EIDER
Ez dakit zergatik ez ninduen agurtu. Utzi genuenez geroztik, ikusten nuen lehen aldia zen, utzi-edo, zeren egon ere ez ginen egon-egon; ligeak izan ginen edo halako zerbait. Berak utzi ninduen, edo, agian nik; ez ginen oso ondo ulertu. Zeren eta, nik banuen beste “bikotebatedo”, zerbait, eta bera ez zen sartzen askatasun saileko gure akordioan, eta, azken finean, berak erabaki zuen guk kontakturik ez genezan izan, zeren eta, nik segituko nukeen mataza hori nahasten. Mezuak desorduetan, hitzorduren bat desgaraian, luzeegiak ziren telefono deiak. Jarraituko nukeen eta, gerora, damutu. Geroratuko nukeen erabakia, baldin erabakirik hartzeko gai izan banintz, infinituraino. Ez nuen bereziki ezer egin, mareatu, kito, hori badakit, eta hala ere, ez nau agurtu. Pentsamendu nahasien haragi masa izan naiz beti.
Pare-parean tokatu ginen, ez bere, ez nire, ez den eskualde horretako txosnetan. “Zergatik dago hemen? Zergatik nago ni hemen? Joder, ez dakit ikusi nauen”. Bat-batean kezkatu ninduen nola nengoen: “Bera baino guapago edo ez? Zergatik ekarri dut ajatutako kamiseta berde-ilunxka itsusi hau? Ez zait ondo gelditzen. Zer pentsatuko ote du nitaz? Ilea moztu nuen azkenekotik, ez zait asko gustatzen nola nagoen...”. Begirada bilatu nion, baina nitaz paso egiten zuen. “Ez dut kontakturik nahi” hura fase bat zela uste nuen; jende jatorra gara, zergatik moldatu gaizki?
Ni baino denago imajinatu nuen: ni baino zoriontsuago, ni baino lagun gehiagodunago, ni baino arrakastatsuago bizitzan; ni baino denago.
—Botea jarriko dugu? Bai, ezta? 20 pavo? Ei, E., botea! —ia garrasi egin zidan kuadrillako batek, arreta guztiz galdua nuela ohartu nintzen arte, billete bat luzatu nion, eta kito, bakean utzi ninduten.
—Goazen goiko plazara? —esan nien nik—. Hemengo musika ez zait gustatzen.
Eta kasu egin zidaten, kuadrillaren artaldetasunean. Hasieran, dozenara ez zen iritsiko edandako zerbeza kopurua, baina ia-ia, hamar bat. Egun argiz da, musika reggaetoneroak ordu txikiak direla iradoki nahi badu ere, iluntze sargori horietako batean, eta hain daude eder nire kuadrillako neska-neska guztiak, gizon joan-etorri etengabean gaudela, jatorrak edo babosoak, zakarrak edo leunak, zaharrak edo gazteak, krestadunak edo futbolista orrazkera degradatu hori dutenak. Marrazoak dirudite odolusten ari den arrainaren bueltan, fokuetako argi berde-gorri-hori fosforito hauen artean.
Musika, ozenegi; dantza, pegatuegi; ni, lekuz kanporegi. Gizon heterosexualek ez dakite nola tratatu behar gaituzten gu, lesbianok, eta hemen nago, baina ez-hemengo sentitzen naiz. Ez-guztiz-emakume, ez femeninoki atsegin, ez irri absurdo horien performatzaile, ez reggaeton dantzari ona. Gu, haien oniritziaren bila bizi ez garen horiek, lesbianok, munduaren zentroa den haien begiradari izkin egiten diogunok; ez dugu interesik haiekiko, are, nazka eta gorrotoaren arteko zerbait pizten diegu: anaidian onartzeko bezain haien antzeko izan ez, eta follagarriak izatera iristen ez garenok. Begietara begiratzen nautenean dakit. Ez dakite zer egin gurekin, gurekiko. Bozgorailuek tinpanoak lehertzen dituztenean, musika ozenak dena absurdo bilakatzen duenean, jarioa falta duten hizketaldi aspergarri eta totelkatu horietan, ez dago kode komunik. Batek sua eskatu dit, beste inork eman ez diolako, “ez dut”, eta urrundu da.
Borobil berean ari gara dantzan, ni eta kanpo egotearen sentimendu hau.
Gizon heteroak, emakume heteroak, eta mundu normalaren koreografia. Eta ni, festa madarikatu hauetan, eta L. hemendik bueltaka, bere lagun guaiekin, sudadera beltzekin, aro erraldoi brillante horiekin, septumekin, tatuaje politekin. Hain sentitzen naiz inozoa; pringada bat naiz.
Bitartean hemen, generizatutako desirak, botere harremanak, eta larru arras moztutako tronista orrazkera horiek eta ile luze plantxatuak, klonikoki berdinak. Horregatik, “Bai, gintonic!; baldin badago, Bulldogekin”, garrasi egin dut tabernan, laugarren aldiz.
Duda dut mozkorregi ote nagoen. Bukle batean sartu naiz. “L. ikusten badut zer? Agurtuko nau? Nik bera bai, baina berak ni? Lehen paso egin du nitaz. Zergatik? Zergatik?”. Sorgin-gurpil bat da pentsamendua, eta eskapu egin nahiko banio ere, ezin dut. “Bai, beste gintonic bat! ba al dago Bulldog?”, ez dakit zein erritmotan nabilen.
Taberna hau oso ilun dago eta hemen balego ere, ez ninduke ikusiko, nik ez nuke ikusiko. “Bera rallatzen al da hainbeste? Honek mugitzen du? Berdin zaio? Zergatik ez nau agurtzen?”. Hamster bat naiz, nire garunaren perimetroan bueltaka.
“L. ikusten badut zer? Agurtuko nau? Nik bera bai, baina berak ni?”, uste dut eguna argitzekotan dela. Hamsterrak oka egin behar du.
Barrara joan naiz, baso bat ur behar dut. Destilatu pilaketa honek ez dit onik egiten, deshidratazio hautatutik, gogorregia zait gizartearen maketa hau, eta lodiegia, mingaina. Ahoskatzerakoan, duda egiten dut nola esaten ote diren gauzak. Blablablablabla mantsoa. Pausoa ere, traba zait. Blablablablabla. Auto-zango-traban nabil. Baso bat ur, ez dut ezer gehiago behar edo litro bat edo hamar edo dutxa bat eta eguna berriz has dadin.
Buelta eman dut, eta L. hemen dago. Hemen dago L., niregandik metro batera.
Begiratu diot, mozkor baten duintasunez, eta ezagutuko ez banindu bezala egin du. Besterik gabe. Ezezagun bat naiz berarentzat. Orduan jakin dut, ez nau agurtuko. Ez nau inoiz agurtuko. Hurrengo urteetan kateatuko zaidan pentsamenduaren hasiera da hau, “Zergatik ez nau agurtzen? Bera rallatzen al da hainbeste? Honek mugitzen du? Berdin zaio? Zergatik ez nau agurtzen?”. Bihotzekoak eman behar dio barne karraskariari, hiltzear dago hamsterra.
Izaretan oskoldu naizenean, halako hutsune existentzial zikliko horietako batean, munduko pertsona txarrena sentitu naiz, eta buruaren off botoia kokatzea ahaztu zitzaielakoan nago.
Ulu etorri da nirera, ileak zutituta, isatsa goratuta, ufaka, katuaren aldarte harro horretan, gehiegikeria sentsazio horri gailendu, eta nirera gerturatu dut. Eskua pasa diot bizkarrezur iletsutik. “Katu batekin lo egiten duen lesbiana bat naiz”, pentsatu dut, lehenagoko patetismo maila nahikoa ez, eta, orain, hau.
Eta imajinatu dut L., bere lagunekin, dantzan oraindik, ez hain mozkor, gainera ligatzen, zoriontasunaren summumean, dena ematen. Bera, tatxarik gabea, koherentea, hobea. Imajinatu dut ni ez naizen dena dela, nik ez dudan dena duela.
2024ko abuztuaren hondar egunak
“Sute handi bat piztu da Berriatuako etxebizitza batean”, irakurri dut egunkarian, kasualitatearen kasualitatez. L.-rekin oroitu naiz, aspaldiko partez, jada ez zen existitzen nire garuneko zokoetan, joan da nire azaletik, ia borratua nuen biografiatik, baina bere Herria da; bada denbora ez dugula inon topo egiten. Hala ere, harekin zerikusia duen zerbait azaltzerakoan, Herri hori, lagunen bat, borratu ez nuen bere emailen bat... zeinen gaizki, eta gero, bat-batean eta arin-arinean, erabateko ahanztura, zeinen ezaxolati; erlatiboa da mina.
“Sute handi bat piztu da Berriatuako etxebizitza batean”. Ez naiz bertan egon, “utzi genuenetik”. Total, berdin izango luke, topo egingo bagenu ere, ez ninduke agurtuko. Lepoa tenkatuko luke, burua goratu, bere lagunei irribarre bat luzatu, eta ikusi ez nauela antzeztuko luke, beste behin. Errazagoa litzateke dena formalismoz mantendutako elkarrizketa antzu bat izateko gai bagina, errazagoa, niretzat, eta, aldi berean, zergatik obsesio hau? Arrazionalismorantz, dena kontrolpean izaterainokoa.
—Albaranak egin dituzu? Eta Mendexatik deitu dute, email bat bidali dutela, eta ez dutela erantzunik jaso —nagusia da, nagusiaren seme izandakoa, nire adineko desfasatu bat. Bulegoan nengoela ahaztua nuen ia. Alkandora bat jarrita, farlopa arrastoak ezabatu dituela uste du, egote tentsionatu hori du, beti alertan dagoenak nola, alterazio maila zehazgaitza. Askotan ez dut jakiten asteburutik horrela dagoen edo horrela den. Berak agintzen du, ordea.
—Bai, emailarena pasa zait, idatziko diet, barkatu, eta albaranak, oraintxe.
Toldoak, karpak, gortinak eta halakoak muntatzeko enpresa honetan nola bukatu ote nuen aztertzen hasiz gero, ez dakit oso ongi zer erantzun. Bada, artearen historia ikasi izanak agian ez zuelako zentzu handiegirik izan, bada, beste zerbait bilatzeko alferra naizelako, bada, enpresa etxetik gertu dagoelako eta 17:00etarako bukatzen dudalako. Ez dakit.
Lagun komunitate horizontal transfeminista antikapitalista eta okupa batean biziko zen norbait izan nintekeela amesten nuen, lehen. Gaztetan. Are gazteagotan. Baina, ez. “Eider naiz, 31 urte baino ez ditut, eta toldoak saltzen ditut”, aurkezpenak nire hanka sartze guztiak ekartzen dizkit errenkadan.
Mendiak ikusten ditut beirate erraldoitik, pinudi luzeak, baserri sakabanaturen bat, portxean toldoa jarri nahiko duen duplexen bat.
Batzuetan, argi ikusten dut: pinu bat naiz. Oximorona dirudien zuhaitz ahula. Barrutik gaitzak jana, kanpotik sendo. Barrutik gaitzak jana. Bazter guztietakoa, eta hala ere, beldur naiz, ni ere ez ote nauen moztuko bizimodu honek, ez ote nauen haize ufada batek, kolpetik, lurrera botako edo erantzun beharreko hurrengo telefono dei txatxuak, toldoetako lanak edo entsalada-lentejak-pasta-petxugak asteroko menuak. Sorgor dago haizea egiten ditudan zaratekiko. Eta onddo karraskari bat senti nezake ezpalaren bihotzean, errutina hau; ni irenstear, ni noiz eroriko zain. Neroni naiz gaitz eta esentzia, pinu eta onddo, barrunbe eta sendotasun. Neure burua jaten ari naiz. Baina sarrera ontziak klik soinua egin du, eta mezu bat duela dio ordenagailuaren pantailak; eta lanera, berriz.
Saturraranen nengoke oraintxe, hemen baino, gatz eta hezetasun lurrin hori airean, igerian. Baina, hemen nago, aire girotua jartzeko xuhurregia den nagusiarekin. 30 gradu ari ditu. Telefonoak jo, eta entzuten dut: “Portxearen atzeko aldearen ezkerrean, piszinaren ondoan, itzalak jotzen duen gunean, hor, justu hesia bukatu eta ezker, iluntzean hotz gehiegi egiten duen lekuan, hor, badakizu, non? Bada hor, toldo bat jarri genuen eta ez dakit neurri egokia den, zeren eta gehien-gehiena estaltzen du, baina ez den-dena eta orduan, zirrikitu bat gelditzen da, argi printzen zirrikitu bat, eta leihotik ikusten dudan aldiro, pentsatzen dut ‘deituko ditut enpresakoak, konpon dezaten’, eta, horixe”.
Batez beste, 5 minutu irauten dute deiek, nik bi esaldi jarraian esaterako. “Ados, konponduko dugu, eskerrik asko deitzeagatik, ondo izan!”. Buruko mina dut, hain jatorra naizela antzezteaz, baina hauxe da soldatapeko lana: irribarre egin ordu gehiegiz, etxera ozpinduta heltzeko.
Ordenagailuaren pantailan nire burua islatua ikusteak neurekiko errukia sortu dit, eta astebururako egun bakarra falta dela oroitu dut. Irla bat, monotonian. Zoriontsu izateko eguna.
Pitillo bat erretzera jaitsi naiz enpresa atarira, hortz horituek lasaitasun mental pixka bat eman diezadaketelakoan. Signala zabaldu dut sakelakoan, eta “Egun on, guapa, gero Saturraranera?”, idatzi diot azken hiru hilabeteko fitxajeari, eta gero, emotikono hori, irri txikia eta masail gorriak dituena eta, ondoan, bestea, eguzkitako betaurrekoak daramatzana; “Bai, noski, potxola” erantzuna, jaso, eta aldartea aldatu zait, eguzkia atera berri dela dirudi, enpresagunearen beltz ajatuaren kontrakarrean. Oraintxe, segundotxo honetan, guztiz zoriontsua naiz.
Eraikin guztiak berdinak dira poligono honetan: grisak edo adreilatuak, pintatu gabeak, teilatu gorridunak, are herdoilak eragindako teilatu belzdunak, enpresen izenak biltzen dituzten kartel antzekoekin eta interes maila eskas berberarekin: Segurola tailerrak; Martinez & Cia. Bizikletak; eliza ebanjeliko xelebre bat hor nonbait; eta gurea: goian, bulegoak, behean, tailerra. Azurmendi Toldoak.
—Ei, egun on, aspaldiko! —esan dit.
Nik ez dut gerturatzen ikusi, inoiz ez da inor ibiltzen poligono hauetan, betiko langileoz gain.
Beņat da, kamiseta zuriz dago jantzita, galtza beltzez, baporagailua du ahoan, ia ez dut ezagutu. Bada denbora ikusten ez nuela. Modernoegia da, eta, proletario-guneko estetika dekadenterako, flow gehiegi duela pentsatu dut.
—Egun on, zeinen arraroa zu hemen —esan diot, ez baitakit zer esan. Parrandan edo, bestela, ikusi dudan gutxitan, nirekin hitz egitea saihesten du.
—Pankartetarako rolloa erostera etorri naiz.
—A bai, klaro —isiltasuna, bion artean; kalada bat eman diot zigarroari, zerbait egitearren.
—Gauza bat, E. ... Aspaldi ez zaitut ikusi... eta ez dakit ba ote dakizun... Beno... Badakizu L. hil zela, ezta...? Iaz.
“Zer?”. “Zer” sakon bat, buru barruan. Ez nekien, ez. Ez nekien. Zerbait esan behar dut, altuan, ez buru barruan. Ez nekien. Urtebete pasa da, eta ez nekien. Nola ez naiz enteratu?
—Ez, ez nekien, ez.
—Bere buruaz beste egin zuen. Ikusi zaitut... eta okurritu zait agian ez zenekiela, eta, beno... jakin dezazun. Horixe.
—Bale, mila esker —segundoak, mantso; airea, pisutsu; paisaia, lausotzen.
—Zu? Dena ondo?
—Bai, bai, hortxe —eta zirkunstantzia aurpegi horietako bat.
—Animo.
—Bai, berdin. Aio, zaindu, e!
—Bai, bai, berdin... aio! —hildako konpartitu bat duten ezezagunen artean sortzen den atmosfera hori, inguruan.
Eskailerak igo ditut. Inork ez dit esan. Nola ez naiz enteratu? Nork esan ziezadakeen? Ez dugu lagun komunik, eta aspaldi ez genuen kontakturik eta... Baina erdi-gertu edo bizi gara; ez naiz enteratu. Eskailerak kamera geldoan igo ditut, bulegoraino, bakarra igotzeak birikak itotzeraino uzkurtuko balizkit legez. Hamalau eskailera. Lehengo toki bera da: lehengo mahaia, ordenagailua eta zereal barratxo bukatu gabea, beste unibertso bat dirudi, ordea. Inoiz baino ez-lekuagoa da hau.
L. hil da. Inoiz ez nau agurtuko. Ez dut erantzunik jasoko. L. hil da, joder. Intziriak itotzen ahalegindu naiz, baina malko arraka ari naiz. Ez nau inork ikusten. Neronek neure burua malkotan itoko dut. L. hil da. Ezin dut sinetsi. Zergatik? Joder.
Mendiak ikusten ditut beirate erraldoitik, pinudi luzeak, baserri sakabanaturen bat, portxean toldoa jarri nahiko duen duplexen bat.
Pinu bat nola erortzen den ikusi dut, ia zurtoinetatik, metroen altueratik, lur marroi hezearen kontra, geldoa iruditu zaidan amiltzean.
Pinu bat nola erortzen den ikusi dut, laneko leihotik, gaitzak jana.