BEŅAT
Ezezagun batek zakila jaten dizun momentua gauza asko izan daiteke, baina inoiz ez da une egokia beste ezertarako; ez deietarako, ez “labadorako arropa atera dut edo ez?” gogoetatzeko, ez oinetako azazkalak moztu ez dituzula barrundatzeko, ez phoskitos bat jango zenukeela pentsatzeko, ez zure lagunak bere buruaz beste egin duela jakiteko.
Sabaiko bonbillaren kulunkan arreta mantendu ezin nuenean, @DaniTsunami-k eztarri estua baina luzea zuela pentsatu nuenean, bere urrezko kirru distiratsuak ezker esku ahurrez oratzen nituenean, orduan, orduan desegokia izan zen inork deitzea. Kleenexak eskurago bainituen, kontzientzia baino!
Zeren eta astearte bat ez baita norbaitek bere buruaz beste egiteko egun bat. Astearte buruzuri bat. Errutinatua, abuztutua, absurdoa.
Egoismo ariketa bat iruditu zitzaidan telefonoak jotzeak, noiz eta arratsaldeko 15:37an, abuztuak 22 egun lapurtuak zizkionean 2023ari.
James Blakek Pick Me Up kantatzen zuen, Euphoria seriearen soinu bandan, nire smartphonetik, eta gaixo ikus nitzakeen gaitzak jotako pinu ilarak, logelako leihoez bestalde, halako eszena marika baterako bukolikoegia zatekeen eszenan, bukolikoegia, baldin eta bizi erreala ez balitz. Horregatik, nahasten zitzaizkidan behi zaharren marru entzun berriak eta neronenak, logela berean, nire izatearen esentzia sustraitu eta antigoalekoari ihes egiterik ez banu bezala.
Lurra eskuin orpoz kolpatzen nuen, erritmikoki, perkusio autosortuak neure burua distraitu zezan, zakil irenste horretan zentratzeko, eta burua estutzen nion, hari, neuretik atera nahiko banu bezala. Mamada bat, mamuek alde egin zezaten; mamada bat, beste norbaitez mamutzeko. Poesia gehiegi, mamada baterako. Eta summunean ez, baizik eta, behintzat eroso nengoenean, utzi nionean pentsatzeari lanean, miazkatutako beste azken gorputzean, herenegun jandako ahuntz gaztadun pizzaren gehiegikerian eta, utzi nionean, derrepentean, ni izateari... L.ren aitaren bikotekidea deika ari zen, ez behin, baizik eta bitan, baizik eta hirutan, baizik eta bost aldiz, alegia, hartu nion arte.
Orkatilaraino gehiegi igo nituen galtzerdi zurietan iltzatu nituen begi biak, kentzeaz ahaztu nintzela ohartuta, pareko ezezagunak zerbait gertatzen ote zen begiradaz galdetzen zidan bitartean.
“L. hil da, bere buruaz beste egin du”, esan zuen Doloresek, eta, gero, mutu gelditu nintzen, “Zergatik deitu dit berak? —pentsatu nuen—. Zergatik ez L.ren aitak? Joder, hetero hauek, ze ardura gutxi... Joder, joder, joder, L. zer egin duzu? Joder, joder, joder...”, eta, gero, “L., ostia, beti gaizki, beti arreta eske”, esan nuen, eta gero, “Zer?”, ez dakit zer pasa zen, eta, “Zer?”, eta ez nintzen erantzuna ulertzeko oso gai, eta gero, gaizki sentitu nintzen pentsatutakoa pentsatzeagatik, eta, gero, denbora mortu bat, gorputz ihartu bi, isiltasun ozena. L. hil da.
“Banoa? Edo geldituko naiz?”, galdetu zidan nicknamez baino ezagutzen ez nuen mutiko argalegi horrek, ez nuen oroitzen hor segitzen zuekin ere, eta “Segi, segi, ondo nago”, erantzun nion, atearen danbatekoa entzun aurretik.
L.rekin azkeneko aldiz ohe honetan bertan egon nintzen, koltxa zatar honen gainean eserita biak, berak begirada galduz galdetu zidan ea zein ote zen bere animalia, “ez dakit”, eta “esan bat”, eta “ez dakit”. “Agian, lehoia?”, bota nuen, zerbait esatearren. Mistikoegi zegoen eta nik ezin nuen jasan. Eta haren eskuen hoztasunari begiratu nion, ia sentitzeraino. Hain izan daiteke sarkorra besteen pena.
Bat-batean, miseria adina metro karratu sartu zen gelan, atearen danbatekoak nire onera bueltatzen lagundu ninduenean, eta fikzioan estereotipatutako gay baten kopia nintzela iruditu zitzaidan, zer eta larrua jotzen, lagun onena hil zitzaidanean. Basurdeen pare isurtzetik gertu, bizi hari bat tenkatu eta hausten ari zenean. Nazka eman zidan irakurtzen ez egoteak, jaten, leihotik begira, amari deika, Netflixeko zakarren bat kontsumitzen, dutxan, plazan, kafea hartzen; nazka eman zidan zerbait duinagoan harrapatu ez izanak. Nazka, oraindik hankartea puztuta eta zainak gorri izateak, noiz eta gorpua bero zegoenean... “nire lagun onena...”; baina pentsatu nuen, L.ri grazia egingo ziokeela jakiteak nola enteratu nintzen; L.k ahoa zabaldu, eta irri-karkaila sarkor hori egingo zukeela, barrez leher zatekeela ia malkoak irteteraino, besarkatuko nindukeela, “buaaaaa, follatzen harrapatu zaitut? Eske onena zara, tiooo”, esanda.
Irribarre erdi bat atera zitzaidan, nire autoeszena erridikuluarengatik eta, horrekin bat, malko gazi zaporea, ahoan, bi ezpainen parentesian, esan behar nuenak, edo esan nezakeenak, garrantzirik ez balu bezala. L. hil zen.
2024ko abuztuaren hondar egunak
10:30ak dira, goizeroko agurrak metatzen dira antsiolitiko gehiegi kontsumitu dituzten aurpegien begi-zuloetan. Hau da euskal prentsaren Olimpoa, eurotan kobratu ezin, eta egotan kobratzea. Zentimetro bateko sakonera omen, kazetariaren jakintzak, eta hemen nago, beste inora eramango ez nauen lizentziaturarekin, 20 urtetan, amesten, eta 32tan gorrotatzen dudan bulegoan. Ananadun alkandora gehiegi, gauza onerako.
Ni ere horrelaxe noa: alkandora, baina beltza, urrezko septuma, tatuatzaileak puntillismoz egindako suge txiki bat besoan, bakeroak, beltzak horiek ere, eta vans-ak. Dark Side-ko besteen bertsioa naiz. Igual-iguala izan eta ezberdindu nahian.
“Kafe bat?”, esan du ahotsen batek, eta 50 xentimoko hauts sintetikodun edari beroaren bueltan batu gara, nor izan nahi eta inor ez garen guztiok. Kazetariak. Kanpoan, ateriegi dago, ganorazko tristura honentzat.
—Monografikoak banatu ditugu: suizidioaren ingurukoa tokatzen da. Gazteria, migrazio prozesuak, egoera sozioekonomikoa, generoa...? Aukeratu azpigai bat, oraindik banatzeke daude —begietara begiratu dit bere buruari “erredaktoreburu” deitu arren, guk baino 100 euro gehiago kobratzen duenak. Zerbait dauka hortzoietan; ez diot esan.
—Bai —boliaren botoia sakatzen tematu naiz, psikopata bat bere krimenak gordetzen nola. Tik, tik, tik, tik, tik, tik, tik, tik, tik. Ez dakit gandua ote den antiojoetan dudana edo tentsio jaitsiera bat.
Tik, tik, tik, tik, tik, tik, tik, tik, tik!
—Zer? Bai, zein? Zein azpigai egin nahi duzu?
—E? berdin dit, berdin dit —eskela bat trabatu zait eztarrian, ahanztura bat.
Mac-ek pizterakoan egiten duten soinu atsegin hori entzun dut, bakoitza bere lekura bueltatzerakoan, mentadun anbientadorearen aroma duen gela luze laukizuzenegian. Ene, apatia kolektibo hau.
—Gazteen gaia nik hartu dut —altuegi hitz egiten du beti nire ondokoak bere mahaitik, eta buruko soilak isla arraroak egiten dizkio argipean. Fluoreszente hauek ez diote inori mesederik egiten; igogailu erraldoi batean gaudela ematen du—. Egoera sozioekonomikoarena libre dago —gaineratu du.
—Bai, bale, ados —Tik, tik, tik, tik, tik, tik, tik, tik, tik.
Astean hiru alditan egiten dut Berriatua-Bilbo bidaia, eta, bestela, etxetik aritzen naiz. Gustatzen zait hona etortzea, atsekabe hau sartzeko kapsula egokia da-eta autoa: negar egin, oihu, musika entzun, abestu edo immolatu. Habia gurpildun bat. Bulegora iritsi, baina, eta basapiztia intelektual hauek denek inguratzen naute, alproja soilak izateko egolatregiak, argiegiak, herri xehe izateko.
Nik robot baten determinazioz egiten dut lan. Bizitzak aurrez aurre jarritako “Cookieak onartzen dituzu?” galderari, “Bai, ados nago” eman izan banio bezala, xedapenak irakurri eta ulertu gabe. Horregatik ez da nabaritzen barne-pitzaketa neurtu batean nagoela, L. hil zenetik. Urteurrena izango da segidan. Urtebete. Eta ni hemen.
Qwerty teklatua nire hatzen luzapena denean, seguru nago erabat arrakalatuta nagoela, eta seguru, aldi berean, erabateko apurketarik ezaz. Ez naiz malkoz lehertuko den pertsona klase horietakoa, ez naiz antsietate krisien klubekoa, ez naiz eszenetakoa, eta, agian, hori lehertzea bezain txarra da, xehatu ezean, nostalgia eta pena honen piezak zeintzuk diren ere ezin dudalako ikusi.
Barnekoa txartua eta kanpotik itxura ona duen ozpin zaporeko esnearen antza hartzen diot nire buruari. “Erreportaje bat da, ez da hainbesterako”, hausnartu dut, pantailan utzi dut begirada, eta mahai zuriaren gainean dudan aitaren baratzeko sagar berde-marroixkari egin diot hozka, ia bihotzeraino.
Mikatzegi dago.
Googlek dio “pobrezia egoeran daudenak” suizidatzen direla gehien. “Pobrezia egoeran”, diote, pornografikoegia baitzaie “pobre” idaztea. Googlek dio: ez dagoela profilik eta zaila dela jakiten seinaleak zeintzuk diren eta zer egin eta arreta zenbakiak eta desordenatutako informazio pila bat eta eta eta eta. L.k barre egingo zukeen, idazten ari naizen panfletoa irakurtzerik balu; barre, ironiaz eta zinismoaz eta “periolisto” deituko nindukeen, eta lehen paragrafoa baino ez zukeen irakurriko. Idatzi dudan bakarra.
Lau egun joan dira. Bihar da entrega eguna: elkarrizketatu ditut suizidioaren kontrako elkarteko bi, lekukotza bat jaso dut, baita etxegabetzeen kontrako taldearen analisia ere. Ia bukatuta daukat.
Bazkalorduan, gainontzekoek eguneko egunkarietako azalak iruzkintzen dituzten bitartean, denen otorduen gantz kopuru urria kalkulatu dut mentalki: arroza eta barazkiak, entsalada intxaurrekin, seitana tipula potxatua eta kuskusa... Hiru aldiz parte hartu dut elkarrizketan, hiru “bai” neurtu.
Ondoren, L.ren aitaren bikoteari, Doloresi, mezu bat bidali diot kafe orduan. “Zmz dena? Mx”. Gertatutakoa gertatu izan ez balitz, sekula ez niokeen idatziko.
Hiletan, musu eman zidanean, hotzikara bat sentitu nuen, pena eman baitzidan euskal azal laztu horrek, eta L.k, gurasoak bereizi zitzaizkionean, “zorra” deitu izan zuen aldiekin oroitu nintzen. “Ondo, zu? Eskerrikaskogaldetzeagatik” erantzun dit, 60 urtetik gorakoen abilidade teknologiko generazionalaz. Ostean, Grindr-eko biri pare bat “fotopolla” bidali dizkiet, gogogabe, galeriatik zuzenean, baina tentsioa mantendu behar, eta, leihotik begira, enaren hegaldi geometrikoan galdu zait denbora.
—Oso ondo dago, baina aldatu argazki nagusia, ez du titularrarekin bat egiten, eta ahaztu zaizu idaztea bigarren irudiaren argazki-oina —ahoskatzeko presa balu bezala hitz egiten du erredaktoreburuak; nabaritzen zaio, aitzitik, pozik dagoela, hortz itsusi horiek uzten ditu bistan, eta pozik dago—. Infografia ia eginda dago, diseinatzaileek esan dute arratsalderako, bertan duzula. Oso ondo —eta joan egin da.
—Eskerrik asko —Tik, tik, tik, tik, tik, tik, tik, tik, tik.
L. hemen balego, barre egingo lidake, hemen nagoelako, antsietate krisirik gabe, berunezko atsekaberik gabe, min neurritsu eta ohiko batekin, gizartearentzat onargarria den abanikoan, produktiboki triste.
20 xentimoko bi txanpon eta 10eko beste bat bota ditut kafe makinan, eta hegazkin bat ikusi dut zeruratzen. Sinbolismorik batere gabe, sinpleki, errutinatutako egunen joan-etorrian.
Sagar bat ahoratu dut, kosk egin, eta argizaririk gabeko berdetasun organiko honen itsutasuna irentsi dut. Hau, bai, sagar hau, bai, ederra dago, ez mikatz, ez gozo.
Beste asteazken buruzuri bat da hau. Bihar, osteguna.