Abiatzea da zailena
Abiatzea da zailena
Bertol Arrieta

ZUIA
 

 

11

 

Murgiara joan zen Maitane larunbat goizean. Hamabietarako geratua zegoen Robertorekin.

        Ez zegoen beroegi, baina ateri bai behintzat, eta Zuia Cafe-ko terrazan jarri ziren. Besarkada handi bat eta baita bi musu ere eman zizkion Robertok, musukoa kentzearekin batera, “behin etorriko zara eta”. Ez zion utzi aulkitik altxatzen, ezta edan nahi zuena aukeratzen ere. Bi bermutekin eta oliba batzuekin itzuli zen mahaira.

        —Bermuta hartu behar al dugu? —galdetu zion Maitanek.

        —Ez, ala?

        —Bueno, bueno… —esan zuen Maitanek, eta trago bat edan zuen—. Ona dago. Eta Gorka? Ez al da animatu?

        —Etxezulo da hura. Oreinak akabatzen ari ez denean, noski.

        Barre egin zuten. Hogei urte lehenago elkarrekin bizi izan zituzten kontuak aletzen aritu ziren luze eta zabal. Iñaki zen pelikula haien hirugarren protagonista ia guztietan.

        —Nor ez zen ibili Pikaren atzetik? Baita ni neu ere!

        —Bai zera!

        —Horixe ba! Nanclareseko presoekin lanean jardundako mutil sentibera. Zer diot mutila? Gizon puska! Jatorra, guapoa, ulerkorra… Txora-txora nindukan! Baina beste batentzat zituen gordeak hark laztantxoak, ez al da hala? —begi-keinua egin zion Maitaneri—. Topa!

        Edalontzian izotz koskorrak soilik geratu zitzaizkien arte segitu zuten garai hartako komeriak berpizten. Beste bat eskatzera altxatu zen Maitane, baina Robertok ez zion utzi. “Nire lurraldean gaude, laztana!”. Musukoa jantzi eta taberna barrura sartu zen ostera, eta denbora puska batera irten zen, beste bi bermut esku batean eta lau kroketadun platertxoa bestean zekartzala.

        —Ze poza zu hemen egotea, Maita… —esan zion eseri zenean, eta eskutik heldu zion—. Bueno, eta kontadazu. Zer moduz doa zure egonaldia? Oso aldatuta topatu al duzu bailara?

        —Pixka bat bai, e. Bueno, Murgia ez hainbeste. Lehen Bizkaiko jauntxoen oporlekua zen, orain Gasteizko funtzionarioena. Jauregitxoen ordez, adosatuak, unifamiliarrak, txalet txikiak…

        —Ertzainez beteta daude bazterrak…

        —Ertzain eta erizain, ezta?

        —Erizainak, medikuak… Bai!

        —Herriek mantentzen dute lehengo izaera nolabait, ezta? Murgia desberdina da. Hiriburua da! Baina inguruko herriak… Abeltzainak, nekazariak…

        —Tira, denetik dago, e?

        —Baita agrohippyak ere…

        —Hala da! —berretsi zuen Robertok karkailaka.

        —Euskaraz gehiago egiten da, behintzat. Hara, hori da alde ona.

        —Tira, gehiago ulertzen da. 35 urtetik beherakoek bai, gutxienez.

        —Hor dago muga, ezta? 35 urte, 30…

        —Hortik gorakoek ezta tutik ere. Bueno, eta zu, zer? —galdetu zion Robertok, bermutari tragotxo bat ostu ostean—. Dena ongi Donostia aldean?

        —Ezin kexatu. Lana badut, berria gainera!, familia polita, hiri paregabean bizi gara…

        —Baina…

        —Ez dago bainarik.

        —Beti dago bainaren bat.

        —Tira, denbora falta. Lana eta haurrak. Haurrak eta lana. Horretaraxe mugatzen da nire egunerokoa. Egia esan, behar nuen arnasa apur bat. Distantzia hartu, seme-alabengandik. Ez ulertu gaizki, izugarri maite ditut.

        —Badakit, neska. Ez duzu esan beharrik.

        —Baina itogarria da batzuetan.

        —Pentsatzen dut… —kroketaren zatitxo bat irentsi zuen Robertok—. Mikelekin, dena ondo?

        —Egoten garen gutxi hori, ondo… Baina ez dugu astirik. Lehen behintzat nire gurasoekin uzten genituen txikiak, bereak aspaldi hil ziren, badakizu.

        —Ez nekien.

        —Berdin dio. Kontua da ez dugula tarterik hartzen. Lehen afaltzera edo zinemara edo, joaten ginen tarteka. Covid-aren kontu arraio honekin, ordea… Ez naiz ausartzen haurrak gurasoekin uzten. Denbora hartu beharko genuke, nolabait. Biok elkarrekin egoteko. Ez gaude! —tragoa hartu zion bermutari—. Baina esango dizut egia? Are behar handiagoa neukan bakarrik egoteko… Behar nuen hutsarte moduko hau.

        —Eta Iñaki, zer? —bota zion zart Robertok. Irribarrearekin leundu zuen galdera.

        —Ez naiz berarengatik etorri —segitu zuen Maitanek—. Etxean bezala sentitzen naiz hemen, ezagutzen ditut tokiak, ederra da bailara, lasaia. Segurtasuna ematen dit. Eta ihesaldi txiki bat egiteko ez duzu Cancunera joan beharrik.

        —Eta zure lagun Roberto bizi da bertan!

        —Eta nire lagun min Roberto bizi da bertan!

        Eskua heldu zioten elkarri. Topa egin zuten begietara begira.

        —Eta zu zer? Ondo ikusten zaitut —esan zion Maitanek.

        —Ondo nago.

        —Jatorra da Gorka.

        —Eta kristoren tramankulua dauka.

        Algara betean lehertu ziren.

        —Ez dakizu zenbat pozten naizen —esan zion Maitanek barreak itzali zirenean, berriz ere eskutik helduta.

        —Zatoz bazkaltzera gurekin.

        —Bai, zera.

        Mugikorra atera zuen poltsikotik Robertok.

        —Gorkari berdin izango zaio bi edo hiru bagara…

        —Ezetz, Roberto. Asko eskertzen dizut.

        —Bakarrik egon nahi baduzu, ulertzen dut, e. Baina gugatik, benetan…

        —Gaur ez, Roberto. Alde egin baino lehen egingo dugu beste afari bat edo, hitza ematen dizut.

        —Zin egiten didazu?

        —Baietz ba! Baina nire kontura, e? —esan zion Maitanek.

        —Donostian biltzen garenean egingo dugu zure kontura!

        —Ez zarete sekula etortzen eta!

        —Arrazoi duzu. Tarteka geratu beharko genuke. Bazkari bat egiteko edo. Baina bikotekiderik gabe. Gu biok bakarrik.

        —Ados!

        Ordularia begiratu zuen Robertok.

        —Harategitik pasatu behar dut, itxi baino lehen —esan zuen.

        —Segi! Egongo gara!

        Altxatu egin ziren elkar besarkatzeko. Eskuetatik helduta jarri ziren elkarri begira.

        —Deituiozu —esan zion Robertok—. Hemen ondoan bizi da. Ez zaitez tuntuna izan.

        —Ikusiko dut.

        —Sinetsidazu —erantsi zuen Robertok bekain bat altxatuz—. Igurtzi eder bat emateko modukoa dago oraindik…

        Roberto nola aldentzen zen behatu zuen Maitanek irribarrez. Udaletxearen atzean ezkutatu zenean, segapotoa atera eta Iñakiren izena bilatu zuen WhatsApp-ean. Gorbeiako gurutzearen argazki bat zeukan paratuta profilean. “Kaixo, Iñaki, Maitane naiz. Maitane Garate”, hasi zen idazten, bitan pentsatu gabe.