EPILOGOA
Las tierras fronterizas están presentes de forma física siempre que dos o más culturas se rozan, cuando gentes de distintas razas ocupan el mismo territorio, cuando la clase baja, media, alta e infra se tocan, cuando el espacio entre dos personas se encoge con la intimidad compartida.5
Gloria Anzaldúa
La frontera – Borderlands
Mugan bizi diren pertsonak identitate anitzetan berretsi eta aldarrikatzen dira. Mundua mapetan kabitu ezinik dabil aspaldian. Muga berriak kartografiatzen dira lurralde zaharren gainean eta, azkenerako, uneoro eta nonahi aurki dezake batek topea, inplizituki zein esplizituki. Hala gertatzen da harremanetan ere, hizkuntzaren, sexuaren, ideologiaren, sozializazioaren, kapitalen edo desiraren ertzek elkar jotzen dutenean.
Mugan bizitzeagatik mugatuta daude Erriberako euskaltzaleak. Euskara hutsean egunerokotasunean funtzionatzea pentsaezina da hemen. Zonifikazioak bazterrean utzi du euskara eta horrek, besteak beste, behar adina diru publiko ez jasotzea dakar. Gustatu ala ez dirua behar da mundu honetan, ilusioa eta borondate ona beste. Mugaren bazter honetan dirua muga bat gehiago da. Ilusioz eta borondate onez ekinda Erriberako euskal proiektuentzat dirua lortzeko ezinbesteko laguntza da Errigora. Auzolanaren bitartez lortu dituzte baliabideak eta kontzientziazioa. Inguruko herri guztietan dago proiektuari esker garatutako ekimen edo eraikinen bat.
Rakelek auzolanean izena eman zuen, militantziaren beharraren jakitun. Nekatuta bezain indartsu itzuli da bere lehenengo esperientziatik.
Bertan bizitzen geratzeko gogoa ematen duen besarkada batekin agurtu du amonak Rakel. Kanpoko mahaian eseri dira aitona eta hirurak. Eguzkia jaisten hasi da eta ureztatutako sailetara doa zikoin saldoa. Mugak muga, lautada infinitu bat ikusiko dute zeruan barrena doazen hegazti hankaluzeek. Inguru hauetan bizirauten duen hizkuntza ikasi eta praktikatzen duenetik bereago sentitzen du lur hau Rakelek. Mapetan nola hala ageri da lurraldea eta, honezkero, inork ez daki zenbat garen: “Bat, lau, hiru, bost, zazpi”. Lurraldearen, norberaren eta besteen mugez ahaztu eta gora begiratu du, mugagabeen bila. Trankiltasuna eskaini dio ez baitaki zerua non hasi eta, are gutxiago, non bukatzen den.
5 “Mugako lurrak modu fisikoan daude presente bi kultura[kulturak] edo gehiagok elkar ukitzen dutenean, arraza desberdinetako jendeak lurralde bera okupatzen duenean, klase baxu, ertain, altu eta infrak elkar ukitzen dutenean, bi pertsonen[pertsonaren] arteko espazioa intimitate partekatuarekin biltzen denean”.