Gauak zuri Usurbilen
Gauak zuri Usurbilen
Itxaro Borda

USURBIL
 

 

BIGARREN GAUA

 

Laboa Plazan nintzen. Arangurenen tailuaren maldan. Ametsetan. Jendeak begiz jarraitzen nituen. Harramantzak zetozen pilota plazaren aizolbetik. Ordua gauerdira zihoan eta, elizako zeinuak hamabi kolpe jotzean, Nadiarik agertzen ez bazen, etxera itzuliko nintzen, ene dezepzioa lanean itotzeko. Funtsean, jakina zen lanaz besterik ez zegoela balizko amodiozko penak sendatzeko.

        Egunean zehar solastaturiko Txokoaldeko Ilunbe baserriko emazte xaharraren irri gozoaz gogoratu nintzen. Haize-kalea deitzen zutenetik Atxega jauregiko parkeraino bideratu ginen. Kobre koloreko ile ikusgarriak zituen eta maiz gelditzen ginen hatsa hartzeko:

        —Laurogeita hiru urte ditut, senarra hil zitzaidan berrogeita zazpi nituelarik, bakarrik utzi ninduen hiru umeekin… zazpi haurreko familia bat ginen… hamasei urtetan hasi nintzen Lasarteko Michelinen langile, esnea saltzen genion kondesa baten gomendioz. Bazenekien Txokoalden Aginaga geltokia bazela?

        —Ez, ez nekien.

        —Trenean metatzen ginen, mantal zuriz jantziak, Donostiara joateko esnea saltzera. Usurbilgo eskolara iristeko ere tuneletik pasatzen ginen, korrika, arrapaladan, auzoko bi neska lagun eta hiruok. Behin trenak harrapatu zuen Ana Maria eta sufrikario ikaragarriekin hil zen…

        So izutuaz behatu ninduen, hamabi urte zitueneko gertakari latza atzo pasatu bailitzan. Zulaika taberna ohia atxikitzen zuen amaren seme trapua hurbildu zitzaigun, auzotar baten herioaz galdezka.

        —Ezautzen al zendun?

        —Ez nun ezautuko ba?

        Hitza bereganatu zuen, eta ez dakit zergatik, bere bizia harilkatzeari ekin zion. Ezin isildua zen:

        —Gure ostatua, goizeko bostetatik gaueko hamaiketara zabalik egoten zen. Langileek lehen kafea hartzen zuten bai eta eguneko azken zurruta. Ama ez zen nekatzen. Negar egin nuen zendu zela abisatu nindutenean…

        —Langile zinen zu ere?

        —Bai, herriko plastiko lantegi batean. Birikak txarto dauzkat.

        —Nik ere —artekatu zuen Ilunbe baserriko alabak—, minbizia ukan eta gainditu dut. Poltsa bat jarri didate gerrialdean, ez da polita baina…

        Gizonaren beso muturreko urrezko ordulariari behatzen nion noiz behinka. Presatua zen eta Patri ostatuko atea bultzatu zuen. Harritzen ninduen beti, adinekoen mintzatzeko premiak: nor zuten entzule? Nola parteka zitzaketen engoitik nehork ulertzen ez zituen bizi eskarmentu neke haiek? Nire antzeko izaki jabal bat kausitzen zuten, hitzaz eta beren baitan zeramaten  amultsutasun kargaz arintzeko profitatzearren.

        Nadia ez zen agertuko. Ezkortasunean urtzen nindoan. Nadia agertuko zen. Alaitzen nintzen, gau berri bat harekin zuritzeko ideiarekin. Galdera zehatzak eginen nizkion, errusiar jatorriko bidaide horrek intrigatzen ninduelako. Damurik ez zegoela gehiago detektibe rüralik inguruan, izpiritua kitzikatzen zidaten ezezagun horien hondaleei buruzko ikerketa sakonak manatzeko. Nerauk beharko nituen zuloak argitu eta argiak zulatu.

        Zumetaren pareta koloretsuaren maldan emakume diafano bat bazen. Nadia zena? Ez nerrakeen. Hura baldin bazen, are handiagoa, are lirainagoa eta are maitekorragoa zen. Ttattit zegoen. Laboa Plazako harrizko mailetan jarri zen, belaunak gurutzatuz eta poltsatik zigarreta paketea ateraz Ahotik botatzen zuen kearen zutabe grisa zehaztu nezakeen, argi aurka. Zutarri zoharraren zurbilak liluratu ninduen, ametsa ala amets gaiztoa, egiazki zer zen finkatzeko gai ez nintzela.

        Gordelekutik jalgi nintzen.

        —Nadia? Etorri zara beraz?

        —Zer uste zenuen, huts egingo nizula?

        Algara ozena libratu zuen. Beha nengokion, emozioen harilka trenka ezin. Zigarretaren hondarkina aztal pean lehertu, belaunikatu eta mutur oraindik beroa bildu zuen, eskura zeukan zikin-ontzi batera aurtikitzeko. Zaborrena, diotsuet, Usurbilen, ez zen txantxetakoa. Nik ere goizean, euria lagun, organikoen ontzi marroia jaitsi nuen, Joseluk bezperan, Zubietako zabortegia Usurbiletik nola ageri zen erakutsi zidala oroituz. Ke pilare zutak jazartzen ziren kubo zuri eta berdez osatutako eraikinetik.

        —Nadia, zer egin duzu azken hogeita lau ordu hauetan?

        —Lo… eta amarekin egon naiz telefonoz. Amama etzi ehortziko dute judutar errituen arabera, lurrean bertan, mihise soilean bildua. San Petersburgon dugun kusi batek sinagogan kantatuko duten kaddish liturgiako piezaren testua helaraziko digu.

        —Doluminak.

        —Hiltzen doan pertsona bakoitzak Jerusalemeko tenpluaren suntsiketa errepikatzen du, Ezekielen profezia egiaztatuz.

        Ezekiel ahoskatu zuenean, nire kasko zokoan desertuak ireki ziren, dunak lehertu, eremu hutsen saminak eta kaddish baten antzera oihukatzen genuen Itoizen abesti mitikoaren harramantzak: ene gaztaro joana, gitarra kolpe ozenetan, eztabaida politiko antzuetan, garagardo epelegietan, noraez, bakartasun ibiltari, Zumetaren txoriak noizbait arranotuko zirela esperoan.

        Eskua nirean utzi zuen. Eztitasun eta bake olatua hedatu zen gure artean. Fisikoki sentitu nuena. Aingeru bat pasatu zen, irriz. Nadiak ahoa zabaldu zuen, tabakoak horitu hortzak aireratuz:

        —Nora eramaten nauzu gaur?

        —Usurbilen bada, Elizalde eta Santuenea auzoen artean, halako hondamen industrial gune bat...

        —Ideia ona. Maite ditut fin de siècle kutsuko giroak.

 

 

 

Eliza aldetik lerratu ginen, bi gorputz. San Esteban karrikatik errepidea zeharkatzen duen oinezkoen zurubian geunden amen batean. Usurbilgo geltokia eskuinetara utzirik, burdinbidea gainditu genuen. Hiriko farolek bazterrak beilegitzen zituzten.

        —Egun oroz pasatzen naiz Ingemar enpresaren lantegiaren ertzetik. Bakarretan, gizon bat dakusat barrandari, norbait badagoelako… segur!

        —Eta, gaur, zuk bertaratzeko gogoa daukazu?

        —Zergatik ez?

        Espazio pribatua zen. Alanbre ziztadunez eta hesi gaindiezinez zerratua. Norbaitek, abere ala jende, sartzea lortzen balu, sirenak piztuko ziren, orroaz. Ez nintzen bereziki ausarta, lanjeraren sentsazioak sabel zokoa nahasten zidan, baina zer ez nuen eginen Nadia seduzitzeko. Batzuetan hegalak zabaltzen zitzaizkigun, gutxien uste genuenean. Amodioaren izenean. Aitortu gabeko amodioen izenean, preseski.

        Nadiaren trufa bolera jasan nuen:

        —Eta, zuk, oro-dakit handi horrek, badakizu nola sartuko garen…

        —Ezagutzen dut Erriberako azeri sarbide bat. Biontzat egokia. Goazen geltoki aldera eta handik saiatuko gara.

        —Komisaldegi mutxitu batean bukatuko dugu…

        Hitz gehiagorik ez genuen ehundu. Hesiko zuloa kausitu genuen. Nadiak egin zuen lehen pausua, nik bigarrena. Kukubilko genbiltzan, asunetan eta zolako harrixketan belaunak larrutuz. Barnean, harri errauts usain batek gatibatu gintuen. Hormigoizko murruek eta amiantoz emokatu eberitazko hegatsak osatu aterpe baten aizolbean aurkitu ginen. Azkonarrak bezain sotil gindoazen, zer gerta ere. Zapata hatzak uzten genituen lurreko haustegi grisean. Gibelera so egin eta ilargian geundela zirudien, galduak, norabide eta etxegabe.

        —Uste dut sirenak ez duela joko. Berri ona guretzat.

        —Hantxe! Izaki bitxi hura? Guregana dator. Zaindaria. Ez genuke hemen egon behar.

        Bazen norbait. Begitarte zapaleko gizona astiro zetorren, txapela buruan, jendekin. Harri-ezpalen artetik urratzen zuen xendra.

        —Zer ari zarete hemen? Ez al dakizue hau infernua dela?... Duela bi urte itxi zuten, hogeita hamaika langile kanporatuz. Eginkizun hitsaren salatzeko manifestaldian parte hartu nuen, ehun bat herritarrekin. Alta, hiru hilabete lehenago, enpresa bizigarria eta errentagarria zela adierazia zuten jabeek. Usurbilgo fabrika sakrifikatu omen zuten Lugokoaren salbatzeko, langileak lehian jarriz. Ez naiz aurkeztu, hara, Koldo nauzue.

        —Bikain… Langabetuen artean zinen zu ere?

        —Ez, nik hogeita hamasei urte pasa nituen Ingemarren, erretiroa hartu arte. Ezkondu eta ondoko urtean hasi nintzen...

        Behatz makurtuekiko eskuak zituen. Begi kokin eta abilak. Larrua beltz. Distira. Garai gogorretako behargina zen, baina dolurik ez zuen, eta laster lahardi zatekeen enpresaren gainbeherak ez zion erresuminik sortzen. Aitzinean plantatu zitzaigun, granito zati gris batean ixtaklok:

        —Andoaingo fundizio batean egin nintzen langile. Lanik ez zen falta orduan, bat utzi eta bestea hor geneukan biharamunean berean, aiduru… Segaria nintzen ni, hamabi gizoneko talde batean, berrogei mila kiloko harriak ebakitzeko, nagusiak eskatu neurrietan… zerrak martxan ematen genituen, zirri-zirra, zirri-zarra… ura, karea eta beranduago granaila botatzen genizkion… bustirik, errauts eta lokatzetan bukatzen genuen… harria mozteko hogeita hamazazpi egun ematen zituen makina bat bagenuen, zarata gaitzekoa, gau eta egun ari zen, handiagoa zaila, kaskoak bagenituen, baina guk orain entzumena izorratua…

        —Nondik ekartzen zenuten harria?

        Nadiaren galdeari zorrotz erantzun zion Koldok.

        —Marmol zuria Italiatik, granitoa Nafarroatik, Galiziatik eta Brasildik ere… Ontziz Pasaiara eta kamioiez Usurbilera. Begira, marmola Italian moztu eta hemen leuntzen genuen… aita-seme batzuek gero hiru trailer urdinekin berriz Italiara eramaten zuten… kamioiak hamarnaka zain egoten ziren kargatuak izateko, kristorena zen, bostehun langile ginen garairik hoberenean, ez duzue sinetsiko… zortzi ordu egiten genituen aldizka, zazpi egunez segidan, eta nik oporrak urrian, badakizu, ehizarako…

        —Nola bukatu zuen hain enpresa bikainak?

        —Jesus Beltza gure talde buruak erraten zigun “tú no te vas a jubilar en Ingemar, nos van a comer los chinos”. Eta hala gertatu zen… Sindikatuak? Grebarik luzeenak hirurogei egun iraun zuen, jakizu erdaldunak zirela beroenak soldatak hobetzeko lana uzteko tenorean… Aramendi zaharra hil zenean gauzak okertu ziren… Istripuak baziren, baiki, “siempre te quedarás cojo” ebatzi zidan medikuak harria oinetara erori zitzaidanean, baina sendatzea lortu nuen, borondatez… hemen ez zen hildakorik egon... Andoaingo fundizioan aldiz bai, hiru urtean bi, infernua… zer uste duzue? Orain hogei urte nork esango zuen fabrika hau itxiko zela!

        Ra-ra-ra-ra harri-zerra azantz izugarriak ase zuen Ingemar fabrikaren sabel agorra. Lohi ziliportek tolazko hormak, tuboak, kateak, harri eta leihoetako beira ezpalak estali zituzten. Mundu bat itzali zen: hondakinak eta zatarrak utzi zizkigun herentzian. Besterik ez. Koldok alde egin eta bakarrik gelditu ginen fabrika erraldoiaren erdiminaren isiltasun lehergarrian. Marmol  xaflak baziren, granito taula animaleak eta gres grisak lurrean, mugiezin, Usurbilgo dema-plazako 1.800 eta 3.000 kiloko proba harriak bailiran. Hari batek lotzen zituen harri horiek guztiak, gizakiaren etorkizunaren beldurrek, izerdiek, minek, intziriek eta plazer txikiek azpatzen zutena.

        Isiltasun mineralaren zaina astindu nuen:

        —Iragan larunbatean, 1.800 kiloko harriarekin giza probako bi talderen arteko lehiaren lekuko izan nintzen. Idien ordez hiru gizon, hirugarren batek ahotsez sustatzen zituela, akuilurik gabe, bistan dena. “Etorri! Bota!”. Eta harriaren kukuso jauziaren klaska zoruan, eta ikusleen oihuak, “hoi dek, apa hi”, eta parioak libro, eta Txokoalde, Urdaiaga eta Aginagatik hurbildu baserritarrak ausarki txaloka. Ikusgarria zen! Zer deritzozu?

        Harriak garraiatzeko grua horiaren eskeletoak, zabor eta hondarkinen gainean, baldintzatu zuen Nadiaren isiltasuna: ene galdera ezerezean izoztu zen. Prekarietate zaporea zeukan fabrika goibel osoak.

        —Ederra zara, Nadia, ilargi zirristaren mendean. Bi izaki aztoratu gara, iraganaren eta orainaren arteko ezleku batean preso, etorkizun bila.

        Ezpainak bildu zituen eta nire ezpainetan espero ez nuen musu beroa eman zuen. Zer zen hori? Arintasun horrek marmolaren pisua zeukan eta bizitza bat zedarritu zezakeen. Granitozko izakiak ginen, brutoak, ebakitzekoak, leuntzekoak, moldatzekoak, abandonatzekoak balio hurbilaren presioa urruntzen zenean.

        Errauts olde batek itsutu gintuen eta azantz arraro hori… Bazen norbait, Koldo eta gutaz aparte, lantegi hutsean barrandari. Arima malefikoa ala zaindari lerden eta larderiatsua? Zarata hantzen zihoan. Harriak zerutik eroriko bailiran. Nadiarengana plegatu nintzen, haren gorputz mehar eta zainartaren kurbetan geriza aurkituko nuelakoan. Ez zen higitu. Altzo beroan hartu ninduen debaldeko oharrik gabe.

        Herotsa zetorren aldera adi-adi zuzendu eta ohartu ginen gaizki ebaki kuboak zirela, zementu puskaz osatu meta batetik biribilka lerratzen. Nork edo zerk zituen bultzatu? Zehatzezina zen, isiltasun dorpea berehala hedatu zelako barne uher haietan. Koldoren hitzak genituen gogoan. Haren irri abila, osagarria, kalipua. Berrogei urtez aritu zen ke, hauts eta errauts artean, auhenik gabe sekula.

        Nadiak hitz hartu zuen:

        —Aitor eta biok bidaiaz genbiltzan. Erran dizut bai Hendaiako topo geltokian bereizi zirela gure urratsak eta Usurbileraino etorri naiz trenez, ezagutzen ez dudan hirian denbora pixka bat pasatzera. Gogoetatzeko. Pentsio batean nago, gela monakal batean eta han ene egoeraz pentsa dezaket. Badakizu zein ondoriotara iritsi naizen?

        —Nola nekike?

        —Ba, honatx: Aitor maite dut beti, espero dut itzuliko dela eta gure bidaia jarraituko dugula. Hura barik ez naiteke bizi. “Aitor” murmuratzen dut eta funanbulista baten moduan holtz hegian aurkitzen naiz, jauzi egin ezin, oreka dudatsuan…

        —Eta nik zer egiten dut zure istorio horretan?

        —Beharrezkoa zaitut, ongi eta egoki hausnartzeko… harria bezain indartsua den adiskide batekin ibiltzea gustatzen zait.

        —Ni naiz harri indartsu hori?

        Ez zidan ihardetsi. Bitxi zitzaidan Andatza mendiko trikuharri baten parekoa izatea Nadiaren begietan. Egia zen, harriztatua nintzela, Ingemar enpresa ohi honen aterpean, etxean, mendian, edozein plazatako herri kirol saioen karietara… Hamabost urteko Udane neskatxak monolito borobila lepondoraino altxatzen zuen eta irakurtzen nituen liburuetako tituluetan halaber harria nabarmentzen zen. Lelotzen nindoan: granitoa nintzen, marmol grisa, gres arrosa, olatuek zanpatzen zuten jalkina edo, doi bat berotzen nintzenean, lehen aro geologikoetako arroka magmatikoa.

        Higamen eta sedimentatze fenomenoen eratorrian nenbilen artean, Nadia nigandik urrundu zen. Bat-batean, haren gorputzaren berotasuna faltan neukan.

        —Goizean —ahoskatu zuen samurkiro—, zerbaitek hunkitu nau. Usurbilgo dema-plaza hegian nintzen, eta ehunka haur baziren, jostari, oihukari, kantari, udako beren zaindari gazteen gomendioan. Ahots txiki horiek, batera, nire haurtzaroko abestia ozenarazten zuten:

 

                Sagu txiki, sagu maite,

                Zu zuloan gorde zaite

                Gatuak ikusten bazaitu

                Kris-kras kris-kras janen zaitu….

 

        Nire ondoan zetzan emazteak umeen melodia hain amultsuki ematen zuen, non ni ere eztitasun itsaso batean ito nintzen. Ez nekien igerika. Zer konpreniarazi nahi zidan Nadiak? Saguak xederan harrapatua bukatzen zuen edo odol putzu katuen hagin artean. Salbatzerik ez zegoen. Horrelakoxea nintzen ni ere Nadiaren menean, sagu, harkaitz, lehertzear.

        Ekialdetik iraitzi zuen egunaren lehen arraioak. Fabrika bakartuaren barnea distiraz jantzi zen, tuboak, hodiak, zizelkatzeko tresna zaharrak, sukaldeetan pausatzen ziren xaflak, marmol blokeak, laster lekuz aldatuko zituzten lanabes eta makina astunak halo berezi batez troxatuz. Zutitu ginen, jantzietako errautsa kenduz. Behialako azeri pasagia ezkutu hartara ernatu ginen, desagertzeko, Ingemarreko azken langile-zaindaria etorri aitzin.

        Kanpoan, betikoa:

        —Eta bihar? Berriz Laboa Plazan?

        —Ageriko…