Phileas
Phileas
Nahia Zubeldia

LARRABETZU
aurkibidea

Aurkibidea

azala

Aurkibidea

azala

 

 

Puzker bat!

 

 

 

 

Ortzantz harrabotsa ikasgela osora zabaldu zen, bonba atomikoen onddo-formako usainarekin batean. Ikasle guziak irriz lehertu ziren. Phileas, hotz. Jokoz kanpoko isiltasunak hobendunaren txapela jantzi zion. Zuzendariaren bulegorako bidea hartu zuen, oldartu gabe, gaitzitu gabe, H bonba nork bota zuen jakin gabe. Gogoz ezagutzen zuen 5F ikasgelatik autoritate gorenaren bulegorako bidea: atea pasatu eta ezker, hamabi urratsen buruan, korridoreko horman, iazko Eguberriko marrazki lehiaketako txapeldunaren obra: familia eder bat, izaiaren inguruan opariak zabaltzen, supazterrean bi koloreko su tristea egia-itxurak egiten saiatzen ari dela. Phileasen marrazkia ez zuten afixatu; epaimahaiak ez zituen gustuko izan orein-gorputz eta bizar zuridun sei kreatura mozkorrak, Mère Noël sexi baten lera tiratzen, azoteaz akuilaturik. Probokazio xedea leporatu zioten. Originaltasuna omen zen, alta, puntuazioan lehen irizpidea, eta Phileas zintzoki, matematikoki saiatu zen originala izaten, espero denaren kontrakoa marrazten.

        Bost urrats aitzinago, burua altxatu, eta sabaian kolatu paper orezko masaren bilakaera ikertzen zuen. Gaur igel forma du, eta kolorea ere anfibioenetik hurbiltzen ari da: berdatzen hasia da, papera atxikiarazteko baliatu kola eta nerabe-tu nahasketaren eraginez.

        Pasabidearen puntan, idazkaritzako pankarta, eskuz zuzendu akatsarekin: Sercrétariat; eta, ondoan, zuzendariaren bulegoa. Bertara sartzen zen aldi guziz, zuzendari andereak begiak zerura altxatzen zituen, gomitendako eskaizko kadira urdin guria eskainiz. Bezero fidela baitzen Phileas; tenorearen arabera, bazekien zer usain atzemanen zuen: kafearena, zigarretarena ala/eta izerdiarena. Egun hartan, Lacolle andereak zer gertatu zen ez zion galdetu ere, administrazio-paperetan beranta hartua baitzuen. Laukitxoak betetzen segitu zuen, gurutze bat hemen, gurutze bat han, ordulariaren segundoroko orratz hotsekin aldizkaturik erritmo interesgarria sortzen zuela. Tik, tak, zzzzzrt, tik, zzzzrt, tak.

        Dantza horren kulunkan iragan ziren aire-hartzerako falta ziren hogeita hiru minutuak.

        Kadira urdinak Phileasen ipurdiaren forma ez zuen galdu frantseseko irakaslea txintxeta baten gainean jarri zelarik eta trufa karkailen koruan sartu ez zen bakarra ikasgelatik kanporatu zutelarik.

        Epai okerrak ez zitzaizkion eskolan soilik gertatzen. Auzoko neska politena ipurdi mazela nork hunkitu zion galdezka hasi zelarik, afera berdin bukatu zen.

        Lizeoko horman Mort aux vaches grafitia agertu zelarik, hala-hala.

        Denak irriz, Phileas isilik, Phileas errudun.

        Ikasi zuen, gero, bertzeen erreakzioak imitatzen. Bertzen erreakziozoak imitatzen. Errekakzzioak imitzatzen. Imiitatzen. Imitatzen. Bertzeen, erreakzioak, imitatzen.

        Bertzeen erreakzioak imitatzen.

        Ez zen hain zaila.

        Ceci n’est pas une pipe.

        Phileasek pipa-bizia eraiki zuen.

 

 

 

 

Phileas Frantzia erdialdean nonbait sortu zen. Eman dezagun, Ambazacen, ala Doué-en-Anjoun.

        Erditu zen mementoan, medikuak izigarri larritu zitzaizkion Phileasen amari, nini sorberriak ez baitzuen batere negarrik egin. Ez bat, ez bi, hartu zioten amari, egin zizkioten probak, sartu hodiak, tiratu beso-zangoak, neur-pisatu mutikoa. Ospitaleko tresneria-armadako soldadu guziak aho batez mintzatu ziren:

        “— Xilko hestea, behar bezala moztua; Arantius hodia, hetsia.

        — Normotermia, bermatua; haurraren barne tenperatura: 37,2° C.

        — Bihotz-maiztasuna, 132 taupadakoa.

        — Azalean zianosirik ez, zuhailtasunik ez. Ogi kolore normala.

        — Zimikoen eraginez, min-grimasa estandarra —hiru aldiz egiaztatua—.

        — Apgar emaitza bikaina. 10/10”.

        Makinek ez dute gezurrik erraten: mutikoa ongi zen. Negar gogorik ez, bertzerik gabe. Irriñorik ere ez, haatik. Emaginak, hogeita hamalau urteko lan-ibilbidean, ez zuen behin ere ikusi hain adierazpen gutiko ninirik. Haurra piztu nahian, besapeetatik hartu, bisaia berearen pare-parean ezarri, eta animaleko irriak egin zizkion, belarri batetik bertzerainokoak. Deus ez. Bekainak eta ahoa zimurtu zituen, kexu-begi biribil-biribilak zabalduz. Tirrit. Semea amari itzuli zion, ahoa nazkak okerturik. Eskuak libratu, eta sekula baino hobeki bete zuen garbitasun protokoloa, noizbait tindatu azkazal higatuen azpialdea ongi torratuz, behingoz. Ontsa ikasia baitzen, gelatik atera zen aitarena egitera; otoitz keinuaren formula osoa, aldiz, badaezpada: bukaeran eskua musukatuz eta zerura begiratuz.

        Marie, semea ez bezala, negar zotinka ari zen ausarki. Mon fiiiiils hemendik eta mon amouuuuur handik, mutikoaren azal mikorik ez zen haren musuetatik libratzen. Ukan baitzuen, haurra, azkenean! Semea, gainera! Mundua jateko prest ikusten zuen. Begirada itzalia atzematen ziotenei ninia gogoetan hasia zela erantzuten zien. Munduko egoeraren grabetasuna sentitua zuela, indibidualismoaren igoera, bortizkeriaren normaltzea eta Europaren gainbehera, eta zerbait prestatzen ari zela, etorkizunari argi gehiago ekartzeko.

        Musika hautatu zion amak semeari, mundura argia ekartzeko bide. Izan ere, ttikitan, Mariek pianista izan nahi zuen. Iduri zitzaion tekla bakoitzak emozio bat pizten zuela, eta notak nahasiz, sentipenak ere korapilatzen zirela, janzten, mamitzen. Dohaina ere bazuen, aitzineko bizi batean erhiak paisaia zuri-beltz horietan luze eta zabal kurriaraziak balitu bezala. Tekla zapatu gabe, erhi puntaz hunkitzea aski zuen, pianoaren sabeleko nota besoan goiti iragaten eta burezurrean bibratzen sentitzeko.

        Baina, hara: musika ez zela ogibidea, eta etxean bazela aski lan. Etxetik kanpoko ofizio bat ikastekotan, dirua ekartzen duen bat izan zedila. Seriosa. Segura. Denbora librean pianoa lantzen segitu zuen istant batez; baina, kontularitza ikasketak aitzina eraman ahala, barneko leiho zabalak hetsi zitzaizkion. Pianoaren notak sorbaldan trabatzen hasi zitzaizkion… eta ukondoan… eta eskumuturrean. Musikaren haragizko bidea laburtzen sentitzeak min sobera ematen zion, eta uko egin zion, azkenean, haurtzaroko desirari.

        Musikaren ametsa ez zuen zuzenean biziko. Baina haurdundu zela jakin zuen mementoan berean, aspaldi itzali dirdira berpiztu zitzaion: ongi etorri sabel honetara, Phileas. Grekoz, f??e??, philein, maitatu aditzaren oraineko forma infinitibo aktiboa da. Filologiako nozio anixko eskas zituen aditz jokoen ñabardurak ulertzeko, baina, hala ere, zinez egokia iduritu zitzaion. Berezia. Semea izanen zen bezalakoa.

        Begiak hets, eta seme gizondua ikus zezakeen, eszena eder baten erdian, jaka buztanluze eta guzi, eskuen dantza buru-mugimenduz laguntzen, pianoaren erranei onarpena emateko bezala, eta besoak gurutzatuz malgutasun balentriak egiten.

        Publikoa ere asma zezakeen, zoratzen, eskuak txaloz higatzen; eta bera, ama, haien erdi-erdian, harro, belarriak pozez gorri-gorri.

        Baina Françoise Doltoren liburu batean irakurri zuen —Facebook-eko iturririk gabeko sasi-artikulu batean izan zela nola onar?— haurrei ez zaizkiela norbere desioak ezarri behar. Beren bidea egiten utzi behar direla. Zimiko bat egin zion, baina zentzuzkoa iduritu zitzaion, ororen buru. Amen maitasuna zintzoa denez arrunt, piano ibilbide profesionalarena baztertu zuen. Ordu arte aurreztu zuen diru guzia elkartu, eta biolin bat erostera joan zen. Semearen logelan zintzilikatu zuen, goregi, ezin izan zezan harrapa, eta beraz, desira zezan.

        Bizi osoa semearengana itzulikatu zuen. Bere burua zaintzen zuelarik ere, semea ongi hezteko gai izateko xedearekin egiten zuen. Egunak yogaz hasten eta xarbot infusioz bururatzen zituen, beti tenore beretan.

        Doltoren liburu lodi ber hartan irakurri zuenez, haurrak, hiru urte arte, ez dira pantaila aitzinean ezarri behar. Hitzez hitz segitzen zuen aholkua, salbuespen bakarrarekin: arrats guziz, oheratu aitzin, semeari zuzeneko biolin kontzertu bat erakusten zion, lo egiten zuen bitartean musikak gorputzean sartzen segi zezan.

        Amak eta semeak, bakoitzak bere gauerako infusioa.

        Niniaren oheko babes-barrak biolin-arku zaharrez eraiki zituen, zurda eta guzi. Hormetan, mila arrabitaz apaindu paper urdin argia kolatu zuen. Oro-gal jokatu zuen. Biziaren erruletan, tanto guziak biolinaren laukitxoan jokatu zituen.

 

 

Phileasek hiru urte bete orduko, herri ttikia utzi eta ondoko hirira joan ziren bizitzera; eman dezagun, Poitiers edo Limoges-era. Biolin klaseetara izena ematera joan nahi izan zuelarik, ikasleak bost urtetik goiti hartzen zituztela erantzun zioten. Mariek argumentu guziak azpikoz goiti bota zizkien: semeak esku handiak eta lepo luzea zituela, ezohiko eta normaz gaineko atzartasunekoa zela, Txaikovski eta Vivaldi ezberdintzen zekiela; damutuko zirela, probintziako eskolari ospea ekar ziezaiokeen ikaslea ez onarturik. Pankarta bat eskuan sekula hartu ez zuen andrea Maupassant karrikako 45. zenbakira jautsi zen, semea besoetan. Musika-eskolaren aitzinean kanpatzen hasi zen. Gose-greba hastekotan zen Crin jaunak etsitu zuelarik. Ospearen istorio horrek oihartzuna ukan zuen, iduriz, musika-eskolako zuzendariaren ego egarrituan.

        Phileas hilabetean berrogeita hamasei aldiz joaten zen biolina lantzera. Crin jaunak onartu behar izan zuen andre zoro hura ez zela oker mintzatu. Galdegiten zion guzia lehen ukaldian lortzen zuen muttikoak. Mugimendu oro, intentzio oro; begiratu, eta egin. Urteak pasatu ahala, berdin zitzaion sonata, rapsodia ala sinfonia, denak zuzentasun berarekin ematen zituen.

        Laster iritsi zen ikasleak irakaslearen maila gainditu zuen mementoa. Egun hartan berean, semeak ama etxe aitzinean zain zuen, hiribururako balizak prest.

        Phileas Pariseko goi-mailako kontserbatorioan sartu zen, epaimahaiaren aho bateko oniritziarekin. Klaseak ordaindu ahal izateko, ama xarbotaren ordainez kafea edaten hasi zen, hiru lanpostutako lan-orenak betetzeko gisan. Goizez, abokatu bulego batean kontulari lanak egiten zituen; arratsaldez, 16. arrondizamenduko partikular baten etxean, jabearen eta haren lagunen xakurrei yogan ikasi zuena transmititzen zien. Eta arratsetan, astean bi aldiz, ekilibrista-saioak ematen zituen, strassez apaindu maillot gorri-horiz, 15. arrondizamenduko zirku ttiki batean. Bestalde, hiru soldata mehe horiek gizentzeko, Phileasen aitak, eskuzabaltasun handiz, hilabete hondar guziez txeke bat, bere farmazia-laborategiko krema-laginak eta Arcalion psikoestimulatzaile kutxa bat igortzen zizkion.

        Bitartean, Phileasek aitzina segitzen zuen, eskolatik kontserbatoriora, kontserbatoriotik etxera. Pariseko karrikek egundaino entzun musikaririk trebeena zen. Egun beroetan, ikasgelako leihoa zabaltzen bazuen, kontserbatorioaren inguruko harriei loria-ihintza ttintta lodiak ateratzen zitzaizkien. Auzokoek petizio bat zabaldu zuten, atso batek izter-hezurraren lepoa hautsi baitzuen, harri busti lizunetan lerratuz.

        Leihoak hetsirik lantzeko usaia hartu zuen. Irakasleak ezin kontentago zituen. Ariketa oro segidan kausitzeaz gain, ez zuen behin ere gogo berezirik adierazten, pieza bat ala bestea lantzerik galdegiten. Ematen zitzaiona berehala eta isil-isilik lantzen zuen.
Ikasle ideala zen.

        Kontserbatoriokomailaguziakziztubiziangaindituzituen.

 

 

 

 

Ez dugu erranen atsegin handia hartzen zuenik, atsegin hartzea zer den ere ez baitzekien. Phileas ez zen ez hauts, ez ikatz. Izitzea, damutzea, loriatzea, atsekabetzea, alegeratzea ez zekien zer ziren. Alde batetik, bizia anitz errazten zion. Eguna, hastetik bururatzera, lerro zuzena bezala bizi zuen.

        Zozoa ez zen, haatik, eta ohartzen zen ez zuela bertzeen prozesadore bera karkasaren azpian.

        Medikuari aipatu zion, behin, balekibale. Doktoreak galdera zenbait egin zizkion, pultsua ikertu zion eta, xamar zuriak ematen duen segurtasunaz, depresio sakon eta nabarmena diagnostikatu zion. Phileasek medikuaren ordenantza aitari igorri zion. Aitak ez zion xehetasun gehiagorik galdegin —gizonen artean onestasunez jokatzea komeni baita—, baina hilabeteroko paketea loditu zuen. Medikuak aholkatu Stablon-a sartu zuen semearentzat, baita Valdoxan bat ere, doi bat azkarragoa, maitasun seinale.

        Phileasek zintzoki hartu zituen sendagaiak, nola ez. Lehen egunean, ez zuen deus sentitu. Bigarrenean, ez zuen fitsik sentitu. Hirugarrenean, ez zuen tutik sentitu. Laugarrenean, ez zuen ezer sentitu, beheitiko izigarria baizik. Ondoko egun guziak berdintsuak izan ziren. Apatia eta kakeria, Phileasen norma berria.

        Bere barneko emozioak pizten saiatu zen; eginahal guziak egin zituen. Etxeko egunkarian, berri hitsenak xerkatzen zituen. Deus eragiten ez ziotenez, paperetik irratira pasatu zen, eta irratitik telebistara. Somaliako gosetea aipatu zuten, behin, hezur eta azal baizik ez diren haurrak erakutsiz, begiak bete euli. Bof. Telebistan zentsura gehiegi, naski. Interneteko orri ilunenetara sartu zen: jihadistak buru mozten, latex beltzez jantzi jendeak elkarri prolapsoa eragiten saiatzen, Monty Pythonak Graala bilatzen, baina alferretan: ez beldur, ez nazka, ez irri, ur gainean olioa bezala isurtzen zitzaizkion gertakari guziak.

 

 

Gauzak bururaino eramaten ikasi zuenez, urrats bat harago joatea deliberatu zuen.

        Goiz guziz, auzokoak xakurra promenan ibiltzen zuen, lanera joan aitzin, buztangorriak baizik kantuz ari ez diren tenorean. Egia erran, hamarretan hasten zen lanean, baina loa galdua zuen aspaldi, eta gainera, goizeko ordu ttikietako ilunpea komeni zitzaion, lau patako lukainka lotu gabe uzteko eta haren mokordoak egiten zituen tokian berean uzteko, ez ageri, ez entzuerri. Marie sutan ematen zen, etxeko lorategian, hortentsien eta fuksien artean, opari usainduak atzematen zituelarik. Xakur ttipi, ofrenda handi! Phileasek ez zuen batere maite ama kexa zedin; ez pentsa pena ematen zionik, baina, koleran zelarik, oilaskoa ez zitzaion usaian bezain ongi ateratzen. Hala, Choupette kanixea hautagai bikaina iduritu zitzaion.

        Goizeko bostak laurden gutitan, ohetik jaiki, galtza iluna, trikota beltz txanoduna eta beroki zabala jantzi, eta etxe ondoko parkera joan zen. Altzifre handienaren gibelean gorde zen, giza-zakur bikotearen zain. Choupette aski fite agertu zen, hesteak arin, bidean auzoko landareren bati jaurespena adierazia baitzion janeko. Andrea aulki publiko batean jarri zen, telefonoari so. Zer aise hartzen diren usaia txarrak; bereziki, bakartasunean. Hirurogeita zazpi urteko atsoak laster ikasi zuen Facebook baliatzen, eta aulki horretan hartzen zuen munduaren berri, egunero, iragarki mozorrotuen, iritzi hutsalen eta gatu bideoen artean.

        Choupette hurbildu zitzaiolarik, Phileas adi-adi egon zen, atsoa telefonora osoki murgildu arte. Pantailan persiar bat espazio-ontzi bat gidatzen agertu zelarik, Phileas andrearen karkailaz baliatu zen xakurra lepotik hartu, muturra tapatu eta beroki azpian sartzeko. Laster alde egin zuen handik etxeraino.

        Ez lasterregi. Urduritu gabe. Efikaz.

 

 

 

 

Etxera iritsi zelarik, ama joana zen, semea falta zela ohartu gabe. Hirugarren estaiko apartamentuko garbigelan sartu zen, kanpoko leihoak esku batez hetsi, bertzearekin xakurra atxikitzen zuela, eta, inguruak seguru zirela egiaztatu orduko, paltoa zabaldu zuen.

        Choupette jostakin atera zen, buztana dantzan, jauzi ttikika, garbigelako lauza hezeetan lerratzen, lagun berriari begira-begira, parkera noiz itzuliko ziren galdegiten bezala.

        Phileas geldirik egon zen tarte batez. Bon. Lepoa bi eskuz tinkatu zion, eta sendo atxiki. Choupetteren soa aldatzen ikusi zuen, pittaka; mihia gero eta kanporago zuen. Pez goxoki-banagailuei pentsarazi zien: lepoa zapatu, eta mihi arrosa ateratzen zitzaion. Errazegia izaten ari zen. Presioa doi bat arindu zuen, eta xakurra borrokan hasi zen, koska egiten entseatu zen, beso batean, bertzean, gorputz ttipi baina trinko eta osoa okertuz, intzirika. Azkenean, uste baino luzeagoa izan zen begi-dirdira hura itzaltzea. Besoetan xakurraren ordez zaku ileduna ukan zuelarik, Phileas negar egiten saiatu zen. Saiatu.

        Betiko hoztasunez sartu zuen Choupette zena zikin-poltsan, eta zikin-poltsa, sei karrika urrunago, birziklatzeko hondakinendako kontainer hori handi batean. Bai. Plastikoa baizik sartu behar ez den horietan. Phileasek ez zuen nehongo balorerik.

        Atsoa nehork ez daki zer bilakatu zen; ez zen gehiago etxetik kanpo agertu.

        Phileasek berriz huts egin zuen, beraz. Bere barneko odolak zainetan ttur-ttur isurtzen segitu zuen, nehongo jauzirik egin gabe. Jomuga errazegia hartua zuen? Kontrakoegia? Urrunekoegia? Nor hauta, baina, ez baitzuen nehor maite, ez gorroto. Hurbileko bakarra ama zuen, baina ama garbitzea… Ama garbitzea… Ama garbitzea? Ama garbitzea bazter ondorio gehiegiko proiektua zen.

        Zorionez, Marie arrunt semeari emana zenez, berez joan zen bertze mundura: lurpeko kutxen hirira, zizare lur-egileen eremura.

        Phileasek kudeatu behar izan zituen paper guziak, ehorzketaren antolaketa, hilkutxaren hautaketa, mezako kantu-otoitzena, mezatik landako jatekoen manatzea —beharrik, janari prestatzailearen faktura ama-semeen lagun-kopuruaren araberakoa izan zen; hots, kasik irrigarria— eta aitaren dolu-estakuru-damuak.

        Hainbeste zereginen artean, triste izatea ez zitzaion bururatu ere.

        Begiak bustirik agertu zitzaion, aldiz, elizako atean, Caroline.

 

 

 

Caroline haurtzaroko musika eskolako ikaslea zen; Phileas hasi arte, Crin jaunaren ikaslerik onena. Zazpi urte zituen troxez libratu berri zen mutikoa eskolan sartu zelarik, bere neurriko biolina eskuan. Carolinek saioa bururatua zuen, eta aitaren beha zegoen ikasgelan.

        Mutikoak tresna hartu zuelarik, neskak begiak torratu behar izan zituen, elaaaaaastikoa bezala luzatzen zitzaizkion beso eta erhiak egiazkoak zirela sinesteko. Gelako bertze muturrean izanik ere, arku ukaldiak saihestu behar izan zituen, burua ezker eta eskuin makurtuz, Muhammad Aliri telebistan ikusi zion bezala. Buru mugimendu horiei egotzi zien, hastapenean, papoan sentitzen zuen erredura. Gero ohartu zen maiteminaren ezagutza egin berri zuela.

        Phileasen begietan bi zafiro ikusten zituen. Beso malguago ezin horietan korapilatu nahi zuen; biolin bilakatu nahi zuen, mutikoaren eskupeko jostailu.

        Lotsatia zenez biziki, ez zion sekula adierazi sentitzen zuen tirantza. Phileasek begiratzeko denbora hartu balu, aise ikusiko zukeen ondotik pasatzen zitzaion aldi bakoitz mazelak gorritzen ez, ubeltzen zitzaizkiola neskari, gelako tenperatura gradu pare batez igoarazteraino.

        Doué-en-Ambazacetik joan zirenetik, urte berri guziez gutun bat igortzen zien, gorriz idatzia eta etxe ondoko atxapar loreetatik bildu ttintta finez usaindua, baina mutikoak ez zion sekula kasu handirik egin, eta ez zekien nola ukan zuen amaren heriotzaren berri.

        Hor zen, alta, arropa beltz, soil baina apainean.

        — Phil.

        Phileasen erantzun hutsalak ez zuen idatzirik agertzerik merezi.

        Elkarri begira gelditu ziren istant batez; Caroline, ñir-ñir; Phileas, hortxe.

        Neskak beso esnetsuetan hartu eta sobera finki, sobera luzaz tinkatu zuen.

 

 

Elizan, lehen lerroan jarri zen, Philen eta haren aitaren artean.

        Bigarren lerroa yogako ikasle kaninoek bete zuten, Marieren omenez loto-lorearen posturan, goibel.

 

 

Hirugarren lerroa hutsik gelditu zen,

 

 

 

 

gainerateko lerro eta

   

 

 

 

                                                galeriak

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

                bezalatsu.

 

 

Zeremoniatik landa, Carolinek defuntuaren semea etxera lagundu zuen; gomitendako jatekoak asketan banatu zituen; baxerak egin zituen. Aitaren beha egon ziren, baina hegazkinez itzulia zen; ordukoz, agure bati botika sorta bat kobratzen ari zen. Gomitak joan zirelarik, buruz buru gertatu ziren, azkenean, eta isiltasun kasik betea egin zen. Gorputz hotsak baizik ez ziren entzuten: Phileasen hestearen auhenak —Valdoxanaren bazter ondorioa, berriz­— eta Carolineren bihotz taupadak.

        Caroline ez zen mintzatzera ausartu. Paper bat eman zion, usaiako kolore-usain kodeak betetzen zituena eta hiru hitz baizik ez zeramatzana:

        “I Phil love”.

        Phileasek ama zena eskertu zuen hirira eramanik: herriko ingeleseko klaseetan ez zuten, iduriz, hitzen ordena ere ontsa lantzen… Dena den, funtsezko mezua ulertu zuen. Ez jakin, haatik, zer erantzun. Irriño bat egin zion. Hobeki errateko, ezpain muturrak gorantz tiratu zituen, iikasi zuen bezala. Soa apartamentuko bazter batetik bertzera eskapatzen zitzaion —anpoila hori aldatu behar nuke; zikinontzia ateratzekoa dut—.

        Carolinek eskua bi eskuz hartu zion, eta eztiki, ezin eztiagoki ferekatu zion. Ezkerreko eskuaz, eskumuturra atxikitzen zion, eta eskuinekoaz, ahurretik erhi muturretaraino promenatzen zen, erhiz erhi. Erakuslera iritsi zelarik, Phileasen eskumuturra tinkatu, eta erhia ahoan sartu zuen, ezpainak ontsa biribilduz. Erhia oso-osorik sartu zuen ahoan, eta mihiarekin itzulinguratu, begirada finko, mazelak sutan. Phileasek metafora ulertu zuen; orduan bai. Eta erantzuten saiatu zen. Erhia neskaren ahotik atera, hatz bustiaz ezpainak ferekatu, mazelan goiti igo, eta erhia belarri ziloan sartu zion, bizpahiru aldiz sartu eta atera ere, bisaia sorgorrean lehengo irri behartua oraino zintzilikatua zuela.

        Kolpez, momentu erotikoak ez baitzion kakalarria kendu, Caroline hor utzi zuen, korridorearen erdian, busti bezain bakar.

        Horretan bukatu zen Phileasen lehen idilioa.

 

 

Phileas, ordukoz, musikari profesionala egina zen. Pariseko orkestra filarmonikoan lan egiten zuen eta franko soldata ona zuen. Prentsari jende ederrek sortzen dioten zirrara alde zuen, eta horrek anitz lagundu zuen musika klasikoaren hesiak gainditzen. Bakarka ere ibiltzen zen, mundu osoan biraka. The Beatles-ez geroztik, ez zen sekula hainbeste histeria ikusi kontzertu-aretoetan. Emanaldiek aitzina egin arau, oholtzak bularretakoz betetzen ziren; eta galtzoinez, gizartea aitzina baitoa. Kontzertu antolatzaileek Emausekin partaidetzak antolatzeko usaia hartu zuten, izarraren emanaldien biharamunetan lekuak huts zitzaten.

        Musika-biretako batek Europako hainbat bazterretara eraman zuen. Tartean, Pragara, Veronara eta Bilboko Arriaga antzokira. Azken hori birako azken aitzineko kontzertua zuen; ondotik, Royal Albert Hallera, eta Londresen bururatzekoa zuen itzulia.

        Bilboko kontzertuaren kontakizunarekin ez gaitezen luza, beti bezalakoa izan baitzen. Gela mukuru betea. Isiltasuna. Biolinaren lehen intziriarekin, entzuleen malkoak. Oihuak. Negarrak. Txalo erauntsia. Zikinontziak mokanes bustiz beteak. Jende-jariakin uholdeak. Garbitzaileak korridoreetan irristaka. Emausen kamioia badoa, sabela bete-beterik. Ligeta itxaropentsuak bigarren eskuko jantzi merke bilakatu dira.

        Prozesu errepikakor horren bitartean, antolatzaileek Phileas arta handiz eskaparazi zuten. Hiriko hotel guzien aitzinean fanak zain zituenez, inguruko herri batera eramanen zutela esplikatu zioten. Bertze hautu handirik ez zen, egia erran, lasaitasuna patar egiten baita noiztenka.

        Parisen bizi denak ogia erosteko ere oren erdiko bidea egin behar izaten duenez, ziztu bizian pasatu zitzaion Phileasi Bilbotik Larrabetzurako bidea. Herriaren izena ahoskatzen lortzerako, iritsia zen.

        Hoteletan zituen usaiak, baina bertakoen etxean ere normal lo egin zuen.

        Exfiltratu anonimoak biharamuna ere han pasatzekoa zuen, Londreserako hegazkina hartu arte. Ainarak, etxeko alabak, herria bisitatzea proposatu zion. Susmagarria iduritu zitzaion bere adineko neskaren proposamena —ordainen bat esperoko zuen, naski, eguna harekin iragan ondoan—, baina, bertze planik ez zuenez, joan zen.

        Etxetik atera orduko, murgiltze esperientzia etnologiko batean sartu zutela iduritu zitzaion.

        Hitlerren mustatxa bezain famatua izan arte, Phileas anonimoetan anonimoena baino anonimoagoa zen, eta ez zekien bien artekorik izan zitekeenik. Hor, herritar guziek elkarren izenak zekizkiten; haurrek helduenak, tabernariek zaharrenak, xakurrek loreontzienak. Herrian ez zen autorik pasatzen, eta beraz, oinezkoak ez ziren xuxen ibiltzera behartuak; ibilbide paralelo edo perpendikularrez gain ere, bazen mugimendu posiblerik. Xinaurritegi bat behatzen ari zela iduritu zitzaion.

        Ainarak esplikatu zion herriko etxean haurren kontseilu bat ere bazela, eta parkea berritu behar izan zelarik, adibidez, beren iritzia kontuan hartu zutela: helduak jartzen ahal diren baina etxegabeak etzan ezin diren jarleku ontsaxko pentsatuak ezarri ordez, gordelekuak gehitu zituzten. Phileas ohartu zen, heldu izan arte, eta are gehiago, ama hil zitzaion arte, ez zela sekula jende izan. Pasibotasuna hain ongi barneratua zuen, erosoagoa ere iduritu baitzitzaion lanbidea eta bizibidea amak hautatu izana: fazil eta errex.

        Halaber, Larrabetzuko herritarrek herriaren onerako lan egiten zuten, kitorik eta gogotik. Gym Berdea taldekoek karrikak eta inguruak berdatzen zituzten. Aitzinekoen erabaki kaskarrek itsustu bazterrak loratzen zituzten, eta hala, naturari eman zuen dirutik xehe doi bat itzultzen.

        Harritu zenik ez genezake erran, baina diferentzia objektiboa argi ikusi zuen, eta ez zitzaion gaizki iduritu.

        Herriko erdigunetik, Uria auzotik, urrundu ziren gero, ondoko mendittora igotzeko. Gaztelumendi muino ttipiak handiak zituen kontatzeko. Patarretan goiti grazia handiz aitzinatu ahala, Ainarak burdin hesiaren historia kontatu zion: 1936an, Francoren armadari buru egiteko, Bilboren inguruan defentsa lerroa eraiki zuten, jendeak eta azpiegitura nagusiak babesteko. Milaka herritar ari izan ziren lanean: soldadu izateko adinetik kanpoko gizon eta mutikoak eta adin guzietako andreak. Denen artean, Larrabetzun eta inguruko bertze 32 herritan, 80 bat kilometroko hesia eraiki zuten, lubakiz, bunkerrez, gotorlekuz, metrailadore habiaz eta orotariko babeslekuz hornitua. Horietako anitz oraino ikus daitezke, nahiz 1937an frankistek burdin hesia hautsi zuten, hain zuzen, Larrabetzun, Gaztelumendin berean.

        Ainara aise mintzo zen, hatsantu gabe, mendian ibiltzeko usaia baitzuen; basahuntza bezala zebilen, sasiz sasi, Gaztelumendiko bunkerretako baten bila. Azkenaldian mendietako mantentze lanetan ez omen ziren zintzo ibili, eta inguru batzuk lapartzen hasiak ziren.

        — Hamen dau!

        Phileasek Espainiako 36ko gerlaren berri bazuen, noski. Guernica margoa ikusia zuen, hots; hortik harago, guti. Sasi nahasien artera sartu ziren, eta harrizko eraikuntzara iritsi. Hamabost bat metroko tunel gisako bat zen, pare bat metroko goratasunekoa, bazterreko horman leiho hertsi zenbait zituena. Ainarak harria ferekatu zuen eta irekidura ttipi horietako batetik kanpora so jarri zen, eguzki izpi goxo batek begirada beltza dirdirarazten ziola. Ainarak bezala, nornahik senti zitzakeen orduko soldaduen larritasuna, oren luzeetako arrangura, gosea, hotza eta itxaropena. Phileas Ainarari begira gelditu zen. Kanpoko saparen eta harrien barneko freskotasunaren arteko diferentzia zuen sentitu.

 

 

 

 

Gaztelumenditik jautsi, eta Elizalde auzotik itzuli ziren. Larrabetzu sortu zen auzotik, omen. Emeterio eta Zeledonio santuen eliza hor zen, kalostrape-gonaz jantzia, garai batetik bertzerako aurrekontu diferentziak dorreko berritze-obren bitartez agertzen zituela.

        Ondoan, hilerria ere bisitatu zuen. Zinez ongi zaindua iduritu zitzaion, eta berezia. Aitzineko denboretan eliza barnean egiten zuten bezala, kanpoko hartan ere hilak baserrika bildu zituzten, eta horma-hobien zurezko ateetan, baserrien izenak agertzen ziren. Ez lore, ez marmolezko gurutze, ez panteoi, kanposantu horrek ez zuen defuntuen arteko lehiarako paradarik ematen.

        Phileasi Choupette burura etorri zitzaion. Zabor mendi baten azpian egon behar zuen. Amaren yoga ikasleek, aldiz, bazuketen jauntxoen pareko hil-villarik. Heriotzan ere, zakur ala jende, dirudunek toki.

        Zenduak adeitasunez agurtu, eta trago bat hartzera joan ziren, bertako kulturak, partez, txakolinaren kolorea baitu.

        Ainara edariak galdegitera joan zen bitartean, Phileas gogoetan hasi zen. Ibilaldia zinez irakasgarria iduritu zitzaion. Jendeek direnaren alde egin dezaketela ikusi zuen. Nortasuna ez dela berez, begien kolorea eta sudurraren luzetasuna bezala ezartzen zaigun ezaugarria, baizik eta konkistatzen den lurra. Jende horiek ez ziren erran zietena, izan nahi zutena baizik, eta horretarako indarrak eta bi egiteko prest ziren. Gizon frantses zuriarentzat, exotikoa arrunt.

        Eguzkia apaltzen eta horitzen den tenore horretan, Ainarak inoiz baino azal xuri eta leunagoa zuen. Mahats hartzituak ematen duen begi-dirdiraz, herriko bertze proiektu bitxi bat kontatu zion: erretreta, behar den bezala, telebistari so pasatu ordez, adineko batzuk gauzak egitera tematzen omen ziren. Horren lekuko, hirurogeita hamazenbait urteko hiru herritarri bururatu omen zitzaien ikatza lehengo gisan egiten saiatzea; erran nahi baita, bertzeak bertze, sekula egin ez zuten zerbait ikastea, dozena-erdi bat tona egur moztea, garraiatzea, lur meta baten azpian antolatzea, egosaraztea eta zaintzea.

        Zertarako? Eiteko, bertzerik gabe.

        Ideiak, xede praktikorik ez bazuen, buru-buztan gabekoa ere ez zen: Larrabetzu burdin lurraldea izana omen zen. Biziki burdina ona ei zuen, garai batez. Ingelesek ohartuko orduko quick-and-dirty dena eraman arte, bertakoei zinez baliagarria izan zitzaien. Eta mea urtarazi eta burdina erabilgarri bilakarazteko, buruan ilea bezainbat ikatz behar zen.

        Ikatz lanak egiazko iraultza ekarri omen zuen Larrabetzura. XV. mende hondarra arte, oihanetako lurrak herriarenak ziren. Baina laborarien eta errementarien artean gatazkak sortu ziren, kontrako interesak baitzituzten: laborariek abereak gainaldera igortzen zituzten, bertako belar hobearen bila; ola gizonek, aldiz, zuhaitzak landatu nahi zituzten, ikatza ekoizteko, baina abereek landare ttipiak lehen hosto samurra atera orduko jaten zituzten. Bakea xede, oihan lursailak baserri eta etxe guzien artean banatu zituzten, eta bakoitza bere ikatza egiten hasi zen. Egiten, eta saltzen. Dirurik kasik baliatzen ez zen baserrietara sosa sartzen hasi zen. Herriaren iragan hori gogora ekartzeko zuten deliberatu ikatza lehengo gisan ekoizten saiatzea.

        Ainarak Phileasi irriño jostakina zuzendu zion, eta azken txakolin tragoa klik irentsi zuen.

        Gaua inguruak lausotzen ari zen hara iritsi zirenerako. Herritik doi bat aparte, eremu ttipi bat prestatua zuten ikatza egiteko. Zuhaitz arteko belargune zabal zapal batean, txondorra hor zen, lehen tokian, oihaneko erregina. Kanpotik, bi metro inguruko goratasuneko lur meta handia iduri zuen. Baina sabelean egurrezko errai konplexuak omen zituen. Hiru eramaileak han ziren, begi-belarri txondorrari, erditzekotan den emaztea artatzen bezala. Haietako batek paper zati bat hartu eta txondorraren barna marraztu zion.

 

 

 

 

Ordukoz, txondorra zuzen eraikitzea bermatzen duen alkatea erditik kendua zuten, eta tximiniatik ke fina zerion. Pare bat astez hor egotekoak omen ziren, gau eta egun mendi ikazduna zaintzen, itzal ez zedin, su har ez zezan, bien arteko epeltasun gorian egon zedin.

        Phileas zaindarientzat eraiki etxolan jarri zen, ingurukoak bazterrak garbitzen ari ziren bitartean.

        Iratzarri zelarik, gau arrunt beltza zen. Herritar zaindari bat ondoan lo zuen, estalki azpian gordea, eta txondorraren magalean sortu zilo batetik argi gorria ikusi zuen. Sua pizten ari zen, ito behar zen.

        Zuhur-zuhur hurbildu zen, makurtu, eta zilotik, txondorraren barna ikusi zuen. Zerbait mugitzen ari zela iduri zuen. Txingar bitxi bat ikusi zuen, berari so bezala, itzuli eta zirimola batean airatu zen arte. Inguruko haritzen adarren itzalek besoak egiten zizkioten txondorrari. Txondorraren tontorrean, kezko masa bitxia sortu zen. Handik, mihi fin bat atera zen. Kobrak zut ezartzen diren bezala altxatu zen, ezker eta eskuin emeki mugitu zen, mingain-lepoa luzatuz, eta, gainetik beherako jauzi batez, ikazkin inprobisatuari belarri eta sudur ziloetara sartu zitzaion.

        Phileasek barne-barnetik sentitu zuen bere burua.

 

 

Begiak hetsi zituen, emozio eraso hori irensteko.

        Hainbeste urtez etzanik egon ondotik, altxatzen ari zen. Betidanik ispilu barnean zela ohartu zen, eta lehen aldiz kausitu zuen berinazko eta zilarrezko xafla zeharkatzea. Zilar geruzak gorputz osoa estali zion. Itsasoa sekula ikusi ez zuena arrain sentitu zen, azal osoa betan hauteman zuen. Bizkar-hegatsaren laguntzaz, hoztasunaren saretik askatzen ari zen.

        Ulertu zuen deus gertatzen ez den leku horietan dela dena gertatzen. Itsutasunaren trena, nehondik nehora doana, gelditzen dela noiztenka, eta geldialdi horiek ez direla huts egin behar.

        Egiaren zirritu horretan, ez zen bakarrik. Norbait, zerbait sumatzen zuen, ondoan, barnean eta inguruan. Zer bat entzuten ere zuen, apal-apal errepikatzen, zaldi urrats metaliko ozenen artean.

        — Kon… kon… akon… Patakon, Patakon, Patakon.

        Izena ezaguna egin zitzaion, Bilbotik Larrabetzurako bidean haren istorioa kontatu baitzioten: Manuel Antonio Madariaga Ustara, Patakon, Bizkaiko bidelapurra zen. 1796an sortu omen zen Galdakaon, eta Larrabetzun hezi zen. Larrabetzuarrek, iduriz, oraino gogoan dute ohoina: aberatsei hartzen zien, alargunei eta behardunei emateko. Zaldiz ibiltzen zen, eta abereari ferrak alderantziz janzten omen zizkion, gibeletik zituenei bere helmugatik abiatu zela sinetsarazteko. Burutik ez zen maingua! Euskal Robin Hood-a, nonbait; zinez erromantikoa. Phileasek belarria txondorrera zuzendu zuen, eta ebaslearen mintzoa entzun zuen:

        — Patakon, Patakon, dekoneri kendu eta ez dekoneri emon.

        Izitu zen, lehenik. Gorputz osoko ileak kolpez zuritzeraino ikaratu. Phileas franko aberats egina zen, eta ikatz-kezko izaki horrek zerbait hartu nahi ziola pentsatu zuen. Bihotza, ordu arteko ordulari hotza, taupaka, joka ari zitzaion saihetsen gibeletik, nola presoa burdin barren gibelean, ateratzeko erreguka. Hatsa labur, belaunak xilintxak bezala elkarri joka, eskuak sakeletan sartu zituen, eta zuen guzia atera: 89 euro, Valdoxan kutxa kasik hutsa, somniferoak eta mokanes bat, esku artean dantzan. Kezko zerak ez zizkion hartu.

        Erortzen utzi zituen, eta lurra jo zuten mementoan, oinak zolan sartzen sentitu zituen; lohia izotz perla leunezko hondar bilakatu zen. Belaunetaraino sartu zelarik, oihanaren oihua entzun zuen.

        Dena kontatu zion: oraina, memoria eta geroa; bertakoen euskara, apezen latina eta erromesen esperantoa; burdin hesiko harrien arteko izerdia; Gaztelumendiko gurutze faxistak erortzean eragin zituen kolpeak; bertakoei bortxaz eraikiaraziz altxatzean sortu zituen zauri handiagoak; orduko hegazkin mehatxatzaileen oihu ikaragarria; negar itoak eta herri minduaren bizipen isilduak; pinuek eta eukaliptoek banpirizatu oihanak; Hori Bai gaztetxeen amaren bost hamarkadatako kantua; Garbiñe eta Txirri, Gotzon eta Aintzina, Ur eta Ekhi, Sabin gaztea, Amaiak eta Ainarak, ipurtargiak eta azeriak; amaren peskiza bisaia.

        Maitatu zuen.

        Maitatu zuen, lehen-lehenik, bere burua. Eskeletoaren atalen arteko junturen jokoa zoragarria iduritu zitzaion. Dantza hori zen, junturen jokoa, gihar, haragi eta azalez borobildua. Gorputz zela ikasi zuen kolpez.

        Maitatu zuen bere burua, maitatu zuen oihana, maitatu inguruetako haritzak, maitatu ilargia, maitatu lurrean desegiten ari zen orbela.

        Orduan jabetu zen Patakonen besterentze jokabidea ez zegokiela gauza materialei soilik. Txondorraren barneko bizia eta berotasuna hartu eta sabel barneraino sartu zizkiola. Dekoneri hartu eta ez dekoneri emon.

 

 

Labirinto guria naiz, bide oker eta ilun oro zirrara-uhinez betea.

        Amaren etxeko armairu zaharra naiz, tireta guziak jantziz, nostalgiaz eta argazkiz lepo.

        Txondorraren gainera, ipurtargi-euria; kurkuilu-euria, haritzetatik behera.

        Magma goria sabelean, harenean eta enean.

        Ilargiak hostoetan milika, kilika, ikimilikiliklika.

 

 

 

Iratzarri zelarik, Phileas lurrean zen, hotzez dardarka. Goiza argitzen ari zen, eta zaindaria zain zuen.

        — Zer, joango gara?

        Inguruetara so egin zuen. Lurrean utziak zituen puskak bildu eta autoratu zen. Ez zen kezkatua, ez zen beldur; ez zen kontent, ez triste; ez zen alegera, ez kolera; ez zur, ez lur. Aireportuko bidean, Valdoxanaren bazter ondorioen zerrenda irakurri zuen: buruko mina, insomnioak, beheitikoa, amets gaiztoak eta haluzinazioak.

        — Patakon —xuxurlatu zuen Phileasek.

        — Zer kontatu dizute? Badakizu Patakonek ez zuela zaldirik? Lapurtzen zuen, bai, garaian beste askok bezala. Jateko. Alargunei osten zuenaren apurtxo bat ematen zien, gehiago ez. Musutruk, bai, musu eta gehiagoren truk! —erran zion gidariak, aireportura iristekotan zirela.

        Phileasek Valdoxanaren papera biolinaren zorroan bildu zuen eta normal hartu zuen Londreserako hegazkina.

        Nork bere bidea hartu zuen, ez beste inorena.