Begibedar
Begibedar
Nefer Olaizola

LIGI-LIGINAGA-LEXANTZU-ETXEBARRE
 

 

Askapena

 

 

Dragoi jaunari eskerrak eman eta korrika hasi zen baso hostotsutik barrena. Urrunera alde egiteko aukerari uko egin zion. Bertan geldituko zen, aurre egingo zion atzetik zetorkion gaitzari, behingoz. Ilea, gorri-gorri, sua bezala erortzen zitzaion bizkarretik oraingoan ere, eta indarrez betetzen zizkion zainak. Eskuan zilarrezko lepoko bat bortxaz estutzen zuen. Azkenengo zuhaitzera iristean, korrika egiteari utzi zion, eta erroitz aldera hurbildu zen, bare. Atzera begiratu zuen. Oin-hotsak gainean zituen, ia-ia aurpegia ukitzeko zorian. Aurrez aurre miazkatu zuen gaitza, izurik gabe. Irribarre egin eta buelta eman zuen.

        Horrela, jauzi batez, amildegi ertzetik erori egin zen emakumea. Erortzean, eskutik zilarrezko lepokoa erori zitzaion eta, aldi berean, bi hegal beltz ireki ziren, purpura, gorrixka eta hori ņirņir banarekin. Hegan egiten hasi zen, zeru iluna argitasunez estaliz. Ez zuen berriz atzera begiratu, hori izan zen bere agurra. Beste bidaia baten hasiera zen hura. Bidaia ezberdin bat. Betierekoa izango zena.

 

* * *

 

Bi ahizpak bat-batean esnatu ziren gau erdian. Ilargiaren argia leihotik sartzen zen eta hain zen argitsua edozein begi-nini itsutu zezakeela. Adartza ohetik altxatu eta leihora gerturatu zen, bertan, eguzki-lore lepokoa ikusi zuen zintzilik. Geldi-geldi, lepokoa begiratu zuen, ezer esan ezinean.

        Antia mantso hurbildu zen, begiak gogor igurzten zituelarik. Bere betileak, ahizparen begiak begira zeuden lekura eraman zituen orduan. Ez zen hura hartzera ausartu, baina bai ahizpa nagusiaren jertsea heltzera.

        —Amatxo zen. Bera izan da hasieratik —Antiak, bere ahizparen mahukatik esekita, bere eskuaren hotza urtzen zela nabaritzen zuen pixkanaka.

        —Bai, Antia, bera zen.

        —Joan egin da, ezta? Gaitzetik ihes egitea lortu du —Antiak, bere begiek ez zituztela berak hartutako erabakiak errespetatzen sentitzen zuen, kontrolatu ezinean zegoen. Mahuka are gehiago estutu zuen.

        —Bai, oraingo honetan ez du harrapatu —ahizpa nagusiaren begiak Antiaren ezpainetara biratu ziren. Ezpainak tinko itxiak zituen, baina malgutasuna bilatu nahian zeuden.

        —Ezin dut negar egin —esan zuen Antiak erdi-zotinka.

        Adartzak, orduan, eskua hartu zion eta samurtasun handiz lepokoarengana zuzendu zituen bien eskuak.

        —Antia, amak ez zizun egia esan. Negar egin dezakezu, ez zara malkorik gabe geratuko —eskuak ilargirantz altxatu zituen eta, besterik gabe, lepokoa eta eztarria estutzen zion kezka madarikatu hura ahalik eta urrunen jaurti zituen—. Nik beti utziko dizkizut nireak.

        Eta Antia negarrez hasi zen.