Gauak zuri Usurbilen
Gauak zuri Usurbilen
Itxaro Borda

USURBIL
 

 

Duela berrehun urte sortu zen

Fedor Dostoievski, San Petersburgon.

Orduan bezala gaur ere.

Eta eskerrak usurbildarrei.

(1821-2021)

 

 

Santua ez naizen arren, Santuenea auzoko egoitza batean eman zidaten aterpe hiru asterentzat. Xendra zuzena zen alabaina Baionako San Izpiritutik Santuenera. Apartamentu munttoa neukan nire sator-zuloaren aldean, zabala eta argitsua. Oheak egin nituen eta berehala etxeko sentitu nintzen. Egoerari erraz moldatzen ziren ameslarietatik nintzela banekien, egokitzen zitzaidana onartzen ikasia nuelako. Kontingentzia materialei ez nien kasu askorik egiten, nahiz eta batzuetan iruditzen zitzaidan bizitza errealaren ipularretatik ibili nintzela, egiazko eta baliozko zereginetatik urrun. Baina hor, gaurkotasunean erabat errotua, afaria adelatzen hasi nintzen.

        Usurbilen nintzen. Ikerketa lan baterako hautatu ninduten. Euskal Kulturaren alorra beraien ospeaz aberastu zuten poeta, musikari, tindatzaile eta, erants nezakeen xaloki, baratzezainei buruzko txosten bat osatzeko betekizuna neukan, jana, loa eta Santueneko ezkerparetan palan jolasteko ahalmenaren truke. Egitekoa bazen, euskal munduko izen-abizen famatuak oro hemen bizi (izan) zirelako, metro karratu eskasetan. Astebete lehenago, bilaketa zenbait egin nituen nire azterbidea azpatzeko. Askiko nuen guztia paperean etzatea.

        Lehen lau egunak lasai lerratu zitzaizkidan. Hirian zehar ibilaldi luzeak egiten nituen, jendeak agurtuz kaixo eta epa-ka, argazkiak hartuz. Auzoetara ere lehiatzen nintzen, ondoko hiri eta herrietara halaber, ekarri zidaten bizikletarekin. Ene testuaren plana orrazten ari nintzen, zatiak puzzle baten gisa bata bestearen hagin arteketan kokatzen zireneraino. Ez nintzen idazle-idazlea, baina freelance kutsuko kazetaria, informazioak formalizatzen nituen batasun, egitura eta erakunde ezberdinentzat.

        Buruan, alta, banuen literaturara makurtzeko nahikundea: ideiak eta sentsazio parrastak neuzkan nire baitan dantzari. Telebistan ikusten nituen autore horien urratsetatik lerratzeko xedea nuen, finki pentsatuz eta adierazpen espiritualak plazaratuz. Ametsetan galtzen nintzen egongelako sofan luzatzen nintzenean euskal idazleren baten liburua eskuan: irakurleekiko bilkuretara gonbidatuko ninduten, mahai-inguruetara, sari banaketa saioetara edo nazioarteko literatura jardunaldietara. Etorkizun bikaina neukala nioen unean, loak eramaten ninduen usteak uspel ziren erresumetan barna.

        Arazorik ez neukan beraz, aitor dut hargatik hozkailuaren bortan nekusan Usurbilgo atez ateko hondarkinen bilketa egitarauak ninduela gehienbat kezkatzen. Ez nekien sekula zer non sartu … organikoarena argi zitzaidan eta errefusaren naturaz aise jabetzen nintzen. Errefusa bakarra funtsean gizakia zela ziruditan, Zubietako erraustegiaren ereduko mila planta eraikirik ere, hauts eta errauts, birziklaezina zelako. Plastikoaren eromenaz ohartzen nintzen goizaldeetako galderak harilkatzean. Plastiko gutxiago erabiltzea zin egiten nion nire buruari, baina ezer ez nintzen, eta gogoetaren azken katebegian, ondorioztatzen nuen erabaki potolo horren hartzea multinazionalei zegokiela. Egikera, menturaz, aldatuko nuen berehala, etxe ondoan, erraustegi edo zabortegi bat altxatuko zidatela ikasiko banu!

        Arrangura filosofikoek ez ninduten sobera trabatzen. Bake sainduaz gozatzen nuen idatz saioen artean. Iparraldekoa izanagatik,Hegoaldean hegoaldeko sentitzen nintzen. Hunkigarri zitzaidan euskararen ordu oroko presentzia. Politikoki ere, hegi zorrotzak leunduz joan ziren, herenegungo eusko gudarien diskurtso militaristen zurruntzea ekarriz. Eskertzekoa zen. Orokorrean samurtasun eta eztitasun gehiagorekin mintzo gintzaizkion elkarri, trintxeraren alde berekoak ez izan arren. Bagenuen asko errateko eta, segur aski, are iritzi kontrajarri gehiago partekatzeko. Gure herria, sekula ezagutu ez zituen garaien atarian zegoen, dena genuen ikasteko, bereziki gauzak ez zirela mehatxuz, tiroz edo zartagailuz konpontzen.

 

 

 

Etxetik ateratzen nintzen arrats apaletan. Eguzkia sartzen zenean, bihotza panpaka hasten zitzaidan. Ongi nintzen ilunaren atzamarretan: maite nuen hiria, ezezagunekin gurutzatzea, ezezaguna izatea. Bakarrik nenbilen arren, ez nuen bakartasunaren ziztarik sentitzen. Usurbilen halatan, batean Txokoaldera nindoan, bestean Zubietara edo Kalezarreko errekan gora, eliza monumentalaren arkupeetan tapalakatzea ere gertatzen zitzaidala, basapiztia aitzinetik pasatuko zitzaiola espero zuen ehiztari egonkor baten maneran.

        Santueneko etxeko atean kausitzen nintzenean, behereko apartamentuko andere ezinduarekin hitz egiteko astia hartzen nuen. Orduak erdi lo iragaten zituen, zurrungaz, bizitzaren zama gorputzean lehergarri. Iratzartzen zen ene giltzen hotsa entzutean:

        —Bazoaz ordun?

        —Bai, itzuli baten egitera noa.

        —Ondo ibili eta eze falta balinbozo kaso ein…

        Eta orduan, noizean behin, ilusioz ekitan ibiltzearen bortxaz, galtzen nintzen. Oihan trinkoak baziren, ibai ertz sasitsuak, lurrezko xendak, seinalerik ez. Eratorriak halako burtzoro bat eragiten zidan. Maite nuen ez jakitea, galdatu beharra… Usurbilgo ene lehen arrastirian, kirol zapatak oinetan, Erriberatik laster egin nuen Txokoalderaino. Hortik nora jo? Dudak nituen, baina beti aurkitzen nuen argituko ninduen norbait. Gogo onez gainera, hitzen lihoa edonondik irunez:

        —Frantsesa zea, ez?

        —Bai, beno, Txirritak kantatzen zituen prantses euskaldun horietatik naiz…

        —Barkatu, Iparraldekoa esan nai nun.

        —Trankil, ez da bekatu…

        Eta kide etsitu hark, Zumeta jatetxearen parean, errepidearen erdian, Txokoaldetik Urdaiagara nola pasatzen ahal nintzen esplikatzen zidan, bideko patarrak aipatzean nirekin batera sufrituz eta irri handia askatuz. Gustatzen zitzaidan jendeekiko lotura arin hori, kolibriaren hegal hunkimen furtiboa bailitzan.

        Ikusten nuenaz oroitzen saiatzen nintzen. Memoria ariketa malguak. Igande batez, demagun, Santueneko zubia zeharkatu eta Usurbildik Hernanirako autobus geltokiaren ttattolaren gibeleko belardiko jargia batean, musika kaskoan entzuten zuen mutiko bat zehaztu nuen. Errealitatetik at zirudien, konkor, bere baitara bildua, eskuan zeukan tubo hertsiaz liburu meharraren gainean hedatuak zituen kokaina lerroak sudurreratzen. Bidetik, sudur-zulo zurrupa ozenak aditzen nituen. Pasatu nintzen, alegia deus ez, ni ere emigrante auzoko horretako txurriano, kasero edo Saharako desertuak eskas lituzkeen bizidun arrunta banintz bezala. Bakarretan, pilota plazaren inguruan, bela koloretsuz jantzi emazteak gurutzatzean, nire kaixo sotilari salam aleikum ihardesten aditzea maite nuen, Usurbilgo munduaren bihotza baitzen Santuenea. Ez zen dena arrosa bistan dena: elaire batek salatu zidan, txikia zenean, Santueneko ikasleekin ez zirela sobera nahasten, eta berak usainetik beretik ezagutzen zituela atzerrietatik etorri haur horiek.

        Asteazkena zen eta zabor-paperen zaku urdina jaitsi nuen goizeko zazpietan. Ez nuen tronpatzeko eskubiderik. Egun luzea zatekeen niretzat, lana, ibilaldia eta gaua. Ongi nintzela errepikatzen nuen, atseginez hantu mantra baten haritik.