Abiatzea da zailena
Abiatzea da zailena
Bertol Arrieta

ZUIA
 

 

18

 

Bakoitza bere kotxean joatekotan geratuak ziren Iñaki eta biak, Maitanek haurrentzat oparitxo batzuk erosi nahi baitzituen aurretik, koartada gisa eta errua purgatzeko helburuz, ezer baino gehiago. Aspaldi ez bezain dotore jantzi zen, Lukianora iritsi zenetik ez bezala behintzat: soineko laranja motel loreduna, ilea buru gainean mototsean bildua, sandalia marroi dotoreak eta haiekin primeran ezkontzen zen poltsa erdi hippya, ezker sorbaldatik zintzilik.

        Dato kalean gora eta behera ibili zen paseoan, jostailu-denda bat aurrez aurre tokatuko zitzaiolakoan. Giro zegoen Gasteizen, jende andana zebilen batera eta bestera, ostiral goiza izanagatik. Ibiltariaren eskulturaren parean, bere ibilia gerarazten saiatu zen, Save the children gkeko neska gazte bat:

        —Baduzu minutu bat?

        —Bazkidea naiz jada —esan zion Maitanek, nahiz eta gezurra izan. Amnesty International, Greenpeace, Médicos Sin Fronteras… Ez al zen, ba, nahikoa?

        —A bai? Ba, mila esker zure laguntzarengatik —erantzun zuen neskatilak, kontzientziako harra piztu zion irribarre zabal-zabal batekin.

        Kafe bat hartzera sartu zen Río kafetegian, eta ilea atontzeko aprobetxatu zuen komuneko buelta. Ezpainak doi margotu zituen, ostera. 10:30ak ziren. Mugitu beharra zeukan, umeak oparirik gabe utzi nahi ez bazituen. Kalera bueltatu zen, jostailu-denda bat non zegoen galdetzeko erabakia hartuta. Bi haurrekin zihoan emakume bat ikusi zuen, plastikozko poltsa banarekin eskuan, eta hari egin zion itauna. Foru Kalera bidali zuen, han omen zegoen Juguettos bat.

        General Alavarekin izkinan, eskuorri bat eman zioten bbvako sukurtsalaren aurrean protestan ari ziren hogeitaka langileek: 3.976 kaleratze geratzeko, greba-egunera deitzen zituzten Espainiar estatu osoko euren lankideak. 3.976 kaleratze! Eta zenbateko irabaziak izan ote zituen bbvak aurreko urtean?, egin zuen berekiko Maitanek. Harrigarria egin zitzaion zortzi sindikatuk sinatutako eskuorriak halakorik ez ekartzea…

        Hamaikak laurden gutxi! Ez zegoen denbora galtzeko… Emakume hark esandako bidetik abiatuta, Foru Kalerantz zuzendu zituen urratsak, eskerrak bertatik bertara zegoen. Denda barruan buelta azkar bat eman ostean erabaki zituen oparitxoak: lepokoak edota eskumuturrekoak egiteko koloretako aletxoen kutxatxo bat alabarentzat, eta Zomblie bat semearentzat. Ziurra, arrakasta.

        Hamaikak bost gutxi ziren, bat-batean zalantzak erasan zionean (ordura arte nora zihoan ezkutatzen ari balitzaio legez bere buruari). Zer arraio ari zen… Komuneko zulotik behera bota behar al zuen, egun batetik bestera, azken hamalau urteetan ondutako guztia? Senarrarekin zeukan harremana, seme-alabak, bizitza sosegatu eta zoriontsu hura? Zertarako, gainera? Hotel bateko bi ordu segur aski ez hain gogoangarriren truke? Taberna batean ezkutatu eta goiza han igarotzeko tentazioa sartu zitzaion bat-batean: entzungor egin beharko zien Iñakiren mezuei eta deiei, Chardonnay batzuk irensten zituen bitartean, biharamuneko ajea bortitzagoa izan zedin hitzordura ez joategatik sentituko zuen damua baino. Pikutara! Ezin al zion bere buruari bi ordu eskaseko dibertsioa ere oparitu, fereka-festa, lizunaldia, bidaia labur bat alegiazko denboraren makinan? Ez zen hainbesterako, joder!, eta gainera, inork ez zeukan ezer jakin beharrik, Gasteizen gertatzen dena Gasteizen geratzen da, bezatuko zuen kulpa nola-hala, pikante pixka bat bota behar zaio tarteka eguneroko izokin lehorregiari, zer arraio!

        Korrika txikian abiatu zen, Andra Mari Zuriaren Plazarantz. Berandu zebilen!, eta hala ere Iñakiren arrastorik ez iritsi zenean. Kezka sartu zitzaion: ez ote zen Pika bera izango, azkenean, beldurrak edo kulpak edo dena delakoak bultzaturik, etxean geratzea erabaki zuena? Goizegi zen halako ondorioak ateratzeko: ez ziren hamaikak eta laurden ere…

        Besazpiak usnatu zituen disimuluan, izerdi kiratsa aditzearen beldur… Bere burua behatu zuen, mugikorra selfie-ak ateratzeko moduan jarrita. Ez al zegoen gehitxo makillatuta? Beranduegi zen edonola, edozertarako. Ilea ezker eskuarekin harrotu pixka bat, eta poltsan sartu zuen mugikorra.

        Hamaikak eta hogei pasatxo ikusi zuen Pika urrutian, pauso azkarrekin gerturatzen. Han zetorren, Murgian elkartu zirenean zeukan antzeko janzkeraz. Jeans-ak, kamiseta mahuka motz berdekara bat, lehengo eguneko zapatilak. Zer kontatu behar zion bestela emazteari, ezta?, egin zuen bere artean Maitanek, alkandora zuria jantziz gero, derrepente, ostiral arrunt batean… Pika ez zen, gainera, alkandoratako mutila izan sekula santan.

        Besarkada batez agurtu zuten elkar, musuko bidezko musu deskafeinatuei muzin eginez, eta Alde Zaharrean barneratu ziren Andra Mari Zuriaren Plaza alderik alde zeharkatu ostean, Aihotz Plazatik barrena igaroz. Gasteizko txoko kuttunenetakoa zuen plazatxo hura Maitanek, beti iruditu zitzaion xarma berezia zeukala. Aiztogile Kalean gora hartu zuten, baina noranzko finkorik gabe ari ziren paseoan egiazki, elkarren aldamenean jarrita, elkarren besoak talka txikiak eginez tarteka. Iñakiri eskutik heltzeko tentazioari eusteko alimaleko ahalegina egin behar izan zuen, eta kezka sentitu zuen, ezagunen batekin topo egin ahal izateak ematen ziona baino gehiago, Iñakiren aldamenean hain gustura sentitzeak eragindakoa. Kezka, eta harekin nahasirik, halako zoriontasun betegarri bat.

        —Hau al da zure ostiraletako plana? —galdetu zion Maitanek—. Zure neska-lagun ohiren batekin Gasteiztik zehar paseatzea?

        Irribarre bat itzuri zitzaion Pikari.

        —Sarrian bertan geratzen naiz normalean. Baratzean jardun, etxea garbitu, bazkaria egin… Beti dago zerbait… Aspaldi zen Gasteiza etortzen ez nintzela, egia esanda.

        —Eskalatzera ere ez al zara joaten?

        —Norekin, baina? Lanean dago mundu guztia…

        —Lurtar gehienok ez ditugu hiru eguneko asteburuak, zer uste zenuen?

        —Mendira joaten naiz batzuetan.

        —Horretarako ez duzu lagunik behar.

        —Touché.

        Irribarre egin zioten elkarri.

        —Gustura bizi zara Zuian, e?

        —Niretzako paradisua da. Paraje eder horiek, mendian ibiltzeko aukera, eskalatzekoa…

        —Neguak, gogor samarrak…

        —Baina baita hemen ere! Eta gauza bat esango dizut: mendi aldean elurrak alde ederreko magia dauka. Ez dakit. Erritmo kontua ere bada. Guztia geldoago doa han, ez dago hiriko presarik, ezta jende andanarik ere. Fondoko eskia egiten ere ikasi nuen!

        —Udan eskalatu eta neguan eskiatu. Ezin geldirik egon, e, Pika?

        —Badakizu nolakoa naizen. Ez dut inoiz jakin liburu bat hartu eta tximinia ondoan irakurtzen jartzen. Desberdinak gara horretan.

        —Eta Amaia?

        Lepoa biratu zuen Iñakik Maitaneren aldera. Ezustean harrapatu zuen galdera hark. Noiz aitatu ote zion, ba, emaztearen izena? Akordio inplizitu bat haustea bezalakoa izan zen haren izena aipatzea, bion artean eraikitako burbuila labanaz lehertzea bezalakoa. Zer esan nahi ote zuen itaun hark?

        —Euskaltegian ezagutu nuen —hasi zen erantzuten, unearen magia neurri batean hautsi egin zela sentituz—. Klaseetara etortzen zen, eta…

        —Bertakoa da?

        —Sarriakoa. Euskara ikasi nahi zuen. Aitonak ez omen zekien besterik. Abadiñokoa zen! Fusilatu egin zuten, gerran, gudari ibili eta gero. Kontua da etxean gaztelaniaz egitera behartu zituela geroztik amonak, gerta zitekeenaren beldurrez. Patxiren garaian, badakizu, ez ziren txantxetan ibiltzen. Total, eten egin zen katea.

        —Motibazioa latza izango zuen, historial horrekin.

        —Ikaragarria. Sekulako indarra zekarren. Ziztuan ikasi zuen, bai.

        —Eta baita irakaslearekin maitemindu ere.

        Mutu geratu zen Iñaki, irribarre txiki bat ezkutatu ezinik. Bikote bat igaro zen beraien paretik, eskua bata bestearen ipurdiko poltsikoan sartuta zutela. Haiei so geratu ziren bi-biak, nola aldentzen ziren begira.

        —Ez zenidan sekula deitu —bota zion Maitanek ezustean—. Ez didazu sekula deitu. Urte hauetan guztietan.

        Begietara begira geratu zitzaion Iñaki.

        —Zuk ere ez niri, Maita.

        Isilune bat sortu zen bien artean, pausoari pausoa emanik airean desegiten joan zena. Santa Maria katedraleraino iritsiak ziren, obretan ziharduten. Erdi Aroko etxeak miretsiz hura inguratu, eta gorakoa hartu zuten: Montehermoso parean zeuden ohartzerako. Eskailera mekanikoen aldamenetik egin beherantz, eta San Pedro elizaren atzealdetik, Neptunoko terrazarekin egin zuten topo aurrez aurre. Hamabiak pasatxo ziren, bermutaren ordua. Mahai batean jarri ziren.

        —Nire txanda da —esan zuen Maitanek, Iñakiren altxatzeko imintzioa ikustean—. Bermuta?

        Muzin egin zion Pikak eztabaidatzeari, eta barrura sartu zen Maitane. Bi bermut soil eskatzera zihoan, baina tripakiak zeuzkatela ikusi eta ezin izan zion eutsi: oso maite zituen Iñakik, duela hogei urte bai behintzat. Bermuta eta tripakiak, konbinazio arraroegia ez ote zen, zalantza haretxekin egin zuen mahairako bueltako bidea.

        —Lehen behintzat asko gustatzen zitzaizkizun —esan zion Iñakiri, platertxoa parean jarririk.

        —Orain ere bai!

        Sardexkarekin batzuk bildu eta zain egon gabe dastatu zituen.

        —Bikainak! —esan zuen, eta tripaki gehiago arrantzatzen ari zen bitartean, gehitu zuen—: zuk etorri behar Donostiatik, taberna hau ezagutzeko. Marka da, gero!

        —Auskalo! Hurrena zuk deskubrituko didazu Donostiako altxor ezkuturen bat beharbada —bota zuen Maitanek, eta esan ahala damutu egin zen, gonbidapen bat ezkutatzen zuen esaldi hura ahoskatu izanaz.

        —Nork daki… —erantsi zuen Iñakik irribarrez, hala ere.

        Beste bermut bana, eta belarri errazio bat etorri ziren haren ostean. Nola gozatzen zuen Iñakik haiek eztarriratzen. Jatun ona zen oso, baina tripakiak, belarriak, zezen-buztana, txahal-masailak, muinak… Bereziki maite zituen. Horiek eta arrautza frijitua. Miretsirik gogoratzen zuen Maitanek, hogei urte lehenago Gasteizen egindako parranda haietako baten ostean, nola gosaldu zituen arrautza frijitu parea, baldosa urdineko bere ikasle pisuko sukalde txiki hartan, goizaldeko orduak maindire artean elkarri katramilatuta igaro ondoren. Kontua ez zen gosaltzeko arrautza frijitu parea jatea, baizik eta haiek jateko modua: zuringoa ahoratzen zuen Pikak lehendabizi, zati ez oso txikitan banatuta, eta gorringoa geratzen zitzaionean oso-osorik —puztutako nenufare lodi bat bezala platerean flotatzen—, koilara bat hartu eta kontu handiz azpitik sartuta, osorik irensten zuen, aho-sabaiaren kontra leher zedin utziz bonba delizios hura.

        —Konfiantza handia dudan pertsonen aurrean soilik egiten dut, e? —esan zion 23 urteko Iñaki gaztetxo hark, lotsa pittin bat ezkutatu ezinik, bigarren arrautzari modu berean ekitera zihoalarik.

        Maitagarria zen, joder.

        Orduz geroztik arrautza frijitua jateko zeukaten moduaren arabera sailkatzen zituen pertsonak Maitanek. Berak bezala jaten zuen senarrak: gorringoa dastatzen zuen lehendabizi ogiarekin bustita, eta zuringoa gorringoarekin nahastuta irensten zuen gero. Hori zen ohikoena. Hori zen normala. Baina baziren zuringoa azkenerako uzten zuten frikiak; are, zuringoa jaten ez zuten mizkinak ere bai; gorringoa gustatzen ez zitzaienekin ez zegoen fidatzerik.

        —Bazkaldu gabe ere pasatzeko moduan —esan zion Maitanek, eta burua altxatu zuen plateretik Iñakik.

        —Txantxa da, ezta?

        —Ez ba…

        —Indarrak bildu beharko ditugu Salburuako hezeguneari buelta emateko, ala? Beste errazio pare bat behintzat…

        —Hementxe?

        —Nigatik bai!

        Zertarako hasi orain denbora galtzen jatetxe egoki baten bila? Zezen-buztana, eta piper bete pintxo bana eskatu zituzten. Tiramisua postrerako, ia osorik Iñakik jan zuena. Apetitua behintzat ez zuen galdu.

        Unibertsitate inguruan aparkatua zuenez Iñakik kotxea tao ordaintzea saihestearren, eta Artium azpiko parking-ean berriz Maitanek, berarena hartu zuten, Salburuara gerturatzeko. Bizikleta parea eta prismatiko bana alokatu zizkieten euro batean bertako museoan, eta txirrinduan buelta egitera abiatu ziren.

        —Ea oreinak ikusten dituzuen… Urte garai honetan ez dituzte adarrak izaten… Badakizue urtean behin erori egiten zaizkiela, ezta?

        Heldulekurik gabeko egurrezko zubi zapal eta baxu bat igaro ondoren bistaratu zuten Betoñoko zingira: bi metro zabaleko bide asfaltatua zeukan buelta osoan, zeinak elkarren aldamenean pedalei eraginez joatea errazten baitzien. Berriz aho-zapore gozo hori, pentsatu zuen Maitanek, bi gurpilen gainean jarri eta mundua jateko gai zela sentitzea ostera, berrogei urteak ondo beteta izanagatik ere.

        Zeren, zer arraio gertatu zen 20 urte lehenago? Zerk huts egin zuen? Zergatik ez zioten eutsi harremanari? Ez ziren egundo bikote arruntegia izan, hori hala zen. Ez haserrerik ez liskarrik, baina ezta mezurik, ez telefono deirik, ez maitasun-adierazpenik ere sekula. Elkarrekin zeudenean, elkarrekin zeuden, baina ez zeudenean ez zuten elkarren beharrik: horixe zen misterio guztia, arraroa agian hasiberri batzuentzat, baina ulergarri samarra ez bakarrik bere bikotekidea baizik eta mundu osoa jan nahi duen hogei urteko gazteen azalean jarriz gero. Eta horixe zen Maitaneri gehien gustatu izan zitzaiona: xehea izan zen euren artekoa, erraza, konplikazio ergelik gabea, etorkizunerako promesa bakoa, ezta hurrengo asterako hitzordurik ere. Inguruan ibili ziren bitartean xalotasun handiz atera zitzaizkien elkarrekin ibiltzeko planak, eta, gero, Murgiako ordezkapena bukatu zitzaionean, Donostiara itzuli zen Maitane, Gasteiz eta Murgia artean segitu zuen Iñakik, eta kito, han bukatu zen guztia, natural-natural, ez agurrik ez deus, galdu egin zen, desagertu, xahutu ere egin gabe, lurrundu egin zen, behe-lainoa ustekabean desegiten denean legez ametz zaharrean artean basoan erdi galduta zabiltzalarik, zer eta orein handi bat agerian uzteko 30 metro eskasera, zuri begira.

        Hegaztien behaketarako propio jarritako etxola bat begiz jo, eta barruan sartu ziren, bizikletak kanpoan aparkatuta. Prismatikoekin begiratu zuten beirarik gabeko leihotik at: ahateak, lertxunak, eta izena ere ezagutzen ez zieten beste hainbat hegazti ikusi ahal izan zituzten. Oreinik ez batere. Gorputza jiratu, eta Maitaneri so paratu zituen prismatikoak Iñakik, euren artean zegoen metro erdiko distantzia handiegia irudituko balitzaio bezala. Gauza bera egin zuen Maitanek, lagunaren mugimendua begi ertzarekin igarrita. Ezin tutik ikusi hala, jakina. Prismatikoak aurpegi paretik kendu eta elkarri begira geratu ziren aurrez aurre. Dena edo ezer ez gerta daitekeen une horietako bat. Aurpegia sotilki aurreratu zuen Maitanek, eta aski izan zen: musu luze eta likits batean katramilatu ziren, harik eta beste norbait txabolara sartzen sumatu zuten arte. Lurrera begira jarri eta kanpora atera ziren, gurutzatu zituzten bi neska gazteei diosalik egin gabe.

        —Joango gara hotel batera? —galdetu zion Maitanek, bizikleta gainera igo ahala.

        Salburua inguruko merkeren baten bila aritu ziren mugikorrean. Zeuden tokitik kilometro eta erdira zegoen Gorbea hostala zen aukerarik ekonomikoena, eta hala ere 38 euro gaua. Apaindura gutxiko eta itxura ilun samarrekoa, baina bizpahiru ordu pasatzeko nahikoa eta sobera, pentsatu zuen Maitanek; Iñakiri ez zitzaion gustatu, ordea. Izenagatik ote? Harreran ezagunen batekin topo egiteko beldurra? Ez zion galdetu. Check-in automatikoa zuen Hito hotela seinalatu zion Pikak, “zer iruditzen hau?”. Modernoa izan nahi zuen izar bateko hotel soila zen, zeinak Mondrianen estiloko erreprodukzioak baitzituen logela guztietan, urdin intentsuz margotutako ohatzeko horman paratuta, eta harekin ondo ezkontzen zen edredoi beixa maindire zurien gainean. Huraxe aukeratu zuten, Gasteiz erdiraino sartu behar izango bazuten ere hara heltzeko.

        Kotxea hoteletik gertu samar aparkatzeko aukera izan zuten zonalde urdinean, txanpon batzuk sartuta. 18:00ak jotzeko zeuden, eta Iñakik afal ordurako buelta egin beharra zeukan: ez zuten denbora sobran. Internet bidez egindako ordainketaren truke lortutako kodea idatzi atarian zegoen makinatxoan, eta barrura sartu ziren. Ez zegoen igogailurik eta oinez egin behar izan zuten hirugarren solairurainoko bidea. Logelako atean berriz ere kodea, eta barnean ziren jada: ekipajerik gabe datozenen kulpa sentipena batetik, hasiberriarena zirudien urduritasuna bestetik.

        Arropak eranzten hasi gabe, elkarri begira geratu ziren ohearen oinetan, elkarrengandik metro erdira, irribarre herabe eta inozo hura aurpegian. Pikak eman zuen aurrerapausoa: urrats erdi bat Maitanerengana, eta eskuineko eskua haren masailera, leun. Begiak itxi eta aurpegia okertu zuen Maitanek, Iñakiren eskua zegoen aldera. Musu txiki bat eman zion kontrako masailean Iñakik, eta besarkada luze batean bildu ziren bi maitaleak. Aurrez aurre geratu ziren, gero, bata besteari besaurretik helduta.

        Eskuak lepo atzera eramanez soinekoa askatu zuen orduan Maitanek, egundoko trebetasunarekin. Bere oinetara erori zen, eta janzki hark lurrean osatzen zuen uztaitik libratuta hanka bat, urrun bidali zuen bestearekin. Goitik behera irristatu zitzaion behakoa Iñakiri.

        —Ez naiz duela hogei urtekoa —esan zion Maitanek, irribarre ospel batekin.

        —Ezta ni ere —erantzun zion Iñakik, kamiseta erantzi ahala.

        Sandaliak kendu zituen Maitanek, zapatilak Iñakik. Gerrikoa askatzen hasi zen Pika, baina eskuak samurki apartaturik, bere gain hartu zuen Maitanek lan hori. Galtzak jaitsi zizkion. Boxer urdin ilunen azpian, hanpatu gabe nabari zitzaion zakila. Elkarren aurrean jarri ziren berriz, parez pare, begietara so. Bularretakoa kendu zuen Maitanek, kuleroak jaitsi zituen, galtzontzilloak Iñakik. Dilindan zeukan hankartekoa, medikuaren aurrean balego bezala.

        —Oso urduri nagoela uste dut —esan zion Iñakik.

        —Ni ere bai —erantzun zion Maitanek, eta besarkada luze batean bildu ziren berriz.

        Maitanek eskutik heldu, eta ohean etzanik, musuka hasi ziren eztiki, laztanen hartu-eman gozoan jardun zuten, harik eta Maitanek Iñakiren zakil hanpatua begiztatu zuen arte. Kondoia hartu zuen Maitanek mesanotxetik, baina hura ikusi orduko bigundu zitzaizkion ostera gogortasunak Iñakiri. Hasperen luze bat egin zuen:

        —Sentitzen dut —esan zion Maitaneri.

        —Ez da ezer gertatzen.

        Eta Iñakiren bularrean pausatu zuen burua, hogei urte lehenago egin ohi zuen eran. Besoarekin bildu zuen hark, eta halaxe egon ziren geldi-geldi, isiltasunean, Iñaki, sabai zuri homogeneora begira, eta Maitane, begiak itxita, txoko hartan betiko geratzea desiratuz, bular haren gainean lo egin, bular haren gainean esnatu, bular haren gainean jan irakurri amestu dutxatu bizi. Eta belarri azpian zeukan Iñakiren bihotzaren taupadei jarri zien arreta, adi, bi hots haiek adierazten zuten morse-mezua deszifratzea balitz bezala erleek etxera bueltatzen asmatzeko zeukaten azken aukera.

        —Dutxatu egingo naiz —esan zion Iñakik—. Joan beharra daukat.

        Eta altxatu egin zen ohetik.