Desagertzen
Desagertzen
Gaizka Sarasola

LARRABETZU
aurkibidea

Aurkibidea

azala

Aurkibidea

azala

   

 

 

Bide bat pinudi artean, eta Margari bizikleta gainean. Pinuen hostoek herdoildu dute errepide bazterra, eta Margarik, gero eta azkarrago ematen die pedalei, herdoilak bera ere harrapatuko duenaren beldurrez balego bezala. Bizikletak garbitzen du bidea, baina zerbaitek iluntzen du Margariren aldartea. Erreka lagun du bidean, norabide egokian doala abisatzen diolarik tarteka, auzoko behien zintzarriak ere sumatzen ditu txirringen errezoen gainetik, eta, hala ere, bada zerbait arraroa. Normalean bizikleta gainean aske sentitzen dena, etxera ailegatzeko gogoz da, eta ez du frenorik sakatzen bihurgunea hartzean. Eta orduan...

 

 

“Zerbait galtzen da bidean, sorterrira itzultzen garen bakoitzean”. Eskoziako abesti herrikoi batean entzun izanen zuen lehenengoz. Ez du gogoratzen, baina maiz etortzen zaio burura. “Zerbait galtzen da bidean”. Eskuko poltsaren bat agian, urte gutxiren buruan heltzen zarenean, edo maletaren bat bertzela; baina, Margari bezala bizitzaren erdia baino gehiago kanpoan eman duzunean, gehiago da galdutakoa, zurekin duzuna baino. “Zerbait galtzen da bidean, sorterrira itzultzen garen bakoitzean” errepikatzen du Margarik, sortetxeko atarian pikuak biltzen dituen bitartean, baserri zaharrak galdutako begiei begira. Umetan galdu zuen begia berak, bizikletaz istripua izan zuenean. Nola imajinatu zezakeen bihurgunearen bueltan itzainaren akuilua aurkituko zuela begien parean? Gogoratzen ditu mina, odola, bere ingurukoen larritasuna. Uste du traktore batean eraman zutela etxera, edo karro batean; kotxe bat igual; eta katu bat bazegoela bere ondoan. Umea zela galdu zuen berak begia. Baina, baserriak? Noiz eta nola itsutzen dira etxeak?

        Dotorezia galdu izanen du agian, baina maite du oraindik bere baserria. Piku bat jaten duen bitartean, irri egiten du Margarik, baserria txorimalo batean bihurtu dela ohartzean, erabiltzen ez diren trapu, objektu eta txatalez osatua. Sobratutako pote batekin pareta zati bat pintatu, ohol zati batzuekin zuloak tapatu. Orturik gabeko txorimalo erraldoi bat irabazi zuen Margarik sorterrira itzultzean, eta ekipaje guzia galdu. Horregatik jaunzten da bera ere, konbinazioei erreparatu gabe, eskura aurkitzen dituen arropekin. Bizi guzia albaitaritzan buzoekin lan egitera ohituta, ez diote orain trapuek kezkarik sortuko! Etxeak gure erara egiten ditugu, edo gu bihurtzen gara gure etxeen antzekoak?

 

 

Sukaldean lanean hastea baino ez du egin, eskaileretan sumatu duenean: “Egun on!”. Joxe. Bera baino ez du ezagutzen herrian, eguneko edozein tenoretan “egun on” batekin agurtzen duena. Bere jarrera idorraren atzean, agian bera izanen da herriko atseginena. Gainerakoak... “bueno!”.

        Margari baserrira itzuli, eta ez zuen denbora aunitzik pasatu behar izan Joxek kordela tiratu eta sukaldean sartzeko. Noiznahi du ondoan ordutik. “Eta hau?”, itaundu du Joxek lapikora hurbilduta, hain natural ateratzen zaion mespretxuzko begiradarekin.

        —Neguko goiz hotzetan goxotasun apur bat sartzeko barrura.

        Margarik badaki ez duela erantzunen esperoan galdetzen Joxek. Galdetu orduko armairutik ardoa eta edalontzia hartuta, mahaian eseri dela trago bat zerbitzatzeko prest, erantzunari kasurik egin gabe.

        —Auzoko behi guziak desagertu dira.

        —Nola?

        Hasierako harridura gaindituta, sutan duenarekin kontzentratuta jarraitu du Margarik. Eta hasi da kontatzen Joxe, ez zirela esne-behi aunitzik gelditzen auzoan, soltean baserri desberdinetan, sei batean eta bi bertzean, ez zirela aunitzik, baina batere ez bat-batean; denak desagertu direla arratsetik goizera.

        Lapikoan duena su baxuan utzi eta irratiaren bolumena apaltzearekin batera, alboka doinu ozen bat entzun da urrutitik —hegazkinek, bertatik pasatzean, albokaren soinua imitatzen dute; deia aireratzerakoan, eta amaiera lurreratzerakoan—, Margari eta Joxerengan inolako eraginik sortu ez duena.

        Beretzako edalontzia hartu eta ondoan eseri zaio Margari. Lanean aritutako urte guzietan gutxitan ikusi duela behirik desagertzen azaldu dio. Ihes eginen zutela akaso, baina horrelakoetan arrastoak agertzen direla; itxiturak hautsita edo atakak irekita. Batzuetan, gaixotasunez hil, eta nagusiak izaten direla animalien gorpuak desagerrarazten dutenak, gaitzen ikerketen beldurrarengatik gehienetan, tramiteak ekiditearren zenbaitetan. “Ez al zituzten estralurtarrek eramanen!”, utzi du azkenerako.

        Agurtzerakoan kezkatuta ikusi du Joxe. Ez du ulertzen zergatik. Ze axola diote behiek berari? Makilak egiten ditu, bai. Akuiluak itzainentzat, erromesentzat bastoiak, oroigarriak turistentzat... baina, ez du bizia ateratzen horrekin. Ze kalte izanen luke akuilu batzuk gutiago egiteagatik?

 

 

Kezkek galaraziko ote dute Joxeren loa? Igual bai. Teresinena ziur ezetz! Kezkek ez dute ohatzean aurkituko erraz gure Teresin. Kezkak, behar baino lo gehiago egin nahiak erakartzen dituela uste du. Eta bera bederen, goizeko laurak baino beranduago ez da inoiz jaikitzen. Umetatik horrela egin du, esnea saltzera eramateko. Eta oraindik horretan jarraitzen du. Motorrera karroa lotu, eta bertan kargatzen ditu kantinak, garrafoiak eta tankeak. Eta arazoek jendearen deskantsua erasotzen dutenean, bere patxada paseatzen du ilargipean motorraren gainean, esnea, indabak, irina, edo dena delakoa berekin eramanez; bideetan zehar, gustuko lekuren bat topatu arte. Pausatzen den lekutik herria bistara edukitzea gustatzen zaio. Bertatik behatzen ditu kale nagusiko zenbait argi pizten. Bere antzera kezkek ohean erasanen ez dituzten etxekoandreenak, gainerakoak lotan diren bitartean, etxeak eta atariak garbitzen aritzen direnak, argitzerako dena txukun egoteko.

        Egunsentiarekin beti hurbiltzen da bizilagunen bat Teresinengana, edo erromesen bat bertzela. Teresin; azunberdiko ontzia ondoan, eta medidea mingainean. Bizitza osoa darama erosleekin harremanetan bakoitzari eskaini beharreko hitzen neurria ezagutzeko. Hitzak neurrian, goxokiak eta pozoia ere neurrian behar diren bezala. Neurriei dagokionez, aukeran esne gutxi saltzen du azken boladan. Saltzen ahal ditu, saltzen ditu bertzelako gaiak ere, baina esnea banatzea da gehien gustatzen zaiona. Kantinaz beteta eramaten du karroa, baina esnez eskas ordea.

 

 

“Eskasiak ez dira bakarrik etortzen”, pentsatzen du Joxek. “Behien faltak ekarriko ditu gabezia gehiago”. Horretaz jabetzen da. Egia da makila gutxiago egiteagatik ez zaiola deus ere gertatuko, baina makilak egitea gustatzen zaio, eta ez soilik makilak egiteagatik, balioa duen zerbait egiteagatik baizik. Makilak, baliagarriak direlako egiten ditu. Eta azken boladan ez du herrian inor deus baliagarririk egiten ikusi. “Noiz eta zergatik utzi genion baliozko gauzak egiteari?”, galdetu izan dio maiz jakinduria disimuluan eraman ohi duen bere lagun bati. Burdina lantzeari utzi zitzaion aspaldi, baita irina egiteari ere. Esnerik ere ematen ez badugu?

        “Behien faltak ekarriko ditu gabezia gehiago”. Gauza guziek badute bere ondorioa. Satorren mukuruak agertzeak, bertzelako kalteak azaleratzea dakarren bezala. Horregatik tematzen da Joxe satorrak akabatzen. Goizeko lehen orduetan, lanbrotan ezkutuan.

        Horrelako goiz batean ezagutu zuen oraingo Margari. Lehengoa, gaztetako akorduak baino ez ziren. Belardian zegoen, bezperan jarritako makilen artean eskopetarekin. Satorren mukuruak aurkitzean, makilarekin markatzen ditu, hurrengo goizean berriz ere bilaka ez aritzeko. Eta makilak plastikozko poltsekin apaintzen ditu, urrutira hobekiago ikusteko. Golf zelaia bihurtutako soroan egoten da satorren bat noiz mugituko esperoan, bere burdinarekin.

        Belaunikatu zen Joxe goiz hartan beraz, satorra hurbilagotik jotzeko, irrintzi bat entzun zuenean lehendabiziko aldiz. Hegazkina izanen zelakoan, zerura begiratu zuen inertziaz. Baina ez; hegazkinik ez zen ageri. Goitik baino, behetik zetorren hegazkina; beheko baserritik. Egun horretan, satorrik jo ez, baina ikasi zuen Eskozian badela zahato bat, ardorik eman ez, baina garrasi egiteko erabiltzen dena. Gorroto du Margarik gaita jotzea.

 

 

Terapia modu bat ere bada. Jende guziak behar omen du barrena husteko ariketaren bat. Zahagia puztu eta hatzak mugitu; hori da Margarirena. Ez du ez ordu ez egun jakinik. Maiztasun erregularrik ezta ere. Tarteka. Gogoak horrela eskatzen dionean. Imajinatzen ditu lagun taldeak, urezko pipa baten inguruan bilduak, tearekin edo auskalo ze edarirekin, ganoragabeko irriekin. Berak nahiago du whiskia lagun hartuta, gaita ahoan sartu eta intzirika aritu. Maite du, bere doinuek hegazkinen pasaldiekin bat egiten dutenean batez ere. Hori bai harmonia. Akorde perfektuak. Edo igual ez hain perfektuak. Baina berari bortz! Gustuko ez dutenek, itxi ditzatela belarriak. Berak ere ez ikusiarena egin behar izaten du hainbatetan.

        Zenbat urte eramanen ditu kortako ateak itxita? Abererik ez izateak zer dakarren, hutsik dagoena kutxa gotor bihurtzeraino. Kostako zaio ateak mugitzea, baina momentuan ez du bertze zereginik, eta korta zabaldu arte ez du deskantsurik hartuko Margarik. Gorde du gaita bere txokoan, bildu ditu edalontziak eta botila apalean, eta atera da baserriko atzeko aldera. Izan du Jone agurtzeko aukera. Tarteka izaten du ikusteko aukera. Beti ibili ohi da mendiko auzoetan alde batetik bertzera. Estimuan du, ez daki ongi zergatik baina. Bere munduan, bere burutazioetan nahaspilatuta dabilela aditu izan dio nor edo nori, baina berekin gurutzatu, eta Joneri begirada piztu eta irribarrea marrazten zaiola nabaritzen du Margarik. Barrura begira ere egonen dela pentsatzen du, baina kanpora ematen duela dena.

        Pentsamendu horiek zituen Margarik kortako iluntasunean murgildu denean. Hautsa, zikina, trasteak, hutsuneak eta ausentziak. Horiek denak pilatzen dira korta zaharrean. Eta bazter batean, abandonatutako lanabesen ondoan, gaztetako bizikleta. Moldaketa batzuk beharko ditu, baina, jarriko du berriz ere gainean ibiltzeko moduan.

        —Zertan zabiltza?

        Joxe ageri da kortako atean. Keinu murritza atera zaio bizikleta ikusi duenean.

        —Orain ez duzu beharko. Nik eramanen zaitut.

        —Nora, ba? —harrituta galdetu du Margarik.

        —Mirentxuren bentara. Auzoetako baserritar guziak bertan bilduko dira. Bertze auzoetan ere, gurean bezala, behi guziak falta dira.

 

 

Salda beroa gustatzen zaio. Ia irakitan. Mirentxuk gainerako botiletatik aparte edukitzen duen edabearekin pixka bat hoztuta, baina koilararekin hurrupa txikitan soilik hartzeko moduan. Arreta guzia saldan du. Sumatzen ditu bai, gainerakoen solasak mahaiaren bueltan, baina ez du ulertzen denak batera solasean aritu behar izateko ohitura hori. Hurrupak saldari, eta gainerako bezeroei eta bentaren dekorazioari soa. Joxek egindako makilak salgai, herriko futbol taldearen bufanda, apaingarri txepel batzuk zintzilik, mostradoreko egur argia, eta Mirentxuren mantala. Taberna zaharra berritzen hasi, eta erdibidean utzi. Inon ez. Ez han eta ez hemen. Margari bera bezala.

        Bukatu da salda, baina mahaiko burrunbak ez du etenik. Urduritasun eta larridurak eraginen bat izanen dutela pentsatzen du. Baserrietan ere, ordu luzez bakarrik lanean aritzera emanak, bildu eta egun guzian isilik gordetakoak konpartitzeko premiaren bat ere izanen dutela agian, baina ezagutzen ditu herrira tragotara jaisten direnean, eta orduan ere berdin. Tabernatik tabernara, isilago kaletik, indarrak hartzen ariko balira bezala, eta tabernara sartzean...

        —Zer diozu orduan? Laguntzeko prest?

        Denak ditu begira. Baita orain arte hitzik egin gabe egon den Joxe ere.

        —Ez dut uste erretiratutako albaitari baten iritziak askorako balioko dizuenik, baina horrela nahi baduzue, joanen naiz noski zuen baserrietara, ea topatzen dudan zerbait arrarorik. Hori bai; nik nahi dudanean joanen naiz, abisurik gabe, eta ez dut nahi zuetako inor begira egoterik.

 

 

Haizetako-garbigailua langarra garbitzen. Tarteka. Kolpeka. Goizetan begietatik makarrak bezala.

        —Utzi linpiak martxan, emakumea! —marmarra alboan, albokaren deia buru gainean.

        Suzuki zaharrean Joxe eta Margari. Isilik. Noizbehinka haizetako-garbigailuen zarata, eta Joxeren purrustak. Martxan ipini, eta kendu. Horrela nahiago du. Agintea eskutan eduki. Automatikoak diren moduak ez ditu maite larregi. Ez dio bere buruari erlaxaziorako aukerarik eskaintzen. Berezkoak dituen indar eta bizitasunarekin mugitzen ditu ere martxak, bolantea... Egunsentia itxita ernatu da, eta eguna luze joanen dela Joxek badaki. Egun osoa emanen dute elkarrekin, auzo guzietan barrena, behien desagertzeen arrazoi edo zantzuren baten atzetik.

        Pasatu dira orduak, pasatu dituzte baserri, korta eta belardiak, baina ez du altxatzen egunak, eta ez dute topatzen inolako arrastorik. Jarraitzen dute hala ere eginahalean, hormigoiak eta asfaltoak ebakitako pinu eta eukalipto sailen artean. Kuriosoak iruditzen zaizkio eukaliptoak Margariri, zerura luzatu nahian, azala zintzilik gelditzen zaien bitartean. Larrututa hil omen zuten San Bartolome ere. Ehunka martiri ikusten ditu mendian dabilenean. Kristautasunak edo eukaliptoak, zerk ekarriko zituen ondorio kaltegarriagoak?

        —Nor zen atzo Mirentxuren bentan Ospitaleroarekin zegoena? —galdetu du Margarik, ermitaren inguruan Ospitaleroa gurutzatu dutenean.

        Beti bezala, bere piura arraro horrekin. Kapelua, betaurreko lodiak, eta bizar hori... “Nor da nor?” jolaseko pertsonaia bat dirudi. Tratuan atsegina da jende guziarekin Ospitaleroa, erromesentzako aterpetxeaz arduratzera herrira etortzen dena tarteka. Begikoa dute ia denek, baina ez du gustukoa Margarik. Epaiketan lekukotasuna eman behar izan duen poliziaren usaina hartzen dio.

        —Kerman Ezdakitzer. Nabarmenegia niretzako. Isilik egoten ez dakien horietako bat. Gerra garaiko bunkerren harira ibiltzen da azken aldian maiz gurean.

        Bunkerrak. “Porrotak oroitzen eta ospatzen ditugun bitartean, mozkorraldiek beti izanen dute mingostasun puntu bat”, pentsatu du Margarik, eskuko frenoari eman eta motorra itzali duenean.

        —Ez zituzten denak hor ezkutatuko, ezta? —bota du Margarik ezkerretara begiratuz.

        —Siloan? Hor zenbat kabitzen dira ba! Altueran bai, baina zabaleran ez du metro askorik.

        —Behiak bata bertzearen gainean ipiniz gero bai! Galdetu zure lagun horri ea zirkuren bat inoiz pasatu den hemendik. Agian italiar edo errumaniar jatorriko domadore bat bada gurean.

        —Hemen italiarrak hodeien artean bai, baina magia eta ilusioz urri.

        Margari muturturik abiatu da kortara.

        —Zu bai ilusionista. Nire umorerako momentu apurrak berehalakoan desagertzea lortzen duzu beti!

        —Zer?

        —Isilik egoteko! Eta begiratu siloan!

        Baserri guzietan berdin. Ez da deus apartekorik ageri. Atarietan eserlekuak, zakur etxolak, errotarriak eta gurpilak apaingarri, eta traktoreak eta karroak geldirik. Eta kortako ateak, itxita. Edo hustuta. Belar idor pizarrak baino ez dira nabari, arto-bizarren karikatura moduan edo, garai bateko kameren lotsagarri. Ganbila eta subiletan bazkaren hondarrik ez. Ontziak eta aulkiak apartaturik. Eta kanpoan, zerrakurak denak osorik. Ez dirudi inork deus ere bortxatu behar izan duenik. Ez dago apatxen arrastorik, ezta kamioien gurpilen markarik. Bizkar gainean hartuta banan-banan eraman ote dituzte behi guztiak? Edo alfonbra gainean, beren azken desfilearen ondoren, betirako desagertzera?

 

 

Agertzen hasi dira izarrak etxerako bidea hartu dutenerako. Badira ordu batzuk ateri dagoenetik, eta ostendu dira hodeiak. Margarik, afaritarako arrautzak eta lotarako whiskia baino ez ditu gogoan. “Begira. Gurdia”, erran du Joxek izarrei begira. “Gurdia, non?”, Margarik harrituta. “Izarrak. Lauki zuzen hori, eta bertze horiek giderra”, marraztu du behatzak. Joxe lehendabizi, eta izarrak gero, pixka batean begira egon ondotik —galdetzeaz damutuko da baina— “Nola dakizu zuk hori?”, bota du azkenean. “Dakienari galdetuta”. Erantzun bihurriak baino ezin ditu eman bizi guzian antzerako bideetan ibili izan denak.

        Maniobra egin eta baserri aurreko estalpean sartu du suzukia. Salto batean bajatu da bertatik. Gehiago kosta zaio Joxeri.

        —Benga, Joxe! Oinez etxera! On eginen dizu hankak mugitzeak.

        Joxeren erantzuna galarazi du Teresinen motorrak. Gorantza pasatu da beraien aurretik, nola ez, bere karroarekin, diosala eginez. “Ordu arrarotan, ezta?”, komentatu du Margarik. “Eta zer eginen du ba, koitaduak? Neskato bat baino ez zenetik esnea saltzen eta...”. Berriz ere zeru aldera begira gelditu da Joxe. Tximistek mehatxatzen dute urrunean.

        —Alferrik da usta, gurdia mugitzeko mandorik ez dugunean —etxerantz abiatu da Joxe, pauso baldarrez—. Eta are gehiago, hutsik bada! —bukatu du sententzia.

        Gaugiroaz gozatzen gelditu da tarte batez Margari. Ederra dago. Izarrak ikusten ditu, baina ez du gurdirik atzematen. Teresinen motorraren argia bai nabaritzen da, gero eta gorago, aldentzen. Albokaren deia ikusten da haren gainean. Ez du irratirik piztuko. Afalosteko tragoa ez dio ezerk mingostuko.

 

 

Tximistek haziak ekartzen dituztela batzuetan aditu izan du Jonek etxean. Kazkabarra. Baina, zergatik ez artoa? Zergatik ez garia? Bada horiek baino hazi hoberik? Amak, umetan eguberrietarako jaiotza jartzen zutenean, elur moduan irina erabiltzen zutela dio. Normala, hainbertze errota izan dituen herrian. Eta gaur ere, irina ari du. Aspaldiko partez. Irindurik daude mendiak, irindurik kaleak. Egunez mendi eta larreetan ibili ohi denez Jone, goizean goizik egiten ditu herriko kontuak; estankora egunkariak eraman, etxerako ogia hartu. Eta gaur ere, lehendabizikoa da kaletik ibiltzen. Erreparoa ere ematen du horrelako zuritasuna zapaltzeak, baina, aldi berean, hain da polita. Hogei bat metrotara dagoen konkor arraro batek bereganatu du bere arreta. Ze haur izan ote da elur-panpina egiten hasteko bezain goiztiarra? Hurbildu da gertuagotik ikustera. Ez zaio begiradarik piztu, ezta irribarrerik margotu oraingoan. Gorpu bat dago kale nagusian.

 

 

“Ababatxue lo tirintaiņe...”. Gau osoan ezin izan du sehaska kantu hori burutik kendu Margarik. “... ez egin lorik basoan...”. Zertara igo izanen zen mendi aldera Teresin iluntzean? Ongi ote da? “... otsoren batek jan ez zagizan, bildotsa zarialakoan”.

        Jonek lehenengo aldiz hildako bat ikusi duenean itzarri da Margari, Teresinengan pentsatzeari utzi ezinik. Sukaldera joan, eta kafea martxan jarri ondoren, ogi zati batean pikuzko marmelada zabaltzen hasi da. Irratia pizterakoan begiratu du lehenengoz leihotik. Bere harridurarako, dena zurituta dago. Normalean baino traketsago, irristatzeko beldurrez, Joxe ere badator. Ez da hain harritzekoa bigarren hori!

 

 

Ez daki nolatan konbentzitu duen! Berriz ere suzukian dira Joxe eta Margari. “Behiak faltan dituzten baserrietan deus ere ez badugu ikusi, ez dituztenetan begiratu beharko dugu, ezta?”. Hala ere, lehenik eta behin, auzoko tabernan, Mirentxurenean gelditzea erabaki dute. Eguzkia berriz ere indartsu ageri da, eta bideak garbitzera esperatuko dute. Ebakia whiski tanta batekin eskatu du Margarik. Ardoa Joxek. Kafea kargatzen hasi orduko segitu du Maritxuk kontatzen.

        —Ba, bai. Horrela izan da. Jonek aurkitu du Ospitaleroa hilik. Etorri omen dira gorrizko polizia bi, eta askoz gehiago ondoren, baina ez dute gorririk apenas topatu elurraren gainean. Buruan omen zuen kolpea, baina odol arrastorik ez. Hil eta gero mugituko zuten. Sumarioa sekretupean dago oraindik, baina herri guziak badu horren berri. Eta orain, erromes gizajoak, aterpetxean geratu beharko dira kasua argitu bitartean. Ze faena! Baina, noski; beraietako bat izan bada? Eta orain denak aterpetxean elkarrekin. Ze beldurra! Eta herrikoak ere... Ederki gaude gu hemen auzoan! Bi hirurogei, mesedez!

 

 

Umeen zoritxarrerako, errotak itxi zirenetik elurrak ez du luzaz irauten lurrean. Bideak garbi daude berriz ere martxan jarri direnerako. “Hilketak behiekin ez du zerikusirik izanen?”, otu zaio Margariri. “ Keba!”, beti bezain lehor Joxek. Baina Margarik gogoan du Teresin, Ospitaleroak harreman ona zuela berekin, eta egoten zirela berriketan maiz. Ez dio bere kezkarik azalduko Joxeri hala ere.

 

 

Kezkak baretu zaizkio nolabait ere Teresin ikusi dutenean bide bazterreko banku batean lasai ederrean deskantsatzen.

        —Zenbat ordu pasatu ote ditu banku horretan Teresinek —komentatu du Joxek kopilotuko ispilutik begira—. Kresenekin batez ere.

        —Kresen?

        —Bai. Kresen. Joneren ama. Berriketan ez bazen olgetan; briskan jolasten. Gaztetan esne saltzailea zen bera ere.

        —Kresen... ez dut gogoratzen!

        —Normala! Urteak dira eritasun bategatik elbarritu eta ez dela etxetik ateratzen. Gaixotzen hasi eta alargundu ere egin zen laster. Jone du jagole. Horregatik egiten du lan gauez, prentsa banatzen; egunez otorduetan amarekin egoteko. Horretarako, eta ahal duen denbora gehienez mendietan barna bueltaka ibiltzeko! Hartu horko pista hori!

 

 

Bueltaka beraiek ibili direla uste du Margarik; alferrik gainera. Eguna pasatu dute gainerako baserrietan arakatzen, baina, horietan ere, arrastorik aurkitu gabe. Azkenerako, nekropolia bisitatzearen sentsazioa sortzen ahal zaio edonori. Mausoleoak, hilobi abandonatuak, handikeriak altxaturiko oroitarriak denborak higatuak, hilarri finagoak; sasiak hartutakoak gehienak. “Herriko hilerria ere horrela dago, utzita erabat”, erantzun dio Joxek ezpel artean pixa egiten ari dela. “Auzokoa txukunago dago bere apaltasunean. Egurrezko hilobi karratu berdinak denentzat, inolako distintziorik gabe”, gaineratu du, brageta itxi bitartean.

        —Baserrietan lan egin, eta pisu turistikoetan deskantsatu. Ez da kontu berria beraz. Goazen!

        Bolantean jarri da Margari, etxe aldera joateko gogo biziz. Kopilotuaren atea ere ireki du Joxek.

        —Katakonbei buruz ari garenez... —Margarik ez du esaldia bukatzerik nahi baina—... Hankapalorenean begiratzea falta zaigu.

        —Hankapalo? Orain? —asaldatu da Margari.

        —Ordu honetan herrian izanen da, kuadrillarekin buelta bat ematen.

        Arnasa sakon hartu, eta motorra martxan jarri du.

        —Erran nondik joaten den bederen!

 

 

Hankapalo. Pertsonaia bitxia, zerbait errateagatik. Ez du oraindik sumatu bere ahotsik. Bere hanka luzeengatik deitzen dute horrela, baina luzera berdinekoak ditu besoak ere, ia belaunak ukitzeraino hatzekin. Horregatik izanen da beti ikusi duela zerbait egiten; traktorearekin belarra garraio, tabernaren batean laguntzen, edo zerbait moldatzen. Eskuartean beti zerbait beharko balu bezala, erraldoienak bailiran, besoak noraezean ez eramateko. Fama txarra du zenbait herritarrengan. “Nirekin beti ongi, e!”, erraten du Joxek. “Ez nuke nahi etsai moduan, baina”. Hankapalo. Bere herrian, Lugon, El Vasco deitzen zuten, XVIII. mendean bertara burdin oletara inguru hauetatik joandako familia baten ondorengoa izaki. Agirian begiratu behar izaten du nola izena duen gogoratzeko. Herrian inork ez daki.

        —Sartu hor ezkerretara eta utzi autoa egur pila horren atzean —agindu dio Joxek.

        Margarik errandakoa bete du. Motorra eta argiak itzali ditu. Joxe suzukitik jaitsi da. “Hobe dugu oinez hurbildu, badaezpada ere”. Kotxetik urruntzen ari da. “Baina... Joxe!”. Iluntasunean kostata nabari du bere soslaia. Enegarrenez arnasa sakon hartu, eta atera da bere atzetik.

 

 

Umetan auzokoen gereziak lapurtzera joaten zirenekoak gogoratu ditu Margarik Hankapaloren etxera ezkutuan hurbiltzerakoan. Ez da autorik ikusten, ezta argirik piztuta ere. Gerturatu ahala, eguzki panelak diruditenak nabaritzen dira teilatu zapalean, baita euria egitean ura biltzeko ontzi bat ere. Zakurren zaunkek izutu ditu bat-batean. Hiru dira, zein baino zein haundiagoak. Eskerrak katez loturik dauden.

        “Han!”. Metalezko ate handi bat duen eraikina seinalatu du Joxek. Saiatu dira irekitzen, baina ez dago modurik. “Egon geldi!”, eskatu dio Margarik. Kanpoan zaunkak, baina barrenean ez da deus ere sumatzen. “Hemen behirik balego zerbait nabarituko genuke”, etsituta Joxek. Kantuan hasi da orduan Margari, Joxeren harridurarako. Kulninga da, noizbait Norvegiako lankide batek irakatsitako doinua; behiak deitzeko omen. Egia erran, zaunkak ere isildu dira, baina barrenean bizi seinalerik ez. “Goazen”, erran du azkenean. “Ez dago behirik hemen”. Baina Joxe, ataria gurutzatu eta bertze aldera abiatua da, ermita zahar bat dirudien borda gisako batera.

        —Zenbat behi sartuko dira ba hemen? —galdetu du Joxeren ondora iritsitakoan.

        —Belar fardoak ikusten ditut —ateko zulo batetik begira ari dela.

        —Eta zer?

        —Ez dakit.

        Auto baten motorraren soinua entzun dute urrutian, eta argia hurbiltzen. “Hankapalo!” Ermitaren atzeko aldean karro bat dago, toldo batez erdi estalita. Karroan sartu eta bertan ezkutatu dira biak. Autoa etxearen aurrean gelditu da. Lona pixka bat altxatu, eta Hankapalo etxean sartzen ikusi dute. Berehala agertu da eskuetan sarde bat duela; eta beraiengana dator. Toldo azpian gorde dira berriz. Atea irekitzen sumatu dute. Soinuak entzuten dira. Zerbaitetan ari da barrenean. Margarik, gona azpitik, hezetasun bat nabaritu du izterretan. “Joxeren prostata!” Pausoak entzun dituzte hurbilean, urruntzen joan direnak gero. Momentuz ez mugitzea erabaki dute. Pausoak sumatu dituzte, badatozela berriz. Atea itxi du norbaitek, eta etxerantz joan dela iruditu zaie. Burua pixka bat agertu dute begiratzeko. Kanpoan ez dago inor, eta etxean argiak daude. Nahi baino beranduago, argiak itzali dira. Alboka doinua hamabi aldiz entzun arte esperatu dute. Ondoren, tentuz, karrotik atera, eta etxe aurretik pasatu gabe, terrenoa zeharkatuz itzuli dira suzukia utzitako lekura. Bidean asto bat ikusi dute belar idorra afaltzen.

        Isilean egin dute etxerako bidea. Margarik, hiru-lau aldiz baino ez zituen gaupasak egin gaztetan, eta herritik auzorako ibilaldiak ere horrelakoak izaten ziren; penitentzia txiki batzuk, biharamuneko handiagoa baino lehen. Oraingoan, etxeraino eraman du Joxe.

        —Bihar bazkaldu ondoren bilduko gara Mirentxurenean. Erran bertzeei ere. Baina ordura arte ez zaitut ikusi nahi ere! Bale?

 

 

Bi egun ia osorik gidatzen pasatu ondoren, bazuen oinez ibiltzeko beharra. Urrutitik, Jone iruditu zaio auzoko tabernatik ateratzen. Kotxe beltz bateko atzeko partean sartu eta aldendu da herrira bidean. Bitxia egin zaio. Ez zuen inoiz Jone Mirentxurenean ikusia. Bueno; egia erran herritar gehienak ez ditu inoiz bertan ikusi, eta bera ere bertze hainbatek ez zuten ikusiko! Espazioa eta denbora. Gogora etorri zaizkio sasoi bateko dortokentzako ontzi horiek, beraien hezegune, arrapala, pasealeku eta baita palmondoekin ere; eremu zabala konpartitzeagatik, bizilagun bakoitzak baduelako bere ontzia. Dortokak irudikatu ditu herrian barrena, bakoitza bere ibilaldia osatzen. Joneren pauso bizkorrek terrarium kozkorra beharko dutela suposatzen du. Bere pauso gero eta laburragoek aldiz, doi-doi etxetik tabernara eraman dute.

        Sartzeko zalantzatan egon da une batez, barran Hankapalo ikusi duenean. Herriko lagun batzuekin dago, eta Mirentxu ere gehitu zaie solasaldi animatuan. Kerman delako hori ere mahai batean bakarrik, barrakoen elkarrizketari adiago aitzinean duen tabletari baino. Normalean aurpegiera adierazkorrik ez badu ere, ohi baino urduriago atzeman du Joxe. Lehengo eguneko baserritar batzuk daude berekin. Dezente gutxiago bildu dira gaur. Mahai txikietako batean kabitzen dira denak. Beraiekin eseri da Margari.

        Behien desagerketen auziarekin ez duela jarraituko adierazi die, baina albaitari zenean egiten zuen bezala, diagnosi moduko bat eskaini nahi diela. Ez duela deus arrarorik topatu baserrietara egindako ikustaldietan adierazi du lehenik. Izatekotan, bitxia iruditu zaiola hain apatx marka gutxi ikustea. Ukuiluetan ere apenas sumatzen zuela behi usainik. Eta indarkeria zantzurik ez zela nabari inon. Ez zaiola sinesgarria iruditzen inork behiak lapurtzea beraiek enteratu gabe. Bere uste apalean, behiak faltatzen joan zaizkiela lehenagotik. Ez denak batera seguruenera, baina bai poliki-poliki. Konturatu gabe. Pentsatuko zutela agian, izanen zutela baten bat bederen ukuiluan. Ohituragatik edo. Inertziaz. Baina ez dutela esne-behirik aspalditik. Eta kontakizuna umore puntu batez amaitzearren ovni eta abdukzioei aipamena egin behar zienean bertze behin, konturatu da, ez dela mahaiko inor ere ez bere hitzei kasurik egiten ari. Ezta Joxe ere! Mirentxuren hitzentzako baino ez dute belarririk.

 

 

—Ba, bai. Abadetxeko teilatuaren gainean eskailera bat ikusi zutenean hasi omen ziren susmatzen. Gero, handik elizako alboko nabeko teilatura igo, eta bertan topatu omen zituzten erreminta desberdinak poltsa batean. Elizako ordularia lapurtu nahi omen zuen, eta ziplo erori. Ze pajarua Ospitalero hori! Bere etxeko garajean aurkitu omen dituzte antigoaleko pieza ugari. Erromesentzako aterpetxeetan lanean arituta, zenbat eliza eta ermitatan ez ote zen ibili! Hemen bertan ere saiatu izan ziren leiho bat eramaten, eta bertze batean harriak osorik ere bai! Ene! Konturatzerako ermitetako jaiak ere ebatsiko dizkigute. Bertze erronda bat?

 

 

Tragoarekin utzi ditu gainerakoak. Baserrirako bidean, imajinatu ditu kale nagusiko etxekoandreak, egunsentia baino lehen, loa amaituta, garbiketarekin hasten. Zein izanen zen aurrena ataria garbitzen? Zein lehena Ospitaleroaren gorpua aurkitzen? Bertan balego bezala imajinatzen du Margarik “garbitzaileen asanblada”. Zer eginen dute odol putzuarekin? Heze dagoela errazagoa da, baina lehortzean zail da harrian garbitzen. Nola utziko dute bada kale nagusian betirako mantxa! Garbituko zuten odola, bai; baina gorpua? Gorpua kaleko etxe huts bakarraren aurrean utziko zuten. Logikoa. Nork nahi du gorpu bat norberaren atarian? Txukuntzen bukatu zutenean etorri zen irina, eta zuritu zuen dena.

        Gorpua ez, bizikleta utzi du Margarik atarian, goizean moldatzen aritu dena. Badu zerbait argitzeke oraindik. Bizikletara igo eta abiatu da maldan gora, Teresinek motorrarekin egindako bidetik.

 

 

Ez zuen uste hainbertze kostatuko zitzaionik gora igotzea. Arnasestuka eta hanketako minez utzi du bizikleta lurrean intxaurrondo baten oinetan eseri denean. Itzalpetik kontenplatzen du petrikiloen etxaldea. Etxaldeaz gain, herria eta auzo gehienak ikusten dira bertatik, garaien dagoen baserria da eta. Bertan dabiltza denak afanean, alde batetik bertzera, gelditu gabe, zertan ongi ez daki, baina nonbait lanean. Zail dira zenbatzen, mugitzen direnean etengabe. BBCn ematen dituzten dokumental horietako bat ikusten ari dela dirudi. Erlauntza bat batzuetan, lemur saldo bat bertzeetan. Petrikiloak bata bertzeari haserre oihuka, edo denak lurrean barre algaraka. Ontzi handiak dituzte. Lapikoak irakitan. Eta harriak sutan. Sartzen dituzte harriak lapikoetan, eta neurtzen dute tenperatura. Lapikokoa botatzen dute ontzietara, eta ontzietakoa ontzi handiagotara. Ez dirudi esnea denik baina, zer ote dute ontzietan? Ilundu baino lehen itzuli beharko duela pentsatzen hasi denean ailegatu da Teresinen motorra petrikiloengana.

 

 

“Gelditu!”, aditu da bazterretik. Teresinek motorra gelditu du. Behingoz bide bihurririk ez hartu eta zuzen galdetzea erabakita, bidean itxaron dio Margarik, enbor batean eserita.

        —Arrasti on, Teresin!

        —Ei! —segundo batzuen ondoren.

        —Zatoz mesedez. Hitz egin behar dugu elkarrekin.

        Motorra trabatik kendu, karrotik azunberdiko ontzia hartu eta Margarirengana hurbildu da.

        —Zer dugu ba, Margari?

        —Gora eta behera ikusten zaitut azken boladan.

        “Betiko moduan”, erantzutekotan egon da hasieran, baina badaki horrek elkarrizketa luzatu bertzerik ez duela eginen, eta Teresin ez dago umekerietan aritzeko. Margariren laguntzarekin berak ere enborrean esertzea erabaki du, txikiagoa izanik, hankak dilindan zabuan bezala, eta aitortu dio Margariri badakiela Joxe eta bera behien ustezko desagerketa ikertzen aritu direla, baina berak ez duela zerikusirik horrekin, aspaldi dela inguru hauetan ez duela biltzen esnerik, berak saltzen duen gutxi hori lortzen duela bertze lekuetatik, eta baietz, laguna zuela Ospitaleroa, bere heriotza istripua izan zela, eta berak ez zekiela lapurretan ibiltzen zenik, eta ez zaiola inporta gainera, berekin tratu ona zuela, baina agertzen direla hildako katuak karreteran noiznahi.

        Eta hori erratearekin batera, katakume bat agertu da azunberdiko ontzitik.

        —Batzuetan hemen sartzen zaizkit.

        —Eta han goian? Ze ekartzen duzu handik?

        —Garagardoa. Nik eramaten diet lupulua, garia, malta egiteko haziak, eta beraiek egindako garagardoa saltzen dut gero. Ontzi honetan garia eramaten dut bueltan. Oraingoan egin nahi duten motarako ez omen die balio.

        —Malta... Whiskia eginen balute! —iluntzen ari du, baina Margarik badaki Teresin aurretik joanen zaiola bidea argitzen—. Polito ikusten da herria hemendik.

        —Bai. Hurbiletik nabaritzen dira zimurrak hobekien.

        —Bizimodu zaila izan duzue, ezta?

        —Gogorra igual bai, baina ni beti moldatu naiz nahiko ongi, eta, orain ere gustukoa dut egiten dudana —mingainaz busti ditu ezpainak, hurrengo hitzak topatu nahian—. Zu berriz, ihesi joan zinen.

        —Ihesi edo... ez dakit ba. Orain itzuli naiz, baina ez dakit hau ote den nik utzi nuen herria.

        —Nola ez da ba izanen! Gauza batzuk aldatzen dira onera, bertze asko txarrera, baina moldatu izan gara, eta moldatuko gara. Begiratu erromatarrei bertzela. Inperio bat galdu zutelako negarrez, eta orain mundu guziko umeak pizzak jaten!

        —Nik ere biloba bat utzi dut Eskozian. Badut ikusteko gogoa. Hurrengo astean joanen naiz egun batzuetarako. Handik ekarritako whiski botilak bukatzen ari zaizkit gainera.

        Etxeratzeko ordua da. Teresin jaikitzen lagundu, eta bizikleta hartzera joan da. “Hartu gari hau Margari” —erran dio ontzi bat erakutsiz— “whiskia zerorrek egiteko”. Baina Margarik, ontzia eskuetan hartu, eta hildakoen errautsen moduan, gorantz jaurtiz barreiatu ditu hazi guziak beraien gainetik albokaren amaiera doinua entzuten den bitartean.

 

 

Txin! goizeko lehen orduan kume bat bizikletarekin plazan, txin! plazari bueltaka txirrinari emanez, txin! gainerakoak abisatzen, gainerakoei deitzen, txin!, etor daitezen, txin! badagoelako garia, badago denentzako hazia. Eta hasi dira azaltzen pixkanaka gehiago, plaza txoriz betetzeraino. Argi oilarrak goiztiarren, migrariak izaki, bazter batean, gainerakoekin gehiegi nahasi gabe, beraien “up-up-up” kantaera bereziarekin; eta artatxoriak ere, bihurriago, plaza osoa beraientzat hartzen, nahiz eta inguruan arto gutxi duten. Agertzen dira denak; zozo, mika, zein beleak, harrapariak eta txoritxo txilibitariak. Garia amaitzen denerako badagoelako nahiko alpiste. Lasaitu behar delako batzuetan, konpontzen direlako arazoak sortuko diren arte bertzeak. Eta gustatzen zaio Margariri plaza beterik ikustea. Ikusi du momentu batean Jone, nahiz eta laster desagertuko dela badakien, eta nola ez, Hankapalo, lagun artean isilik egon arren, nabarien. Eta Mirentxu ere etorri da herrira, egun batez auzoko taberna itxita. Joxe orduan ere ibiliko da hemen nonbaiten! Teresin ez, Teresin ez da horrelakoetan azaltzen, herri guzia plazan zegoela erraten dugunean ere, beti egoten delako norbait aparte. Eta apartatu beharko da goiz xamar Margari bera ere, biharamunean duelako hegaldia. Amuma ikusi duenean txirrina jotzen zuen kumea habiara eramaten, joan da bera ere baserrira, maleta egitera.

 

 

07:00. Margari hegazkineratze-gunean dago esperoan, magalean duen poltsari begira. Maletarik ez eramatea erabaki du azkenean. Ekipajearengatik ordaindu behar dena kontuan hartuta, lau egunetarako moldatuko da poltsan kabitu zaionarekin. Liburu batekin dago, baina tarteka burua altxatzen du begiratzeko ingurura. Kerman Ezdakitzer ikusi du aireportura iristean, eta ez luke hegaldi berdinean tokatzerik nahi. Ezinegonean sumatzen du jendea bere aldamenean. Atzerapenak izanen direla jakinarazi dute, baina hori normala da; haizearengatik, lainoarengatik. Bertako langileak ere urduri dabiltza alde batetik bertzera. Goiza argitzearekin jendea pilatzen hasi da kristaletik kanpora begira. Margari ere hurbildu da begiratzera. Itxita dago goiza, baino lainoen artean beso batzuk ikustea iruditzen zaio; besoak dantzan, edo adarrak. Ikuseremua murriztuagoa duenez, ez da gehiegi fio bere buruaz, baina bai, adarrak dira lainoaren gainetik ageri direnak; luzeak, sendorrak. Behiek hartu dute lurreratze-pista. Behiak eta behiak. Behiak pilaka aireportuan lasai ederrean. Ekologisten ekintzaren bat izanen da edo... auskalo! Agian behien ekimena izanen zen, urteetan galdutakoa berreskuratzeko. Jone ikusi du akuiluarekin behien artean. Argi urdinak ari zaizkie gerturatzen. Behien begiak piztuta daude, eta oraingoan, Margariri marraztu zaio irribarrea. Lo egonen dira oraindik. Geroxeago deituko dio alabari.