Leku bat omen zuen
Leku bat omen zuen
Maitane Perez

AMASA-VILLABONA
 

 

4. ATALA

 

 

Garmendihandia egon beharko lukeen lekura iritsi zen Miren, urduri. Bidean Iratirekin telefonoz hitz egiten ari zenean balaztada bortitza egin eta poltsan zeramatzan gauza guztiak lurrera erori ziren, pastekin batera. Telefonoak ere eskuetatik ihes egin zion. Ahal izan zuen moduan izkina batean gelditu eta telefonoa berreskuratu zuen. Mezu bat bidali zion alabari jarraitu aurretik.

        “Iyo Amasa, bazpa re”.

        Ez zekien alabak kasu egingo ote zion, agian beste ideiaren bat izango zuen berak.

 

        Garmendia baserrian aparkatu zuen. Kotxetik jaitsi eta alde guztietara jiratu egin zen, lekua ulertu nahian. Desorientatua zegoen. Oso orientazio txarra izan zuen Mirenek beti, eta urduri zegoenean, txarragoa. Baserritik ezkerrera hartu zuen, landa batean sartuz. Minutu batzuk aurrera egin ondoren hortik ez zela konturatu eta atzera egin zuen, berriro baserrira. Han pentsatzen geratu zen berriro ere. Baserriaren bestaldera joan eta orduan ikusi zuen nazionalera jaisten zen errepidea.

        Jaisten hasi zen, motel, uneoro alde guztietara begiratuz. Zalantzatan zegoen, ez zuen lekua gogoratzen, ez zuen deus errekonozitzen. Behera eta behera, ia nazionaleraino iritsi zen. Zarata bortitzak inpresio handia eman zion.

        “Atta! Praixku!”.

        Oihu egin zuen, egun osoan zehar eztarrian harrapatuta zuen oihua. Kotxeen zaratak erantzun zion, besterik ez.

        Neka-neka eginda zegoen. Ibiltzera ohitua eta aktiboa zen arren, adinak ez zion barkatzen. Goizean goiz esnatu zenetik gelditu gabe egona zen, alde batetik bestera, atsedenik gabe, eta gorputzak ez zion jada behar bezala erantzuten. Geldi-geldirik, errepidearen erdian zutik, logikarik gabeko leku berde eder zaratatsu hartan, begiak itxi zituen une batez. Arnasketa sakon bat egin zuen, baina honakoan ez Iratik erakutsitako moduan, bat bi eta hiru hartuz, bat bi eta hiru botaz, baizik eta berak nahi izan zuen moduan. Eta hori bai, azkenean, balio izan zitzaion.

        “Alde zaharrea noa. Ez padeu laister billatzen, poliziai dettukoiot”.

        Mezua Iratiri bidali, kotxea martxan jarri, eta herrirantz abiatu zen.

 

 

 

Kotxe berde zaharra urruntzen ikusi zuen Praixkuk, Amasako plazako banku batean esertzen zen bitartean, Iturrigoxo bere iturri kuttunaren parean. Mutikoak zalantzak izan zituen joan aurretik, agurea hor utzi, bero jasanezin horren pean, baina berak behin eta berriro errepikatu zion ondo zegoela, bertan egon nahi zuela tartetxo batez eserita, eta aurkituko zuela Kalera jaitsiko zuen norbait.

        Neka-neka eginda zegoen Praixku. Bankuan eserita egon nahi zuen, ezer gehiagorik egin gabe, hain ondo ezagutzen zuen eliza eder horren aurrean. Atzean zeukan tabernako terraza beteta zegoen, igande arratsaldeko giroak horretara animatzen zuen, eta jendearen ahotsak eta mahai metalikoetan uzterakoan edalontziek ateratako soinuak baserrietatik zetozen traktoreen motor eta behien marru urrutiekin nahasten ziren.

        Garmendihandira egindako bisitak aztoratuta utzi bazuen ere, plaza horretan egoteak nolabaiteko bakea ematen zion. Zapiarekin kopetako izerdia lehortu, eta eskuan zuen argazki karpetatik iturriarena atera zuen. Aurrean zuen errealitatearekin konparatu zuen, antzina eta oraina, eta etsipen irribarre bat marraztu zitzaion aurpegian. Ez zen minik nabari berarengan, eta pixkanaka bizitzaren gorabehera guztien gainetik leku horrek eragiten zion baretasunak kulunkatu zuen.

 

                “Al ikullu ya no vuelve

                mi buen astua, no vuelve, no;

                ya no brinca de poxa

                cuando cabeza tocar alguno;

                arrayua suerte txarra

                con tripako miña poner hizo.

                Biotzeko astu gaxua

                malkos tiraba cuando murió”.

 

        Astoaren bertsoak kantatu zituen Praixkuk, ahots leun eta ia entzunezin batekin, nekeak jota, bihotza pozak hartuta. Orain bai, etxean zegoen.

 

        Kanpaiek zazpiak jo zituzten. Begiak itxi zituen agureak inguruko herri guztietatik entzuten ziren kanpai horien zarataren eraginez. Zenbatu zituen kanpai kolpeak, bat, bi, hiru... eta zazpigarrena eta azkena entzuterakoan, itzultzeko ordua zela erabaki, eta altxatu egin zen. Satzelaitako gaina begiratu zuen ibiltzen hasi aurretik. Hodei potolo zuri bat sartzen ari zen zegoeneko mendien gainetik.

        “Enbata dator”.

        Furgoneta zuri batek bozina jo zuen. Oraindik errepidea zapaldu ez zuela eta bozina jotzen ziotelako kexaka hasi zen Praixku, furgonetakoak ezagutzen zuela konturatu zen arte.

        “Praixku! Ze ondo ikuste zattuten!”.

        Praixkuk ezin zuen gogoratu jator hitz egiten zion gizon hori nor ote zen, baina bera ere jator izateagatik, naturaltasunez erantzun zion.

        “Ahal dan bezela!”.

        Nora zihoan eta “Kalia” erantzun zion Praixkuk, eta eramango zuela berak eta igotzeko, eta ahal izan zuen moduan igo zen agurea furgoneta altu horretara.

        Errepidean behera zihoazela gizon berez ezagun horrek etenik gabe hitz egiten zuen, zerbaitekin despistatu zen arte.

        “Iruitu zait horko hoi zure biloba zala, Irati!”.

        “Ezin, Irati Donostin dao”.

        Eta gizonak hizketan jarraitu zuen, ia arnasarik hartu gabe.

 

 

 

Ez naiz zuzenean Amasako errepidetik igo. Aitonarentzako malda handia zela hura eta agian beste bide bat hartu zuela pentsatuta, Aranerrekako bidea hartzea erabaki dut. Aitonarena aitzakia izan da, nik ere ez baitut nire burua gai ikusi beste aldapa bizikletaz igotzeko.

        Etxeondoko tuneletik pasa eta ezkerrera egin dut lehenengo baserrien artetik. Oiloak lasai asko topatu ditut nazionalaren zarataren azpian erdi lo. Zeberio baserria pasa eta basoan sartu naiz, Xabaten bizikletara oraindik ohitu ezinean, martxa batetik bestera zentzurik gabe aldatuz.

        Izerditan nengoen erabat, eta zuhaitzen arteko freskotasuna eskertu dut. Bakar-bakarrik nengoen, beste momentu batzuetan oso erabilia den bide hartan ez dut gaur inor topatu. Karobira iristean bizikletarekin borrokan ari nintzen, eserlekua jiratua zegoela eta ipurdiarekin zuzen jartzen saiatzen, eta halako logika oker batekin martxaz aldatu dut berriro ere, beharrezkoa ez zenean. Katea atera da, noski. Primeran, pentsatu dut, nola konpondu jakingo ez nuelakoan.

        Bizikletatik jaitsi eta pixka bat aurrerago dagoen egurrezko mahaiaren kontra jarri dut, mekanika lanekin hasteko.

 

        Uste dut lehenengo aldia izan dela bide horretan bakarrik nengoela. Aurretik baten batean gertatu izan bazait, ez dut gogoratzen. Alaitz edo Uxoarekin askotan, Jonekin, aitona eta amonarekin, aitarekin. Amarekin ere ez naiz inoiz hemen bakarrik egon. Amarekin paseo gutxi eta eztabaida asko izan ditut. Berarekin paseoek helburu bat izan dute beti, hara edo hona zeozer erostera, eskolara, trenera, aitona bisitatzera, medikura. Inoiz ez paseatzeko helburu hutsarekin. Amak paseatu, paseatzen du. Nik ere bai. Elkarrekin, inoiz ez.

        Aitarekin askotan joaten nintzen Aranerrekara, gurekin bizi izan zen bi urte eskas horietan. Gaur bezala bizikletekin edo oinez, beti gustura egoten ginen, beti barrez. Umore ona zuen aitak, orain ere baduela uste dut, apalduago badago ere. Bide hau zen guretzat paradisua, araurik gabekoa, eztabaidarik gabekoa. Amak bitartean lanean ziharduen, askotan asteburuetan ere bai.

 

        Errekaren soinua eta zaldien joareak, besterik ez zen entzuten. Bele bat, noizean behin. Eskuak erabat belztuta katea bere lekuan sartzea lortu dut, kostata. Bizikletan igo naiz eta bideari ekin diot, aitonaren bila.

        Zubira iritsi eta ezkerretara egin dut, orduan bai maldan gora, goiko baserrietaraino. Arnasestuka iritsi naiz, izerditan erabat blai eginda. Identifikatzen ez dakidan landareren baten usainak birikak ireki dizkit, txorien kantuak, animaliaren baten ezkilatxoa, muleta batzuen pausoen antza duen soinu erritmiko bat. Edertasuna zentzumenetan, arnasketa normaltasunera itzultzen saiatu naiz. Nire ondotik emakume bat pasa da, arin, mendiko bastoiekin lagunduta, tipi-tapa tipi-tapa, nik ia konortea galtzen nuen bitartean. Ni baino hogeita hamar bat urte zaharragoa izango zen, kalkulatu dut. Harrokeriak bultzatuta, aurrera segitu dut.

        Amasara igo aurretik Arrantzabin begirada bat botatzea bururatu zait. Jatetxe itxiak sorgindutako etxea ematen du, eta bere aurrean etxearen imitazio zehatza den maketak, ere bai. Astoen usainak zartako bat bezala kolpatu nau. Hesitik behera begiratu eta hiru asto ikusi ditut palmondo artean babesturik, Karibekoa zirudien irudi surrealista batean. Begira geratu zaizkit hirurak. Ez dakit zer prentsatu ote duten nitaz, seguruenik lekuz kanpo nengoela, hemen denek ezagutzen dituzten astoak ikustean harritu egin naizelako. Hor utzi ditut hirurak haien pentsamenduekin.

        Aitona ez aurkitzeak kezkatzen ari ninduen jada. Hasieran konturatu ez banaiz ere, aitonak horrela etxea uztea ez zen ohikoa, ez zeukan zentzurik. Donostiara amarekin joan zenetik ez dago pozik, ez dago eroso, baina ez du deus esaten. Amak bera zaintzea eskertzen du, hori badakit. Baina hemen izatea nahiko luke, bere jaioterrian. Hala ere, horrela alde egitea, ez zen bidezkoa. Amarentzat ez.

 

        Bizikletako katea berriro ere aterata zegoela konturatu eta hor geratu naiz une batez, jatetxe fantasmaren atarian, hura konpontzera.

        Jatetxe honetan bazkaldu genuen behin, amaren urtebetetzea ospatzeko, ni unibertsitatean hasi baino egun batzuk lehenago. Familia handia elkartu ginen, aitona-amonak, osaba-izebak, baserriko osaba zaharraren familia, lehengusuak, mahai luze baten inguruan denak. Ondo baino hobeto bazkaldu genuen, eta bukatzean, beti egin izan genuen bezala, abesten hasi ginen. Amonak hain gustukoak zituen habanerak, aitonak hain gustuko zuen “Edurne”, osaba-izebak eta amak hain gustuko zituzten mendi-kantak. Lehengusuak eta ni nerabeak ginen, grazia egiten zigun helduak horrela ikustea, kopa eskuan eta masailak gorri-gorri, grazia eta lotsa aldi berean.

        Guretzat momenturik lotsagarriena ordea aitona aulkian zutik jarri eta astoaren bertsoak botatzen hasi zenean izan zen. Jatetxe guztia hari begira, purua eskuan, gazteleraz eta euskaraz nahasturik zeuden bertso haiek eskaini zizkien han zeuden guztiei, baina batez ere, amonari. Asko gustatzen zitzaizkion bertso horiek amonari. Berak kontatzen zigun gaztetan Amasara igotzen zen bertsopaper saltzaile batek kantatzen zituela astoarenak. Amonak gauza asko kontatzen zizkigun, oso gustuko genuen bera entzutea. Bera zen memoria ona zuena. Hori esaten zuen amak, aitonak memoria txarra izan duela beti. Nik ez dut uste hori denik. Uste dut aitonak oroitzapenak gorde nahi dituela, ozenki esaterakoan ihes egin ez dezaten.

        Aitonak hitz egin gutxi, baina kantatu bai, kantatzen zuen. Eta amonak izugarri disfrutatzen zuen senarrak astoaren bertsoak kantatzen zizkion bakoitzean. Berarentzat kantatzen zituelako aitonak, beti.

 

        Egun hartan, aitona aulkiaren gainean igo zen momentuan eta lotsak hartuta lehengusuekin batera beste aldera begiratzen nuenean, ama bere lekuan ez zegoela konturatu nintzen. Ingurura begiratu eta jangelan ere ez nuen ikusi. Kanpora atera nintzen bere bila. Pareko zelaia mugatzen duen hesiaren ondoan zegoela ikusi nuen, geldi, urrutira begira.

        Hurbildu nintzenean zertxobait edanda zegoela konturatu nintzen, eta niri bizkarra emateko buelta eman arren begiak gorrituak eta malkoz beterik zituela ikusi ahal izan nuen.

        “Zer dezu, ama?”.

        “Ezer ez”.

        “Ama, mesedez”.

        “Ze earra dan leku hau, ezta?”.

        “Ama...”.

        “Munduko lekuik earrena da, baietz? Zuk ze esangozu, ba. Hau ezta zure tokiya, ezta? Zuk eztezu hemen eon nahi, eztezu gukin geatu nahi. Kanpoa zoaz, eta hoi izangoa bukaera. Geo beste leku batea eta beste batea eta beste batea... danak hau baño polittagok. Zutzat, noski!”.

        “Ama, mesedez, ez esan txo...”.

        “Muitzen hasiko zea eta etzea geldittuko. Holakua zea, eztakizu geldik eoten, zure aita bezelakua zea”.

        Negarra bortitza bihurtu zen orduan. Ama sorbaldetatik hartzen saiatu nintzen baina ez zidan utzi. Azkar hasi zen bat-batean ibiltzen, errepiderantz, eta ni haren atzetik joan nintzen. Trakets zebilen eta ez zitzaidan zaila egin bera harrapatzea. Atzetik hartu nuen, eskuak haren sorbaldetan, eta gelditu egin zen.

        “Ama, lasattu zattez. Nik, zea, nik eztakit noa emango naun bizitzak, ta...”.

        “Bizitzak ez gattu eamaten, geok hartze ditteu erabakik”.

        Buelta eman zuen orduan eta niri begira geratu zen, begiak gorri-gorri, udako arratsalde hartan egiten zuen bero itsaskorragatik izerditan.

        “Attona ta amona zaharrak dia, zuk alde ingo zu. Eta ni bakarrik geatuko naiz”.

        “Ez ama, zu etzea iñoiz bakarrik eongo. Munduko beste puntan baldin banao re, bueltatuko naiz behar nazun guztitan. Hitz emate izut”.

        Eta txikia nintzenean elkarrekin asmatu genuen esku jolasa proposatu nion, irribarrez.

        “Zalamerua zea geo”.

        Baina jolastu zuen. Eta barre egin zuen.

        Ez dakit nire promesa sinistu ote zuen. Nik urte batzuetan zehar ahaztu egin dudala uste dut. Agian gaur aitonarentzat antolatu nahi zuen bazkari horretara joango ez nintzela esatea izan da hurbileneko adibidea.

        Malkoak lehortu eta paseo bat eman genuen gero, ama ez baitzegoen jangelara sartu eta besteen aurrean agertzeko moduan. Barre egin genuen, bera mozkor eta biok tontoarena egiten. Hodeiak behe-behean, erabat itxitako zerua, udako ekaitza etorri zitzaigun gainera.

 

        Oker nengoen ba, amak eta biok elkarrekin paseatu dugu, egun hartako paseo hura, nire buruak zerbaitengatik ezabatuta zuena. Horretan pentsatzen nengoela, amaren mezu bat jaso dut. Alde zaharrera zihoan berriro eta aitona aurkitzen ez bagenuen poliziari deituko zion. Ideia ona iruditu zait, eta nik ere presa hartu behar nuelako bizikletan igo, errepidera atera, eta azkarregi jaitsi den furgoneta zuri bati pasatzen utziz Amasako plazarantz hasi naiz pedalei gogor ematen.

 

 

 

Kotxea Kale Berrian aparkatu dut, ez zait axola izan isuna jarriko ote didaten. Lurrera eroritako gauzak poltsan bildu ditut azkar, giltzak, musuzapiak, kartera, eguzkitako betaurrekoen zorroa. Pastak ere bai, nahastuta, eta guztia hartuta kotxetik irten naiz.

        Aita ez zegoen Zentroan, koxkan ezta ere, eta etxe zuria inguratuz Kale Nagusian agertu naiz. Beroa jasanezina zen, nire hankek ez zuten jada behar nuen erritmoa jarraitzen eta zorabiatu eta lurrera seko erori aurretik nire atzean zegoen bankuan eseri naiz, Joakin eta biok ezkondu eta alokatu genuen pisua nire aurrean, orain botatzeko dauden etxe horien aurrean. Botatzeko, bertan gertatutako guztia desagerrarazteko. Gure bizitza ere bai. Trenaren txistua entzun da, urrutian.

 

        Irati alaba bakarra izan da. Horretara bultzatu gintuen bizitzak. Bizitzak ez, gure aukeraketek. Joakinek eta biok hartutako bideek. Berak borrokan itsu inplikatzea erabaki zuen, nik bere ondoan irautea.

        Hasieran aktiboki parte hartzen nuen nik ere, horretan ezagutu genuen elkar. Baina ni beti mugan ibiltzen nintzen, kontradikzio eta beldurrek aztoratuta, erabat inplikatu gabe, erabat aldendu gabe. Joakin ordea konbentzituta zegoen aukeratutako bideaz, eta bertatik zihoan, gehiegizko abiadura hartzen duen tren baten antzera. Bera zenbat eta gehiago inplikatu, nik gero eta gehiago urrundu nintzen militantziatik. Biok bestearen aukera errespetatzen genuen. Baina asko eztabaidatzen genuen, modua zein ote zen, zer ote zen eginbeharrekoa. Eztabaida luzeak izaten genituen, ohean bata bestearen ondoan etzanda, maitasunarekin ixten genituen eztabaidak.

        Gure herriaren etorkizuna gure eskuetan dago. Hori zen bere esaldirik errepikatuena. Ez zen bestelako esaldia baina, hori baita bizitzaren beraren definizioa. Nik ere gure herriarentzat eraikitzen ari ginen etorkizun horren parte izan nahi nuen, baina beste bide batzuen bila nenbilen, agian beste etorkizun mota baten bila ere bai.

        Haurdun geratzea izan zen niretzat etenpuntua, honaino esateko momentua. Gelditu nintzen, aldendu, baina ez desagertu. Honaino hori nirea zen, ez nire inguruan mugitu eta ni astintzen ninduen guztiarena. Erabat urrundu nahi izan banu Joakinengandik ere urrundu behar izango nukeen, eta hori ez zen inolaz ere nik nahi nuena.

        Ez nuen inoiz ezer jakin nahi izan, ez nuen Joakinek deus kontatzerik nahi, ez nuen informaziorik ezagutu nahi. Joakin etxean jaso, maitatu, beste gai batzuez hitz egin, barre egin, eztabaidatu, siesta egin bata bestearen ondoan. Gero joaten ikusten nuen, nora edo zertara zihoan jakin gabe. Berak ere ez zidan kontatu nahi, badaezpada, “segurugo zaude hola”. Sabela laztantzen zidan, atetik atera aurretik umea eta niri agur esateko.

 

        Gauzak lasaitu edo berak pixka batez alde batera utzi ote zituen ez dut inoiz jakin, baina Irati jaio zenean inoiz baino gehiago egoten zen etxean gurekin, inoiz baino gutxiago hitz egiten genuen politikari buruz, inoiz baino sekretu gutxiago zeuden gure artean. Nik nabaritzen nuen bere buruan horrek guztiak jarraitzen zuela, baina baretuta nolabait.

        Ezin nintzen okerrago egon. Barealdi hura ondoren etorriko zen ekaitzaren aurreko ameskeria bat besterik ez zen izan. Ekaitza etorri zen handik urte batera, nik gutxien imajinatzen nuen momentuan, egun oskarbietan inolako abisurik gabe eztanda egiten duen itsas enbata bezala.

        Berehala konturatu nintzen Joakin berriro ere aktiboki ari zela. Ez zen zaila izan, ordu asko ematen zituen etxetik kanpo, etxean zegoenean urduri ibiltzen zen alde batetik bestera, lanera ere zenbait egunetan faltatu izan zela jakin nuen. Aurreko urte eta erdia desberdina izan bazen ere, egoera nahi baino ezagunagoa egin zitzaidan, eta burua prestatu nuen berriro ere tentsioak, urduritasunak, kezkak eta beldurrak etxean uzten sartzeko. Baina nik uste baino arriskutsuagoa zen inguratzen gintuena, eta horretarako ez, ez nengoen prest.

 

        Lau egunez egon zen Joakin desagertua. Aurreko egunean afaltzen egon ginen biak, sukaldeko egurrezko mahaiaren inguruan. Iratiri hortzak ateratzen ari zitzaizkion eta negarrak izugarriak ziren, gauak oso neketsuak. Azkenean lokartu zela ospatzeko ardo bat hartu genuen, pijama jantzita, neka-neka eginda. Kopari buelta batzuk eman zizkion, beti egiten zuen bezala. Mahai-zapiak fruta saskiaren ondoan jarri zituen, beti egiten zuen bezala. Platerak garbitu zituen, beti egiten zuen bezala. Dena beti bezala, ezeren seinale berezirik gabe, dena ondo. Goizeko seietan esnatu ninduen, urduri, alde egin behar zuela.

        “Ez galdetu, bihotza, mesedez, ez galdetu”.

        Iratiri kopetan muxua eman zion, gogor besarkatu ninduen ni.

 

        Hurrengo egunean dardarka agertu nintzen Oriamendin, gurasoen etxean, babes eske. Irati besoetan lorategiko lurrean eserita egon nintzen, han ikusezina izango banintz bezala, erabat aztoratua, gurasoak etxera itzuli ziren arte. Joakin joan zenetik ez zen denbora gehiegi pasa, egun bakar bat, baina nik banekien, ezin hori azaldu, banekien ez zela itzuliko, banekien gure bizitza erabat aldatuko zela momentu horretatik aurrera.

        Gure garunarekin eta bihotzarekin egunero bizi garen arren, horiek perfektu ezezagun bihur daitezke egoerak gainditzen gaituenean. Bakoitzak besteari zegokiona behar zuen, bihotzak horren guztiaren arrazoiak, garunak maitasunaren ezabatzea, biak ezinezkoak. Joakin itsu maite nuen, egiten zuena zergatik egiten zuen erabat ulertuz, eta gorroto nuen, egiten zuena zergatik egiten ote zuen ulertu ezinean. Erreakzionatzeko gaitasunik gabe, ezkutatua egon nintzen, Irati nire alboan, Irati txikia nire bihotzaren kontra estutuz uneoro, ateratzen ari zitzaizkion hortzen minarengatik garrasika. Aita eta ama hor egon ziren, eta haiek ere, nik bezala, ez zuten deus galdetu.

 

        “Atxilotu in due. Preso damakiye”.

        Hori izan zen aitak esan zuen bakarra, bere diskurtsoak botatzeko gaitasun horrekin, iritziak, kezkak, haserreak, dena delakoak barnean gordez. Aitak Joakin miresten zuen, hori ez zidan inoiz esan, baina nik ziur asko jakin izan dut beti.

        Egun hartan Joakinen desagertzea bukatu zen, baina beste desagertze mota bat hasi zen, distantziarena, egunerokotasuna bera gabe eraiki beharrarena, espetxera bisitek sortzen ziguten poza eta ernegazioaren arteko borrokarena.

 

        Ez diot Iratiri kontatu, baina atzo Joakinekin elkartu nintzen Tolosan. Ez zen kasualitatez izan, nik deitu nion. Bazkaltzera elkartu ginen, biak bakarrik, hogeita hamar urteren ondoren. Villabonara etorriko zela proposatu zidan, baina ezetz esan nion. Gure iragana giltzatuta zegoen kaleetan berriro ere elkartzea, ez nekien horri aurre egiteko gai izango ote nintzen.

        Xanti ohean utzi nuen, lotan. Goizeko hamaikak ziren baina deus ez zuela egiteko eta lasai hartzeko eguna zela esan zidan, ohean buelta eman eta bizkarra erakusten zidalarik. Logelako atean geratu nintzen une batez, hari begira, oraindik erosketa poltsak eskuetan nituela. Lo geratu zen hurrengo segundoetan, zurrungaka hasi zen.

        Erosketak sukaldeko mahaian utzi eta Joakini deitu nion. Harritu zuen nire deiak, horrela esan zidan, ez zuen halakorik espero. Nik ezta ere. Azken egunetan, baina, harekin pentsatu nuen asko, elkarrekin egoteko ezintasunaren arrazoiak gogoratu nahian.

        Bazkaltzea ondo iruditu zitzaion. Tolosan, erabaki nuen nik.

 

        Trenez joan nintzen. Urteak ziren trena hartzen ez nuela. Donostia eta Orio artean bizitzera ohituta, kotxea zen azkenaldian garraiorik erosoena niretzat. Gidatzea gustuko dut gainera, musika entzun, abestu, urrutira joan naitekeenaren sentsazioa. Ez noa urrutira baina, inoiz ez.

        Tolosara joateko trena hartzea iraganeko ezusteko egoera horri zentzua ematea zela iruditu zitzaidan, trenez eraiki baikenuen gure erlazioa Joakinek eta biok, erlazioa apurtuta zegoenean ere, Iratirekin alde batera eta bestera. Hori ere gure erlazioaren parte da, horrek ere kontatzen du.

 

        “Hogeita bost urte”.

        “Ze?”.

        “Elkar ikusi genun azkeneko aldiya, oain dala hogeita bost urte”.

        “Etzea asko aldatu”.

        “Gezurra”.

        Irati trenean bakarrik joan zen lehenengo egun hura gogoratu genuen. Iratik hainbeste nahi zuen bere independentzia txiki hori lortu zuen azkenean, guk gure kontakturako aitzakia bakarra galdu. Ez genituen beste aitzakia batzuk aurkitu.

        “Ez genittun bilatu nahi izan”.

 

        Asko hitz egin genuen, Iratiri buruz hitz egin genuen batez ere. Zer moduz ari zen Beasainen, nola moldatzen zen egunero haraino joateko, ea ez ote zuen bertara bizitzera joan nahi, bikoterik ote zuen, asko elkartzen ote ginen, Villabonara joaten ote zen, osasunez ondo ote zegoen, gutxitan deitzen zuela aita.

        “Lanpetua ibiltzea, bakizu”.

        Bazekiela esan zidan. Faltan botatzen zuela, ere bai. Gero inguruko guztiak errepasatu genituen, aita zer moduz, anaiak, bere emaztea, zer moduz Donostian, Villabonako pisua alokatuta daukatenekin zer moduz, zer moduz ni, zer moduz Xantirekin.

        “Ondo”.

 

        Aldatua zegoen Joakin, zahar. Baina bera zen, berdina, espetxetik itzuli zen hura. Ondo gogoratzen nuen banandu aurreko hilabeteetan sakon aztertu nuelako gazte hori. Sakonegi, seguruenik. Ez zen nik lehengoz ezagututako mutila, ez zen Iratiri abestiak kantatzen zizkion mutil hura, “ez galdetu, bihotza”, esaten zidan hura. Ez nuen ulertzen ordea zergatik ez nintzen gai izan Joakin berri hori maitatzeko. Agian ez zen hori izan, agian ez genuen denbora nahikoa hartu berriro ere elkar ezagutzeko, agian hainbeste maitatu izan nuen hura beregan ez topatzeak ematen zidan amorruak eta minak ez zidaten utzi aurrean neukan pertsona berri hori ikusten. Postrea jaten ari ginen bitartean orain bai maitatu nezakeela iruditu zait segundo batez.

        “Goatze al tzea Iratik trenian beti itte zun jolas harekin? Ez det bate asmatu nik”

        Barre egin zuen.

        “Etzea hortan iñoiz oso ona izan”.

 

        Trena hartu nuenean nire barnean zeozer aldatu zela sentitu nuen. Itsasoan hildakoarena egitean sentitzen dudan sentsazio berdina eragiten zidan trenaren mugimenduak. Begiak itxi, eta edozein lekutara eramaten uzteko prest nengoen.

        Donostian gelditu nintzen, ordea, izan behar zuen bezala. Xantirekin arratsaldeko azken tartea pasa, eta berarekin lo egin, hori zen plana, aita Orion zegoen bitartean.

        Donostiara iritsi nintzenean erosketa poltsak mahai gainean zeuden oraindik, hozkailura joan beharreko guztiak udako bero bortitzaren menpe. Zakarrontzira joan ziren denak. Xantirekin ardo batzuk edatera atera ginen. Guri buruz hitz egiteko erabakia hartuta neukan, zertan genbiltzan. Banekien zer esango zuen berak,

        “Gazten kontuk dia hoyek. Gu orainian gaude, hobe ez pentsatzia noa goazen”.

        Nik esango nioke ez nengoela horrekin ados, asko genuela oraindik bizitzeko, eta hala ez bazen ere oraina hura ez zela ni zoriontsu egiten ninduena.

        Ez nuen elkarrizketa puntu horretara eramateko modurik aurkitu. Berba eskas eta sexu saio aspergarri baten ondoren kotxea hartu eta Oriora aitarekin afaltzera joatea erabaki nuen. Berriak ikusi genituen elkarrekin, Amasako txakolindegira batzuk helikopteroz ailegatu zirela. Egun hain ezohiko horrentzat amaierarik egokiena iruditu zitzaidan berri hura.

 

 

 

Furgoneta zuria Elizako autobus geltokian gelditu zen, Praixku bertan jaisteko. Bide osoa eman zuen gizon hori nor ote zen asmatu nahian, baina ezin. Eskerrak eman zizkion herrira jaisteagatik, baina benetan eskertu zuena isiltasuna izan zen, gizonak ez zuelako ahoa itxi segundo bakar batean ere.

        Bere ateraldia amaitzeko unea iritsi zen. Oso nekatua zegoen jada eta ez zuen, egia esanda, gehiagorik egiteko. Autobuseko ordutegiak begiratu zituen, baina ez zituen ulertu.

        “Aizu, launduko al zeniake? Errekaldea dijuan autobusa noiz dator?”.

        Neska gazteak gogo onez lagunduko zuela eta, ordutegiak aztertu ondoren, ordu erdi bat itxoin beharko zuela esan zion.

        Praixkuri ez zitzaion ideia hobeagorik bururatu koxkan esertzea baino, herrian emango zituen azken minutuak leku kuttun horretan pasatzea, jendearen mugimenduak aztertu eta herriaren bizitza bere begi barnean gordetzeko.

 

 

 

Arnasestuka iritsi zen Irati Amasara. Iturrigoxon ura edan eta ingurura begiratu zuen, aitonaren bila. Tabernako terraza jendez beterik zegoen, baina ez zuen inor ezagutu. Amasa leku ezezaguna zen berarentzat. Jaietara ez bazen, ez zen beste ezertarako igo azkeneko hamar bat urteetan. Irribarre egin zuen festak gogoratzean, hainbesteko alaitasuna, momentu eder asko. Taberna, txosna, soziedadea, Martina’s Paf... begiradarekin errepasatu zituen festetan ibiltzen zituen leku horiek guztiak.

        Mugikorra begiratu zuen amaren berririk ote zegoen ikusteko, eta sakelan gorde zuen berriro. Gero bizikleta hartu eta baserrien artean ibiltzen hasi zen. Hura bai eremu ezezaguna, txikia zenetik zapaldu gabekoa. Eta lekuaren edertasunak txundituta utzi zuen. Bat-batean herriaren bihotza topatu izan balu bezala, taupadak azkartzen zizkion herri-bihotza, azkarrago hasi zen pedalei ematen, eta abiadura hartuz askatasuna sentitu zuen, edertasunak inguratuta, oihu egiteko gogoei eutsiz, irribarre zabal ederra aurpegian.

        Momentuko katarsiarekin ez zuen nabaritu aldapan gora joatearen esfortzua, baina berriro ere arnasestuka hasi zenean gelditu behar izan zuen, oraindik irribarrea ahoan, begiak malkotuta.

        Ingurura begiratu zuen, ardiak eta txoriak besterik entzuten ez ziren puntu batean, garbitegiaren ondoan. Ez zegoen aitonaren arrastorik bertan. Gipuzkoako Astozaleen Elkarteko kamioi txiki urdina bere ondotik pasa zen eta barruan zihoan astoaren arrantza ozenak apurtu zuen hango bakea. Herrira itzultzea erabaki zuen.

 

        Aldapan behera errazagoa izan zen bidea. Haizeak ilea aztoratzen ziolarik minutu gutxitan iritsi zen Otsabiko tunelera. Eliza laranja ikusten zuen beste aldean eta harantz zihoan, baina bat-batean ideiaz aldatu zuen.

        “Momentu bat bakarrik”.

        Ozenki esan zion bere buruari, edo agian distantzian amari, baimena eskatuko balio bezala, eta Arratzaingo bidea hartu zuen.

        Imanol eta Uxoaren terrenoaren sarreran gelditu zuen bizikleta, orain bai erabat blai eginda, arnasestuka bizian, hiltzeko zorian ia. Taldeko mezuak begiratu zituen. Ugari ziren, eta haien artean argazki bat, lagunak mahaia luzearen inguruan, Uxoak moztutako urdaiazpiko zatiak aurpegietan itsatsita. Enekoren ideia, seguru. Barre egin zuen Iratik, eta momentu hartan terrenotik zetozen barreak entzun zituen, lagunenak. Hasperen egin zuen neskak, bidean geldi-geldirik, eta mendi muinen gainetik zetorren enbata ikusi zuen argi eta garbi. Joateko ordua zen.

        “Hurrengon hitz emateizuet azalduko naizela”.

        Mezua kuadrillako taldera bidali, bizikleta hartu eta herrira jaitsi zen.