Izaro izeneko printzesa eta krimen zoroangarriaren tesia
Izaro izeneko printzesa eta krimen zoroangarriaren tesia
Ugaitz Agirre Zapirain

ARTZINIEGA
aurkibidea

Aurkibidea

azala

I. La sιduction edo lehen inpresioak eragiten duen kitzikadura

—1—

—2—

—3—

—4—

—5—

—6—

II. Le fantτme edo ikusten dena eta benetan dena ilusioak elkartzen dituenean

—7—

—8—

—10—

—11—

—12—

III. La tromperie edo albo kalteen beharrezkotasunaren apologia

—13—

Aurkibidea

azala

I. La sιduction edo lehen inpresioak eragiten duen kitzikadura

—1—

—2—

—3—

—4—

—5—

—6—

II. Le fantτme edo ikusten dena eta benetan dena ilusioak elkartzen dituenean

—7—

—8—

—10—

—11—

—12—

III. La tromperie edo albo kalteen beharrezkotasunaren apologia

—13—

 

 

9

 

Josu erabat konbentzituta zegoen Izaro erakartzera iritsi zela bere artelanaren bitartez. Gutxienez bost bider errepikatu zion Mikeli makarroi sinple batzuk bazkaltzen zituzten bitartean. Sukalderako ez zuten sekula esku onik izan, eta gauza errazekin konformatzekoak ziren biak ala biak. Hala, gehiegi bigundu ziren makarroiak irenstera mugatu zen Mikel eta Josuk bitartean bakarrizketa ia erretorikoa botatzen zuen.

        —Iratik goizean alde egin du eta ez dizkit mezuak erantzuten eta ez dakit non dagoen ere.

        Josuk ez zion garrantzi handirik eman lagunaren esanari. Haizea hartzera edo joango zen. Behin lasaitutakoan itzuliko zela. Esanak esan, ez zen konbentzitu. Bidaiaren amaiera ailegatzear izatearen sentipena, nahiz eta aurretik ate kolpeka zebilen eta ez zen ohartzera ere iritsi.

        —Ezetz, motel, hi beti okerrenean. Bikote arteko eztabaida txatxu bat besterik ez zuan izan. Ikusiko duk nola dena konponduko den. Ilusio bat.

        —Ilusio bat duk hik buruan duana Izaro horrekin. Jaitsi hadi behingoz mundu errealera! Zinemagile deitzen haizenetik, bazirudik hodeietan bizi haizela.

        —Inbidia, hori duk hik duana. Konformatu hintzen lehenengo txolinarekin eta pare bat urte on eta gero ez dakik gauzak inertziaz edo nahi ditualako egiten dituan.

        Une batez, etxetik botatzekotan egon zen gonbidatua. Ahal bezain hotz pentsatuta, badaezpada inguruan mantentzea egoki zuela iritzi zion Mikelek eta ez zuen halako bat-bateko erabakirik hartu. Bazkaloste guztia mutu pasa zuten, harik eta Josuren mugikorra zoro baten pare jo eta jo hasi zen arte. Zenbaki ezezaguna zen, eta, normalean erantzuteko ohitura bazuen ere, egun hartan ez zegoen telefonoz hitz egiteko gogoz. Filmaren kontuarekin buru-belarri murgilduta zebilen bere galaxia paraleloan. Laugarren aldiz deitu ziotenean Mikelek berak erregutu zion behingoagatik erantzuteko.

        —Josurekin hitz egin nahiko nuke.

        —Bai, ni naiz. Begira, nahiko okupatu...

        —Etxahun inspektorea naiz. Entzun, mesedez. Artziniegako ezbeharrei lotuta egiten ari garen ikerketaren harira aurrerapauso batzuk eman ditugu, baina zure laguntza behar genuke.

        —Eta zer egin nezake nik?

        —Azken egunetan herriko hainbat tokitan grabatzen egon zara, eta baliteke pistaren bat edo zerbait susmagarria aurkitzea zure grabazio horietan. Horregatik, eskertuko genizuke kopia bat bidaliko bazenigu.

        Ahotsaren tonuak eskakizunetik gutxi zuen. Bazirudien berehalakoan nahi zituela irudi guztiak, eta aitzakiarik ere ez zuen ezezkorik emateko. Beraz, e-mail bidez pasako zizkiola eta kopia bat egiten hasi zen. Etxahun inspektoreak zuzenean eskura pasatzen bazizkion hobe izango zela esan zion, ez zela teknologiarekin oso ona eta nahiago zuela pendrive batean eramaten bazion.

        —Laudioko ertzain-etxean nago. Hemen egongo naiz esperoan.

        Otsoaren ahora bidean zegoela sentitu zuen deia amaitutakoan. Otsoaren ahora edo pelikula bateko bilauaren gotorleku sekretura. Bene-benetan autoak matxura bat izateko otoitz egin zuen nahiz eta federik ez izan eta, bestelako aitzakia eroren bat artikulatzen saiatu bazen ere, jada Laudiorako bidean zihoan.

        Informatzaile bat bailitzan sentitzen zen hara iritsitakoan. Begirada guztiak mespretxuzkoak iruditzen zitzaizkion eta erabat kikilduta eta burumakur sartu zen barrura. Han zegoen Etxahun inspektorea esperoan. Gizon handia zen tripaz gain, sendo itxura emanik. Hiruzpalau eguneko bizarrak utzikeria eta bere lanarekiko fanatismoaren artean funanbulistarena egiten zuen. Itxurak askorik ardura ez zion seinale. Amodioan zorterik izan ez zuela esatea ez da gehiegi, nahiz eta zortea landu egin behar izaten den. Horregatik zeramatzan urteak, hamarkadak, bananduta.

        Hoztasunez agurtu zuen gaztea eta pendrivea jasotzearekin batera 8. gelara abiatu ziren. Ordenagailura konektatu eta irudiak ikustean, susmagarria izan zitekeen edozertaz galdetzen zion mutilari. Momentuan garrantzirik eman gabeko gauzak, baina berriz ikustean lekuz kanpo zeudela ziruditenak edo gisakoak. Josuk, ordea, hamaika bider ikusi zituen irudi guztiak trantsizioak eta hurrenkerak aukeratzeko. Inoiz ez zuen ezer arraroa nabaritu, baina inspektoreak ongi begira zezan eskatzen zion.

        Nekea izango zen beharbada, han egotearen urduritasunak eragindakoa dudarik gabe, eta ezeren susmorik ez zuela errepikatu zion poliziari aterako bidea hartzen zuelarik. Deseroso sentitzen zen galdeketa inprobisatu hartan, eta pelikuletako esaldiak gogoratuz, ea bere aurkako zerbait ote zuten edo bakean uzteko eskatu zion.

        —Edozer gogoratuz gero, abisatu.

        Etxahunen hitzak hain ziren pisutsuak, hiriburura iritsitakoan oraindik belarri ertzean nabari zuela hitz haien oihartzuna.

        Etxean ez zegoen inor. Goiz oheratu zen gorputz txarrarekin.