Arrazoiak
Arrazoiak
Saioa Alkaiza Guallar

BERRIATUA
aurkibidea

Aurkibidea

azala

BEŅAT

EIDER

Aurkibidea

azala

BEŅAT

EIDER

 

 

DOLORES

 

Kanbioak eskura eman zizkidan, begietara begiratu gabe, keinua propio mekanikotasunez etxean entsaiatua balu bezala, gure begiek elkarri traba egin ez ziezaioten. Saihestu egiten zuen nire begirada, banekien. Ez zen bakarra. Irri erdi bat egin nion nik, aldiz, okinari, edukazioz-edo.

        Hartzerako, bero zegoen ogia oraindik, campesina irindu bat, zabala eta karraskaria; beso azpian jarri nuen, ordaindu eta buelta ematerakoan, sumatu nezakeen: tabu bat neraman bizkarrean josia. Denen begiak zeuden nire garondoan.

        Goizetan, okindegiko atea zabaltzen nuenean, kordialitate antzeztu hori irudikatzen zuten guztiek, eta El Show de Trumanen nengoela imajinatzen nuen batzuetan: ni nintzen Truman eta, gainontzekoak, aktore txarrak. Non ote ziren kamerak? Kafe usaina egoten zen, ordea, airean, eta, kanpotik, atsegina zirudien giroak.

        Denek zekiten duela urtebete gertatutakoa. Alegia, etxean bi ginela. Senarra eta ni. Honezkero, bi. Jada, bi, Orain, bi. Paranoia paseatzen nuen goizero; bakardade hau eta paranoia. Zer gehiago ote zekiten? Eta zer pentsatzen zuten guri buruz?

        Urtebete aski da asko izateko, gehiegi.

        Orrazkera perfektuak zeramatzaten denek Herrian, okindegian ikus nezakeen edo kafetegian —ile hanpatuak, lakatuak, motzak baino eleganteak—; eta hitz egiten zuten eguraldiari buruz; bataren eta bestearen eta, batez ere, ez zegoenaren gauzez; eta haien seme-alabez, eta nik... Nik ez nekien zer esan. Besteak behatuta ere, ez zitzaidan egote natural hori natural irteten. Hala ere, egunero kafetxo bat, saiakera formakoa.

        Baina... baina... “epela” eskatzen nuen kafetegian, eta inoiz ez zidaten kafe epelik jartzen. “Edalontzian”, esango banu ere, katiluan emango lidakete eta “ebakia” nahiko banu, baietz azaldu hutsa, barran.

        Dendetako ateak gurutzatzen nituenean, zurrumurru bat esnatzen nuen, liztor soinu gizatiartu bat, “rrrrrrrrr”. Ahotsak entzun bainitzakeen nire izena esaten, nirea, senarrarena eta, gehienbat, berea. Urtebete.

        Kafe hondarrak basoan, inorekin hitz egin gabeko tarte hura eta betiko ziztada hori soinean, aulkitik altxatu eta okindegi-kafetegitik atera egin nintzen, pisu berdinez eta txalet antzekoz osaturiko kaleetatik 3.600 pauso egin nituen etxerantz, hori zioen erloju adimentsuak; oraindik ere, bero zegoen ogia, sukaldeko mahaian uzterakoan.

        Jardinerantz ematen zuen ataka zabaldu, eta garesti erositako kartzela batean nengoen; salarantz iritsi nintzen automata bat nola, eta denbora joan zitzaidan, astiro, modaz pasatako goteleari begira. Altuegiak ziren sabaiak, zabalegiak pasabideak, oihartzundunegiak gelak. Zer den bizitza: etxe handi bat nahi, eta lortzerako, handiegi.

        Ondarroan biziko nintekeen ni, zentroan, Musika plazan edo Iparragirre kalean edo Artabiden edo edozein leku zaratatsutan, eta jendea ikusi, Zugaztian, paseatzen, “Egun on!”, eta, “Egun on deizula, bai!”, erantzun bueltan, itsasoa zein harro dagoen aipatu, eta pisuak zein garesti, hitz-aspertuan, dibertitzeko; senarrak, ordea, etxe-etxe bat nahi zuen: jardina, pare bat solairu, garajea, tailertxoa. Espazioa. Orduan, barnealdera jo genuen.

        Berak hala nahi baitzuen: txalet bat, Herrian. Bakardadearentzako bizitegi izan daiteke espazioa.

        Norbait ikustearren, luze ibiltzen nintzen hara bizitzera joan ginenean, ez baita erraza jendea maite izan eta mendiek baino ez inguratzea.

        Denborarekin, 40 metro karratutako loft horietako bat izatea bilakatu zitzaidan amets, beste nonbait, zerbait txikia, arnasa faltan nuela sentitu, eta neure burua kalera joatera derrigortzeko. Batez ere, azken urtebetean.

        3.600 pauso egiten nituen egunero ogia erosi eta buelta eginda, eta gero etxean, milaka eta milaka eta milaka...

        Nahiz eta, azken urtean, Herriko plazatik pasa eta esamesak zabaltzen zirenean, frontoi bueltan harriak ere murmurika entzun nitzakeenean, osasun-etxe parean marmarra nigan edo kanpoan ote zegoen ez nekienean... handinahikeriaz erositako txaleta bunkertzat hartua nuen. Etxean joaten zitzaidan eguna. Inoiz baino gehiago, azken urtebetean.

        Batzuetan hori baino ez nuen pentsatzen, ez besterik, hori: “Urtebete pasa da, soilik urtebete, ja urtebete”.

        Amen-omenka zebilen mundua, eta gu ginen Herriko protagonistak: istorioetako epizentroa, desastrearen familia. “Gizarajoak”, entzuten nuen askotan, pasa eta pare bat metrora. “Urtebete pasa da, soilik urtebete, ja urtebete”.

        Kale kantoietan bideokamera gordeak jarri zituztela irudikatzen nuen batzuetan, elkarrizketen urakanaren-begia gu ginela, zurrunbilo etengabean geundela, jendea begira zegokeela, murruek kanpotik barrurako behatxuloak izanez gero.

        Dolores izena jaso nuen ordainetan, 7 ordu iraun zuen erditze baten truke, Zigor deitzen diren horien zorte txar berberarekin, inork gerora inoiz gaitzondorik sentitu gabe.

        Eta orain, orain, une zehatz honetan bertan, sukaldean nago, “Urtebete pasa da —esaten edo pentsatzen, ez dakit—, soilik urtebete, ja urtebete”, zutik, olla-expresarekiko intsumiso, su-txikian garbantzuak egiten. Bitartean, sakelakoaren pantailan, telebistaren programazioa begiratu dut. Hori baitut zaletasun nagusi: telenobela turkiarren bat eta Candy Crusha.

        Burua altxatu dut, hutsik dagoen hozkailu gris distiratsuaren gainazalari beha, pisutsuak zaizkidan begi hauekin, eta gailu garestia dela ohartu naiz, etxean dena bezala, senarraren erakusnahiaren ispilu.

        Noizbait, hozkailuan, plastidekorrez egindako esku ahurren marrazki bat egon zatekeela egin nuen amets. Haur txiki batzuk eta senarra eta biok azal gintezkeela, “aita” eta “ama” hitzen azpian. Behinola, amaren egunean, inork zoriondu ahalko ninduela egin nuen amets; 7 urte eta gero etsi nuen arte. 7 urte: mende bat, ezinaren egutegian. Eta, hala ere, urtero, normak, eskolako atariak, iragarki ponpoxoek, serieek, kontsumismoak, okindegiko solasaldiek eta kuadrillako MirenMonikaMaite guztiek oroitarazten didate nire emakumetasun arrakastagabea. Ez dut makarroiz egindako lepokorik. Ez buztin itsusiz zintzelatutako sasi-eskulturarik, eta ez dut izango. Okerrena da, banitu ere ez dakidala hobeto ote nengokeen, baina hobe hori pentsatzea.

        Emakumea naiz, eta ez naiz ama, eta iruditzen zait beso bat faltako balitzait bezala begiratzen nauela Herriak; ogia okerreko aldera eman, eta besorik ez dudala ikusita “ai, barkatu” esaten duela okinak. Ez dakit haurrik hartzen. Ez dut fardelik aldatu. Ez dakit zer egin niniak mainak egiten hasita. Eta orain, behintzat ama antzeko zerbait nintzela, ama gaizto bat, amaordea, “hautsi nuen” senarraren lehengo matrimonioko alaba horren ama postizoa, sorginen ileak eta kaliza erraldoiak dituzten horietakoak, senarra lapurtu ziona ondokoari; orain, behintzat hori banuela, hori ere ez naiz. Saiatu nintzenarekin. Eta taladro hori buruan: “Urtebete pasa da, soilik urtebete, ja urtebete”.

        Negar egin diot sekula aintzat hartu ez ninduen senarraren ondorengotza genetiko horri, L.ri. Zehatzago esanda, bi hutsuneri egiten diet negar: ama izatearekiko ezintasun honi eta sasi-ama izatearen fantasia horren bukaerari.

        Orain, baina, garbantzuak eltzean ikus ditzaket, sukaldea eta sala gune berean batzen dituen gela definigaitzetik, sofatik bistaratzen baita sukalde amerikar klasikoa, fogoidun horietakoa, yankien realityetakoen antzeko bat.

        Erretzen hasi dira. Edo diraute. Edo ez dakit. Sua. Garbantzuak eta sua.

        Erre usaina aditzen dut, aspaldi, bai salan, bai pasabidean, bai beheko komunean, baita garajean ere, eta ganbararaino iritsi ote den dudatan naiz; mendeku txiki bat da, giro ketu itogarri hau. Segurtasun sistema kontratatzerakoan, suteen kontrakoa ere erosi ote genuen egin dut zalantza, baiezkoan nengoen, baina ez dirudi, jotzen hasiko zatekeen eta, bestela.

        Arnasa mantsotzen ari zaidalakoan nago, birikak pronto daude-eta esfortzu handiagoa egiteko. Zer alde dago, funtsean, itolarritik arnasestura? Psikosomatizaziotik gutxi du egoerak. Sofa gris sintetikoaren gainetik mantso-mantso pasa dut eskua, orografia horretan hatzekin zerbait irakurri ahalko banu gisan. “Zergatik hil zen L.? Zergatik egin zuen bere buruaz beste?”.

        Fisika karrera bat, irakasle izateko masterra, auto istripu batetik kalterik gabe atera izana, lehengo bikotea honengatik uztea, gurasoen zaintzaile izatea, dibertigarria, beste probintzia batean bizi den kuadrilla zalea eta hori dena naiz, baina orain, eta Herria deritzoten toki honetan... Etxekoandre paralizatu bat naiz, suari begira, eta zaila da esatea nahimenez edo halabeharrez.

        Belztu dira su handiaren atzeko Portugaleko azuleju urdin-zurixkak, marrazki moderno bezain errustikoak ia ezabatzeraino. Lanbroa sartu da etxera. Behe-laino itsaskorra. Grisa da anbientea, eta ez da alarmaren txisturik aditzen. Hala beharko luke, honezkero. Beste Herrian banengo, nire Herri-Herrian, ostegunetan afariak neuzkakeela otu zait, eta bermuta, larunbat goizetan, eta barre egingo zuketen gainontzekoek nire anekdotekin, orain sortzen ez zaizkidan anekdotekin.

        Goragalea sortu dit garbantzu erre usainak, eztul egin dut, behin baino gehiagotan, sofatik mugitu gabe. Leun-leuna da oihal klase hau. Bestela ere, paretak aspaldi pintatu gabe geneuzkan, eta “Beno, total”, agertu zait pentsamenduan, ez besterik. Agian L.k ere halako zerbait pentsatuko zuen: “Beno, total...”.

        Argiztatu da mobilaren pantaila, halakoren batean: “Zmz dena? Mx”, Beņaten mezua da. Mutiko ona da, inoiz ia traturik izan ez badugu ere, gertatu zena gertatu zenez geroztik, horrelako detailetxoak izaten ditu lantzean-lantzean, whatsapp mezuren bat, seinaleren bat. “Ondo, zu? Eskerrikaskogaldetzeagatik”, erantzun diot.

        140 metro karratu ditu etxeak, “120 erabilgarri” irakurri genuen senarrak eta biok webgune horixkan, etxe bila ari ginenean, eta ikusi genuen lorategi zaindu hura: geranioak balkoietan, gorri biziz; hortentsiak sarreraren alde bietan, tonu urdinkaretan, morerantz jotzen; eta, atzeko partean, izena nola ote zuen ez genekien zuhaitz erraldoi hori. Barrualdean, bi solairu eder, handi, hiru logela, bi komun... Hipoteka sinatzerakoan, familia bat imajinatu genuen bertan, izango genituzkeen haur hipotetiko guztiak, June eta Ane eta bestela Jon eta Urki, bizpahiru ume inbentatu. Eszedentzia hartuko nukeen lanean, haurren zaintzarako, eta zoriontsu izango nintzatekeen.

        Joan diren zortzi urteotan, bitan pintatu genuen logela bera, urdinez behin, arrosaz bestean. Abortuak etorriko ziren gero. Zuri utzi genituen gela guztiak, azkenean.

        Beti pentsatu dut senarrak L. zuela, eta, hori dela eta ez zitzaiola niri bezain mingarria hori dena, ezintasun hura.

        “Metroetako zenbat bete ote dira kez?”, eta suari begiratu diot, ez baita soilik kedar izugarri handia dagoenik.... bi metroko garrak azaltzen hasi dira su amerikarraren metal artean; munstro basa da sua, formagabea, gorri ederra, erakargarria. Ikusteak lasaitasun kezkagarria sentiarazi dit. “L.k hau sentitu ote zuen?”.

        Eta hemen nago, sofan, batez ere hemen ez egoteko arrazoirik aurkitzen ez dudako; zorabio sentsazioan kulunkatu dut neure burua, sudurretik eta ahotik ahalegindu naiz oxigenoa gorputzerantz sartzen, biziraupen inertziaz, tokitik mugitu gabe.

        Bero zegoen ogia, orain, kiskalita dago, etxeko sukaldean.

        Begi biak bildu ditut, nire baitara noa, nirvana baterantz gerturatzen.

        Aspaldiko partez, bakean nago, ez dut gehiagorik eskatzen, zoriontasun bilaketa etengabekoari men egin ez, eta bakean egotearekin konformatzen naiz. Izan ere, hori da denaren gakoa, konformatzen ikastea. Horra, bizitzaren sekretua. El Show de Truman honetarako bukaera bikaina, ikusgarria, izugarria, handikia.

        Gorri biziz argiztaturik dago sukaldea, ederra da espektakulua. Performance modernista, betiko Herri aspergarriarentzat. Herensuge bat. “Halako bukaera bat merezi dut, joder, noski baietz!”.

        Eta inork espero ez duenean, alarma jotzen hasi da. Joko ez zuela ia argi ikusten nuenean. Etsia nengoenean; etsia eta lasai. Burrunba betean hasi da, piiiiiiiiiii etengabean, bere burua nabarmendu nahi duenaren egoaz, auzo guztia gortzeraino, eta ni lokartzen hasia nintzen, eroso.

        Laster etorriko dira suhiltzaileak, beraz. Polizia. Sirenak. Dena. Herrikoek deitu egingo zuten bestela ere, seguru.

        Badakit bihar, okindegian, are arraroago begiratuko nautela, eta, hala ere, une hori non ia- ia, sentsazio hori, istant bat, segundo hori... hala ere, “Hori da —gogoetatu dut—. Hori da sentitzen dena”. Eta lasai sentitu naiz, oso-oso aspaldiko partez.