Izaro izeneko printzesa eta krimen zoroangarriaren tesia
Izaro izeneko printzesa eta krimen zoroangarriaren tesia
Ugaitz Agirre Zapirain

ARTZINIEGA
aurkibidea

Aurkibidea

azala

I. La sιduction edo lehen inpresioak eragiten duen kitzikadura

—1—

—2—

—4—

—5—

—6—

II. Le fantτme edo ikusten dena eta benetan dena ilusioak elkartzen dituenean

—7—

—8—

—9—

—10—

—11—

—12—

III. La tromperie edo albo kalteen beharrezkotasunaren apologia

—13—

Aurkibidea

azala

I. La sιduction edo lehen inpresioak eragiten duen kitzikadura

—1—

—2—

—4—

—5—

—6—

II. Le fantτme edo ikusten dena eta benetan dena ilusioak elkartzen dituenean

—7—

—8—

—9—

—10—

—11—

—12—

III. La tromperie edo albo kalteen beharrezkotasunaren apologia

—13—

 

 

3

 

Josuk Zinema ikasi zuen Madrilen eta Londresen. Dekadentzia, modernitatea eta nostalgia epikoa gurutzatzen diren eremu desolatu horretan mugitu da hara eta hona.

        Irudien saturazioa pornografikoa bilakatu den honetan (fetitxeen barra librea), atzera itzultze horrek deitzen zion. Nonbait eta noizbait galdutako esentzia puruaren berreskuratzea izango zen martxa inspiratu nahi zuela esango nuke, berriro ere inuzente alaiak izan gintezen kosmosean. Horregatik ustekabeko egun hartan, ohi bezala, etxepeko tabernan kafesnea hartuz Berria egunkariak zekarren bi orrialdetako erreportajean Etxepare Institutuaren ekimenari buruz irakurritakoan, aukera paregabea ikusi zuen buruan bueltaka zituen ideia horiek guztiak plasmatzeko. Honela zioen kazetariak: “Diasporan dauden euskaldunek euren jatorri-herria ezagutzeko aukera izango dute, eta bertako sortzaile bat bidaia hori erakusteaz arduratuko da artefaktu baten bidez”.

        Gutxitan horrelako aukerak. Imajinatu, irakurtzen ari zen bezala ia kafesnea erori zitzaiola emozioaren emozioz. Proiektua aurkeztu eta hautatuetako bat izateko zortea izan zuen. Berarekin batera idazleak, dramaturgoak, kazetariak, zinemagileak... musikari bat ere aukeratu zuten album kontzeptual baten proiektua esku artean zuena.

        Josuren proiektuak “Diasporatik kobetara, euskal mistikaren xerka” titulu ponposoa zeraman. Edonork esan zezakeen Jorge Oteizaren liburuetako batetik lapurtutako esaldia zela. Josuk buruan iltzatuta zuen euskal esentzia aurkitzeko bidaiariak bere arbasoek zapaldutako lur bera zapaldu behar zuela, hondartzako harearen gainean utzitako oin marken gainetik ibiliko balitz bezala. Hau da, ctrl c ctrl v egitea. Apain zezakeen esanez bidaia bat zela atzeraka, hasierara, sorrerara, amaren umetokira, eta, horregatik, estetikoki ere esanguratsua izatea beharrekoa zela. Ezinezkoa zen istorio hori hala moduzkoa izatea, ez, zerbait adierazgarria izateko inozentziaren betaurrekoak jarri behar ziren superprodukzioek eta cgi masiboaren erabilerak kaltetutako begirada berreskuratzeko. Eskuko bideo-kamera aspaldian zabaldu ez zuen kaxan topatutakoan, helburua nola exekutatu garbi geratu zitzaion: udako oporretako bideo amateurra.

        —Ados, eta zure buruan gauza izugarria izango da zalantza barik, baina Izarori zer iruditzen zaio zure... Nola esan suminduko ez zaituen era batean?

        —Hiru txupito Jagger, bi belar porro eta tripi baten osteko zo-ra-ke-ri-a, Irati, ez dago beste forma posiblerik hori esateko.

        Irati eta Xabierren Bilboko pisuan zuen ostatua Josuk.

        Bi mutilak txikitako lagunak ziren, kuadrillakoak, betikoak. Gero etorri ziren ikasketak, hegaldiak, enpleguak, mudantzak. Xabierrek Bilbon amaitu zuen lana tarteko. Ordurako, Sohok liluratuta zeukan Josu —unibertsitate garaiko parranda batean ezagutu izana ahaztuta zuten Iratik eta Xabierrek; “Hemen itxarongo zaitut”, zirikatu zuen neskak txosnan lanean zebilen mutila; goizaldeko taberna zuloetako lioak; orduz geroztik zenbat kalimotxo, sarri-sarri, felazio?; “Elkarrekin bizitzen jar gaitezen”; abenturaren dekadentzia errutinara eta ostiraletan afaltzera japoniarrera; “Zertarako aldatu hau ondo badago?”; erantzunak onartzen ez dituzten esaldiak— eta zinemaren mundua irauliko zuenaren ideiarekin lur hartu zuen Loiun. Zinemaren mundua izango zen pisu hartako monotonia iraultzeko petralegia baitzen.

        —Lin gihiigi dit. Plinifikiziii irripisiti, giir bisitititiki likiliziziiik iztirti, igirildi irigirpinik ipintiti. —Iratiren buruan horrela entzuten zen—. Eta ahaztu gabe zortzietan Izarori deitu behar diot.

        —Horregatik ba, ni alboan egotea komeni zaizu.

        —Utziozu, Irati —Josuk atera gerturatzen zuen bitartean—. Wifiaren pasahitza hozkailuan duzu pornoa ikusten jarri behar baduzu. Edo Tinderren zortea bilatzen jarraituko duzu?

        Maitemintzea ez zen Josuren planetan sartzen. Lorez lore ibiltzeak satisfazio nahikoa ematen zion, eta horrekin sobera zuen. Gainera, bere lagunaren bikote harremana ikusi eta halako zerbait izateko gogoak erabat uxatzen zitzaizkion. Zirrara eta liluramendua beste nonbait bilatzen zituen mutilak, kitzikadura eragin ziezaiokeen edonolako onanismo ariketan. Gero Izarorekin gertatua gogoratzen zuen eta zalantzak sartzen zitzaizkion. Pentsamendu horiek uxatuko zizkion zarata beharrean, telebista piztu eta arratsaldeetako tertulia programa baten zurrumurruak aditzen hasi zen bere eginkizunetan zelarik. Antza, eraso terrorista bat gertatu zen, non eta Gordexolan. Izena aditu bezala, begiak pantailatik altxa zituen. Mikel udal ordezkariarekin egondakoan ez zitzaion iruditu tertuliakideek zioten bezain larria zenik. Moteltzaile batzuk puskatu zituztela, besterik ez. Noiz ez da halako ekintza bandalikorik gertatzen zer egin ez dakizunean?

        —Hemezortzi moteltzaile dinamitatu zituzten, Izaro, hemezortzi! —txundituta kontatzen zion bezperan gertatutakoa—. Ez naiz harritzen horren larrituta egon izana Mikel bera.

        —Ba Mikel aipatzen duzula, handik dator.

        Pirineum tabernan egina zuten hitzordua hirurek. Egunak lagunduko ziela uste bazuten ere, usteak erdi ustel izan ohi dira, eta egun grisak aurreko eguneko eguzkiari eta oskarbiari erreleboa eman zien. Horrek ez zuen Josu askorik konbentzitzen, berez nahiago baitzuen eguzki argitan filmatu herriko kaleetan zehar egingo zituzten eszenak. Argiak berebiziko garrantzia zuen liluramenduan, eta herriak hori eragin behar zion Izarori ere. Mikel, erdi arnasestuka iritsi zena beste biengana, plastikozko aulkian eseri eta zigarro bat egiten hasi zen atean zegoen zerbitzariari keinu egin eta gero.

        —Nahi baduzue buelta bat eman dezakegu herrian eta hurrengo batean filmatu daiteke, edo ikusten duzuen bezala. Ni hemen zuei laguntzeko nago.

        —Ondo iruditzen zait —baieztatu zion Josuk—. Euri langarraz eta dena grisa egotea ez da erakargarria. Oso iluna ikusiko da.

        Bere planak zein ziren lasai azaltzera zihoanean, ordea, Izarok moztu zion:

        —Baina zer ari zara esaten, Josu? Nola ez dugula filmatuko? Gaurko eguraldia zoragarria da-eta zuk duzun ideia plasmatzeko? —Josu pixka bat jokoz kanpo geratu zen—. Euriak bustita dituen harri zaharrak, negarra balitz bezala, eta justu orduan diasporatik etorri den neska gaztea bere jatorri urrunaren detaileetan duelarik soa. Gauza malenkoniatsu eta nostalgikoagoa den ezer ez zait bururatzen oraintxe bertan. Eta nostalgia horretatik zuk bilatu nahi duzun euskal mistikara.

        Zer emozio eta harridura Izaroren azalpenek eragindakoa! Norbaitek ulertzen zuen bere ideia, bere artea. Ez zen zorakeria singular bat. Kamera atera eta “rec” botoiari klik terrazako eszena bera ere interesgarria izan zitekeelakoan.

        —Nik ere atera behar dut? Dotoreago etorriko nintzen jakin izan banu.

        —Naturaltasuna nahi dugu hemen, Mikel, ez zaitez kezkatu horregatik.

        Kafesnea edalontzian atera zion orduan tabernariak eta pasa berri ziren festen inguruko aipamen ulergaitz bat egin eta gero, berriro itzuli zen kameralari eta aktorearengana. Herriaren historia kontatzen hasi zitzaien kuadrillakoei txikitan gertatutako anekdota bat kontatzen den gogo berarekin.

        —Konturatuko zarete hemen gauza asko dela “diotenez...”, baina gero egia den edo ez, hori beste gauza bat da —zigarroari zupada eman zion—. Orain gogoratzen naizela, hemen pare bat pelikula filmatu dira. Ez da oso zaila izango bien kalitate narratiboa gainditzea, nik uste.

        —Beraz ospetsua da Artziniega! Abizen ospetsua dut! —ironiaren muga gainditzekotan Izaro.

        Abizena aipatu zuenez, berriz ere Erdi Aroko kontakizunetara itzuli zen. Antza, umezurztegi bat zegoen Artziniegan orduko mojek zeramatena. Bertako haurrei Arciniega edo Encina abizenak jartzen zizkieten herriaren seme-alabak bezala identifikatuz behin umezurztegia utzi eta gero. Gutxienean nondik zetozen jakiteko balio zioten haur gizagaixoei. Izarori grazia egin zion mojen kontuak, berriro ere hasierara itzuli zenaren susmoa baitzeukan.

        —Arrazoi duzu! —barre txiki artean Mikelek—. Zer moduz egin duzu lo?