, ezta?

        —Bai eta ez.

        Erantzunaren arraroaz jabetu nintzen. Nola aterako nintzen zepo zital horretatik. Betekizunen zerrenda osatu nuen mentalki: ez nintzen gelditu. Hasteko, idazten ari nintzen artikuluari paragrafo bat gehitu nion, Patri jatetxean bazkaldu nintzen hegoaldeko orduan, papo bete bapo, eta arrats apalean, Santueneko ezker pareta urdinera lehiatu nintzen, pala eskuan, teniseko pilotarekin, hormaren kontra ene burua desafiatzeko eta ezkerra lantzeko. Ahantzi gabe, San Esteban karrikan gora zetozen ahizpa bizkiak agurtu nituela, biak berdin bezti… edo eguraldiaren arabera, bata gorriz eta bestea urdinez, alderantziz batzuetan.

        Andatza gailurrerako pista hartu genuen, Igartza Zabaleko arditegiaren aldamenetik. Sudur puntara lerratu zitzaidan izerdi ttantta idortu nuen behatz soilaz. Mugarri ikusgarri bat erakutsi nahi nion Nadiari, harri karratua, gurutzea, apezpiku makilen kako borobil zizelkatua zekarrena.

        —Erritual postmoderno baten ikurra da?

        —Ez —ihardetsi nion—, Erdi Aroan lur hauek Ibańetako abadeen ontasunak ziren, hemengo artzain, itzain, harri pikatzaile eta oihanzainei erabiltzeko deretxoa uzten zietela. Iragan lantsu baten aztarnetatik gabiltza. Denborak, jendeak, garaiak, debekuak, zilegiak eta sinesteak gurutzatzen dira Andatzan.

        Erreka xuxurlari baten ohantzetik aitzinatzen ginen. Astiro. Harri borobil handi bat bazen gure oinetan: errotarria zen, mazela hauetan, Euskal Herriko eiheretako, ogi, zekale, gari eta artatxiki bihien ehotzeko behereko eta goiko harriak ebakitzen zirelako. Zuhaitz eta iratzeen artetik, oihuak, manuak, laidoak hautematen genituen. Gizon multzoak baziren burdin barrak ahurretan, harriari kolpeka, ezpalak inguruan barreiatzen zitzaizkiela. Pitxerrak hegalda zebiltzan, ahotik ahora eta sagardo hartzituaren gustuak sabaiak pizten zituen, langileen arteko bulkadak areagotuz. Harrobiko atean, orgak zain zeuden, errotarri horiek guztiak Aginagako Mapileko portura eramateko. Historia ezaguna. Tupustean, aurrean genuen haserre, Joanes Etxebeste harri pikatzaileen nagusia:

        —Debekatua da hemen sartzea!!!

        Arropa luze urdinez jantzi andere bat azaldu zen jaunaren ezkerretik, koroa buruan eta behatz guztietan urrezko eta zilarrezko eraztunak zeramazkiela. Nadiak atzera egin zuen. Haren gibelean gorde nintzen:

        —Maria Riezta naiz, Oriokoa, lur hau Ibańetako apez nagusi zekenek ene esku utzi zuten. Tratu ona egin nuen: erabilpenaren emaitzak enetzat, bai eta ekoizten diren errotarriak.

        Joanes Etxebeste eta Maria Riezta, bata besteaz fidagaitz egon ziren, begirada beltzak trukatuz. Nadia ikaraz sumatzen nuen. Giroa gaiztotzen ari zen. Lekutu behar genuen, ahalik lasterren. Alde egin genuen, pentoka etsai, behialako pistara heldu asmoz, izate larderiatsuen harotik urrun. Lehenagoko jendea latza zen gero, bortitza, kaskagogorra, odol beroa, bizitorea, hitza hitz eta kolpea kolpe zeuzkana. Lainotu ginen, batzuek zibilizatu lerrakete. Trakets erabiltzen genuen aditz trinkoa zen harrizko mende haietako gure ondasun bakarra. Pentsamenduak, algara zozoa eragin zidan, kontrolatu ez nuena.

        Gurutze zurira urratu genuen, izar ihintzak busti belar, asun, sasi eta iratzeen artetik sigi-saga zihoan bidexkan gora. Ilargiaren kliska konplizeak hartzen genituen arbolen artetik. Gauaren bakea hunkigarria zen. Nadiaren hatsa sustatzaile neukan. Oihanetik atera ginenean, kobalto koloreko zeruaren zabalerak irentsi gintuen. Piztia mineral baten haginetara erori ginen.

        —Bertikaltasunaren zirrara.

        —Horrelakoak gara —sententziatu zuen nirekin zebilen emakume distiratsuak—, horizontalean bizi gara, bertikaltasun ametsez. Hurbildu arau, horizontea preseski, urruntzen zaigu, ispilatzea bailitzan, gure barne-dudez harago haiatu nahi bagintu bezala.

        —Nondik daukazu zuhurtzia hori?

        —Goian gara… Begira hantxe, seinale geodesikoa, antenen haga, ikurrina eta beherean aterpea.

        Nadiak batzuetan ez zuen nire galderei arraposturik ematen. Elearen norantza trakestea gustatzen zitzaion. Une hartan, menturaz, ehortzi berri zuten bere amama zukeen gogoan. Banekien malenkonia eta tristura ximixta batek kiskali ziola garuna. Alaitzen saiatu nintzen:

        —Hemen ere errotarri bat dago... pixor putzu batean asfixiatu ziren bi anaien oroimenez. Baina, barkatu, ez da, beharbada, agerpenik egokiena zure beltzuriaren arintzeko…

        —Ez kezkatu niregatik. San Petersburgoko sinagogan amama zenari eskaini zioten kaddisharen testua igorri didate whatsappez. Entzun nahi duzu?

        —Sar gaitezen etxola horretan.

        Bekoz beko eman ginen. Nadiak otoitza irakurtzeari ekin zion. Bere penaren kide egiten ninduten hebreerazko kaligrafiaz idatzi hitzek. Nadiak itzulpena egiten zidan.

        —Otoitzak balio du bizidun bakoitzaren eta txikienaren sufrikarioen arintzeko, bereizi diren maitaleak berriz biltzeko, lurreko minen sendatzeko edo bekaizkeriatik eskuzabaltasunera pasatzeko...

        Kulunkaz salmodiatzen zuen pantailan hedatzen ari zen idazkia. Etorkizun madarikatuaren mehatxutik ihes zebilela iruditzen zitzaidan. Ez bide zen nirekin geratuko. Argi neukan. Baina, esperatzen jarraitzen nuen. Andatza gainean mirakulua egiazta zitekeen. Izarloka batek ortziaren sakona busti zuen bere zirristaz. Zortea ekarriko zidan.

        Zarpail beztitu neska eta mutiko taldeak haizatzen zuen urde tropa bat iragan zen txabolaren beheretik. Kurrinka eta sudur karranka elkorrek galarazi zuten Nadiaren amamaren aldeko kaddish izugarriaren terrenta partekatua. Lodikoteak ziren xerriak, ezkurrez eta lurpean musurika aurkitzen zituzten bihi eta fruitu mardoz haziak. Haur bihurriak korrika zebiltzan alderik alde, kitzika, txantxa eta laidoka. Umeekin batera Joanes Etxebeste harri pikatzaileen nagusia eta Maria Riezta oriotarra zetozen, erreminduak biak…

        Gau-txori baten auhena aditu genuen. Bisio plazentaren irudiak ezabatu ziren. Punta luzeko arbolaren hosto lerdenak inarrosten zituen haize meheak. Isiltasun pisuak gatibatu gintuen. Soineko zelulen arteko espazio zurbilak irekitzen zihoazkigun, galderarik egiten ez zen eremu ezezagunaren atarian. Infernua zen, edo paradisua, ez genekien. Andatza gaineko etxearen aizolbean ez ginen hain gaizki ere, solasean eta gorputz bien xalotasuna probesten. Azeria izan zitekeen abere sotil eta bizitoreak hutsunea trabesatu zuen. Non ziren bada behialako urdeak? Nora joan ziren Joanes Etxebeste eta Maria Riezta?

        Galderak holtz hegian zeuden zintzilik. Gau hartan, Andatzak sorgindua zirudien. Txalaparta soinu bat ozendu zen. Palanka eta pikotxa zorrotzei uztarturik bizi ziren errotarri ebakitzaileen hotsak zitezkeen. Danba, danba eta danba: joaldiek kaosetik bizitzara eramaten gintuzten, bihotzaren bentrikuluak eta haragi arrakala guztiak sentsazioz mukurutuz. Garrasia hauteman genuen eta berehala, laido kordela gordina: Zer gertatu zen? Nadiaren ahots sotila entzun nuen:

        —Zer pasatu da?

        Gizon zardai bat gureganatu zen.

        —Zizelkatzen ari nintzen errotarria hautsi zait, begia zulatzen ari nintzaion eta pikotx kaska azkarregia eman eta horra, harria lau puskatan apurtua! Oa gure maisua kexu gorrian jarriko da, gaztigatuko nau, kanporatuko… zor dizkidan errealak ordaindu gabe. Hobe dut eskapatzea, ez duzue uste?

        —Nora joango zara?

        —Zizurkil aldera jaitsiko naiz, gauak gauari, ea han lana aurkitzen dudan, familiaren hazteko. Emaztea, zortzi ume eta gurasoak batera bizi gara, Zubietako borda urrundu batean…

        —Zorte on.

        —Erraiozue ez nauzuela ikusi.

        Hitza eman genion. Errotarriak urre ontza parrasta balio zuen eta hausten baldin bazen, katastrofe iragarria zen denentzat. Gaur egungo bost mila euroko balioa zuten errotarriek eta jende franko aberasten zen lan gogor horrek ekartzen zituen eskubide, tasa, eta gainerako herri, eskualde eta errege zergak zirela medio. Ekonomia oso baten ardatza zen. Pikutara joan zenean, duela bi mende edo, horko harri-pikatzaile zohituek sortzen ari ziren fabriken bidea hartu zuten.

        Mendiaren begirunea handia zen, gure hausnarrak bideratzea lortzen zuelako. Inlandsisetik, taiga eta tundretan zehar, estepa eta desertu idorretaraino, ume-ontzi bero eta heze baten moduan, bizia baimentzen zigun zabalera genuen inguruan. Andatzak, euri egun errepikatuen ondotik, oihan tropikala zirudien, halako usaina zuen, bere baitako abere, txori, marmutxa eta lur azpiko herrestari kurruskari oldeak gerizatzen zituela. Munduan barna, ehun eta berrogeita hamar milioi autoktonok oihanetan ziharduten, lurreko bioaniztasunaren zati handienari babesa emanez. xx. mendean, planetako oihanen erdiak suntsitu zituen gizakiaren diru falangaren eraginak.

        Nire burutazioak irakurri al zituen Nadiak? Begiak ez zituen harrizkoak. Sentimenduak noizbait aitortuko zizkidala sinesten nuen. Istant hartan, horretara zihoala uste nuen. Entzumena zorroztu nuen.

        —Jaitsi beharko genuke ez?

        —Denbora badugu, Nadia. Argi zirrinta miretsi nahiko nuke zurekin.

        —Zure erromantizismoak galduko zaitu.

        Karkara mikatz batez askatu nintzen. Ez zen adierazpen eztien ordua. Bata bestearen sorbaldetan bermatuz, Andatza kaskoko etxolaren aska hertsitik altxatu eta ezkerretara lerratzen zen xendratik abiatu ginen maldan behera. Ez genuen frontalen premiarik. Ilunari ohituak ginen eta aski ongi ikusten genuen. Bidearen ertzean, trikuharri bat agertu zitzaigun, borobilean lurrean hedatu harriz osatua. Gelditu ginen. Bakoitzak gure aldetik, han edo hemen, arbaso lerroak berdegune nasai horretan ehortzi zirela pentsatu genuen.

        —Beharbada zure etxera etorriko naiz goiz honetan.

        —Zer diozu?

        —Entzun duzuna.

        Nire aldera bildu nuen, gorputzak beraien zoko-moko sinestezinetan kokatu arte, horretarako egokitu moldeak bailiran. Musua eman nion, luzea, beroa, mihiak gurutzatzeraino. Nadiaren ahoko tua enearekin nahasi zen, atsegin hitzemanaren alkimia bitxiaren gustua txertatuz. Aieru bat zen. Ezin ukatua. Gure laugarren gauaren amaieran ohe berean etzango ginen, hondarrean, azkenean, berantetsia nuen. Beldur nintzen ordea, Nadiaren proposamena ez ote zen nire garun sotilak sortzen zekien ikuskari bat gehiago.

        —Hor dugu Igartza Zabal baserria.

        —Bukatuko da gure bidaia.

        Erdi-lasterka, hatsa neurtuz, Urdaiaga auzoraino segitu genuen. So konplize batez troxatu nuen San Esteban elizako dorrea, zeinu-kolpeek Santueneko ene gauak bihikatzen zituztelako. Usurbil hor sortu zen, errioa beilatzen zuen muinoaren gainean. Biloak oihal zapi koloretsuz gordeak zituen emazte gazte batek deitu gintuen, arren haren hatzetatik ernatzeko, zerbait erakutsi behar zigula.

        Bihurgunez bihurgune leku berezi batera gidatu gintuen. Hogeita hamar bat andere zeuden, beltzez apainduak, apalik kantari, makinen hots arinek neurria jartzen zietela. Arbolek parez pare kurruskatzen zituzten horma gorakoiak, iratze, gorosti, belar alfer eta zuhaixkak ageri ziren denetan, mahaiak, ubideak eta zuntzak pilotetan biribilkatzeko lanean ari ziren emakumeak emokatuz. Gure gidak ahoa ireki zuen:

        —Ongi etorri Erroizpeko olara!

        —Zer da hau?

        —Zeta haria ekoizten genuen hemen... xix. mende bukaeran. Bazauzue? Emazteok igotzen ginen lerroan, goizero, Kalezarretik, Txikierditik, Aginagatik, Elizaldetik, Santuenetik, Txokoaldetik, Zubietatik, haurrak amekin utzirik… zaila zen baina harro geunden, garai hartan, zeta ola hau puntako industria zelako. Berritasuna. Ez zuen iraun, zorigaitzez…

        Betiko istorioa zela ihardestera nindoan, anderearen irudia linboetan urtu zenean. Ohitua nintzen. Egiaz, Usurbilera etorriz geroztik, ene borondatetik kanpo, iragana orainarekin ezkontzen zitzaidan. Lekuko jende eta kontakizun jalkinak metatzen ziren, izpirituak astinduz. Hizlaria desagertu baiko, zeta-ola ohi erraldoiaren murruak zutundu ziren, hezetasun aztarna sarkorrak, idatzi gabeko jende xeheen memoriak, intziriak, negarrak eta emakumeen artean, menderen mendeetan, banatutako irriak gatibatuz. Lertxundiren Orbaizetako arma olaren kantuaren melodia baliatuz ekin nion xuxurlari, hunkitua,

 

                Erroizpeko zeta olaren

                Horma zaharrak…

 

        Eta pianoaren soinuak nire garun akitua harrapatu zuen, bustitasun mistiko uholdeak eramaten ninduela balizko etorkizunaren zurrunbiloan bihurdikatu oroitzapen eta amodio istorio ahituetan hara.

        Nadia konturatu zen ametsaren magalean haurtzen nindoala. Sorbalda jo zidan, iratzar eta lekuak zein denborak juntatzen ziren gune lanjeros haien uberetatik atera nendin, nehor ez baitzen abesti ezagun hartako eguneroko bakartasunetik salbatzen.

        Oihanaren beso arte amultsutik jalgi ginen. Zapatak lokatz genituen, estalkiak ihintzez blai, behatz puntak minbera, begiradak aldiz isiotuak, altxatzen ari zen goiz berria erretzeko gai. Plazer bekaitzaz hantzen ari nintzen ni gainera, Nadia etxera etorriko zelako Santuenera heldu bezain laster. Esperantza birla potoloa lehertu zitzaidan bihotzaren aldean eta zeruaren erdian sutzen zihoan lehen eguzki arraioari beha egon nintzaion, zoriontsu:

        —Bazter ditzagun penak, xangrinak, dolamenak eta haserreak... Mundu berria eraiki dezagun. Zuk eta nik. Mundu horren partaide bilaka gaitezen, pentsatzen duguna errateko beldurrik gabe, gureak eta asto beltzarenak entzuteko gai izanez, gogaide nor dugun ikusteko eta ikasteko beta hartuz, konfiantza landuz…

        —Laburtuz… elkar maitez erran nahiko duzu…

        —Horixe.

        Nadiarekin harilkatu gauek beratu ninduten, aberastu, ondu, Oria erreka ezpondetako ezinbesteko lur umelaren gisa. Tokiak eta tokien izenak eder zitzaizkidan, bertako biztanleak halaber, hunki, zauri eta suntsiezinak. Nirekin zihoan emaztea are premiatsuagoa kausitzen nuen, laster etxean nukeen, ganbararen sekretuan, zetorkigun azkorriaz besta eginez. Ura zela ziruditan, harria zela, ibaia zela, mugarririk gabeko lurraldea, sentimenduen biribilean birrinduko ninduen errotarria.

        Urdaiagatik Santuenera jaitsi ginen. Tangerrera. Hitzik gabe. Auzoko oilarrak oro iratzarriak ziren, kukurruku eta kukurruka. Laino mihi bat sartzen zebilen itsaso aldetik, Oria ibaiaren meandroak eta Aginaga-mendiko mazelak estaliz. Baldintzarik gabeko bizitza-goseari deika altxatzen zen samurtasun handiko goiza zen.

        Azken harmailak beherantz. Birsortzen ari ginen. Argitasunak txundituak. Itsutzear. Nadiaren sakelakoaren soinua durrundatu zen orduan. Hormatu nintzen. Jotzen utzi zuen. Lau, bost, sei.

        —Har ezazu, arren!

        —Aspertuko da. Ez nago nehorentzat.

        —Intsistitzen du.

        Joaldiek zainetan jartzen ninduten. Dei garrantzitsua zitekeen. Nadiaren ama edo bere lagunen bat. Ekiari eskaini zizkion betazal ubelduak.

        —Egun berriaren sua sentitzen dut. Erreko nau. Erreko gaitu. Pertsona ezberdina naiz. Handitu naizela dirudit. Bidea nerauk egiten ikasi banu bezala. Noranahi joan naiteke orain.

        —Goazen etxera!

        Eta telefonoaren karranka ozendu zen berriro. Botoi berdea bultzatu zuen deia onartzeko. Lehen hitzetik beretik banekien ene ametsaldia bukatu zela:

        —Aitor?

        Emakumearen matelan atsegin xortolak isuri ziren. Zilarrezkoak. Egoera sentimentala onera ari zitzaion. Zirkulua ixten bailitzan. Dei soil bati esker, minak, penak, zauriak, den-denak ezeztatuak ziren. Aitorren itzulera espero zuen, eta irudiz, Aitor hor zen, urrutizkinaren beste puntan.

        —Usurbilgo Euskotren geltokian igurikatzen nau. Bidaia segituko dugu. Lagunduko nauzu haraino? Barkatu, esperantza faltsuak hazi baldin badizkizut… Joan beharra daukat.

        —Zoaz ni gabe…

        —Zatoz geltokiraino, nirekin.

        Gogoz kontra ihardetsi nion Nadiaren deiari. Trenbidea gurutzatu genuen. Nadia lasterka zihoan Aitorrengana. Gizon beltzaran bat hurbildu zitzaion. Trena etorri zen. Ez nuen astirik ukan kaira iritsi eta Nadiaren agurtzeko.

        Argi gorri bi urtu ziren Santueneko erriberako tunelaren iluntasunean. Galdu nuen Nadia. Aitorren eta nire arteko hautua erraz egin zuen. Agudo. Bere gizonarekiko maitasunaren menpe zegoen, gatibu. Eta ez zuten Usurbilgo lau gau zuriek egoera aldatu.

        Santuenera bueltatzean, Ingemar fabrika ohiko altzairuzko muntadura zintzilikariak balantzaka ari ziren haize arinarekin. Errauts zutabe burbuila bat altxatu zen, harri puskek eta plastikozko hodi metatuek lurrean osatzen zuten borobil perfektuaren erditik.

 

 

 

Nadiak alde egin zuen unean bertan hasi nintzen, ohe hutsaren hegian kuzkurtua, lau gauez bizi izan genuena paperean etzaten. Erraietatik jazartzen ziren hitzen kalipu basatia nabaritzen nuen, idatzi, idatzi, idatzi, ordenak mailuka aditzen nituela. Automata baten antzera aritu nintzen, ordenagailuko teklak, zanpa eta zanpa. Ez nuen deus ahantzi nahi. Usurbil haluzinatu eta habitatu bat zeharkatu genuen, ez jakin zer hauta ilunpe latzaren eta goiz zirrintaren artean, gauaren eta egunaren artean, bihotzaren eta buruaren artean, guztia genuen desio, eternitatea bera eta istantik efimeroena.

        Bizitza bi mailatan hedatzen zela ondorioztatzen nuen Nadiarekin gozatu egun eta gauetan. Batetik, errealitatea, palpablea, fisikoki hazta zitekeena eta bestetik, agerindeen edo begitazioen mantala, eta hor immaterialitatea zen nagusi, aurpegiak, gorputzak, ahotsak etortzen ziren garunak harrotzera, eta kontatzen zenaz besteko errealitatearen zati errealagorik ez zegoen. Orainalditik etorkizunerako arrakala, aurpegi, gorputz eta ahots horiek elikatzen zuten, bereziki gauez, bereziki gureak izan gabe, hain gureak ere ziren Usurbilen trakako hirietan.

        Biharamun arrastirian, Mikel Laboa Plazan nintzen berriz, puntual. Zer gerta ere. Zumetaren zeramika erraldoiko forma loriosak sartzera zihoan ekiarekin zebiltzan jostari. Txirristra ostatuko terrazan juntatu herritarrak goraki mintzo ziren, irri karkarak eta txiste gordinak tartekatuz. Karobi, Hartzabal edo Bordatxotik zetozen, taldean, dema-plazako aizolbeetan galtzeko, gauaren bururaino. Horrela bizi zen jendea Usurbilen, multzotan, adinekoak, helduak, haurrak, soka humano trinkoak moldatuz, lagun proximoari kasu eginez, esperientziak, diskurtsoak eta destinoak bideratuz.

        Usurbil pausa eta hausnar tokia bide zen. Aldi berean bere nortasunaz harro eta eguneroko ahultasun ikaragarriaz kontziente. Lehen eta orain. Nadiak gidoia errepikatu zuen. Baina Aitorrekin joan zen. Ametsa zen niretzat. Edo amesgaiztoa. Gozatutako gauak nola izendatu ez nekien. Mugagabetasun hori gustatzen zitzaidan. Emazte desiragarriaren konpainian asko ikasi nuen, elediak harilkatuz, negar eta irri egin genuen batera, iragan denboretako zauriak gantzaz eztitu genituen, solasaren hariak oihal gerizak bailiran irunez eta etorkizunerako urratsak asmatzen saiatuz. Usurbilgo sentitzen nintzen, batzuetan Elizaldeko, besteetan Aginagako, gehienetan Santueneko. Maite nuen zubia pasatzea, eta Usurbili bizkarra emanez bizitzea, gauez bederen.

        Ondoko egunean, bulegoan iltzatuta, pantailaren aitzinean, bost orrialde beltzatu nituen. Sekula ez nuen horrelako izkiriatzeko tirriarik jasan. Nadiarekin dastatu segundoen hamarrenak ere gatibatzeko tentazioa neukan, keinu, ele edo begirada bederak sekulako aztarna utzi zuelako ene baitan. Mundua higatu zen gure oinetan. Mundualdiko kide guztiekin batera. Nadia eta bion artean garaturiko zoramen horren dekoratua osatzen zuen Usurbilek,, alaia eta zabala, tematsua eta bere libertateaz bekaitz, bere itzal-argiekin. Herri perfektua zen. Baina, aita zenak zioenez, norberak bere gurutzea eraman behar du, auzoarena gutiziatu eta idealizatu gabe. Ez dakit arrazoi zuenez.

        Adiskidantzak, maitasun istorioak edo harremanak bukatzen zirenean, ordulariak zerotan jartzea komeni zitzaigun, balizko bide berriak apailatzeko. Izakiok horrelakoxeak ginen. Bihoztunak. Burugabeak. Nadiak, beste behin, frogatzen zidan, ez nuela indarrik aski jaidura zital horren gainditzeko. Sendaezina nintzen.

        Hondarrean, Usurbilen eta inguruetan, denok zepo berean bukatzen genuen, malkoak idortu baiko, damurik gabe kantari eta dantzari, neska eder eta deigarrien artean, herenegungo Benta Zikin famatuan hain zuzen ere, hurrengo aztoramendu aldirako apustuak egiten.

 

 

 

Usurbilgo Potxoenean.

2021eko uztail goxo batez.