Mapa ez da lurraldea
Mapa ez da lurraldea
Ainhoa Urien Telletxe

MENDABIA-LODOSA-SARTAGUDA-ANDOSILLA-SESMA
aurkibidea
 

 

Gorputzean kabitzen ez den poz batekin
eskertzen diet Erriberako herritar euskaltzaleei.

Bidea erakusteagatik: Maite, Amaia, Unai,
Josetxo, Maite, Paolo, David eta Notxori.

Bidelagun izateagatik: Amelia, Benito, Maricer,
Abdul, Hafida, Moha, Sesmako D ereduko amak,
Juan Carlos, Akilino, Gallinerokoak,
eta kalean lau berba jator eskaini dizkidaten horiei.

 

 

Neskato bat bizikleta zaratatsu batean dator Lodosako Plazuelara. Plastikozko botila bat sartu du atzeko erroberan. Pedalei indar handiagoz eragin ahala zaratatsuagoa bihurtzen da gurpilaren bira. Motorrei azeleratzean gertatzen zaien gauza bera.

        Behinola hemen egon zen zirkuaren omenez jarri dituzten harmaila hautsien aurrean jaurti du bizikleta, eta harrien gainean eseri da. Jokaldirik onenak ikusten ditu pantailan. Honezkero buruz dakizkien pase eta jaurtiketak. Area txikira sartu da jokalaria eta filigrana zoragarri batekin atzean utzi du aurkaria. Atezainaren aurrean bakarrik geratu da. Dena du alde. Loria esku-eskura. Elegantziaz hanka bakoitza alde banatara ireki duen atezainak zapuztu dio gola. Lapurtu dio baloia sareratu orduko puzten ari zitzaion laineza. Lapurtu dio eta beretzat hartu du. Hala ere, geldiketa ospatu baino galdutako gol aukeraz penatzen da estadioa lepo bete duen jendetza. Atezainak dira futboleko ahaztuak.

        Neskatoak hankekin erreproduzitu ditu jokalariaren keinuak, baloi imajinario bati bultzaka. Aireari egin dion jokaldian ez du atezainik aurkitu, eta gola ospatu du. Amets egitea libre da.

        Gaztelera kaskar batean deiadar egin dio aitak balkoitik. Berandu dela, iluntzen hasi duela, lagunik gabe gelditu dela. Neskatoak entzungor. Bere jokaldia errepasatzen ari da, gola nori eskaini pentsatzen, alegiazko baloi hori noizbait bere hanka artean izango duela sinesten.

        Aitak arabieraz egin dio errieta azkenean. Amore eman du. Bizikleta altxa eta plastikozko botila erneguz bota du alde batera. Udako iluntzeak ez lirateke sekula bukatu behar.

        Plazuela atzean utzi du kale bitarte batean sartzeko. Etxeetako ate guztiak irekita daude, ziertzoari esker behingoz freskatzen hasi duen aireak egurastu ditzan. Horma barruetan pilatutako beroa atera dadila gura dute bizilagunek, begirik ez baitute bilduko bestela. Katuek, ordea, kaleetako lurrak hartutako beroa eskertzen dute. Maite dute lur gogor epela. Erdi lo dagoen katu bati burutik buztaneraino igurtzi dio eskua etxera bidean den neskatoak. Ez du presarik, ez du etxera joateko gogorik, eta bizikleta besoekin bultzatzen du. Kalea ezkerretara biratu duenean Plazuelak begi bistatik galdu ditu neskatoaren pausoa eta imitaziozkoak diren Real Madril taldeko galtza motzak.

        Harmaila hautsiak zeruaren laranja koloreak ukitzen ditu. Hamalau bat urteko mutiko beltzaran bat gelditu da bertan eserita. Begirada tristedun elefante bat du alboan.

        Mutikoak ez daki zer egin elefante baldarrarekin. Otzanduta dago, gehiegi otzanduta egon ere, eta kexarik gabe jarraitzen du muturrean lotuta daramatzan soketatik tira egiten diotenean. Mutikoak ez daki zer egin, non utzi, nora eraman, nori eman. Horregatik darama berarekin. Horregatik eta inguruan gelditu zaion lagun bakarra delako. Lekuko izan zirenek kontatuko dute, gerora, mutikoa eta elefantea arrastorik utzi gabe desagertu eta urte mordo batera, haien lagun egin zirela, elefantea gertutik ikustera joaten zirela, mutikoarekin nola edo hala harremantzen zirela. Usteltzear zeuden meloiak hartzen zituzten neska-mutikoek ganbaratik. Elefanteari ematen zizkioten, eta hark irentsi egiten zituen, tronparen azpiko aho handi eta ilunean desagertzen ziren. Inori eskerrak emateko modurik zintzoena da hark borondaterik onenarekin emandakoa gustu handiz aprobetxatzea.

        1936ko uztaileko arratsalde hartatik dago hor mutiko beltzarana, elefante baldarra lagun duela. Bizitzaren eta heriotzaren arteko mugak lausotu direla dirudi. Izateari utziko zioten agian, bizidun oro finitua baita. Izateari, bizitzeari utziko zioten igual; baina egon, hortxe daude. Gutxik ikusten dituzte orain, gero eta gutxiagok. Gertatutakoa gogoan duten zaharrak hiltzen eta nerabe gehienak pantailei begira. Tartekoak iraganeko zaurietan aztarka oraindik, batzuk memoriaren poderioz sendatu guran, beste batzuk ahanzturaz tapatu nahian, azkenean, gaizki itxitako zikatriz bat gelditu dadin. Azalean markatutako muga zatar bat. Memoriaren eta haren ukapenaren artean banatzen da herria. Ikusezina izan arren nabarmena den muga batek banatzen ditu batekoak eta bestekoak. Tentsioz eusten zaion muga batek. Eta tartean indiferentzia dosi ikaragarriak. Kontatzeko gogorik ez eta jakiteko beharrik ere ez. Hala ere, historiarekin leialak izan gura duten herritar batzuen artean bizirik dago oraindik altxamendu frankistaren eta haren ondorio zitalen oroimena. Jakin nahi izan dute eta kontatzeko beharra dute. Ez dute ahaztu nahi halabeharrez hemen abandonatu zituzten mutikoa eta elefantea. Horregatik jarri dizkiote harmaila batzuk, bera eta bere lagunen oroimenez. Harmaila hautsi batzuk, zirkuaren eta apurtutako aro baten lekuko. Hamarkada luzeetako nekearen ondoren, mutiko beltzak esertzeko leku bat aurkitu du bederen. Elefanteak, egun, plazan pilatzen diren kotxe artean leku egin behar izaten du gorputz gris pisutsua lurrera erortzen uzteko. Ez ditu ia inork ikusten, bietako bati ere ez diote erreparatzen, baina egon badaude.

        1936ko uztailaren 19a baino egun batzuk lehenago iritsi zen Lodosara Anastasini izeneko zirkua. Zabaldua zen herrian jeneral faxistaren bat matxinatu zela, zurrumurruak gero eta ozenagoak eta argiagoak ziren. Zirkulariak penintsularen iparraldean hainbat funtzio egiten ari ziren. Bitartean, penintsula beraren hegoaldean, gogotxartuta zeudenak matxinatu egin ziren, hainbeste libertate aguantatu ezinda. Zirkua Nafarroara iritsi zen, animalia, akrobata eta olana koloretsuekin, eta Lodosan ere egin zuten emanaldirik. Duela urte gutxi batzuk arte, jendearen memorian Juanita Anastasini bizirik zegoen, zaldi gainean zutik ibiltzen zen neskatila. Ume hura zen zirkua ikusi zutenen memoriaren erdigunea. Oraindik ere, zuzenean ikusi duenik apenas gelditzen denean, jende gehienak zaldi gaineko neska haren figura gogoratzen du. Ahoz aho jaso dute haren akordua, zirku batek sortu ditzakeen oroitzapen fantasioso guztien artean hura azpimarratzeko nahi berezi batekin.

Carmen, ordea, mutiko beltzaranarekin eta elefantearekin oroitzen da. Edo, hobe esanda, haien oroitzapenak izan dituztenen oroitzapenekin oroitzen da. Katramilatsua izan liteke memoriaren katea. Mugatua bai, baina infinituaren izpiak sartzen zaizkio arrakaletatik. Oroimena puzzle bat bezalakoa bada, piezak etengabe jar daitezke elkarren ondoan. Piezen arteko zirrikitutik alde egiten du batzuetan, beste akordu multzo batzuetara joateko. Noizbehinka, arrakala gehiegi zabaltzen denean jausten da oroimena mugarik ez duen erorialdian. Akabo, orduan. Pertsona bere burua ahaztera irits daiteke.

        Carmen bere aurrekoei entzundako kontuekin oroitzen da; bereziki, elefantearekin eta haren jagolearekin. Carmenek dio elefanteak oreka ariketak egiten zituela. Ez dago ziur hau egia den, benetan hala izan zen, edo errealitatea eta fikzioa nahastu zaizkion buruan. Kontatu diotena eta gertatu zitekeena lausotu ote zaizkion. Muga hori deuseztatzea erabaki du, egiaz kontatutakoa eta kontatu ahal izan diotena nahastuz. Horregatik ikus dezake bere buruan zirkuko elefantea oreka ariketak egiten. Aurreko hankekin eusten dio gorputz osoari. Atzeko hankak bilduta dauzka eta ipurdia oso modu erridikuluan erortzen zaio. Bernardo Atxagaren behi euskaldunarekin akordatu da: “Ez dago behi makala baino gauza makalagorik”. Errukiaren eta amorruaren arteko zerbait sentitzen du, elefantearen begirada negargarria laztandu nahiko luke orain. Baina elefantea joan egin zen zaintzen zuen mutikoak alde egin zuenean. Batek daki nora joan ziren orduan, noiz utzi zioten izateari. Plazuelako harmailetan, norbaitek oroitzen jarraitzen duen artean, betirako egongo dira. 

        Plazuelan kokatu zen Anastasini zirkua, Guardia Zibilaren kuartela zegoen leku berean. Altxamendu frankistaren zurrumurrua gero eta ozenagoa egin ahala, Peña deituriko mendilerroan bildu ziren errepublikazale batzuk armekin defentsa lerro bat sortu nahian. Kuartelaren eta Peñaren artean gelditu zen zirkua. Bortizkeriaren erdian malgutasunez mugitzeko gune bat. Errepresio, gerra eta biolentziaren artean akrobaziaren, dantzaren eta irriaren paradisu txiki bat. Justizia poetiko apur bat. Izan ere, zirkuko olana koloretsuek ordurako Francoren alde agertu ziren Guardia Zibilen bista zailtzen zuten.

        Kontatzen dutenez, zirkuko zaldiak herriko hainbat ukuilutan gorde zituzten funtzioek irauten zuten bitartean. Lodosako hainbat lagun ere kontratatu zituzten, animaliak gobernatzeko edo muntaia lanetarako. Jan eta edan ere egiten zuten. Umeak olanapetik sartzen ziren zirkura, ezkutuan, eta hango akrobaziekin txundituta gelditzen ziren. Hala, ia nahi gabe, herri guztia egin zen zirkuaren parte.

        Gero, baina, errepresioa gero eta bortitzagoa egin zen egun oso gutxitan. Zirkulariak desagertu egin ziren, lurrak irentsi izan balitu bezala. Zaldiak, oholak eta olanak gelditu ziren herrian. Eskuindarrek aprobetxatu zituzten, gehien behar zutenak gabe utziz. Ezkertiarren, euskaltzaleen, anarkisten, sozialisten, langileen eta pobreen aurkako gerra bat zen. Biolentzia guztiak dira pobreen kontrakoak.

        Zirkulari guztiak ez ziren desagertu baina. Frankisten aldeko emanaldi batzuk eskaini behar izan zituzten. Bere bizia salbatzearren Falangeko propagandarentzat lan egitea beste erremediorik ez zitzaiela geratu dirudi. Akrobaziaren, dantzaren eta irriaren paradisua gerrako arma bihurtu zen. Propaganda horixe baita, tiro hotsik ateratzen ez duen arma indartsu bat.

        Gainerako zirkulariak lurrak irentsi zituen, zinez. Batzuk Mendabian fusilatu zituzten, beste batzuk Larragan. Urteetara agertu ziren tamaina guztietako gorpuzkiak soroetan sakabanatuta. Gaur egun zaharrak dira orduan ume koskorrak ziren lekukoak. Kamioiak ikusi zituzten iristen. Landa bazterren batetik heriotzaren garrasiak entzun zituzten. Zuzentasun ezin ziurrago batez dakite non lurperatu zituzten. Memoria askotan lausotzen da, baina izugarria da zehaztasun batzuk oroitzeko duen gaitasuna.

        Bizikleta zaratatsuan Plazuelara sartu den neskatoaren aita sorora doa lanera, egunero bezala. Bero itogarria, gerriko mina eta baldintza prekarioak ditu. Lanean ari dela aurkitu ditu hezur zati txiki batzuk. Zerbaitek esaten dio giza hezurrak direla, lurrak hizketan baleki bezala. Etxera joan denean emazteari kontatu dio. Gelatik entzun du alabak elkarrizketa, eta umeek duten axolagabekeriarekin kontatuko dio hurrengo egunean bere lagun bati. Beraiekin egongo den lagunaren amak hizketan bukatu orduko moztuko dio. Isiltzeko, lelokeriarik ez esateko, ahazteko kontu horiek, iragana dela eta ez duela inporta. Bazter nahasle batzuk baino ez direla hezur horien atzetik dabiltzanak, eta ez galdetzeko ezer haiei. Historiaren narratibak isiltzen denean egiten du topo bere mugekin.

 

 

* * *

 

 

Lima distirant hura eraiki zuten langileak,

ze etxetan bizi ote ziren?

Txinako Harresia bukatu zen iluntzean:

nora jo zuten harginek?

Bertolt Brecht

Langile baten galderak liburu baten aurrean

(Joxe Azurmendiren itzulpena)

 

Duela gutxi elkar ezagutu arren, honezkero, maiz egin dute larrutan. Gaur ere Claudiaren ondoan esnatu da Rakel, enegarrenez etxera gonbidatu duen Logroñoko neska. Txoriak entzuten dira kamioien zarataren gainetik. Zainzuriak biltzen gaua pasatu duten langile arrazializatu guztiak lo apur bat egitera datoz. Jornalarien artean badira musulmanak direnak, eta kezka sortu zaio Rakeli: Ramadan garaia izanda noiz jaten ote duten gauez zainzuriak biltzera doazenek. Bere zuritasunean, Rakelek ez daki bizitzaren ze esparruri eman beharko dioten lehentasuna. Ez daki beraien jainkoak barkatuko ote dien. Otoitz egiten baleki, Rakelek etxera bidean diren langile horien alde egingo luke otoitz. Baina ez du sekula ikasi.

        Claudia lo gozoan du alboan, eta atzo elkartu zirenetik lehenengoz du tarte lasai bat Rakelek. Erlojuaren beharrik gabeko denborak eraman du denboraren gainean pentsatzera. Nola pentsatu denboraz denboraren kontzientzia hartzeko beste denborarik ez bada? Denborak eraman du Rakel denboraren inguruan pentsatzera, baina handikeria hori esatea ezer ez esatearen pareko dela uste du. Handikeria gehientsuenekin pasatzen den bezala, bide batez.

        Denbora da bizitzaren oinarrizko gauza bakarra, edo, gutxienean, denbora da bizitzaren aurreneko eta ezinbesteko baldintza. Azken batean, beste ezeren gainetik, denbora bat gorpuzten da norbere bizialdian. Beste batzuen denborarekin elkarbanatzen dena.

        Bere hausnarketa propioetan katramilatu da, beste behin. Hortik ihes egiteko edo, Claudiari begiratu dio. Miresmenez beste gailentasunez ikusten du maitalearen bizitza sinplea bere begien aurrean. Izan ere, unibertsitatetik pasatu diren askok bezala, Rakelek pentsatzen du jende arruntak ez duela astirik hartzen bizitzari begiratzeko. Jakin barik bizi direla, ia-ia. Gero, horretarako ikasiak direnez, konturatzen dira gailentasun hori eraikia dela eta injustua ez ezik higuingarria ere badela. Besteak besteko jende arrunta direla beraiek, besteek beraiek lain pentsatzen dutela eta, Claudiak egin bezala, ikasketa unibertsitarioei uko egitea ez dela porrot intelektual bat. Hala ere, lehenengo bulkada elitistatik ez ditu inork libratzen.

        Rakel konturatu da sekula ez duela hitzik egin hamaika muga gurutzatu behar izan dituzten langile arrazializatuekin. Ez dakiela ze bide egin duten beraien herrialdetik honaino etortzeko, zergatik gelditu diren hemen, ezta zenbat oztopo izan dituzten eskubide gutxi batzuk bermatuko dizkien paper zati bat lortzeko. Konturatu da ez dakiela haietako bakoitzak 6 euro ziztrin kobratzen duela lanordu bakoitza. Konturatu da udako beroak biderkatu egiten direla soroan makurtuta egonez gero. Konturatu da azalaren kolorea muga bat dela, hala nahi ez duela aldarrikatzen duen arren. Konturatu da heziketaren eta aurreiritzien mugek uste baino pisu handiagoa dutela. Hizkuntzaren edo kulturaren aitzakiapean muga sozialak eraikitzen direla pertsona jakin batzuekin, eta ezjakin bihurtzen gaituela horrek. Konturatu da ez dakiela aliantzarik sortu ote den kontserbagintzan hijaba daramatenen eta ez daramatenen artean, sekula ez baita fabriken atera gerturatzen. Konturatu da ez dakiela etengabeko lan fisikoaren nekea zenbaterainokoa den, eta abuztuan eskumuturretako mina izaten dutela mertxikari hezurra ateratzen aritzen diren andre guztiek.

 

* * *

 

Eta zure mentura Ulisesena baino ederragoa izango da,

edonora joanda ere,

egundo egon ez zaren lekura itzuliko zarelako.

Joseba Sarrionandia

Lagun izoztua

 

Orain dena baino berriagoa zen orduan mundua. Ordurako, dena dela, zaharra zen. Ezin du jakin zenbateraino aldatu den paisaia azken mila edo bi mila urtean. Pentsa lezake aurrean duen lautada orduan ere laua zela, eta han atzean ikusten zela orain ere begi-bistan duen Moncayo. Lurrak hitz egiten dio bati entzuteko prestutasuna baldin badu. Isabel enegarrenez etorri da Resa herrixka izandakora, gertu dagoen Andosilla herriko gazteekin. Nerabetan etortzen zirela gogoan dute, nora zihoazen ez bazekiten ere. Beste era batera itzuli dira orain, gaztaroak berezko duen jakin-minarekin. Herriko andre batek lagundu die, inork baino hobeto baitakizki hark hemengo kontuak. Toponimia, historia eta robada1 bakoitzaren jabea nor den.

        Isabelek ez daki Ebroren ibilgua zenbat aldatuko zen Resako biztanleek lehenengo pontoia jarri zutenetik. Ez daki ziur esaten herrixkako azken biztanleak noiz hilko ziren. Mendeak pasatu direla, hori bai. Atzamarrarekin seinalatzen du non zeuden ibaia gurutzatzeko egituraren hondarrak. Orduko hartan bezala orain, ibaia gurutzatzea muga zeharkatzea da. Isabelek kontatu die xix. mendera arte Nafarroako kontrabandoaren negozio gune garrantzitsuena Erriberan zegoela, Ebro ibaiaren bi aldeetara. Nafarroa dago hemen, Castilla dago han. Ebro da muga, ibaiak markatzen du zer den hemengo eta zer hango. Meandroek ez dute muga lerro zuzen baten gisa irudikatzen. Urteekin ibaiak leku batzuk galdu eta beste batzuk irabazten ditu, etengabe aldatzen ari diren prozesu naturalen parte izaki. Muga bezalako artifizio politiko bat ibai baten beharren eta apeten arabera mugitzea txundigarria egin zaie gazteei. Fantaseatzen hasi dira hamar urtean itzuli ez diren gazteak, zenbat lur galdu edo irabazi den urak handitu diren bakoitzean. Horixe baita, azken batean, muga politikoen zera, non hasten den norberarena eta, batez ere, non bukatzen den bestearena.

        Hamar bat urte geroago Andosillako emakume historialariarekin itzuliko den nerabe kuadrilla Resa herrixkatik gertu dabil. Ebrori esker ureztatutako soroetan barrena dabiltza. Bizikletekin igo dira Santa Cruz ermitaraino. Bazter batean utzita oinez jaitsi dira ibaiaren ertzera. Amari poltsatik lapurtutako zigarro pare bat ekarri du batek, denen artean erretzeko. Begirada bakanetatik ezkutatzea erreza da eremu honetan, edo hala uste dute. Beraienak ez diren fruta-arboletatik jaten dute. Lurra lantzen ari direnek ez diete ezer esaten, ez baitute uste lapurretan ari direnik, dagoen lekutik hartzen baino ez. Hartu ahala jaten. Inguruok urtean behin hartzen dute jendetza, maiatz hasieran. Erromeriara beraiek ere sarritan etorri dira, herriko beste guztiekin batera. Beste guztiek ez dakitena da egun berezia ez denean ere etortzen direla hona. Beraien ezkutaleku bihurtu da dena bistan duen lautada. Plastiko beltzez tapatutako gune bat ikusten dute, Aranzadiko zinta batzuekin inguratuta. Kuriositate larregirik ez die piztu, aldrebeskeriaren bat egiteko baino ez bada. Paso egin dute. Orain ez dakite, baina urte batzuk barru harra sartuko zaie, galdezka hasiko dira eta plastikopean dagoena ikustera etorri nahiko dute.

        Duela hamar urte iraganeko kontu axolagabea iruditzen zitzaiena interesgune dute orain herriko gazteek. Antolatu egin dira, ekintzak burutzen dituzte, herria bizirik nahi dute. Horregatik jakin nahi dute non bizi diren. Konturatu dira iragana ezagutzea dela orainaldia ulertzeko giltzarrietako bat, testuinguruan kokatuta egotea dela diskurtso eta praktika politizatuak aurrera eramateko baldintzetako bat. Horregatik itzuli dira nerabetan ordu pila bat pasatu zituzten lekura.

        Muga non dagoen badakite, beraien lurra noraino iristen den eta non hasten den bestearena. Ebrok markatzen du. Baina lurraldea mapetatik haratago dagoen zerbait da, eta ibai beraren emariak ureztatzen ditu mugaren alde biak. Muga oztopo bat da abagune bat den neurri berean, nondik, zergatik eta zertarako begiratzen zaionaren arabera. Muga biolentzia eremu ikaragarri bat da maizegi, baina, aldi berean, gazte hauek badakite muga izan daitekeela identitatea eraikitzen duena. “Ebro ez balego berdinagoak ginateke Pradejonekoak eta gu” dio Isabelek, nagusitan ikasi duen euskaraz.

        Ureztatutako sailetara jaitsi eta fruta-arboletatik jan dute, patxadan. Pareko soroan lanean ari denari lau hitz egin dizkiote. Orain badakite nor den eta noren lurra lantzen duen. Kontatu nahi duenari entzuteko prest daude, izan lurrari edo hura lantzen duenari. Ikasi dute nola duen izena hango muinoak, eta noiztik dagoen han atzeko negutegi-saila. Toponimia jakinda irabazten da identitatearen karta herri txikietan.

 

* * *

 

Herrikoa izateak leku guztien izenak ezagutzea esan nahi du. Lekuei izenak jartzen zaizkie mugatu nahian. Mugak izendatzeak identitate jakin bat sortzen du. Kanpokoak eta barrukoak sortzen ditu. Hemengoak eta hangoak. Dakitenak eta ez dakitenak.

        Unibertsitatean ikasteagatik hirian urte batzuk eginda itzuli zen Rakel Mendabiara. Iruñean pasatu zituen urteetan ikasi zuen euskaraz, zonifikazioaren mugan eskolako euskararen presentzia anekdota huts izatera kondenatuta baitago. Orain, pare bat urte Mendabian daramatzala, badaki batzuekin euskaraz hitz egin dezakeela, Lodosako D ereduan edo ikastolan ikasteko aukera izan dutelako, ala militantziaren bulkada ikaragarri batez hizkuntza bereganatzeko ahalegina egin dutelako.

        Gradua eta masterrak burutu ditu Rakelek. Ikastaroen tituluak eta hizkuntza eskolan pasatutako orduak. Espezializazioen bidez akreditatutako jakintza eskuratu du. Baina Rakel, bere curriculum jantziari begira zegoela, ohartu zen osotasunean mundua ulertu eta hautemateko gaitasunik ez zuela batere garatu. Horregatik erabaki zuen Mendabiara bueltatzea, lurrari lotuta bizi diren herrikideen ondora. Ingurunea eta harengan eragiten duten faktoreak begiratzen, ulertzen eta aurreikusten ikasi nahi zuen, oraindik ere uste baitu hori dela lurrari lotuta egotea.

        Euri apurrak ez du kikildu eta paseoan atera da. Lehorreko laboreen lurrak atzean utzi eta baratze eta fruta-arbolen artetik doazen bideetara sartu da. Ebroko urak betetzen dituen kanalez inguratuta dago. Etxolak sakabanatuta daude. Haietako batera zuzendu du norantza, aspaldi ikusi ez duen osabarena baita. Jendeak etxean bezainbeste denbora pasatzen du txabola hauetan. Osabarenera hurreratu eta usaina ezagutu du. Ardoarena, kartoiarena eta ogi sikuarena nahastuta. Bodegetan ere egoten da, hezetasun dosi ikaragarri batekin. Hasperen egin eta lehenengo ardoaren garraztasuna sartzen da sudur-zuloetatik. Erdi-bustitako kartoiek lur hezearen usaina botatzen dute eta, azkenean, ogi sikuaren usain gogorra nabaritzen da. Ogi hori hortzekin zatitu behar da, eta jaterakoan bakarrik jakin daiteke abereek ze zapore hartzen dioten beraien oturuntzari. Ogi sikua ganaduarentzat gordetzen den arren, gobernatzen dituztenek ere hozka egiten diote noizean behin. Etxolako atea zabalik dago eta letorkeenari bizkar emanez gizon bat dago, besaulki zabal eta altu batean. Pentsu fabrikaren batek oparitutako txapel biribila du buruan, gaurko lau euri-tantetatik babesteko jarri eta kentzea ahaztu duena. Zuzen begiratzen dio hormako zulo laukizuzenari, sua piztu ala ez galdezka ari balitzaio bezala. Sartu da Rakel eta hona bidean bildutako fruta bat eskaini dio. Inoren etxera esku hutsik ezin dela joan ikasi izan du beti herrian. Begiratu ere egin gabe onartu dio fruta osabak, esker onez bai, baina batere konbentzimendurik gabe. Egungo frutek ez omen dute garai batekoen antzik. Kexaz da, pestizidekin kutsatuta dagoelako Ebro, eta handik jasotako urekin bustitzen dira ureztatze-sailak. Altxa eta musu bi eman dizkio bilobari, kapitalean ze berri den galdetuz. Rakelek esan dio aspaldi ez dela Iruñera joan. Hobe dela horrela erantzun dio osabak, hirian ez duela hemengo bakerik aurkituko. Zapatilak hankapean hartu eta etxolaren aurrean eseri dira. Parean dituzten landare eta zuhaitzei buruz hitz egiten du osabak. Zeruari begiratu eta txapela erantzi du, igarri baitio ez duela gehiago euririk egingo. Artegian bildutako simaurra zabaldu beharko da datozen egunetan, lurrari jaten emateko. Osabak ez du maparik behar lurra noraino iristen den jakiteko. Auzokoarekin borrokarik ez egitearren jarri zuen bere aitonak mugarria hurrengo soroa hasten den lekuan, eta begiak itxita ere asmatuko luke non dagoen. Bere lurraldea, baina, ondokoaren lursailak pasa eta gero dagoen mendi magaleraino iristen da. Mendi haren atzean Castilla. Osabak ez du maparik eskuartean, eta ez daki mapa batek esaten duena baieztatuko lukeen ere. Berak badaki, mapak gorabehera, beraien lurraldea noraino iristen den.

        Rakelek, sentitu dituen lotsa guztiak janda, internetez ezagutu duen Claudiari buruz hitz egin dio. Mugaz bestaldekoa dela, Logroñokoa, eta harreman bat eraikitzen ari direla. Ezpainari hozka egin dio, ez baitaki zein izango den osabaren erreakzioa. Logroñon behin egon dela erantzun dio, soldaduska egin zuenean, eta kito, ez duela gehiago joan beharrik izan, honezkero guztiz aldatuta egongo dela. Isiltasun deseroso bat. Azkenean, pozik bizi daitezela opa dio osabak, erreparorik gabe gurutzatzeko muga, baina sekula ez ahazteko noiz dagoen hango aldean eta noiz hemengoan.

        Iluntzen hasi du eta hegazkin baten lorratz kutsakorrak urratzen du zerua. Edertuz beste hautsiz. Mundutarron afanek zeruan utzitako beste ondorio bat. Gora begira daudela agurtu dute elkar. Pentsakor aldendu da Rakel, muga eta haren sinbolismoa ulertu nahian.

 

* * *

 

Y ahora, alza la voz conmigo:

¡Salud y República!2

Eskutitz anonimoa

 

Errepublikaren eguna da eta ereserkia argi eta garbi entzun arte sintonizatu du irratia. Tentu handiz ari da bizarra egiten, aurpegian barreiatu duen xaboiaren usaina etxe guztian zabalduz. Umeek maite dute usain hori, ospakizunaren traza ematen diolako egunari. Garbi usaina, jai usaina. Erdizka erretiratu du apar zuria aurpegitik, eta piura hori baliatu du umeei barre eragiteko. Erraza da, errazegia batzuetan, jendeari min ematea, baina ondokoari poza erregalatzea uste duguna baino samurragoa da maiz. Sukaldean kantari ari da norbait arropa dotoreenekin jantzita. Gaur ohikoa baino jateko gehiago egongo da mahai gainean eta, agian, gozoren bat ere bai. 1936ko jai usaineko goiz honetan jolasean ari diren umeek, laurogei bat urte beranduago, bizitzari egingo dioten eskakizun printzipala irmoa izango da: ez dadila sekula zer jan falta. Gosea izango da biziko duten esperientziarik lazgarriena, eta bizitako errepresio, umiliazio eta bortxaketak bizi izanda hori dioenak, argi du goseak zenbaterainoko zuloa uzten duen.

        Apirilaren 14a da eta oturuntza merezi du egunak. Ez dute fundamentuzko uzta jasotzeko lain lurrik. Salbuespena da gaurkoa. Ramiro Torrijos administratzaile despotak nahi eran banatzen ditu lurrak eta, hemen, hemen lurra da bizibide bakarra, duinena. Horregatik eskatzen diote lurra sekula aitzurrik hartu ez duen despotari. Diktadore handia iritsi bezperatan ezaguna zuten Sartagudan diktadore txikia.

        Egun handia da gaur, eta Azagratik orkestra bat iritsi da, urte berri egunean bezala. Laster hasiko da manifestazioa herrian, eta denetariko banderekin ari da jendea plazara gerturatzen. Ume bana bizkarrean hartuta atera dira aita eta ama etxetik. Hiru koloretako bandera marraduna daramate batzuek. Sozialistek bandera gorria atera dute, Erriberaren jite ezkertiarra aldarrikatuz. Komunistek ere kolore bera darabilte, baina igitaia eta mailua dituzte trapuaren alde batean. Umeek ez dakite zergatik diren desberdinak, zer esanahi duten eta, laster, ez dute jakingo zergatik atxilotu, torturatu eta fusilatuko dituzten horiek daramatzatenak.

        Laurogei urte beranduago, orduko hartan gurasoen bizkar gainean zihoazen ume biak banderak eskuetan hartuta atera dira kalera. Errepublikaren eguna da eta manifestazioa dago, ospatzeko beste amorruz eta minez oroitzeko. Ahanzturarena izan dadin sekula gurutzatuko ez den muga. Gaur ikurrina ugari ikusten dira zerupean eta memoriaren aldeko hitzartzearen zati bat euskaraz egingo da. Muga linguistikoa gainditzen hasi dira inposatutako zonifikazioaren oztopoak gorabehera. Hilerrian elkartu dira, eraildako guztiei eskainitako hormaren aurrean. Izenak daude. Izen pila bat bata bestearen atzetik. Izena eta bi data: jaiotzarena eta heriotzarena. Ulertezina zaie bi daten arteko marratxoak bizitza oso bat laburbiltzeko balio izatea. Gogoan dituzte izen horietako asko, aurpegiak eta ahotsak. Diotenez, ahotsa da pertsona bat albotik joaten zaigunean ahazten dugun lehenengo gauza. Beraiek ez dute ahaztu baina. Agian izango da haien ahotik ere hitz egiten dutelako, bortxaz ahotsa kendu zietenen hitzak esateko ardura eta beharra balituzte bezala.

        1936a da eta ez dakite aurtengoa izan dela azken Errepublika eguna. Uztailaren erdialderako urduritasuna nabari da herrian. Andrés Moreno nekazariak eguneroko bat idazten du. Uztailaren 19a  da eta honela dio: “Estalla el movimiento fascista en España”.3 Biharamunean zerbait gehiago idazteko adorea bildu du: “Se extiende el movimiento fascista. Las sociedades obreras ugt y cnt no dejan acudir al trabajo, vigilando los caminos, también la carretera que va a Lodosa, para que los fascistas no entren al pueblo”.4 Muga jarri nahi izan diote faxismoari. Muga jarri etortzear den errepresioari. Muga jarri zapalduak izateari. Mugak, baina, ahulak dira indartsuegia eta babestuegia den oldarraldi batentzat.

        Aita atxilotzera etorri dira. Ez dago gaur duela hilabete batzuk zegoen xaboi usainik etxean. Bizarra egin barik daramate, jakarik hartzeko astirik gabe. Handik egun batzuetara iritsiko da gutuna Iruñeko kartzelatik. Esku dardarti baten letra eta hari beltz bat barruan. Fronte Popularrari botoa eman diotenak eta jornalariak atxilotzen dituzte. Ia ausazkoak dira zergatiak, baina sistematikoa da heriotzarako zerrendak egiteko modua. Ume biek amari galdetzen diote zergatik eraman duten aita. Amak ez daki zergatik hilko duten, nola esango dien alabei, zer egingo duten. Oraindik ez dakiten beste kontu bat da ez dietela bizitzen utziko. Bizitzari eutsi egingo diote urte batzuetan, nola edo hala, bizitza bizitzeari halabeharrez uko eginda. Alargunek eta umezurtzek errepresio handiko urteak dituzte aurretik. Lapurretak, bortxaketak eta umiliazioak etengabeak izango dira datozen hilabeteetan. Eta gosea, gosea oroituko dute umeek. Eta katuen zaporea, besterik ez zegoela eta haiexek hil, larrutu eta irensten baitzituzten.

        Oraindik ume direnek, sufrikario guztiaren artetik, egoera berean dauden amen arteko elkartasuna ere gogoratuko dute. Negar egiteko elkartu dira gaur herriko alargunak. Elkarrekin negar egiteko, debekurik eta konplexurik gabe. Sentipenak kontatzen dizkiote elkarri, lauzpabost patata eman batak besteari, dozena erdi arrautza denen artean ume gehien dituenari. Gerora, feminismoan jantziak izango diren bilobei entzungo diete ahizpatasuna aldarrikatzen, eta konturatuko dira beraiek ere badutela zeresana. 

        2008tik parke batek eusten dio Sartagudako memoriari. Manifestazioa bertan bukatu da. Eraildakoen izenak eta herriak. Artearen adierazpide desberdinak, orduko zauriak miazkatzeko. Eskultura batek betikotu du fusilatu aurreko momentua: bikote batek elkar besarkatzen du azken tiroa jaso baino lehen. Andre batek amorruz kontatu du eskolako maistra eskuindarrak atzamarrak makilarekin kolpatzen zizkiola, bere aita hil zutelako. “Joder!” bat eskapatu zaio, ezin duelako ulertu ume inuzente bati hori egiterik. Gazte batzuk hurreratu zaizkio, orduko kontuak ezagutu eta herri honetako mugez haraindi zabaldu nahi dituztela eta, ea elkarrizketarik grabatu ahal dioten galdetuz. Emakumeak ileak orraztu ditu kamerara begiratu aurretik: “Bai, noski baietz! Jakin dezatela, konta dezatela!”

 

* * *

 

Idoiak gogoan du eskolan eman zituen urte guztietan goizegi ateratzen zela etxetik eta beranduegi itzultzen zela. Herrian bertan aisialdia egiteko astia ez ezik gogoa ere kentzen zitzaion. Sesmatik Lizarraraino joan behar izaten zuten eskolan euskaraz ikasi nahi bazuten. Joan-etorrietarako bidea zuten oztopo, eta inork ez zien garraiorako aukerarik eta laguntza duinik ematen. Hiru zonatan banatutako lurraldean mugaren ze aldetan bizi, hortxe aldea. Neba gazteagoek aukera izan zuten Lodosako ikastolara joateko, nahiz eta institutu garaia heltzerakoan atzera ere gurasoek kilometroak egin behar izaten zituzten. Idoiak ume bi ditu, eta ez zuen bere gurasoak ibili ziren moduan ibiltzeko gogorik. Horregatik, eskolara joateko sasoia iritsi zitzaienean, han eta hemen ate joka hasi zen, herriko eskolan euskaraz ikasteko aukeren bila. Gutxienez bost ikasle behar omen ziren D ereduko taldea ateratzeko. Egun gutxi zituen taldea egiteko, baina batari eta besteari deituz, azkenerako lortu zuen gutxieneko kopurua biltzea. 2018tik umeek euskaraz ikas dezakete Sesmako eskolan. Ikasitakoa kalean erabiltzea zaila da, oso zaila. Muga linguistikoek gehienetan bat egiten dute muga ideologikoekin, eta gatazka asko sortzen dira hemen euskaraz lan egin eta bizi nahi baduzu. Zonifikazioaren biolentzia ez da mapan trazatutako marran bukatzen; egunerokotasuneko elkarrizketetan zein udalen panfletoetan islatzen da egiten duen zauria. Hala ere, Idoia pozik dago azken boladan pintada batzuk euskaraz egin dituztelako. Amorruak janda, batzuek begiak itxi beharko dituzte paretik pasatzean. Euskararen aurkako katean temati lotuta jarraitzea beraien hautua da.

        Pintadek eman dioten pozarekin etxeratu da Idoia. Halako indar dosiei hezurretaraino sartzen utzi behar diete, sentitzen duten neke kronikoa alimalekoa baita. Adi egon behar dute uneoro: “Jarri kartel hau elebitan”, “gogoratu eskolako informazioa euskaraz ere emateaz”, “gelen izenak gaztelera hutsean daude”. Leku guztietan egon behar da. Jakitun dira hizkuntza paisaia ezin dela aldatu kultur paisaia euskaldunik gabe, baina hemen kartel bat elebitan egotea iraultza da. Ematea asko kostatzen den urratsa. Taldetxo bat diren arren bakardade handia sentitzen dute egunero borrokan dabiltzanek. Badakite inguruko herrietan ere antzera dabiltzala. Elkarrekin biltzen dira batzuetan, eta euskararen aldeko ekimenak egiten dituzte. Porrusalda, kasu. Erdarek eskaintzen ez dutena eskaini behar du euskarak, eta giltzarri estrategiko horren jakitun antolatzen dituzte ekintzak. Xumeak izaten dira gehienetan, ahalak uzten duena. Dena da asko eta, aldi berean, badirudi ezer ez dela nahikoa. Nekeak ezkortasunari bide ematen dio gehiegitan.

        Mezu bidez jaso berri duen albiste batek poza eman die Goi-Erriberako euskaltzaleei: datorren ikasturtean D eredua jarriko dute Lodosako institutuan. Hauspoa eman die berriak, nekeari apur batean kontra egiteko beste behintzat.

        Duela hamarkada batzuk arte espartzuaren herria zen Sesma. Emakumeak espartzua biltzen aritzen ziren bideetatik jolasean doa Idoia bere bi umeekin, jaso berri duen albistea ospatuz, saltoka eta korrika. Umeei kontatu die emakumeek taldeka biltzen zutela espartzua. Zine bat ere bazegoela, Anasol izenekoa, eta igual, oxala, hara ere batera joango zirela emakumeok. “Gora borroka feminista” pintada berriaren aurretik pasatu dira. Poza gorputzean kabitzen ez denean ateratzen utzi behar zaio, adierazten, zeren hemen, hemen ez da jakiten noiz arte iraungo duen. Paseo de la Paticuestan gora doazela eguzkia sartzen ikusi dute, biraka ari diren haize erroten artetik.

 

* * *

 

Iruñean bizi zenean hilabete batzuk ematen zituen Rakelek herrira itzuli gabe. Hiriko paisaiara ohitzen zen. Gero, bueltatzen zenean, harrituta geratzen zen aspalditik ezagunak zitzaizkion lautada idorrekin, oztoporik gabeko ikusmirarekin. Gogoan du Iruñetik abiatu eta Gares pasatuta hasten zela inguratzen zuen lurrari beste usain bat hartzen. Behin Urantziara iritsita autoko leihoa ireki eta etxean zegoela jakiten zuen. Gogoan du garai haietan asko akordatzen zela Quijote zaharrarekin. Nola haize errotak ikusi eta erraldoiak zirela pentsatzen zuen. Berak ere ikusten zituen egungo haize sorgailuak, batek daki zenbat kilometrotara, gizakioi ikusteko gaitasuna iristen zaigun punturik urrunenean, eta ulertu egiten zuen zaldi gainean ibiltzen zen zoro zoragarri hura. Rakelek ere erraldoiak ikus zitzakeen. Mundu automatizatu eta protesiko batean ez balego ez litzateke eolikoen industriarekin sortu den gatazkaren jakitun eta, hartara, irudimenari hegaz egiten utziko lioke. Pentsatu ahalko luke, are sinetsi, han nonbait erraldoi trauskil batzuk hara eta hona dabiltzala.

        Ebroren ertz hauetan, baina, eolikoen kontua modaz pasatuta ei dago. Rakelek bera baino iparralderago bizi diren Iruñeko lagunen bidez daki hemen agortuta dagoen eztabaida pil-pilean dagoela han. Inguruotan eguzki-plakak dira orain mintzagai. Neke handiarekin dirurik apenas ematen duen lur bat saltzeagatik diru-usaina errazegi hartu omen dute batzuek. Minduta daude besteak, arbasoek bizia galdu baitzuten lur horiengatik, eta orain ez ditu inork nahi. Ulertzekoa da, alde guztietatik. Interes desberdinen gatazka honi buruz ez daki gehiegi Rakelek, eta ez da ausartzen gehiegi esatera. Erraietan bizi ez duenak noraino hitz egin dezakeen galdetzen dio bere buruari.

        Bozina zaratatsu batek atera du bere pentsamenduetatik. Ez da jotzen dioten lehen aldia eta, zoritxarrez, azkena ere ez da izango. Bere arreta lortzeko beste egiten dute beraien presentzia bermatzeko, ez dadila ahaztu hor dagoela bozina joz bere boterea erakutsi nahi duen gizona. Kalean jiratu eta onespenik gabe bere gorputza iruzkin sexualizatuz betetzen duena. Bere ezinegona besteari eraso eginez bideratzen duena. Eta garrantzia kenduko diote batzuek, baina jarrera hauek sistematikoki eta egunerokotasunean bizi dituenak ulertuko du. Ulertuko du batzuetan gogoa kentzen dela kalera ateratzeko. Besteetan gogoa pizten dela erdiko atzamarra ateratzeko. Itogarria da. Erneguak sortzen dion korapiloa botaka egingo lukeen momentuan ikusi du kartela horman itsatsita: ostiralean Ojos Violeta taldearen kontzertua izango da Andosillako Bar Españan. Feminismoarekin topo egin duen talde honek egiteko eta egoteko beste modu batzuk kantatzen ditu. Arnasa hartu du Rakelek: “Eskerrak non atseden hartu badaukagun”.

 

 


1        Robada: euskaraz erregu-lur deitua. Erriberako biztanleek euskaraz hitz egiten dutenean ere “robada” hitza darabilte, horregatik mantendu da horrela. Azalera-unitate historiko hau 8,98 area edo 898,4560 m²-tako baliokidea da.

2        “Eta orain, oihukatu ezazu nirekin batera: Osasuna eta Errepublika!”.

3        “Mugimendu faxista piztu da Espainian”.

4        “Mugimendu faxista hedatu da. UGT eta CNT langileen batzordeek lanera joateko debekua ezarri dute. Bideak kontrolpean dituzte, baita Lodosarako errepidea ere. Faxistak herrian sartzea eragotzi nahi dute”.